artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Bilbo Arteren bilduma garaikide eta aldi berean barrokoa

Bilbo Arten lanean aritutako ehunka artistaren seiehun artelan baino gehiago biltzen ditu erakundeko bildumak. Multzo horretako 52 artistaren 55 pieza jarri dituzte orain ikusgai ‘Bildumatik ez dago itzultzerik' erakusketan.

bilbo-arteren-bilduma-garaikide-eta-aldi-berean-barrokoa
Bilbo Arteren bildumaren parte diren lanekin osatu dute 'Bildumatik ez dago itzultzerik' izeneko erakusketa. ARITZ LOIOLA / FOKU

Iñigo Astiz [BERRIA.eus]
| 17 Janvier 2026

1999an hasi zuen Bilbo Artek bere ibilbidea, eta, geroztik, ehunka artistari eskaini die lanerako lekua eta laguntza. Eta, hain justu, bertan lanean aritutako sortzaile multzo handi horren seiehun artelan baino gehiago biltzen dituen bilduma bat ere badu erakundeak. Artista horien arteko 52 hautatu, eta haien 55 obra bildu dituzte orain Bilboko Uribitarte kaleko erakusketa aretoan. Besteak beste, Mabi Revuelta, June Crespo, Helena Goñi, Greta Alfaro, Idoia Monton, Naia del Castillo eta Dora Salazar artisten lanak topatuko ditu bisitariak bertan. Bildumatik ez dago itzultzerik. BA bildumadeitu dute erakusketa, eta otsailaren lehenera arte egongo da ikusgai, Bilboko Uribitarte kaleko aretoan.

Nerea Aierbe eta Jaime Cuenca izan dira komisarioak, eta Bilbo Arteren bildumaren berezitasunak bistaratzen dituen antolaketa bat proposatu dute. "Hasieratik izan genuen argi obra asko jarri nahi genituela", onartu du Aierbek, "eta biltegitik ia inoiz atera ez diren lan batzuk ere ikusarazi nahi genituen, ezagunago egin diren beste batzuekin batera".

Bildumaz beraz gogoeta egiteko baliatu dute aukera, gainera. Bai Bilbo Artekoaz zehazki, bai eta bildumagintzaz ere, modu orokorragoan. Juan Mayorga antzerkigile madrildarraizan dute horretarako inspirazio iturrietako bat. Komisarioek azaldu dutenez, "hunkigarria" egin zitzaien Bilboko Arriaga antzokian haren La colección(Bilduma) antzezlana ikustea, eta testu haren solasaldietatik hartu dituzte bai erakusketarako izenburua, bai eta hura osatzen duten lau aretoak izendatzeko tituluak ere.

Horrez gainera, bildumen esanahiari, funtzioari eta ondareari buruzko gogoetak ere tartekatu dituzte hormetan. "Bilduma egitea gauzei justizia egiteko modu bat da", irakur daiteke haietako batean. "Antolaera bat ematen diegu, eta hori egitean babestu egiten gara munduaren kaosaren eta bestetasunaren aurrean. Ingurune bat eraikitzen dugu, kontrolpean dugula sentitzeko".

Multzokatuta

Komisarioek diotenez, artelanak bakarrik ez erakustea izan duteerronketako bat. Artelanak biltzen dituen bildumaren nortasuna agerrarazi nahi zutenez gero, bilduman aurkeztu nahi izan dituzte piezak ere, eta, horregatik, urrundu egin dira gaur egun nagusi den museografia motatik.

"Pinakoteka barrokoetan egiten ziren erakusketak hartu ditugu erreferentziatzat", azaldu du Cuencak. "Garai batean, museoetan artelanak kronologikoki antolatzen hasi baino lehen, horrela multzokatzen zituzten artelanak, euren ezaugarri estetikoen edo gaiaren arabera, eta logika hori gaurkotzen saiatu gara gu, publikoa ere jolastu dadin piezen arteko oihartzunak eta antzekotasunak bilatzera".

Eta lehen aretoa da multzokatze horren lehen froga. Izan ere, elkarren ondo-ondoan ikus daitezke Erramun Landaren margolan abstraktu bat eta Igancio Goitiak margotutako jirafa baten irudia. Kasu horretan, ia kontrajarriak dira bi artista horien hautu estetikoak, baina kromatikoki badituzte antzekotasun batzuk, eta, horregatik jarri dituzte elkarren ondoan bi lanak. Izan, bilduma beraren parte ere badira biak, gainera. "Elkarrizketan egon zitezen nahi genuen, elkar uki zezaten, elkar kutsatu", azaldu dute komisarioek. Eta hala multzokatzen dira artelanak ondorengo guneetan ere. Etxearen ideiaren bueltan dabiltza bigarren aretoko artelanetako batzuk. Han dira Edurne Gonzalezen argazki muntatzeak, adibidez, bai eta Heli Garcia artistaren instalazioa ere.

Kepa Garraza artistaren argazki bat ikus daiteke hirugarren aretoan. Mutil bat eta neska bat ageri dira, bakoitza mahai baten alde batean eserita. Mutila mahai gainean amilduta dago, eta neskak, berriz, axolagabe begiratzen du urrunera. Eta lan horren aurreko horman dago Elssie Ansareo artistaren lana. Genero eraikuntzari estuki lotutako histeria diagnostikoen berrinterpretazio batproposatzen duen proiektu zabalago baten parte da pieza hori, eta, hartan, gizonezko bat ikus daiteke medikuek historikoki emakumeei gaixotasun hori diagnostikatzeko baliatutako gorputz postura bihurrietako batean; histeriaren arkua izenekoan, hain zuzen.

Horma beltzak ditu ibilbideko azken aretoak. "Bildumak mozorrotzen duen sekretu bat" titulupean bildu dituzte komisarioek horko lanak. Mailuekin eta iltzeekin lotutako gaztelerazko hamaika esamolde irudikatzen dituen Txuspo Poyoren bideo bat dago tartean. Eta June Crespo artistaren bi argazki ere topatuko ditu bisitariak.

Erakusketaz gainera, beste hainbat ekintza ere antolatu dituzte. Pablo Marte artistak, esaterako, performance bat egingo du gaur, eta Juan Mayorgarekin antolatutako topaketak itxiko du erakusketa, otsailaren lehenean.

Artistak

LEHEN ARETOA

Cristina Ferrandez Box, Cristina Fonsare, Helena Goñi, Amaia Gracia Azketa, Aitor Lajarin, Erramun Landa, Ara Mendez, Kiko Miyares, Idoia Monton, Fermin Moreno, Iñaki Saez, Eduardo Sourrouille, Jelena Sredanovic.

BIGARREN ARETOA

Alberto Albor, Greta Alfaro, Andrew Gangoiti, Heli Garcia, Leticia Gaspar, Ignacio Goitia, Edurne Gonzalez Ibañez, Patrik Grijalvo, Jorge Isla, Carmen Olmos, Jorge Rubio, Iker Serrano.

HIRUGARREN ARETOA

Izaskun Alvarez Gainza, Elssie Ansareo, Naia del Castillo, Lourdes de la Villa Liso, Kepa Garraza, Jabier Herrero, Gala Knorr, Ibai Leon/Sara Campillo (Atakontu), David Martin Angulo, Nacho Martinez Gorriz, Ana Riaño, Ixone Sadaba, Dora Salazar.

LAUGARREN ARETOA

Alejandro Artetxe, Erika Barahona, Nuria Batalla, June Crespo, Pau Figueres Ortiz, Miguel Angel Gaueka, Carlos Irijalba, Irune Jimenez Orbea, Francisco Navarrete, Lezuri Ormazabal, Txuspo Poyo, Mara Reguilon, Mabi Revuelta, Begoña Zubero.


generation-volta

Generation Volta

Sanlé Sory

Sakana (Donostia, Gipuzkoa)

Du 01 Aout 2026
Au 01 Octobre 2026

essence

Essence

Exposition collective

Virginie Bario Galeria (Hendaia, Lapurdi)

Du 12 Septembre 2026
Au 04 Novembre 2026

portrait-intime

Portrait intime

Pilar Belzunce

Txillida leku (Hernani, Gipuzkoa)

Du 05 Juin 2025
Au 26 Décembre 2026

koloreztatutako-barne-bulkadak

Koloreztatutako barne bulkadak

Maialen Etxebeste Lekuona [BERRIA.eus]
| 15 Juillet 2026

Oaia Peruarena margolariak 'Behin eta berriz hasi' bilduma sortu du. Erakusketa irailaren 5era arte egongo da ikusgai, Donostiako Ekain Arte Lanak galerian.

san-telmo-gaua-frescoren-esku-hartze-artistiko-batekin-dator-aurten

San Telmo Gaua Frescoren esku-hartze artistiko batekin dator aurten

STM
| 13 Juillet 2026

San Telmo Museoaren udako irekiera berezia uztailak 18an izango da, doako sarrerarekin, 20:30 eta 24:00 artean. Xabier Zirikiainek, Ander Perez de Arenazak eta Mario Azurzak berariaz okasio honetan sortuko duten proposamen artistikoa izango da aurtengo berrikuntza

mundu-osoko-mitologien-elkarrizketak-bonnat-helleun

Mundu osoko mitologien elkarrizketak Bonnat Helleun

Xalbat Alzugarai Etxeberri [BERRIA.eus]
| 8 Juillet 2026

‘Mitologiak' erakusketa ireki dute Baionako Bonnat Helleu museoan. Euskal Herriko, Mediterraneoko, Ekialde Hurbileko, Afrikako eta Mexikoko mitologiak elkarrizketan ezarri dituzte, Parisko Louvre eta Quai Branly-Jacques Chirac museoekin lankidetzan.

graciela-iturbideren-hizkuntza-bisuala-san-telmo-museoko-laborategian-ikusgai-jarri-dute

Graciela Iturbideren hizkuntza bisuala, San Telmo Museoko Laborategian ikusgai jarri dute

| 6 Juillet 2026

María Millánek egin ditu komisario lanak eta nagusiki 60ko eta 80ko hamarkaden artean sortutako garaiko kopiak biltzen ditu erakusketak. Erakusketak Graciela Iturbidek han-hemengo kulturetan errespetuz murgiltzeko ahalegina eta Mexikoko eta beste herrialde batzuetako herri autoktonoen nortasuna erretratatzean izan duen ikuspegi eraldatzailea nabarmentzen ditu.

gerra-irudikatzeko-bi-modu-beltzetik-abiatuta

Gerra irudikatzeko bi modu, beltzetik abiatuta

Garazi Izagirre Aiestaran [BERRIA.eus]
| 5 Juillet 2026

'Goya beltza, Motherwell beltza. Laurogei hondamendi eta amildegi bat' izena daraman erakusketa ikusgai jarri du Donostiako San Telmo museoak. Francisco de Goyaren laurogei estanpak eta Robert Motherwellen koadro batek osatzen dute.

hasi-da-jai-jardun-artistikoen-institutuaren-ikasketa-programaren-zazpigarren-edizioa

Hasi da JAI, jardun artistikoen institutuaren ikasketa-programaren zazpigarren edizioa

| 2 Juillet 2026

Tabakalerak eta Artium Museoak —Oteiza Museoarekin elkarlanean— antolatuta, programak arte garaikidearen arloan ikerketa, ekoizpena eta lan kritikoa sustatzea du helburu. JAIk ezagutzaren, ekoizpenaren eta transmisioaren arteko loturan sakondu nahi du, prestakuntza-prozesuan dauden artisten eta nazioarteko profesionalen artean hartu-emanerako gune bat sortuz.

Artekaria

Le portail de l'art en Euskal Herria

Ceci est le portail créé par le réseau ZAPART. Avec ARTEKARIA, nous voulons donner de la visibilité à l'incroyable richesse artistique et infrastructurelle de notre petit territoire basque (Euskal Herri osoa). En effet, il nous semble que dans un espace aussi réduit où se trouvent tant de musées (Artium, Oteiza, Beaux-Arts de Bilbo, Guggenheim…), de centres d'art (Uharte-zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), de salles publiques et privées (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fondations) galeries traditionnelles ou d'artistes… avec tant de programmations et d'œuvres d'artistes visibles, la visualisation de cet ensemble n'est pas facile. Nous avons créé ce portail pour aider à remédier à ce manque.

Artekaria

Le réseau des artistes professionnel.le.s d'Euskal Herria

Zapart a pour objectif de mettre en réseau, de promouvoir le travail et de défendre les droits des artistes professionnel.le.s vivant et travaillant en Euskal Herri (sur les six territoires historiques que sont Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa et Zuberoa).