artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Azkuna zentroa eta Bilbo Arte batzeko lehen pausoa eman du Bilboko Udalak

Oraingoz, lankidetza hitzarmen bat adostu dute Bilboko Azkuna zentroak eta Bilbo Arte fundazioak, baina bi proiektuak batzeko asmoa azaldu du Bilboko Udalak. Hainbat tirabiraren eta zuzendari aldaketaren ostean egin dute ofizial erabakia.

azkuna-zentroa-eta-bilbo-arte-batzeko-lehen-pausoa-eman-du-bilboko-udalak
Bilboko Azkuna zentroaren barrualdea. MARISOL RAMIREZ / FOKU

27 Janvier 2026 | Iñigo Astiz [BERRIA.eus]

Transformazio betean dira Bilboko kultur erakundeak. Aurrekontu eta ikusgarritasun handikoak dira aldaketa horietako batzuk. Rekalde aretoak, esaterako, 2025eko urtearen hasieran ireki zuen bere areto berriturako sarbidea; Bilboko Arte Ederren Museoak ere, zazpi urteren ondoren eta 44,5 milioi eurotik gorako inbertsioa eginda, aurtengo ekainaren 24an zabalduko ditu ateak parez pare. Bilboko Euskal Museoak ere urteak daramatza berritze lanetan, eta gutxienez 21 milioi euroko diru sail bat izan du horretarako. Guztira, hamazazpi urteko ibilbidearen ostean eta hainbat ikerketaren eta atzera-aurreraren ondoren, Bilboko Guggenheim museoak ere erortzen utzi du Urdaibain eraiki asmo zuen adarra. Baina hainbesteko harrabotsik atera gabe eta aurrekontu nabarmenik gabe ere, aldaketa betean dira Bilboko Azkuna zentroa eta Bilbo Arte fundazioa ere. Bi proiektuak batzeko asmoa du Bilboko Udalak, eta, oraingoz, bi erakundeen arteko lankidetza hitzarmena sinatu dute horretarako.

Sinergia horrek proiektuak sendotuko dituela argudiatu dute agintariek, baina, azken urteetan, sonatuak izan dira kultur azpiegitura horien norabideari buruzko tirabirak, eta hainbat zuzendaritza aldaketaren eta gaizki-ulerturen ondoren egin dute erabakia ofizial.

Perezen dimisioa

Fernando Perezen dimisioa izan da unerik erabakigarrienetako bat. 2018ko maiatzean hartu zuen Azkuna zentroko zuzendari postua, eta, sei urteko ibilbidearen ostean, 2024ko abenduan egin zion uko karguari, udalarekin izandako irizpide talka baten ondorioz.

Azkuna zentroa kultur sorkuntza garaikiderako gune bilakatzea izan zen Perezen erronka nagusietako bat, eta saiakera horren erakusgarri izan dira bai erakusketa aretoak izandako programazioa, bai eta guneak arte esperimentalari eskaini dionarreta ere. Gutun Zuria Bilboko Letren jaialdiak ere haren eskutik egin du nazioarteko lehen lerroko idazle nabarmenak biltzen zituen literatur jaialdi bat izatetik hitzarekin era zabalago batean lotutako arteei eskainitako jaialdi hibridoago bat izaterainoko bidea. Baina, horrez gainera, sorkuntza artistikoa sustatzeko artistentzako hainbat egoitza ere jarri zituen martxan, eta, hain zuzen ere, sorkuntzari eskainitako Lantegia izeneko gunearekin gertatutakoak ekarri zuen haren dimisioa.

Perezek 2020an jarri zuen abian proiektuaren adar hori. Ordura arte hutsik egon zen eraikinaren gune hori, eta sortzaileentzako erresidentziak antolatzeko prestatu zuten orduan. 2024an, ordea, Bilboko Udalak eta La Caixa fundazioak hitzarmena egin zuten bertan zientzia, teknologia, ingeniaritza eta artea sustatzen dituen Steam izeneko hezkuntza proiektu bat ezartzeko. Orduan heldu zen Perezen dimisioa.

Gertatutakoarekin kritiko azaldu zen ADACE Espainiako Arte Garaikideko Zuzendarien Elkartea, eta Perezi babesa adierazten zion oharra ere helarazi zieten hedabideei. Horrez gainera, kezka ere adierazi zuten, haien ustez erakundeak sorkuntza eta pentsamendu garaikidea "gradualki" alboratuz doazelako.

Hainbat hilabetez aritu ziren erakundea gidatuko zuen profesionalaren bila, eta, azkenean, iazko ekainean jakinarazi zuten Txomin Olabarri izango zela Azkuna zentroko zuzendaria. Enpresen Administrazioan eta Zuzendaritzako lizentziaduna da, eta baita 2010az geroztik Bizkaia Arenako zuzendari izandakoa ere. Eta, egun, beraz, hari egokituko zaio Azkuna zentroaren eta Bilbo Arteren bateratze prozesuaren bi adarretako bat gidatzea.

Bilbo Arte, zuzendaririk gabe

Azkuna zentroan ez ezik, bihurgunetsua izan da azken urteetako ibilbidea Bilbo Arten ere.

1997an sortu zen erakundea, eta Javier Riaño artista izan zen haren lehen zuzendaria. Bilboko Urazurrutia kalean duen egoitzan hasi zuen proiektuak ibilbidea, Bilbo Zaharra auzoan, eta artista gazteentzako lanerako lantoki eta baliabide teknikoak eskaintzea izan du helburu hasieratik. Sei hilabeteko eta urtebeteko bekak eskaintzen ditu horretarako, eta erakusketa areto bat ere izan du hasieratik eraikin horretan bertan. 2023az geroztik, ordea, artisten lantegietatik urrundu zuten erakusketa gune hori, eta Bilboko ibaiertzean ireki zuten aretoa. Abandoibarrean, zehazki. Bilboko Guggenheim museotik metro gutxi batzuetara, hain zuzen ere.Uribitarte kalean.

2010ean Juan Zapaterrek hartu zion erakundea zuzentzeko lekukoa Riañori, baina 2022an, Zapaterrek erretiroa hartu, eta berriz ere Riaño itzuli zen postura. Eta hark ere izan du talka publikoren bat udalarekin. Hain justu, Perezek dimisioa eman ostean.

Azkuna zentroak ohar bidez jakinarazi zuenez, Perezen agurraren ostean, Riaño egingo zen erakundearen kudeaketaren kargu behin-behinean. Baina gezurtatu egin zuen hori Riañok. Koordinazio mahai zabalago baten parte baino ez zela izango zehaztu zuen orduan, eta berehala bidali zuten zuzenketa. Baina orain Riañok ere kargua utzi du, eta, beraz, zuzendaririk gabe dago Bilbo Arte.

Hain zuzen ere, Bilbo Arte eta Azkuna zentroa uztartzeko albistearekin batera eman zuen Bilboko Udalak Riañoren erabakiaren berri. Bertan zehazten zenez, berriz ere bere ibilbideari heltzeko hartu zuen erabakia zuzendariak. Baina, oraingoz, ez dute iragarri zer gertatuko den kargu horrekin, eta, hortaz, ikusteko dago udalak iragarritako trantsizioan nork gidatuko duen adar hori.

Joan-etorriko hitzarmena

Bi erakundeen arteko batasuna da azken helburua, Bilboko Udalak ezagutarazitako hitzarmenean zehazten denez, baina, oraingoz, joan-etorrikoa da hitzarmena. Bertan zehazten denez, aurrerantzean Bilbo Artek izango du Azkuna zentroko programazioa "gainbegiratzeko" ardura, eta, bestalde, Azkuna zentroak hartuko du Bilbo Arteko eginbehar ekonomiko, administratibo eta fiskalen ardura. Aldaketa horiei esker kudeaketa "efikazagoa" eta "koordinatuagoa" izango dela azaldu du udalak, eta egitarau "sendoagoa" eskaintzeko balioko duela ere argudiatu du. Lan horiek nork egingo dituen ere zehazten du hitzarmenak.

Orain artean, Bilbo Arteren Abandoibarrekoareto berriaren ardura Helena Lopez Camachok izan du, eta, hitzarmenean zehazten denez, hark izango du, aurrerantzean, Azkuna zentroko programazioaren ardura ere. Horrez gainera, Bilbo Arteko zuzendariorde ere izendatu dute. Eta, paraleloan, Jorge Landa Duesto Azkuna zentroko Zerbitzu Orokorren arduradunaren ardurapean geratu da Bilbo Arteko kudeaketa administratibo eta ekonomikoa.

Iazko abenduaren 15eko goizean iragarri zuen hitzarmena Bilboko Udalak, eta, neurri batean, horregatik pasatu da albistea oharkabean. Bilboko Guggenheim museoak arratsalde horretan bertan iragarri zuen Urdaibaiko proiektuari buruzko prentsaurrekoa hurrengo egunerako. Patronatuaren bilera aspaldi zegoen deituta abenduaren 16rako, eta jakina zen Urdaibaiko museoarekin zirt edo zart egitekoak zirela. Eta, ondorioz, albiste horren itzalean geratu zen Azkuna zentroa eta Bilbo Arte batzeari buruzko erabakia.

Lehen urratsa baino ez da oraingoa, eta, batasunari buruzko proiektu zehatzagoa heldu artean, beraz, oraindik ikusteko dago Bilbo Artek eta Azkuna zentroak zer-nolako lekua hartuko duten bestela ere eraldaketa betean dagoen Bilboko kultur paisaia zabalagoan.

EH Bildu "mesfidati" azaldu da erabakiarekin

Kritiko azaldu da EH Bildu koalizioa Bilboko Udalaren erabakiarekin. Koalizioaren ustez, Azkuna zentroaren ereduaren "porrota" dago erakunde hori Bilbo Arterekin uztartzeko asmoaren atzean. Erabilera anitzeko gune hori "zatika pribatizatu" dela salatu dute, esaterako. Hiriko kultur politiketan "inprobisazioa" ikusten du koalizioak, eta, horregatik, bi erakundeak batzeko erabakiarekin ere "mesfidati" dagoela esan du. Halako erabakia hiriko kultur eragileekin kontrastatu ote den ere galdetu dio udalari.



formaren-sintaxia

Formaren sintaxia

Maite Leyún

Nafarroako museoa (Iruñea, Nafarroa)

Du 14 Mai 2025
Au 22 Mars 2026

museoa-urtu

Museoa Urtu

Nader Koochaki

Maison du Patrimoine (Maule-Lextarre, Zuberoa)

Du 26 Janvier 2026
Au 06 Septembre 2026

situ-akzioak

Situ-akzioak

Andrea Canepa

Tabakalera (Donostia, Gipuzkoa)

Du 26 Mars 2026
Au 19 Juillet 2026

burdina-eta-azal

Burdina eta azal

12 Mars | Garazi Ansa [BERRIA.eus]

Silver Ships | Artista: Karlos Martinez Bordoy. | Non: Montehermoso kulturgunean, Gasteizen. | Noiz arte: apirilaren 6ra arte.

klientelismoa

Klientelismoa

12 Mars | Haizea Barcenilla [BERRIA.eus]

Otsailaren 12an Eusko Legebiltzarrean kulturgileen egoera eztabaidatu zuen jardunaz aritu zen Ismael Manterola aurreko astean. Luze jotzen ari da bilkura horren oihartzuna, eta ez da harritzekoa: astero bada Garikoitz Mendizabalek esan zituenak ezbaian jartzen dituen beste adibide bat.

euskal-eskulturak-ez-dezan-gizon-izena-bakarrik-izan

Euskal eskulturak ez dezan gizon izena bakarrik izan

06 Mars | Iñigo Astiz [BERRIA.eus]

E3 Euskal Emakume Eskultoreak elkartea osatzen duten hemeretzi artisten lanak bildu dituzte 'Eskultoreak hemen orain' erakusketan. Bizkaiako Batzar Nagusietan dago bilduma ikusgai, Bilbon.

ezjakintasuna

Ezjakintasuna

05 Mars | Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]

Eztabaida Eusko Legebiltzarrean. EH Bilduko legebiltzarkideak sortzaileak prekaritatetik ateratzeko edo babesteko lege proposamenak eskatu ditu. Lanartea elkarteak eta Siadecok sektorean egindako ikerketaren arabera, "ezegonkortasuna" eta "diru sarrera apalak" dira nagusi.

muga-bigunen-testurak

Muga bigunen testurak

05 Mars | Jone Rubio Mazkiaran [BERRIA.eus]

DEAR DEER. | Artista: Maider Garaio. | Non: Iruñeko Ziudadelako Bolborategian. | Noiz arte: apirilaren 12ra arte.

Artekaria

Le portail de l'art en Euskal Herria

Ceci est le portail créé par le réseau ZAPART. Avec ARTEKARIA, nous voulons donner de la visibilité à l'incroyable richesse artistique et infrastructurelle de notre petit territoire basque (Euskal Herri osoa). En effet, il nous semble que dans un espace aussi réduit où se trouvent tant de musées (Artium, Oteiza, Beaux-Arts de Bilbo, Guggenheim…), de centres d'art (Uharte-zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), de salles publiques et privées (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fondations) galeries traditionnelles ou d'artistes… avec tant de programmations et d'œuvres d'artistes visibles, la visualisation de cet ensemble n'est pas facile. Nous avons créé ce portail pour aider à remédier à ce manque.

Artekaria

Le réseau des artistes professionnel.le.s d'Euskal Herria

Zapart a pour objectif de mettre en réseau, de promouvoir le travail et de défendre les droits des artistes professionnel.le.s vivant et travaillant en Euskal Herri (sur les six territoires historiques que sont Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa et Zuberoa).