artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Bilboko Arte Ederretako "Obra gomitatua": Mosketaria piparekin

1966 eta 1972 bitartean, Frantziako Mougins herriko etxean 92 urterekin hil baino urtebete lehenago, Pablo Picassok (Málaga, 1881—Mougins, Itsas Alpeak, Frantzia, 1973) kemen miresgarria erakutsi zuen, eta hari esker, besteak beste, sail luze bat osatu zuen XVII. mendetik XX. mendera eramandako mosketariaren irudi mitikoarekin.

bilboko-arte-ederretako-obra-gomitatua-mosketaria-piparekin
Arg/ Arte Ederretako Museoa, Bilbo

| 20 Octobre 2023

450 margolan eta marrazkitan baino gehiagotan irudikatu zuen Alejandro Dumasen Les trois mousquetaires (1844) eleberri ospetsuak ezagutzera emandako pertsonaia. Picassok, bere logikari jarraituz, interpretazio ugariren bitartez deseraiki eta berreraiki zuen irudi hura.

Picasso Urtean, zeinaren bitartez ospatuko den margolariaren heriotzaren 50. urteurrena, Santander Fundazioak eta museoak Obra Gonbidatua programa beteranoaren edizio berri bat (69) aurkeztuko dute; jenioaren azken etapa emankorrean eta ikonografia berezi honetan jarriko dute arreta. Artearen historiagile askoren ustez, aurreiritzirik gabe eta askatasun erabatekoaz egindako bere alter egoa da saila.

Ekimen aipagarri honetan bat egin du, halaber, Artium-Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak (Vitoria-Gasteiz), Mousquetaire à la pipe (1968) lanarekin. Lan hori da, hain zuzen, Euskadiko bilduma publikoetan dagoen Picassoren margolan bakarra. Haren ohorez, lan horren alboan egongo da programaren babesle den Banco Santander bildumako Gizon baten bustoa III (1967) lana.

Mousquetaire à la pipe lanean (1968an datatua), busto formatu intimistaren ordez, soldaduaren gorputz osoko irudia hautatu zuen Picassok: irudia pipa erretzen ari da, kea dario, eta besaulki batean dago eserita, hankak gurutzatuta dituela. Banco Santander bildumako margolanean, klasikotasun eutsiaz azaltzen du Picassok bere lana; Artium Museoko mihise handian, berriz, efektu manieristen multzo frenetikoa baliatzen du, eta okre kolore fin batez indarberritzen du kolore paleta, zeinaren gainean kokatzen baita egitura piramidala. Bestalde, egun bakarrean egina eta zuzenketarik gabe, Gizon baten bustoa III lanak ezaugarri historizistak eta kolore aukera mugatuko irudia (berdea, urdin grisaxka, lila, beltza eta zuri erreserbak) aurkezten du.

Honako hau ez da Banco Santander Fundazioak programa honetan bere lanekin parte hartzen duen lehen aldia. 2011n hasi zenetik, beste 12 alditan ikusi ahal izan dira museoan, besteak beste, Greco, Van Dyck, Gregorio Fernández, Zurbarán, Lucas Cranach Zaharra eta Cristina Iglesias, eta, oraingoan, Picasso aparta erantsiko zaio zerrenda horri. Bestalde, Artium Museoa ere museoaren ohiko kolaboratzailea da, euskal museoen arteko talde lana bultzatzen duen lan ildoari jarraituz.

Mosketaria piparekin

1965. urtearen amaiera aldean, kirurgia ebakuntza serio bat jasan zuen eta, horren ondorioz, bolada batean margotu ezinean izan zen; garai hartan, badirudi laurogei urtetik gorako Pablo Picasso hori, Mougins-en zuen egoitzan, Alexandre Dumas frantziar idazle ospetsuaren Hiru mosketariak abentura eleberria irakurtzen aritu zela. Artearen zirko mundutik babesturik, Frantziako hegoaldean, arreta handiz jarraitu omen zituen zaldun eta bilauen abentura telesaioak. Mosketariak XVII. mendeko ohorezko zaldun gisa azalduak dira, limurtzaile itsu, ahobero eta gautxori gisa, eta garai haietan Frantziako 68ko Maiatzera edota Vietnamgo gerrara eramango zuten munduko gatazketatik at den herri iruditeriko pertsonaiak dira. Arte kontzeptualaren laztasuna edo aktibismo politiko-estetikoaren ahalkea egun haietan inkubatzen dira Marcel Duchamp-en eta lehen abangoardia utopikoak asmatu zituzten idealisten mantuaren babespean.

Mosketariaren irudi manierista, haren belus dirdiratsuak, haren kapela lumadunak, metalezko belarridun botak, kea darien pipak eta ezpata zorrotzak... hautatu zituen Picassok haiekin, bere obran, alter ego berri baina berantiar eta eskandalagarria egiteko. Zaldun bibotetsua, ipotx, pailazo eta zaharrekin batera, Picassoren arte ekoizpen luzearen azken hamarkadaren ikonoen troupe horren kide izatera heltzen da horrela. Pintzelaz, beranaz edota ikatz-ziriaz, fikziozko pertsonaia horretaz eskaintzen digun antiheroi bertsio groteskoak lagundu zuen gaztetutako, gaizki ulertutako, bai eta garai hartako kritikak erruz arbuiatzen zuen Pablo Picasso hark bere arte zahartzaroko azken arte abentura bizi zezan, berak "margoarekin gorputzez gorputz" deitu zuen hura, trebe asko eta amorratua gehiago, teknika onaren arauei muzin eginez eta estilo itxuraz zakar eta, aldi berean, guztiz dotorez.

Honako hau bezalako margolanak zatikako eraikuntzak dira, eginkeran itxuragabetuak bezain egikaritzean sendo diren konposizio gisa eraikiak. Marrak eta karrakatzeak, orbanak eta gainmargotuak pilatzen eta metatzen dira, margolariak antzeratzeen eta "gustu onaren" arauei muzin egiten baitie. Inolaz ere zehatz ez den obra da, bere garaian arroztasun sentsazio orokorra ekarri zuena; egokiro aritzeko arauek ezartzen duten araudiari jadanik kasurik egiten ez dion jeinu baten emaitza da.

1966ko abenduaren bukaeratik 1972ko azaro bitarte, Picassok pertsonaiaren 450 bat bertsio egin zituen, margolan eta marrazkietan. Suite 343 eta 156 direlakoen funtsezko obra grafiko eskergaren katalogo ikonografikoetan sartu zuen eta behin eta berriz irudikatu zuen neurriz gorako irudi bat bezala, askotan itxuragabea, jarrera eta so satirikoak dituena, burla airean ageri dena, bai eta pentsamolde groteskoari dagokion inkongruentzia aztoragarria adieraziz.

Picassok beti erakutsi zuen beste artisten erretratuetarako interesa eta eginkera bikainarengatik edota gaiaren bereziarengatik miresten zituen obra jakin batzuk aztertu eta interpretatzea zuen gustuko. Rembrandt bete-betean ageri da Picassoren ekoizpenaren azken hamarkadako margolan, marrazki eta grabatuetan; aldi horretakoa dugu 1968ko Pipadun mosketari hau. Baina Picassok ez du ez antzeratu ez eta kopiatzen. Picassoren interpretazio horiek edo, hobeki errateko, Picassoren jabetze horiek, hobetzearen zirrara xerkatzen dute beti. Subertsio piktorikozko ariketa kontziente horren gauzatzeko, maiz, baliabide eraginkor bezain arriskutsua erabiltzen du, karikatura, alegia: naturak eskaintzen digun araua haustea, irudikatutakoa handituz gizatiartu nahirik eta arte esperientziaren honako aldera ekartzeko asmoz; mundua irudikatzeko molde horrek ordezko natura arrotza sortzen digu.

Pipadun mosketari hau margotzen duen azken Picasso hori sortzaile xelebrea da, zahartasunaren zerumugak izutua eta sexualitatearen energiarekin obsesionatua, gorenki aske, ez baitu deus erakutsi behar. Horrexek, azterketarik egin behar ez izate horrek, adimentsu den zeinahi sortzailek xerkatzen duen Arkadia horrek, hain zuzen, bide ematen dio moldeetan basaki eta formetan buru-hiltzaile aritzeko, gametan zikin eta pintzelkadetan itxuragabeki.

Gizon baten bustoa III

1966ko urriaren 25ean, 85 urte bete zituen Picassok. Adina gorabehera, aurreko urteetako eta ondorengoetako ekoizpena oso ugaria izan zen. Guernica (1937) lanaren ondoren, mihisearen atzealdean sinatzen eta datatzen zituen lanak askotan, eta eguna edo egunak eta hilabetea zehazten zituen bertan. Oso ohikoa da margolanak egun bakarrean egitea, 1967ko ekainaren 9ko lan honekin bezala, bai eta irudi bakar batez osatua izatea ere, eta ez izatea gorputz osokoa. Hala ere, forma eta kolore aldaerak etengabeak dira, eta ezin hobeto erakusten dute malagarraren asmamen agorrezina. Emakumezko irudi ugariez gainera —Jacqueline Roque emaztea gogorarazten digute askotan—, eta margolariaren eta modeloaren gai errepikatuaz gainera, etengabeko protagonistak dira XVII. mendeko oroigarri diren gizonezkoen bustoak.

Irudi hau, Zervosek mosketari gisa katalogatua, azken mota horretakoa da, nahiz eta ez duen ez zortzi formako kapelua edo matazaduna. Adatsa, erditik zatitua, sorbaldaraino erortzen da; bibotea du, izurtua, eta kokospekoa, eta eskotea eta apaingarri biribilak jantzian. Horrek guztiak XVII. mendeko pertsonaia dela ematen du aditzera.

Margolariaren ohiko prozedura ez bezala —hau da, marra beltz lodiek mugatzen dituzte kolorearen formak eta eremuak—, honako honetan pintzelkada zabal eta bereziak baliatzen ditu, baina nekez zenbatzen dira horietako ehun inguru, azken hamarkadaz geroztik erabili ohi zuen modura itzuliz. Sena zuhurrari eta esperientzia zabalari esker, lan bizkorra eta zuzenketarik gabea egiteko aukera du.

Hizkuntza kubistaren ikuspegitik, nagusia Picassoren ekoizpenean XX. mendearen bigarren hamarkadaren hasieraz geroztik —nahi adina ñabardurarekin—, aipatutako busto hau nahiko naturalista da. Nabarmena da, hala ere, begiak irudikatzeko modua, ez bakarrik baliatzen dituen tonuengatik —berdea eta beltza—, baizik eta batez ere horietako bakoitzaren formagatik eta kokapenagatik.

Ez dira hain nabarmenak ahoaren pintzelkada horizontala eta sudur zuloak kokatzeko balio duten bi orbanak. Edonola ere, aurpegia goitik behera, kopetatik ahora, sigi-sagan gurutzatzen duen marra ere modu kubistaren aurrez aurreko eta alboko ikuspegi bikoitzaren ondorio da, nahiz eta mendeko ondorioa izan. Ez da bitxia, hortaz, nola egituratzen duen ilea eskuinaldetik, beste aldean egiten duenaren oso bestela.

Urte horretan bertan, hainbat aldiz erabili zuen hemen ikusten den kolore paleta, nahiz eta proportzio eta kokaleku desberdinean izan. Beltzaz gainera —bekainetan, begietan, sudurrean eta ilean eta trajearen hainbat xehetasunetan—, urdin eztiak gris pixka batekin, berde ilunak —baina ez ospelak— eta lila alderako arrosak oso ondo egokitzen dira eremu zuriei esker biolentzia eta energia galtzen duen paletan.


xabier-morras

Xabier Morrás

Kubo Kutxa aretoa (Donostia, Gipuzkoa)

Du 23 Octobre 2026
Au 07 Février 2027

vaste-monde-3

Vaste Monde #3

Juan Aizpitarte, Anne-Laure Garicoix, Olivier Masmonteil

Beatrix Enea (Angelu, Lapurdi)

Du 13 Décembre 2025
Au 18 Avril 2026

ur-handiak

Ur Handiak

Pablo Ugartetxea

Cristina Enea fundazioa (Donostia, Gipuzkoa)

Du 19 Décembre 2025
Au 15 Mars 2026

arte-galeriek-atea-itxiko-diote-21eko-bezari

Arte galeriek atea itxiko diote %21eko BEZari

02 Fév. | Amaia Jimenez Larrea [BERRIA.eus]

Gaurtik larunbatera bitarte, Hego Euskal Herriko hainbat arte galeria itxi egingo dituzte, Espainiako Gobernuak artelanen salmentarako ezarritako %21eko BEZaren aurka protesta egiteko. Aspalditik dator zerga jaisteko eskaria; 2012an igo zuten.

poesiarik-ez-behintzat

Poesiarik ez behintzat

29 Janv. | Garazi Ansa [BERRIA.eus]

Moon poem | Artista: Oscar Tuazon. | Lekua: Cibrian galeria (Donostia). | Noiz arte: urtarrilaren 31ra arte.

elkarketa-ala-murrizketa

Elkarketa ala murrizketa

29 Janv. | Haizea Barcenilla [BERRIA.eus]

Iazko abenduaren 15ean, Bilbo Arte eta Azkuna zentroa elkartzeko erabakia hartu zuen Bilboko Udalak. Abenduaren erdiko bi asteak eztabaida publikorik gabe hartutako erabakiak oihartzun gutxirekin pasatzeko erabiltzen dira...

estetizidioa

Estetizidioa

22 Janv. | Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]

Estetizidio hitza idatzita ikusteak larritu nau. Ez nuen terminoaren berri, eta lehendabiziko aldiz artearen kontrako bortxakeria aproposak hain gordin adierazita irakurtzeak harritu nau.

ideologien-beldurrik-bai

Ideologien beldurrik bai?

22 Janv. | Jone Rubio Mazkiaran [BERRIA.eus]

Lurrak ez du jaberik izango | Artista: Marwa Arsanios. | Tokia: Artiumen, Gasteizen. | Noiz arte: apirilaren 12ra arte.

Artekaria

Le portail de l'art en Euskal Herria

Ceci est le portail créé par le réseau ZAPART. Avec ARTEKARIA, nous voulons donner de la visibilité à l'incroyable richesse artistique et infrastructurelle de notre petit territoire basque (Euskal Herri osoa). En effet, il nous semble que dans un espace aussi réduit où se trouvent tant de musées (Artium, Oteiza, Beaux-Arts de Bilbo, Guggenheim…), de centres d'art (Uharte-zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), de salles publiques et privées (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fondations) galeries traditionnelles ou d'artistes… avec tant de programmations et d'œuvres d'artistes visibles, la visualisation de cet ensemble n'est pas facile. Nous avons créé ce portail pour aider à remédier à ce manque.

Artekaria

Le réseau des artistes professionnel.le.s d'Euskal Herria

Zapart a pour objectif de mettre en réseau, de promouvoir le travail et de défendre les droits des artistes professionnel.le.s vivant et travaillant en Euskal Herri (sur les six territoires historiques que sont Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa et Zuberoa).