artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

María Franciska Dapena artistaren obra grafikoan eta dokumentuetan oinarritutako liburu bat argitaratu dute

Arte Ederren Bilboko Museoak dohaintzan jasotako funtsa da obra honen iturri. Argitaratu gabeko testuak, kalitate literarioagatik ez ezik, interes biografiko eta historiografikoagatik ere nabarmentzen dira.

maria-franciska-dapena-artistaren-obra-grafikoan-eta-dokumentuetan-oinarritutako-liburu-bat-argitaratu-dute

| 2025eko Martxoaren 21a

Dapenak bizi artean argitaratu zituen testuak –¡Sr. Juez! (Soy presa de Franco…) (1978) eta Vida y muerte enfrentadas. Mujeres de la vida (1987)– nahiz 1974an 17 poetas de Bilbao liburuan sartutako poemak deskatalogatuta daude jada, eta hark literaturaren esparruan egindako lanaren parte txiki bat besterik ez dira. Lan ugari ekoitzi zituen, izan ere: ipuinak, poemak, bere bizitzari eta obrari buruzko gogoetak, arteari buruzkoak eta egoera politiko eta sozialaren gainekoak; zenbait eleberri; orotariko edukiak biltzen dituzten koadernoak eta orri solteak. Orobat utzi zituen zazpiehun bat gutun, 1949 eta 1993 artean datatuak; haien artean, ideia komunistekin bat egitearen ondorioz 1962 eta 1964 bitartean espetxean egindako denboran jaso edo igorritako berrehundik gora.

Orain, bere oinordekoen eskuzabaltasunari esker, artistaren artxiboaren dohaintzak aukera emango digu hura gogorarazteko, lehen pertsonan idatzi zuen eta orain arte argitaratu gabe egon den kontakizun baten bidez. David Fuente historialariak izan du liburuaren edizioaren ardura; hain zuzen ere, 2018 eta 2019 artean, Dapena artxiboa –garai hartan familiaren esku– aztertzeko eta testuen aukera egiteko aukera izan zuen Fuentek, BBK-Arte Ederren Bilboko Museoaren ikerketa artistikorako beka bati esker.

Lan honek ezin hobeto erakusten du zer-nolako interesa duten hirurogeiko hamarkadaren erdialdetik hirurogeita hamarrekoaren erdialdera bitartean idatzitako testuek eta nola laguntzen duten artistari buruzko ezagutza zabaltzen. Oro har, gure azkenaldiko historian izandako tentsioen berri ematen dute testuok, eta aztergai dituzte, adibidez, diktadurako urteetan emakumeek betetako eginkizuna eta bizi izandako egoera, Dapenak bere bizitzan zehar izandako konpromiso politikoa eta 50eko eta 60ko urteetan Bizkaian zegoen giro artistikoari buruz egin zituen hausnarketak.

Hiru ataletan banatuta dago liburua, horietako bakoitza artistaren biografiaren aldi batean oinarritua eta testu nagusi batek osatua. Lehenengoan, "Guerra (1935-1945)" (Gerra [1935-1945]) izenekoan, "Cuadernillo de una joven de posguerra" (Gerraosteko emakume gazte baten koadernoa) agertzen da, bizitzako gertaeren kontakizuna, intimismo eta kritika sozial nabarmenekoa, Balmasedan errepublika jausi zenetik aita espetxetik itzuli arteko garaia ardatz duena.

Bigarrenean, "Autobiografía de una artista (1950-1969)" (Artista baten autobiografia [1950-1969]), "Algo de historia de Mari Dapena" (Mari Dapenaren historia apur bat) nabarmentzen da, non artistak deskribatzen baititu Bizkaiko artearen esparruan egin zituen lehen urratsak, artisten komunitatearekin zeuzkan afinitateak eta desadostasunak eta diktaduraren testuinguruan bere interesetan izandako garapena.

Hirugarrena, "Cárcel (1962-1964)" (Espetxea (1062-1964), "Diario corto de un penal" (Espetxe bateko eguneroko laburra) testuan oinarritua, errepresaliatua izan ondoren Alcalá de Henaresko (Madril) espetxean bizikide izan zituen presoekin izandako elkarrizketek osatua da ia erabat. Elkarrizketa horiek aditzera ematen dute frankismoaren garaiko egoera soziala, antzerkiko gidoitik hurbileko estilo batez.

María Franciska Dapena

Dapena (Barruelo de Santullán, Palentzia, 1924-Bilbao, 1995) Palentziako iparraldeko meatzari-herri batean sortu zen, joera politiko ezkertiarra zuen familia dirudun batean, zeina Gerra Zibilean eta diktadura frankistan errepresaliatua izan baitzen. Aitak –Bernardo Dapena Gutiérrezek– produktu kimikoen fabrika bat zeukan, eta ama, Beatriz Rico Villa, merkataritzan ziharduten Balmasedako (Bizkaia) jabe txiki batzuen ondorengoa zen.

Gerra Zibila lehertu zenean, 1936ko uztailean, Marik 12 urte zituen, eta Santanderren zebilen ikasle, nebarekin. Aitak Barruelotik ihes egin behar izan zuen, eta Balmasedan utzi zituen amaren aldeko familiarekin. Laster elkartu zitzaizkien gainerako senideak. Han ezagutu zuen senarra izango zuena, Gonzalo José Villate, joera politiko berekoa.

Dapenak berrogeiko hamarkadaren hasieran ekin zion ibilbide artistikoari, figurazio espresionistaren esparruan. Haren lana euskal artearen historiako mugarri nagusiekin lotu ohi da: talde-erakusketak Agustín Ibarrola eta Ismael Fidalgorekin, berrogeita hamarreko hamarkadaren erdialdean, Bizkaian barrena, kultura sektore herritarrei hurbiltzeko xedez; Bizkaiko Artisten Elkarteko frankisten eraginari aurre egiteko hirurogeiko hamarkadaren hasierara arte –Gabriel Aresti olerkariarekin eskuz esku– bideratutako borroka; 1962an Estampa Popular de Bizkaia taldean parte hartzea, Ibarrola eta Dionisio Blancorekin –Blas de Oterok ere parte hartu zuen talde hartan, bere poesia sozialarekin–. Talde hark diktaduraren kontrako borrokan konprometitutako ekintza politikoaren parte gisa sustatzen zuen obra grafikoaren sorkuntza, eta erakusketa bakarra egin ahal izan zuen, martxoan. Ekainean, atxilotu egin zituzten Dapena, Ibarrola eta beste kide olerkari bat.

1962 eta 1964 bitartean, espetxean eduki zuten, Espainiako Alderdi Komunistaren laguntzaile izatea eta atzerriko agentziei greben gaineko informazioa igortzea leporatuta, eta idatzi, margolan eta grabatu askotan jaso zuen orduko esperientzia, ¡Sr. Juez! (Soy presa de Franco…) liburuan tarteko.

Emen –1966an sortua– eta Indar –1970ean sortua– artista-taldeetako kidea izan zen. Urte hartan bertan Arteta aretoa sortu zuen Santurtzin; ibilbide laburra izan zuen aretoak, baina eraldaketa artistikoa eta soziala sustatzeko irrikaz zeuden gazteak bildu zituen, eta Dapena sozialki konprometitutako arterako erreferentziazko irudia izan zen beti haientzat.

Etsipen gero eta larriagoak landara aldatzeko irrika sortu zion, eta beti izan zuen irrika hura latente, harik eta 1975ean Bizkaiaren eta Burgosko iparraldearen arteko mugan kokatutako herri txiki batean finkatu zen arte, Nava de Ordunten, ingurune lasai eta naturalean. Hainbat urteko borroka politiko eta kultural antifrankistaren emaitzari buruzko etsipenak jota eta kide gehienetatik urrun, kritika sozialaren ordez tankera mistikoa zuten naturako eszenak landu zituen Dapenak azken urteetako obra plastikoan.


hurbileko-paisaiak

Hurbileko paisaiak

Arabako Arte Ederren Museoa (Gasteiz, Araba)

2025eko Urriaren 31etik
2026ko Apirilaren 12ra

beste-beldur-batzuk

Beste beldur batzuk

Antoni Muntadas

Nafarroako Unibertsitateko Museoa (Iruñea, Nafarroa)

2025eko Urriaren 15etik
2026ko Martxoaren 01era

ataria-bat

Ataria (bat)

Arte Ederren Bilboko Museoa (Bilbo, Bizkaia)

2025eko Urriaren 08tik
2026ko Urtarrilaren 18ra

degasek-eginiko-eta-orain-arte-ezagutu-gabeko-margolan-bat-autentifikatua-izan-da

Degasek eginiko eta orain arte ezagutu gabeko margolan bat autentifikatua izan da

Abe. 05 | JdAren artikulutik itzulia

Michel Schulman, XIX. eta XX. mendeetako margolanen adituak, Edgar Degas artistaren margolan berri bat autentifikatu duela jakinarazi du. Artistaren garai italiarrekoa litzateke, 1856 eta 1860 artekoa. Margolana, adituak sortutako Edgar Degasen katalogo arrrazoinatu digitalizatuan sartu da. Egiazko bertsioa bilduma partikular batean dago.

lehen-erdia

Lehen erdia

Abe. 04 | Garazi Ansa [BERRIA.eus]

MAIDER LOPEZ. UKITU | Non: Donostiako Tabakalera zentroan. | Noiz arte: 2026ko otsailaren 1era arte.

esanguratsu

Esanguratsu

Abe. 04 | Haizea Barcenilla [BERRIA.eus]

Guggenheim museoan, Maria Helena Vieira da Silvaren margo eder baten aurrean nengoela, etorri zitzaidan galdera burura: zergatik ez du erakusketa honek berrireki Bilboko Arte Ederren Museoa, Georg Baselitzenak egin beharrean?

bonnat-helleu-museoa-berriz-ireki-dute-hamalau-urtez-hetsi-ondoan

Bonnat Helleu museoa berriz ireki dute, hamalau urtez hetsi ondoan

Aza. 28 | Xalbat Alzugarai Etxeberri [BERRIA.eus]

Obren kalitate "paregabea" azpimarratu du museoko zuzendariak. XV. mendetik XIX. mendera bitarteko artisten obrak erakutsiko dituzte bertan. Herriko etxeko oposizioak irekiera kritikatu du, eta "gardentasuna" galdegin.

oroitzapen-zatikatuak

Oroitzapen zatikatuak

Aza. 27 | Jone Rubio Mazkiaran [BERRIA.eus]

Rut Olabarria. Trukatua eta inperfektua. | Non: Bilboko Rekalde aretoan. | Noiz arte: otsailaren 15era arte.

ondare-deserosoa

Ondare deserosoa

Aza. 27 | Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]

Iraganak utzitako ondarea, materiala edo immateriala izan, ez da beti ederra. Kontzeptua bera, azken urtetan asko erabiltzen eta entzuten bada ere, berri xamarra da, ez da beti hor egon eta aldatzen da toki batetik bestera.

euskal-paisaiak-erromantizismotik-gerraostera

Euskal paisaiak Erromantizismotik gerraostera

Aza. 27 | Maddi Iturriotz Alkorta [BERRIA.eus]

1861etik 1996ra bitarte margotutako 50 artelan bildu dituzte Arabako Arte Ederren Museoan. Paisaia genero gisa hartu, eta euskal margolanetan nola garatu den aztertu dute. 'Hurbileko paisaiak' izena du erakusketak, eta apirilera arte izango da ikusgai.

cristobaldik-balenciagara

Cristobaldik Balenciagara

Aza. 25 | Mikel Elkoroberezibar Beloki [BERRIA.eus]

ntziagak egindako jantziek ba al dute zerikusirik Balenciaga etxeak egun egiten dituenekin? Elkarrizketa bat badago, baina sotila, Balentziaga museoko erakusketa batean ikus daitekeenez. "Kontzeptualki lotura handiak daude", Igor Uriaren arabera.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.