artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Ostiralekoa. 'Estratuarteak', artikulazio garaikideak

Nora Aurrekoetxea, Miren Doiz eta Marina Gonzalezen eskulturak bildu dituzte?Estratuarteak? erakusketan, Oteiza museoan. Ekainaren 4ra arte daude ikusgai.

ostiralekoa-estratuarteak-artikulazio-garaikideak
NORA AURREKOETXEA. sarea sarea sarea ileordea (2022). IÀƒÂ‘IGO URIZ / FOKU

Uxue Rey Gorraiz [BERRIA.eus]
| 27 de Marzo 2023

Metaketak, koagulazioak, sedimentazioak, tolesturak. Nola tapatu batak bestea. Edo nola lotu bata besteari. Forma berriak eraikitzeko prozesuei eta materialak artikulatzeko manerei begirako erakusketa zabaldu dute Oteiza museoan, Altzuzan (Nafarroa): Estratuarteak. Bilduma hirukoitza da, finean, hiru eskultoreren lanak jaso baitituzte aldi berean: Nora Aurrekoetxea (Bilbo, 1989), Miren Doiz (Iruñea, 1980) eta Marina Gonzalez Guerreirorenak (Guarda, Galizia, 1992). Ekainaren 4ra arte izanen da zabalik.

Bildumaren izenak Gilles Deleuze eta Felix Guattari filosofoek idatzitako Mille plateaux: Capitalisme et schizophrénie (Mila goi lautada. Kapitalismoa eta eskizofrenia) liburuan du jatorria. Materialen eta gorputzen artean gertatzen denari buruz aritzeko baliatu zuten estratuarteak kontzeptua, eta, hain justu, batik bat hori bistaratu nahi dute Altzuzan jarritako erakusketarekin. Gainera, gune horretan ez da joera batere arrotza tarteen ideia artearen bidez lantzea. Jorge Oteizak ere berezkoa zuen joera hori, museoko zuzendariorde eta erakusketaren komisario Juan Pablo Huercanosek gogorarazi duenez. "Tarteari eta hutsuneari begiratzen zien, edo, bestela esanda, obrari zentzua ematen dion elementu artikulatzaileari". Horregatik, batetik, eta "garaiko sorkuntzaren gakoak ematen dituztelako", bestetik, Huercanosek uste du Aurrekoetxearen, Doizen eta Gonzalez Guerreiroren obrek berebiziko zentzua dutela museoan.

Gainera, komisarioak nabarmendu du erakusketak lotura duela Iruñeko 72-22 Arte Topaketekin. Iaz hainbat jarduera antolatu zituzten 1972koak oroitzeko, eta omenaldi horren parte da Estratuarteak ere, nolabait. Batzuen eta bestearen artean, gainera, bada antzik izaerari dagokionez: "1972an, artistak oso era librean esku hartzera gonbidatu zituzten; kasik ez zen izan komisariotzarik. Honetan ere, garbia izan da aske lan egiten uzteko intentzioa".

Orrazkera ez da betierekoa

Ilearen formei eta haren keinuei erreparatu die Nora Aurrekoetxeak bere obran. Orrazkerak aztertu ditu, eta orrazkerak ondu. sarea / sarea / sarea / ileordea izena jarri dio bildumari, eta letoia, erretxina, argizaria, txatarra eta brontzea baliatu ditu piezak sortzeko —zolan, sabaitik zintzilik eta hormetan paratu ditu artelanak—.

Ikasle zeneko pasarte bat oroitaraziz esplikatu du proiektuaren jatorria. Kontatu duenez, irakasle batek hala esan zion bere ikaskide bati: "Buruan duzun hori da eskultura egitea", ikasle horrek burua zapi batez erdi-estalia zuelarik. Ez ordutik, baina, gerora, ideia hori zirika izan du artistak. "Orrazkera buruari lotutako material bat da, modu jakin batean antolatua eta ordenatua, forma bat eta espazio bat sortzen duena", azaldu du Aurrekoetxeak. Ideia horri loturik, dioenez, "ornamentuaren eta egituraren inguruko eztabaida" landu du.

Dena dela, iragankortasunaz ere egin du gogoeta artistak. Haren esanetan, orrazkerak ez baitira betierekoak, desegin egiten baitira. "Efimeroak dira". Batik bat horregatik, argizaria baliatu du gehien artelanari forma emateko. Sendotasun hauskorra ematen baitio argizariak.

Aurrekoetxeak ez bezala, Miren Doizek aurrez sortutako objektuak baliatu ditu, batez ere, Gorputzak lekuan bere obra bilduma ontzeko. Huercanos komisarioak azaldu du material gehiago ez sortzea zela haren asmoa hasieratik: "Inguruko materialekin lan egitea izan da artistaren ideia nagusia, eta, zenbaitetan, horrek erreferentzia biografiakoak ekarri ditu bidera".

Askotariko objektuak antzeman daitezke eskulturetan: artistaren amonak bizkarra zuzentzeko erabilitako gailua, komuneko zeramikazko pieza, oihalak... Baina artistak esanahi berriak eman dizkie horiei guztiei, pinturaren bidez elkarri lotuz. Hain zuzen ere, Doizek pinturan murgilduta eman du bere ibilbide artistikoaren parterik handiena, eta orain ere atera dio etekina adar horri: "Pintura izan da nire koagulatzailea".

Halaber, Doizen bilduman, artikulazioa ez da soilik materialen artekoa izan. Artistak berebiziko garrantzia eman dio piezak paratu dituen espazioan esku hartzeari. Aitortu duenez, horri neurria hartzea izan zaio zailena prozesuan. Hau da, erabakitzea zer-nolako sakontasunez lotu behar zituen aretoa eta eskulturak.

Edonola ere, dioenez, azkenean erdietsi du bilatzen zuen efektua: "Haustura eragitea". Oteiza museoaren eraikineko forma geometrikoen artean, kontraste argiak sortu ditu. "Piezak organikoagoak dira, eraikinaren lerro hain zehatzen alboan". Adibidez, olana zuri bat itsatsi du aretoko horma batean, goitik behera, eta ezker eskuin. Izkina batean, baina, solte utzi du olana. Ez dadin izan hain leuna, hain laukizuzena.

Hala, kideen antzera, artikulazioaren inportantzia bistaratu du Marina Gonzalez Guerreirok ere. Lo seko geratzea du izena haren bildumak. Apal "perimetral" batek hartzen ditu aretoko hormak, eta haren gainean jarri ditu artelanak, hain justu. Askotariko materialez eginak dira: kartoia, harea, plastikoa, papera, harria, lore idorrak, egurra... Eta aski txikiak dira den-denak. Are, Gonzalez Guerreirok aitortu du bere garaian pentsatu zuela horietako asko "baliorik gabeak" zirela. "Edo bukatu gabeak, behintzat".

Azkenean, ordea, narratiba bat eraiki du horiekin guztiekin, batetik, eta gerora sortutako lan "grafikoagoekin", bestetik. Edonola ere, artelan gehien-gehienak lotuta daude artistaren iraganeko bizitzarekin. Hain justu ere horregatik, Huercanosek iradoki du obra "eguneroko bat" dela, artistaren bizitza kontatzeko "koaderno bat"; biografia bat.

Lana egin aurretik artistari buruz zituzten susmoak baieztatu direla esan du komisarioak: "Ikusi genuen Marinak [Gonzalez Guerreiro] oso modu berezia duela diskurtso artistikora hurbiltzeko, oso berea. Gaitasun berezia du bere barne munduak proiektatzeko. Hala egin du hemen ere".

estratuarteak

Estratuarteak

Nora Aurrekoetxea, Miren Doiz, Marina González Guerreiro

Oteiza Museoa (Uharte, Nafarroa)

Desde el 17 de Marzo 2023
Al 04 de Junio 2023


barreiatutako-paisaiak

Barreiatutako paisaiak

Gerardo D'Abraira

San Telmo (Donostia, Gipuzkoa)

Desde el 10 de Marzo 2026
Al 06 de Septiembre 2026

66-anos-aprendiendo

66 años aprendiendo

Javier Sueskun

Muñoz Sola (Tutera, Nafarroa)

Desde el 11 de Junio 2026
Al 06 de Septiembre 2026

mundu-osoko-mitologien-elkarrizketak-bonnat-helleun

Mundu osoko mitologien elkarrizketak Bonnat Helleun

Xalbat Alzugarai Etxeberri [BERRIA.eus]
| 8 de Julio 2026

‘Mitologiak' erakusketa ireki dute Baionako Bonnat Helleu museoan. Euskal Herriko, Mediterraneoko, Ekialde Hurbileko, Afrikako eta Mexikoko mitologiak elkarrizketan ezarri dituzte, Parisko Louvre eta Quai Branly-Jacques Chirac museoekin lankidetzan.

graciela-iturbideren-hizkuntza-bisuala-san-telmo-museoko-laborategian-ikusgai-jarri-dute

Graciela Iturbideren hizkuntza bisuala, San Telmo Museoko Laborategian ikusgai jarri dute

| 6 de Julio 2026

María Millánek egin ditu komisario lanak eta nagusiki 60ko eta 80ko hamarkaden artean sortutako garaiko kopiak biltzen ditu erakusketak. Erakusketak Graciela Iturbidek han-hemengo kulturetan errespetuz murgiltzeko ahalegina eta Mexikoko eta beste herrialde batzuetako herri autoktonoen nortasuna erretratatzean izan duen ikuspegi eraldatzailea nabarmentzen ditu.

gerra-irudikatzeko-bi-modu-beltzetik-abiatuta

Gerra irudikatzeko bi modu, beltzetik abiatuta

Garazi Izagirre Aiestaran [BERRIA.eus]
| 5 de Julio 2026

'Goya beltza, Motherwell beltza. Laurogei hondamendi eta amildegi bat' izena daraman erakusketa ikusgai jarri du Donostiako San Telmo museoak. Francisco de Goyaren laurogei estanpak eta Robert Motherwellen koadro batek osatzen dute.

hasi-da-jai-jardun-artistikoen-institutuaren-ikasketa-programaren-zazpigarren-edizioa

Hasi da JAI, jardun artistikoen institutuaren ikasketa-programaren zazpigarren edizioa

| 2 de Julio 2026

Tabakalerak eta Artium Museoak —Oteiza Museoarekin elkarlanean— antolatuta, programak arte garaikidearen arloan ikerketa, ekoizpena eta lan kritikoa sustatzea du helburu. JAIk ezagutzaren, ekoizpenaren eta transmisioaren arteko loturan sakondu nahi du, prestakuntza-prozesuan dauden artisten eta nazioarteko profesionalen artean hartu-emanerako gune bat sortuz.

testigantza-liburu-bat-oteizaz-oteizarengatik-eta-oteizari

Testigantza liburu bat Oteizaz, Oteizarengatik eta Oteizari

Uxue Rey Gorraiz [BERRIA.eus]
| 27 de Junio 2026

Jorge Oteiza "ezagutzeko" liburu bat ondu du Jose Julian Bakedanok, Pamielarekin. Eskultorearekin izandako "harremana" inportantetzat daukaten 36 lagunen ahotsak jaso ditu, Atxagarena eta Moneorena tartean, eta dozenaka argazkirekin osatu du lana.

roberto-chartamek-geometria-mundu-naturalera-darama-cristina-enean

Roberto Chartamek geometria mundu naturalera darama Cristina Enean

| 26 de Junio 2026

Cristina Enea Fundazioak uda honetarako egin duen erakusketa-proposamenak, Ura Besterik Ez, herritarrak gonbidatzen ditu mugarik ezagutzen ez duten espazioak eta bolumenak okupatzen dituzten geometrietan murgiltzera. Horren karietara, Roberto Chartamek naturaren hizkuntza berarekin lan egiten du. Bere erreminta airean eta aluminioan tenkatutako hariak dira, eta horiekin Cristina Eneako Ingurumen Baliabideen Etxeko hiru aretoak marrazki bizigarri handi bihurtzen ditu.

Artekaria

El poratl del arte en Euskal Herria

Este es el portal creado por la red ZAPART. Con ARTEKARIA queremos dar visibilidad a la increíble riqueza artística e infraestructural de nuestro pequeño territorio vasco (Euskal Herri osoa). De hecho, nos parece que en un espacio tan reducido donde se encuentran tantos museos (Artium, Oteiza, Oteiza, Artes de Bilbo, Guggenheim…), centros de arte (Uharte-zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), salas públicas y privadas (Didam, Zitadela, Bastero, Ospitalea, fondations), galería de arte tradicional o de artistas... con tantas programaciones y obras de artistas visibles, la visualización de este conjunto no es fácil. Hemos creado este portal para ayudar a resolver esta falta.

Artekaria

La red de l@s artist@s profesionales de Euskal Herria

Zapart tiene como objetivo conectar, promover el trabajo y defender los derechos de l@s artist@s profesionales que viven y trabajan en Euskal Herria (en los seis territorios historicos que son Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa y Zuberoa).