artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Danok Oteiza komunitatea sortu dute, Jorge Oteizaren obra eta ikusmoldea hedatzeko

Askotariko erakunde eta norbanakoen "topagune" izan asmo du komunitateak. Haren gerizpean sortutako lehenbiziko proiektua estreinatu dute: Oskar Alegriaren 'Oteiza, 14 apostolu' filma. Oteizari buruzko eleberri grafiko bat du martxan Asisko Urmenetak.

danok-oteiza-komunitatea-sortu-dute-jorge-oteizaren-obra-eta-ikusmoldea-hedatzeko
Gregorio Diaz Ereñok, Rebeca Esnaolak eta Jaione Apalategik aurkeztu dute 'Danok Oteiza' komunitatea, Altzuzan. AITOR KARASATORRE / FOKU

Uxue Rey Gorraiz [BERRIA.eus]
| 23 de Octubre 2025

Jorge Oteizaren urtebetetzea aukeratu dute egitasmoa aurkezteko, eta, espero zitekeen gisara, horretan ez da kasualitaterik. Bizi balitz, 117 urte bete izanen zituen gaur artistak, eta hori bere horretan izan liteke haren obra eta figura gogoratzeko motiboa. Ordea, bada gehiago. Gaurko egunez iraganean gertatutakoei atzera begirakoa egiten hasi, eta arreta 1996ko aldian jarrita, hortxe zehatz-mehatz aurki daiteke kasualitaterik izan ez delako ideia are eta gehiago baieztatzen duen gertakizuna. Oteizak, bere 88. urtebetetzea aprobetxatuta, idazki formal bat plazaratu zuen, zer eta bere izen bereko fundazio museoaren eraketari onespena emateko, batetik, eta patronatuari bost zeregin bete zitzan galdegiteko, bestetik. Haren obraren hedapena hauspotzeko elkarte bat sor zezatela izan zen eskeetako bat. "Elkarte bat nahi zuen, belaunaldi berriek, pertsona guztiek, berdin ikerlariek edo amateurrek, den-denek eduki zezaten modua bizitza osoa eskaini zion obra eta pentsamendua modu kritikoan erabiltzeko". Patronatuko lehendakari Jaione Apalategik eman du gakoa. Eta poza disimulatu ezinik egin du ohartarazpena segidan: "Oteizak nahi zuen hori da hau".

Izan ere, Oteiza fundazioaren orbitako komunitate bat da Altzuzan (Nafarroa) aurkeztu dutena. Danok Oteiza izena jarri diote. "Oteizak nahi zuen" horri men eginez bezala, azaldu dutenez, komunitatearen helburu nagusia da eskultorearen obra artistikoa, ikusmoldea eta figura hedatzea. Gaur egun, Oteiza museoak betetzen du funtzio hori, eta, hain zuzen, museoaren jardueren eta ekintzen "osagarri" izan asmo du egitasmo sortu berriak.

Komunitatea askotariko erakunde eta norbanakoen arteko topagune izatea nahi dute, "irekia", aurkezpenean Apalategik nabarmendu duenez. "Izan dadila zubi bat, batuko dituena berdin Oteiza miresten dutenak, eta haren zale porrokatuak, eta hari nolabaiteko beldurra diotenak, eta hari buruz oraindik askorik ez dakitenak; denak".

Museoko zuzendari Gregorio Diaz Ereñok harago eraman du komunitatearen egitekoaren definizioa, eta zera zehaztu du, eskultoreari ezagun zitzaion izaera kritikoan azpimarra eginez. "Oteizak ez luke nahi jendeak begiratu besterik ez egitea: interakzioa nahi luke". Eta, hain zuzen, hitzok erraz lotu daitezke artistak berak 1963an argitaratutako Quousque tandem...!, euskal arimaren interpretazio estetikoa saiakeran idatzitako batzuekin ere: "Gure ondoren etorriko direnen adiskide izan nahi dut, harmonia sortzaile batean gutxiengo ikerketa giro batera egokitu daitezkeenena (guk ezagutu ez duguna), guregan printzipioz zerbait aprobetxagarria gertatu zaigula antzematen dutenena".

Oteizaren hitzetan eta hark sortutako iruditerian inspiratuta izendatu dituzte komunitatean parte hartzeko manera diferenteak ere —museoaren webgunean kontsulta daitezke guztiak, eta bertan zabaldu dute batean edo bestean izen emateko bidea ere—. Esate baterako, eskultorearen hiztegian nabarmena zen Cromlech adieraren pean bildu dituzte proiektuaren sustatzaile nagusiak, Nafarroako Gobernua eta Oteiza Fundazio Museoa;Emen izeneko taldean mezenasak bilduko dituzte; eta Itziar kategoria ere aurkeztu dute, zeinak Oteizaren emazte Itziar Carreñori egiten baitio erreferentzia, eta hura omentzea baitu helburu, batik bat —norbanakoak batzen ahalko dira atal horretara—.

Apostolu maskaradunak

Komunitatearen sorrera iragartzeko ez ezik, harexen gerizpean martxan jarri dituzten lehenbiziko proiektuak aurkezteko ere baliatu dute agerraldia: Oskar Alegria zinemagilearen Oteiza, 14 apostolu ikus-entzunezko obra estreinatu dute. Hain zuzen, EITBk eta Jorge Oteiza fundazioak sinatutako akordioari esker ondu dute filma, eta, preseski, Danok Oteiza komunitatearekin lotu dute lankidetza hori. Zehaztu dutenez, lana Primeran plataforman, ETBn eta eitb.eus atarian zabalduko da gerora, eta Oteiza museoko tailer etxean ere emanen dute.

Eskultore oriotarraren Apostoluen frisoa obran inspiratuta sortu du filma Alegriak. Hari begira, eta, nabarmendu duenez, hain justu ere Oteizak aldarrikatu izan zuen teknika bat helduleku izanik. "Hark esaten zuen orri zuri batean poema bat sortzeko zera egin behar zela: hitz bat idatzi, eta poema berez sortuko zela gero. Nik gauza bera egin dut orain, Danok hitza erabilita".

Hain zuzen, bere buruari eta nazioarteko zein Euskal Herriko beste dozena bat kulturgile "ez hain oteizarri" Oteizari buruzko ideia bana nabarmentzeko eskea eginez osatu du filma zuzendariak. "Dena ez baitago esanda", argudiatu du. Filmean, minutu eskas irauten du kulturgile bakoitzaren parte hartzeak; labur mintzo dira eskultoreaz. Eta guzti-guztiek keinu antzekoa egiten dute eszenaren hondarrean: aurpegia estali, maskara gisara baliatzen duten zernahi objekturekin. Keinu horretan, Oteizaren aldarri bat ikusten du Alegriak. "Paradoxen maitalea zen Oteiza. Esaten zuen maskara batek ezin duela gure izaera tapatu, eta, izatez, kontrakoa egiten duela: hura gehiago erakutsi".

Oteizaren jatorrizko eskulturan bezalaxe, hamalau apostolu irudikatu ditu Alegriak filmean. Kulturgile bakoitza apostolu bat da filmean —Alegria bera barne—; hamahiru dira osotara, eta haien artean dira Alicia Otaegi artista, Iban Urizar musikaria, Maialen Lujanbio bertsolaria, Sho Hagio Japoniako Euskararen katedrako kidea eta Bernardo Atxaga idazlea. "Hamalaugarren apostolua" gorpuzteko, aldiz, Altzuzako lizar bat hautatu du, Oteizak berak estimuan zuena.

Danok Oteiza komunitateko kideek iragarri dutenez, beste proiektu bat ere martxan da dagoeneko: Oteizari buruzko eleberri grafiko bat egiteko enkargua egin diote Asisko Urmeneta marrazkilariari. 2026ko bukaeran argitaratuko dute, euskaraz, eta, ondotik, gaztelaniazko, frantsesezko eta ingelesezko bertsioak ere prestatuko dituzte.


fantasia-eta-arrazoia

Fantasia eta arrazoia

Goya

Arabako Arte Ederren Museoa (Gasteiz, Araba)

Desde el 18 de Mayo 2026
Al 28 de Febrero 2027

ciga-bilduma

Ciga Bilduma

Javier Ciga

Pompelo Civivox (Iruñea, Nafarroa)

Desde el 14 de Febrero 2026
Al 31 de Diciembre 2026

fig-bilbao

FIG Bilbao

Paper Arte eta Grabatuaren Nazioarteko Jaialdia

Euskalduna Jauregia (Bilbo, Bizkaia)

Desde el 26 de Noviembre 2026
Al 29 de Noviembre 2026

gorputz-geometrikoak

Gorputz geometrikoak

Eduardo Txillida

Txillida leku (Hernani, Gipuzkoa)

Desde el 25 de Junio 2026
Al 26 de Octubre 2026

macula-et-materia

Macula et Materia

Sally Mann

Kutxa Kultur Artegunea (Donostia, Gipuzkoa)

Desde el 17 de Julio 2026
Al 18 de Octubre 2026

arte-lanen-lapurreten-kronologia-bat

Arte-lanen lapurreten kronologia bat

| 10 de Octubre 2026

1911ko La Gioconda-tik 2026ko urriaren 4an lapurtutako San Joanen Apokalipsia-raino, Europan eta munduan izandako lapurreta garrantzitsuenen zerrenda.

bilboko-euskal-museoa-zabalik

Bilboko Euskal Museoa, zabalik

Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]
| 8 de Octubre 2026

Berritu ondoren zabaldutako museo bati buruz idatzi nuen aurreko astean. Irakurleak barkatuko dit museoei buruzko serie hau, baina ekainean zabaldu zuten Bilboko Euskal Museoari buruz idatzi behar dut gaur, nahiz eta arte museoa ez izan.

oroitzeak-berekin-dakarrena

Oroitzeak berekin dakarrena

Jone Rubio Mazkiaran [BERRIA.eus]
| 8 de Octubre 2026

Urtero legez, Mapamunditarrak erakusketa proiektuaren hitzordua gurean dugu berriz, urteroko egutegiari leial. Badira erantzun borobil eta itxiak ematera datozen erakusketak, baina ibilbideak erakutsi ohi digu komisariotza proiektu oro, funtsean galdera batekin hasten dela.

bonnat-museoa-zabalik

Bonnat museoa zabalik

Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]
| 6 de Octubre 2026

Azkenean! Ia 15 urte itxita egon ondoren berriz zabaldu dute Baionako Bonnat-Helleu museoa. Leon Bonnat artista baionarrak bere herriko etxeari utzi zion urteetan pilatutako arte bilduma; horren ondorioz, ordura arte bilduma pribatua izan zena publikoa bilakatu zen.

deskolonializazioaren-erronka-euskal-museoetan-ate-joka

Deskolonializazioaren erronka euskal museoetan ate joka

Xalbat Alzugarai Etxeberri [BERRIA.eus]
| 6 de Octubre 2026

Europako museoetan maiz piztu ohi da haien bildumetan iragan kolonialak duen arrastoari buruzko polemika. Obra espoliatuak itzularazteko Parisek onartu duen legeak ekarri du gaia hizpidera orain. Adituek diote Euskal Herrian ere "asko" dagoela egiteko.

Artekaria

El poratl del arte en Euskal Herria

Este es el portal creado por la red ZAPART. Con ARTEKARIA queremos dar visibilidad a la increíble riqueza artística e infraestructural de nuestro pequeño territorio vasco (Euskal Herri osoa). De hecho, nos parece que en un espacio tan reducido donde se encuentran tantos museos (Artium, Oteiza, Oteiza, Artes de Bilbo, Guggenheim…), centros de arte (Uharte-zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), salas públicas y privadas (Didam, Zitadela, Bastero, Ospitalea, fondations), galería de arte tradicional o de artistas... con tantas programaciones y obras de artistas visibles, la visualización de este conjunto no es fácil. Hemos creado este portal para ayudar a resolver esta falta.

Artekaria

La red de l@s artist@s profesionales de Euskal Herria

Zapart tiene como objetivo conectar, promover el trabajo y defender los derechos de l@s artist@s profesionales que viven y trabajan en Euskal Herria (en los seis territorios historicos que son Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa y Zuberoa).