artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Vieira da Silvak irudikatutako "espazioaren eskeletoak" bildu ditu Guggenheimek

Artista frantziar-portugaldarraren 77 margolanez osatutako erakusketa bat zabaldu dute Bilboko Guggenheim museoan. 1930etik 1980ra egindako ibilbide artistikoa laburbiltzen du bildumak, eta arreta berezia jarri diete espazioei eta hiriei buruzko lanei.

vieira-da-silvak-irudikatutako-espazioaren-eskeletoak-bildu-ditu-guggenheimek
Emakume bat Bilboko Guggenheim museoak Maria Helena Vieira da Silvari eskainitako erakusketa ikusten. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Iñigo Astiz [BERRIA.eus]
| 17 de Octubre 2025

Erabat abstraktuak dira Maria Helena Vieira da Silva artistaren lanik gehientsuenak, eta oihalaren gainazal osoa hartzen duten laukitxoz laukitxo osatutako koadrikula geometriko kaleidoskopikoak dira horren frogarik argiena. Espazioa irudikatzea izan zuen erronka nagusietako bat, eta ahalegin horren lekukotza argia ematen du Bilboko Guggenheim museoak zabaldu duen erakusketak. Artistak 1930etik 1980ra bitartean sortutako 77 margolan bildu dituzte. Flavia Frigerik egin ditu komisario lanak, eta, azaldu duenez, giza gorputzarekiko interesa dago artistaren espazioarekiko kezka horren oinarrian. "Oso gazte zela, anatomia ikastaro bat hartu zuen Lisboan, eta obsesio moduko bat bilakatu zitzaion. Hainbestekoa zen haren interesa, ezen arratsaldero hainbat hezur eramaten baitzituen etxera, sakonago ikertu eta giza gorputza zehatz irudikatzen ikasi ahal izateko. Harrigarria da giza gorputzarekiko obsesio hori bizitzaren parterik handienean artista abstraktua izaten pasatu zuen norbaiten kasuan, baina haren lanari sakon behatuz gero, berehala ohartuko gara guztiek dutela egitura moduko bat; eta, eskeletoak giza gorputzaren egiturari eusten dion bezala, hala eusten diote egitura horiek Vieira da Silvaren margolanei ere, espazioaren anatomiak balira bezala".

Hain zuzen ere, Espazioaren anatomiadeitu dute erakusketa, eta otsailaren 22ra arte egongo da ikusgai.

1908an jaio zen Vieira da Silva, Lisboan, baina 1928an joan zen Parisera. Han egin zituen ikasketak lehenik, eta hiri hura hautatu zuen bizitokitzat ere. Ibilbide oparoa izan zuen han, eta artista ezaguna izan zela ere gogoratudu komisarioak. Frigeri: "Veneziako biurtekoan izan zen, eta nazioarteko beste hainbat erakusketatan ere hartu zuen parte, baina hil zenetik, nabarmen egin du behera haren ikusgaitasunak".Horregatik, haren lana "lehenengoz ezagutarazteko" edota "berriz deskubritzeko" baliatu nahi izan du oraingo erakusketa. Eta, hain justu, artistaren hainbat erretratu eta haren estudioa erakusten duten argazki bat ere jarri ditu horregatik ibilbidearen hasieran.

1935ean margotutako Gela laukidunakoadroak abiatzen du erakusketa. Tituluak adierazi bezala, gela bat irudikatzen du lanak, eta artistak hamaika laukitxo koloretsuz osatutako sare geometriko bat baliatu zuen horretarako. Hain zuzen ere, hiru dimentsioko errealitateak bi dimentsiotan irudikatzen saiatzea izan zen sortzailearen erronka nagusietako bat, eta hori frogatzen duten hamaika adibide topatuko ditu bisitariak erakusketan.

Aurrez ere ikusgai izan dira Vieira da Silvaren lanak Bilboko Guggenheim museoan. Emakumeak abstrakziogileizeneko erakusketan izan zen 2021ean, eta artistaren hiru lan garrantzitsu jarri zituzten orduan ikusgai. Oraingoan, ordea, artistaren ibilbidea askoz ere sakonago ezagutzeko aukera izango du bisitariak.

Erakusketako lehen azalpen testuan dator Vieira da Silvak senar izan zuen Arpad Szenespintore hungariarraren aipamena ere, eta pintoreak emazteari estudioan lanean ari zela egin zion erretratu bat ikus daiteke lehen aretoan bertan. Haren lan egiteko moduaren isla da lana, eta, komisarioaren hitzetan, baita bi artistek elkarri zioten errespetuaren eta miraren froga ere. Frigerik zehaztu duenez, gehienetan gertatu izan denaren kontrara, kasu honetan, Vieira da Silvaren arrakasta izan zen senarrarenari itzal egin ziona.

Brasilerako ihesa

Vieira da Silvaren lanean lehen begiratuan ere igar daiteke kubismoaren eta futurismoaren eragina. Garden, esate baterako, lerro zinetiko eta koloretsuz margotutako 1936ko Kalea, arratsamargolanean. Baina komisarioak azaldu duenez, haren lan geometrikoetan igar daitezke Portugalen maiz ikus daitezkeen azulejuz osatutako apainduren oihartzunak ere, bai eta garaikide zituen Pierre Bonnard eta Paul Klee artistenak ere. Baina Errenazimentuko artearen lorratzak ere sumatu daitezke haren lanetan, eta Bigarren Mundu Gerraren bueltan sortutako koadroak dira azken horren frogarik argiena erakusketan.

Parisen giroa gaiztotzen igarrita, hasieran, Portugalera jo zuten Vieira da Silvak eta senarrak. Izan ere, judua zen Szenes, eta antisemitismoaren gorakadaren beldurrez, Lisboan seguruago egongo zirela pentsatu zuten. Baina oztopo burokratikoak izan zituzten han ere. Bikoteko kideek jatorri ezberdinak izanez gero, bere naziotasunari uko egin behar izaten zion haietako batek, eta, beraz, ezkondu zenez geroztik, Vieria da Silvak senarraren naziotasun hungariarra hartu zuen. Portugalera iritsitakoan egin zuten naziotasun eskaria senar-emazteek, eta katolizismora aldatu ziren. Ez zuten arrakastarik izan, ordea, eta, ondorioz, hainbat urtez Brasilen erbesteratzea erabaki zuten.

Hain zuzen ere, sasoi hartakoak dira erakusketan ikus daitezkeen Sutea I eta Sutea II margolanak. Sutan den hiri edo eraikin moduko bat irudikatzen dute gar itxurako lerro bihurri eta kolore masek, eta suaren forma horiekin erabat uztartzen diren hamaika giza figura ere ikus daitezke bertan. Lan horietan ikusten da Errenazimentuko artisten eragina argien, eta Paolo Uccellorena bereziki.

Zuritasuna

Espazioak irudikatzen dituzten lanez gainera, dantzariak, karta jokalariak eta xake jokalariak irudikatzen dituzten margolanak dira Vieira da Silvaren koadrorik ezagunenetako batzuk, eta, horregatik, gune propioa eskaini diete erakusketan. Inguruko geometria koloretsuan erabat murgilduta ikus daitezke haren dantzariak, esaterako, etaxake jokalariak ere xake taularekin bat eginda daudela dirudi.

Hiriak izan ziren artistaren beste interes gune nagusietako bat. Sakon ezagutzen zituen hiriak ez ezik, sekula bisitatu gabeko hiriak ere margotu zituen Vieira da Silvak. Horren lekuko da erakusketa ere. Parisi eta Venezia inspirazio duten koadroekin batera, artistak erabat asmatutako hiriei eskainitako lanak ere ikus daitezke hormetan. Eta, azkenik, artistaren koadro zuriak biltzen dituen gela bat ere osatu dute ibilbide amaieran. Artistak hamarkadaz hamarkada kolore horrekin sortutako koadroak daude ikusgai. "Erakusketa handiago baten barruan sartutako atzera begirako txiki bat bezalakoa da", azaldu du komisarioak.

Bilbon baino lehenago Venezian ere egon da erakusketa. Han du egoitza Peggy Guggenheim Collection erakundeak, eta harekin elkarlanean ondu dute erakusketa.

espazioaren-anatomia

Espazioaren anatomia

Maria Helena Vieira da Silva

Guggenheim Bilbao (Bilbo, Bizkaia)

Desde el 16 de Octubre 2025
Al 22 de Febrero 2026


ipar-baltza

Ipar Baltza

Erlea Maneros Zabala

CarrerasMugica (Bilbo, Bizkaia)

Desde el 11 de Septiembre 2026
Al 08 de Noviembre 2026

mitologiak

Mitologiak

Bonnat Museoa (Baiona, Lapurdi)

Desde el 08 de Julio 2026
Al 09 de Noviembre 2026

bidaiaren-oihartzunak

Bidaiaren Oihartzunak

Maite Pinto

tTok (Uztaritze, Lapurdi)

Desde el 04 de Septiembre 2026
Al 22 de Octubre 2026

arte-lanen-lapurreten-kronologia-bat

Arte-lanen lapurreten kronologia bat

| 10 de Octubre 2026

1911ko La Gioconda-tik 2026ko urriaren 4an lapurtutako San Joanen Apokalipsia-raino, Europan eta munduan izandako lapurreta garrantzitsuenen zerrenda.

bilboko-euskal-museoa-zabalik

Bilboko Euskal Museoa, zabalik

Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]
| 8 de Octubre 2026

Berritu ondoren zabaldutako museo bati buruz idatzi nuen aurreko astean. Irakurleak barkatuko dit museoei buruzko serie hau, baina ekainean zabaldu zuten Bilboko Euskal Museoari buruz idatzi behar dut gaur, nahiz eta arte museoa ez izan.

oroitzeak-berekin-dakarrena

Oroitzeak berekin dakarrena

Jone Rubio Mazkiaran [BERRIA.eus]
| 8 de Octubre 2026

Urtero legez, Mapamunditarrak erakusketa proiektuaren hitzordua gurean dugu berriz, urteroko egutegiari leial. Badira erantzun borobil eta itxiak ematera datozen erakusketak, baina ibilbideak erakutsi ohi digu komisariotza proiektu oro, funtsean galdera batekin hasten dela.

bonnat-museoa-zabalik

Bonnat museoa zabalik

Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]
| 6 de Octubre 2026

Azkenean! Ia 15 urte itxita egon ondoren berriz zabaldu dute Baionako Bonnat-Helleu museoa. Leon Bonnat artista baionarrak bere herriko etxeari utzi zion urteetan pilatutako arte bilduma; horren ondorioz, ordura arte bilduma pribatua izan zena publikoa bilakatu zen.

deskolonializazioaren-erronka-euskal-museoetan-ate-joka

Deskolonializazioaren erronka euskal museoetan ate joka

Xalbat Alzugarai Etxeberri [BERRIA.eus]
| 6 de Octubre 2026

Europako museoetan maiz piztu ohi da haien bildumetan iragan kolonialak duen arrastoari buruzko polemika. Obra espoliatuak itzularazteko Parisek onartu duen legeak ekarri du gaia hizpidera orain. Adituek diote Euskal Herrian ere "asko" dagoela egiteko.

Artekaria

El poratl del arte en Euskal Herria

Este es el portal creado por la red ZAPART. Con ARTEKARIA queremos dar visibilidad a la increíble riqueza artística e infraestructural de nuestro pequeño territorio vasco (Euskal Herri osoa). De hecho, nos parece que en un espacio tan reducido donde se encuentran tantos museos (Artium, Oteiza, Oteiza, Artes de Bilbo, Guggenheim…), centros de arte (Uharte-zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), salas públicas y privadas (Didam, Zitadela, Bastero, Ospitalea, fondations), galería de arte tradicional o de artistas... con tantas programaciones y obras de artistas visibles, la visualización de este conjunto no es fácil. Hemos creado este portal para ayudar a resolver esta falta.

Artekaria

La red de l@s artist@s profesionales de Euskal Herria

Zapart tiene como objetivo conectar, promover el trabajo y defender los derechos de l@s artist@s profesionales que viven y trabajan en Euskal Herria (en los seis territorios historicos que son Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa y Zuberoa).