artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Kutxa Fundazioak eta Tabakalerak 11 erakusketa berriren 2026ko programazioa aurkeztu dute

Zineb Sedira, Carla Filipe eta Taxio Ardanaz, Elena Asins, Harun Farocki eta Xabier Morrás artistak izango dira denboraldi berriko protagonistak Tabakalerako erakusketa-aretoan eta Kubon. Bestetik, Maite González Martínez, Andrea Canepa, Tsai Ming-liang, Jon Gorospe, Sally Mann eta Alejandro Cartagenaren lanak aurkeztuko dituzte Tabakalerako 2. erakusketa-aretoan eta Artegunean.

kutxa-fundazioak-eta-tabakalerak-11-erakusketa-berriren-2026ko-programazioa-aurkeztu-dute

| 18 Décembre 2025

Tabakalerak eta Kutxa Fundazioak bi erakundeen arteko lankidetza indartzen duen programazio artistikoa aurkeztuko dute datorren urterako. Datorren urterako erakusketa-proposamenek ikus-entzunezko esperimentazioa, praktika dokumentalak, instalazioa, argazkigintza eta orainari eta historiari buruzko hausnarketa kritikoa barne hartzen dituen ibilbidea eskainiko dute.

Programak artista ospetsu eta sortu berrien proposamenak, atzera begirakoak, site specific proiektuak biltzen ditu, baita erakunde arteko elkarrizketak ere nazioarteko erreferentziazko zentroekin. Erakusketek Tabakalerako eta Kutxa Fundazioko bi aretoak —Kubo eta Artegunea— hartuko dituzte, eta mapa bateratu bat egiteko aukera emango dute. Mapa horretan, askotariko lengoaiak, belaunaldiak eta hurbilketa artistikoak elkartuko dira, sorkuntza bultzatzeko, publikoak zabaltzeko eta hiriko eszena kulturala indartzeko konpromiso partekatuari erantzunez.

2026an, Tabakalerak eta Kutxa Fundazioak lankidetza mantenduko dute, Maider Lópezen Ukitu erakusketarekin. Aimar Arriola komisario duen erakusketa honek irekita jarraitzen du Tabakalerako erakusketa-areto nagusian eta Kutxa Fundazioa Kubon. Erakusketak artistaren azken hamarkadako proiektuak biltzen ditu —hiri- eta natura-guneetako interbentzioak, besteak beste— eta ikusleen eta ingurunearen arteko harreman berriak planteatzen ditu, artearen dimentsio afektiboa eta sentsoriala balioan jarrita.

Tabakalerako erakusketa-areto nagusia

2026ko lehen seihilekoan, Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak Afrikako iparraldeari, panafrikanismoari eta migrazio-mugimenduei lotutako sorkuntza garaikidera bideratuko du bere programazioa, eta ikuspegi kritikoetatik helduko die testuinguru horiekin partekatutako harreman historiko eta kulturalei. Magrebeko ekoizpen kulturalean presente dauden gaiak ere, tartean, identitatea, memoria, kulturaren transmisioa —gehienbat emakumeek mantendua— feminismoa eta erresistentzia-praktikak, ardatz izango dira ere programazioan.

Maider Lópezen Ukitu eta Marlene McCartyren Sasi guztien gainetik erakusketen ondoren, Tabakalerako areto nagusiak Zineb Sedira artistari eskainitako erakusketa inauguratuko du otsailean.

Standing Here Wondering Which Way to Go. Zineb Sedira

Komisarioak: Rita Fabiana eta Ane Agirre | Otsailaren 19tik ekainaren 14ra.

Zineb Sedirak (1963), Londresen eta Parisen bizi den artista frantziar-aljeriarrak, migrazioa, historia eta kontakizun ofizialen partzialtasuna sakon aztertzen ditu, narratiba autobiografikoa, fikzioa eta dokumentala baliatuta.

Erakusketa hau 1960ko hamarkadako utopiei buruzko hausnarketa batean oinarritzen da, Afrikaren independentzia eta askapena lortzeko borroka berrien testuinguruan, eta paraleloan kokatzen ditu kultura eta erresistentzia.

Standing Here Wondering Which Way to Go (Hemen zutik, zer bide hartu nire buruari galdezka) izenburuak Marion Williams gospel abeslari afroamerikarrak 1969an Aljerko Jaialdi Panafrikarrean abestutako kanta bat aipatzen du, eta bere inguruan oinarritzen da proiektua.

Erakusketa hau CAM Centro de Arte Moderna - Fundação Calouste Gulbenkian erakundearen eskariz garatutako proiektua da, erakunde hauekin batera: Parisko (Frantzia) Jeu de Paume, Valentziako (Espainia) IVAM, eta Umeåko (Suedia) Bildmuseet. Erakusketa Lisboako (Portugal) CAM Centro de Arte Moderna - Fundação Calouste Gulbenkianen eta Tabakaleraren arteko koprodukzioa da.

Taxio Ardanaz eta Carla Filipe

Komisarioa: Ángel Calvo Ulloa | Uztailaren 2tik 2027ko urtarrilaren 10era

Carla Filipek (Vila Nova da Barquinha, Portugal, 1973) eta Taxio Ardanazek (Iruñea, 1978) XX. mendea zeharkatu duten hainbat prozesu iraultzaile jorratzen dituzte artxiboko materialetik abiatuta, artxibo pertsonal zabalak biltzetik eta bisualki hurbila zaigun ikuspegi kontzeptual batetik. Plastika adierazpidetzat izan duten prozesuak dira, eta alderdi hori guztietan da nabarmena.

Portugaleko diktaduraren garaiko atarikoetatik hasi eta bukaerara arteko paperezko ezin konta ahala dokumentu eta objektuetatik abiatuta lan egiten du Carla Filipek. Krabelinen Iraultzan eta jarraitu zion Uneko Prozesu Iraultzailea izenekoaren aldian aurkitu du nondik hedatu bere ikerlana: Afrika, Asia eta Amerikako politika kolonialetara, baita Europako hegoaldeko herrialde gisa Portugalek duen posiziora ere, lehenaldia ez ezik, orainaldi konplexua ere aurrez aurre jartzea helburu.

Taxio Ardanazen lanean pintura da baliabidea, eta irudien artxibo zabal batetik abiatzen da; Kuba, Mexiko, Italia, Irakeko Kurdistan eta Espainia bezalako testuinguruetan biltzen aritu den artxiboa. Aldi berean, urteak daramatza Gerra Zibilean egin ziren grafitoen inbentario batean lanean eta, bere obrak bereizgarri dituen instalazio piktorikoez gain, filmak ere ekoizten dihardu, aztertzen dituen aldien ondoren —baina baita egun entzuten diren haien oihartzunen ondoren ere— hedatutako dimentsio sinboliko horretan sakontzeko.

Elkarrizketa horren sorburua ez dago bakarrik bisualki eta kontzeptualki konektatzen dituzten antzekotasun jakin batzuetan, baizik eta, batez ere, bereizten dituzten desberdintasunetan, antzeko materialen aurrean kokatzen direnean. Orduan azaleratzen dira desberdintasunak bere lan-dinamiketan, bilaketetan, motibazioetan eta emaitzetan.

Kutxa Fundazioa Kubo

Egitura, espazioa, denbora. Elena Asins

2026ko otsailaren 27tik maiatzaren 24ra | Komisarioa: Juan Pablo Huercanos

Egitura, espazioa, denbora erakusketak Elena Asinsen (Madril, 1940 - Azpirotz, 2015) obraren berrikuspena proposatzen du. Horretarako, funtsezko kondizio jakin batzuetatik abiatzen da, matematikaren eta logaritmoen arloan egin zuen lanak gidatutako garapen esperimentala artikulatzeko; hain zuzen ere, sistema bisual baten sorrera berekin ekarri zuena, bere garaian bakana. Proiektu honek konputazioa konposiziorako baliabide gisa erabiltzen aitzindaria den lengoaia baten ezaugarriak eta garapena aztertzen ditu. Izan ere, Asinsek estetika berezi bat sortu ahal izan zuen horrela, birtualki infinitua den adierazpen-potentzial bati bide ematen dioten erlazio bisualen eta baliabide estrukturalen sistema batean oinarritutakoa.

Juan Pablo Huercanosek komisario duen proiektu honek 71 lan aurkezten ditu, horietako asko inoiz erakutsi gabeak eta 1968tik 2011ra bitartean eginak, eta ikus-entzunezko instalazio batekin osatzen da; honek artistaren 4 pieza erakusten ditu, Gorka Aldak sortutako soinu-konposizio espezifiko batek lagunduta.

Ekimen hau artistaren ondarea kudeatzen duen Madrilgo Reina Sofía Arte Zentroa Museo Nazionalarekin izandako lankidetzaren emaitza da.

Farocki efektua

2026ko ekainaren 19tik irailaren 27ra | Komisarioak: Antje Ehmann eta Carles Guerra

Harun Farockik (1944-2014) zinemazaletasunaren kulturaren eta errepresentazioaren gaineko kritikaren garapenaren arteko igarobidea sinbolizatzen du. Berlingo kontrakulturako zirkuluetan hasi zuen bere ibilbidea, ondoren artearen esparruan kultuko egile gisa amaitzeko. Saiakera filmikoa erreferentziazko generotzat duen bere obraren sorburua zinema militantea, kritika eta telebista eta irrati bidezko kazetaritza kulturala dira. Eta horrela kokatu da Harun Farocki Alemaniako zinema berriko zuzendarien ondorengo belaunaldian. Atzera begirako aurkezpen honek 60ko hamarkadan ekoitzitako film militanteen aukeraketa zabala erakusten du lehenengo aldiz —horietako batzuk duela gutxi zaharberritu dira—baita zinema-kritikaren arloan egin duen lanaren adibideak ere. Material horiek 1995az geroztik Farockik sortutako instalazio aipagarrienen hedadura dira, kontuan izanik horiekin bihurtu dela erreferente artearen munduan.

Aldi berean kritikoa, pedagogikoa eta soila, Harun Farockiren lanak museoko esperientzia-modalitate berri bat ekarri du, bisitariak eragile aktibo bihurtzen dituena. Instalazioak eta obrak espazio jarraitu batean batzean, muntaia subjektibo bat —artistaren hitzetan— lortzen da, non, obra bat behatzen ari garen bitartean beste batzuk hasten garen zeharretik begiratzen; hark "soft montage" deitutakoa. Asmo horrekin, bildutako lanek efektu gehigarria sortzen dute —XX. mendeko hirurogeiko hamarkadatik XXI. mendeko lehen hamarkadara bitartean sortutakoetan— eta, beraz, bat egiten dute elkarrekin. Erakusketaren osagarri izateko antolatutako programan proiekzioak, tailerrak eta haur eta familientzako jarduerak daude, zinema argia baita Harun Farockik —egile zailaren ospea izan arren— eskaintzen diguna.

Xabier Morrás

2026ko urriaren 23tik 2027ko otsailera | Komisarioa: Jesus Mari Lazkano

Kutxa Fundazioa Kubon, Xabier Morrási (Iruña-Pamplona 1943) eskainitako erakusketa handia aurkeztuko da; funtsezko artista orain dela gutxiko euskal artearen historian. 70eko hamarkadako hiru instalazio-lanen berreraikuntzatik abiatuta —giltzarriak Morrásen ibilbidean— erakusketa zabaldu egiten da artistaren prozesuak eta lan egiteko moduak ulertzeko. Hala, pieza horien artean dago Cristo amordazado, 1972ko Iruñeko Topaketetarako sortua, eta 60ko hamarkadaren amaierako Londres bere sail ospetsuaren muina osatzen duena. Instalazioaren eta obra hedatuaren kontzeptuaren aitzindari gisa, 1973ko New York muntaia erakusten da, baita sinbolismoz betetako Navarra saila ere; azken honetan, galtzen ari diren bizi-ereduak arakatzen ditu, ahanzturan geratzeko bidean den jakituriaren oinordekoak, lur eta arkitektura abandonatu baten gainean.

Bere margolanak agerian uzten du ingurune biografiko, fisiko eta mentalekin duen harreman pertsonala; bizi izandako garai bateko testigantzak, ondare sozial eta genetikotik berreskuratuak. Landa-, hiri- eta industria-eremura egindako hurbilketak, bere bizi-esperientziaren bidegurutzean sorburua dutenak.

Tabakalerako 2 erakusketa-aretoa

Strong back, soft front. Maite González Martínez

Komisarioa: Iñigo Villafranca Apesteguia | 2026ko urtarrilaren 16tik martxoaren 15era

Strong back, soft front Maite González Martínezen (Oiartzun, 1995) erakusketa indibiduala da, Iñigo Villafranca Apesteguia (Valtierra, 1994) komisario duena, eta Tabakalerak 2025ean deitutako komisariotza-egonaldiaren emaitza da. Deialdi horren xedea tokiko eszena artistikoa sustatzea da, komisarioei eta artistei Tabakaleraren urteko erakusketa-programan parte izateko aukera emanez.

Erakusketak Maite González Martínezen artxibo pertsonaleko irudien hautaketa bat biltzen du. Materialak —bideoa eta collagea— aretoko hormei eta zutabeei atxikitzen zaizkie. Izan ere, aretoa bera da irudiarentzako gainazala, baita bolumena ere, nondik mugitu. Kamera konpaktuarekin eta telefono mugikorrarekin grabatutako bideoek rushes gisa funtzionatzen dute; zineman, filmaketa bateko metraje gordin editatu gabea izendatzeko erabiltzen den terminoa. Logika bera aplikatzen zaie collageei, zinta itsaskorrarekin ensanblatutako txatal, ebakin, argazki eta ariketa azkarrez osatutakoei. Irudiak nabariak dira, eta hor datza beren potentziala; aurkezten dena ezaguna egiten zaigu nolabait: aurpegi bat, hondartza bat, barraskilo bat.

Erakusketaren izenburuak —Bizkarra sendo, bihotza leun— gorputz-jarrera irmoa baina irekia aditzera ematen du, zutabearen sendotasunetik, aurrean duen horren eragina jasotzen. Begiradan nagusitzen den erritmo biziaren aurrean, bideoek presentzia epela iradokitzen dute, baita zehatzera zuzendutako aldarte optikoa ere. Strong back, soft frontek behaketaren ahalmena aitortzen du, zeina gai den bizitzaren izaera erlazionala eta inguratzen gaituen horren berezitasuna agerian uzteko. Arretaren maila horretan, gauzarekiko topaketa horretan, zirkulartasun inplizitua eta estrukturala sumatzen da. Zirkulua forma gisa aurkezten da, baina baita figura erretoriko, metodo eta logika pertzeptibo gisa ere; kameraren mugimenduan, erreprodukzioko buklean edo irudiari eusten dion gorputz ekinean.

Situ-akzioak. Andrea Canepa

2026ko martxoaren 26tik uztailaren 19ra

Situ-akzioak proiektuak arte garaikidera hainbat ikuspegitatik hurbiltzea ahalbidetzen du, adina edozein dela ere. Artista bat gonbidatzen da site specific erakusketa bat sortzera, eta aldi berean hezkuntza-proiektu bat garatzen da hari lotua. Proiektu honek arte garaikidea eskola-testuingurura hurbildu eta familiak ere inplikatzen ditu erakusketa baten sortze-prozesuan. Aurtengo ediziorako artista gonbidatua Andrea Canepa da.

Ibiltaria. Tsai Ming-liang

2026ko irailaren 17tik abenduaren 27ra

Artea eta Zinema programazioaren ildotik, eta Donostia Zinemaldiarekin lankidetzan, Tabakalerak sorkuntza berri bat aurkeztuko du: Tsai Ming-liangen Ibiltaria seriekoa, Donostian ekoitzia.

Lee Kang-sheng, Tsai Ming-liang zuzendariaren ohiko kolaboratzailea, munduan zehar dabil bidaiatzen, monje ibiltari baten rolean. Irudia Xuanzangen inspiratuta dago: Tang dinastiako monje budista bat, Txina eta India artean milaka kilometro oinez egin zituena. Honela kontatzen du Tsai Ming-liangek berak proiektuaren jatorria: "Egun batean Lee Kang-sheng antzezlan bat entseatzen ari zen, hamazazpi minutuko ibilaldi geldo bat egitean zetzana. Gorputza poliki-poliki mugitzeko zuen modua benetan zen ederra. Izugarri hunkitu ninduen. Hala, ibiltzeko modu hori film batean jaso nahi izan nuen, munduko hiri desberdinetan ibiltzen erakutsita, esaterako. Hamar film egitea erabaki nuen, gero arte-museo onenetan erakusteko. Esan nion Hsiao Kangi: "Aktore bat baino gehiago zara. Geldiro ibiltzearen artista zara gainera"".

Kutxa Fundazioa Artegunea

Martxoaren 1ean ateak itxiko dituen Gipuzkoa begiragarria erakusketaren ondoren, Jon Gorospek hartuko du lekukoa Kutxa Fundazioa Artegunea aretoan.

Urban Morphologies. Jon Gorospe

2026ko martxoaren 27tik ekainaren 28ra | Komisarioa: Alejandro Castellote

Jon Gorosperen jardun artistikoak hiri eta espazio urbano garaikideak ditu ardatz, eta leku horiek igarotzen dituzten pertsonekin sortzen diren erlazioetan jartzen du arreta. Bere sailetan hainbat begirada mota erabiltzen ditu: zaintza-kameren nonahikotasuna aditzera ematen duena; arkitekturaren areriotasuna azpimarratzen duena, espazio publikoetan etxegabeek sortzen dituzten erabilerekiko, inklusioaren gainetik esklusioa lehenetsita. Interneteko argazkiak bere eginda, paisaiaren identitateari buruz hausnartzen du, "egiletzarik gabeko" irudien bitartez. Eta bere argazki, instalazio eta bideoez baliatzen da, arkitekturaren zeinu komunak eta hiri handiek mundu osoan partekatutako ikonografia osatzen duten diseinu urbanistikoa aztertzeko: enpresa-eraikinak, erakundeenak, edo merkataritzakoak, eta ia bizitoki-auzorik eza. Hala, arkitektura horren morfologia eta testura globalizazioa irudi moduan adierazten den azalera da, eta Byung-Chul Han filosofo korearrak XXI. mendeko edertasunaren ezaugarri komun gisa azpimarratu duen kontzeptuaren irudia da, leundutakoarena, alegia.

Sally Mann

2026ko uztailaren 17tik azaroaren 1era | Komisarioa: Anne Morin, Dichroma Photographyren lankidetzarekin.

Sally Mannen erakusketak, mundu-mailan estreinakoz aurkeztuko denak Kutxa Fundazioa Artegunea aretoan, 150 argazki inguru biltzen ditu argazkilari enblematiko honen sail garrantzitsuenetan oinarrituta. Erakusketak 1980tik 2020ra bitarteko aldia hartzen du gutxi gorabehera eta bere lehen sailak biltzen ditu, besteak beste, Immediate Family, Family in Color, eta Estatu Batuetako hegoaldeko paisaia handiak —Virginia, Georgia— baita inoiz erakutsi gabeko erretratu batzuk ere, Faces, argazkigintzaren mugak are gehiago zabaltzen dituena pinturarekin bat egin arte. Materia piktoriko eta plastiko gisa ulertzen du Sally Mannek argazkigintzaren materialtasuna, Cy Twomblyk pinturaz zuen ikuskeratik hurbil, zeinarekin harreman estua izan zuen. Azkenaldiko bere lan batzuk ere aurkeztuko dira, tartean Delta (2016) saila: koloretako paisaia hauen tonalitateak XX. mendearen hasieran autokromo teknikarekin egindako aurreneko irudiena gogorarazten dute. Erakusketa osoak ardatz duen asmoa hauxe da, alde batetik, bere lanaren atzera begirako orokor bat eskaintzea eta, bestetik, bere argazkien dimentsio narratiboak ziklo tematiko handi horietan zehar hustu eta desagertzeko duen joera erakustea, Sally Mannek argazkilaritzaren baliabidea bere mugetara eraman bitartean, pinturari eta antzinako argazki-prozedurei dagozkien lurraldeetarantz.

Ground Rules. Alejandro Cartagena

2026ko azaroaren 20tik 2027ko otsailera

Komisarioak: Shana Lopes eta Alex Landry, San Francisco MOMAko argazkilaritzako kuradoretza-laguntzaileak. Mapfre eta San Francisco Museum of Modern Arten lankidetzarekin

Ground Rules Alejandro Cartagena argazkilari latinoamerikar ospetsuaren lehen atzera begirakoa da. Erakusketak bere lanen bi hamarkada baino gehiago biltzen ditu, hark sortutako sailen aurkezpen zabal batean. Cartagenak —Dominikar Errepublikakoa jatorriz eta Monterreyn finkatua— gizarteko eta ingurumeneko arazoak aztertzen ditu argazkilaritzako praktika ugari baliatuta, besteak beste, irudi dokumentalak, collagea, bere egindako etxeko argazkiak, eta adimen artifizialak sortutako bideoa. Bere lanak hiri-inguruen hedapenaren konplexutasunak, Estatu Batuen eta Mexikoren arteko muga, eta desberdintasun ekonomikoaren hazkuntza gero eta handiagoa islatzen ditu. Bere argazkiak zirraragarriak eta politikoki zorrotzak dira, eta gure mundua osatzen duten sistemak zalantzan jartzera gonbidatzen gaituzte. Mexikoko testuinguruan kokatzen diren arren, Cartagenaren argazki-sailek kondizio global partekatuak jorratzen dituzte, tartean migrazioa, ingurumen-krisia eta neurrigabeko garapena, eta XXI. mendeko bizitza definitzen duten dinamikei buruzko hausnarketa sakona eskaintzen digute.


vaste-monde-3

Vaste Monde #3

Juan Aizpitarte, Anne-Laure Garicoix, Olivier Masmonteil

Beatrix Enea (Angelu, Lapurdi)

Du 13 Décembre 2025
Au 18 Avril 2026

hivernies

Hivernies

Patrick Bogner

L'Angle (Hendaia, Lapurdi)

Du 21 Novembre 2025
Au 19 Décembre 2025

artium-museoak-2026ko-urteko-programazioa-aurkeztu-du

Artium museoak 2026ko urteko programazioa aurkeztu du

| 17 Décembre 2025

Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak zinema etnografikoari buruzko ikuspegi kritikoak jorratzen dituen tesi erakusketa kolektiboa inauguratuko du urtarrilean. Horretaz gain, banakako erakusketak eskainiko dizkie Juana Cima (Caibarién, Cuba, 1951), Rosalind Nashashibi (Londres, 1973), Irene Kopelman (Córdoba, Argentina, 1974) eta Jochen Lempert (Moers, Alemania, 1958) artistei. Era berean, Z Aretoaren egitarauak Jumana Manna (Princeton, 1987) artistaren ekoizpena aurkeztuko du.

behin-osoa-ikusita

Behin osoa ikusita

17 Déce. | Garazi Ansa [BERRIA.eus]

UKITU. Artista: Maider Lopez. | Lekua: Kutxa Kubo aretoa, Donostia. | Noiz arte: Otsailaren 1era arte.

post-guggenheim-urdaibai

Post Guggenheim Urdaibai

16 Déce. | Haizea Barcenilla [BERRIA.eus]

Zutabe hau argitaratu den egunean biltzekoa da Guggenheim museoko patronatua Urdaibain bultzatu nahi duten egoitzaren inguruan erabaki bat hartzeko. Aurreko asteetan zabaldutakoaren arabera, bertan behera geratuko da egitasmoa; beraz, arriskua hartuko dut.

inaki-garcia-erguin-margolaria-hil-da

Iñaki Garcia Erguin margolaria hil da

15 Déce. | Ainhoa Sarasola [BERRIA.eus]

XX. eta XXI. mendeetako euskal pinturaren erreferente eta berritzaile izatea aitortu izan zaio margolari bilbotarrari. 91 urte zituela zendu da.

tinduen-zirriborroen-kontserbazio-delikatua

Tinduen zirriborroen kontserbazio delikatua

12 Déce. | Xalbat Alzugarai Etxeberri [BERRIA.eus]

Marrazki bilduma handia du Baionako Bonnat Helleu museoak. Tindu lanak egiteko zirriborroak dira gehien-gehienak, eta, erakusleihoetan izateko, zaharberritu behar izaten dituzte. "Xinaurri lana" dela kontatu du Cecile Bignon kontserbatzaileak.

materialtasunaren-ondarea

Materialtasunaren ondarea

11 Déce. | Jone Rubio Mazkiaran [BERRIA.eus]

Argizari galdua | Artistak: Askoren artean. | Non: Iruñeko Ziudadelako Labean. | Noiz arte: urtarrilaren 25era arte.

frank-gehry-bilboko-guggenheim-museoaren-arkitektoa-hil-da

Frank Gehry Bilboko Guggenheim Museoaren arkitektoa hil da.

| 10 Décembre 2025

Arkitektoa abenduaren 5ean, Santa Monican (Kalifornian) 96 urte zituela zendu da. Beren garaia hainbeste aztarna utziz eta hirigintza-paisaian hain nabarmen eragin duten arkitekto gutxik lortu dute Frank Gehryk lortutakoa.

Artekaria

Le portail de l'art en Euskal Herria

Ceci est le portail créé par le réseau ZAPART. Avec ARTEKARIA, nous voulons donner de la visibilité à l'incroyable richesse artistique et infrastructurelle de notre petit territoire basque (Euskal Herri osoa). En effet, il nous semble que dans un espace aussi réduit où se trouvent tant de musées (Artium, Oteiza, Beaux-Arts de Bilbo, Guggenheim…), de centres d'art (Uharte-zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), de salles publiques et privées (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fondations) galeries traditionnelles ou d'artistes… avec tant de programmations et d'œuvres d'artistes visibles, la visualisation de cet ensemble n'est pas facile. Nous avons créé ce portail pour aider à remédier à ce manque.

Artekaria

Le réseau des artistes professionnel.le.s d'Euskal Herria

Zapart a pour objectif de mettre en réseau, de promouvoir le travail et de défendre les droits des artistes professionnel.le.s vivant et travaillant en Euskal Herri (sur les six territoires historiques que sont Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa et Zuberoa).