artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Bilboko Arte Modernoaren Museoaren mendeurrena gogoratzeko erakusketa zabaldu dute

1924an ireki zituen ateak Bilboko Arte Modernoaren Museoak, eta, 1936ko gerraren etenaren ostean, 1945ean egin zuen bat Bilboko Arte Ederren Museoarekin. Haren memoria aztertu eta erakutsi dute orain.

bilboko-arte-modernoaren-museoaren-mendeurrena-gogoratzeko-erakusketa-zabaldu-dute
Bilboko Arte Ederren Museoaren eraikin neoklasikoa, 1945ean. BILBOKO ARTE EDERREN MUSEOA

Iñigo Astiz [BERRIA.eus]
| 11 de Junio 2024

Haizea kontra izanik ere, aurrera egitea lortzen duen lorpen baten epika tantarekin deskribatu du Bilboko Arte Ederren Museoaren eta Bilboko Arte Modernoaren Museoaren sorrera Mikel Onandia Arte historialari eta doktoreak. Ezagututako "tentsio politikoak" aipatu ditu, bizitako "estutasun ekonomikoak" izan ditu gogoan, Euskal Herrian une hartan "bildumagintza tradizio artistiko sendo baten falta" zegoela hartu du gogoan, eta erantsi du museo nazionalek ez bezalamuseo haiek "errege bildumen" oinarririk gabe hasi behar izan zutela ere. Eta, halere, hasi egin zirela. Areago. Haren hitzetan, neurri batean, gabezia horiek guztiek eman zietelako nortasuna museo haiei, eta, ondorioz, baita gaur egun haiek biltzen dituen Bilboko Arte Ederren Museoari ere. "Bilboko Udalak eta Bizkaiko Aldundiak herritar talde batek egindako eskariari erantzun zioten, eta hori izan da museoari bere izaera popularra eman diona".

Hain justu ere, Bilboko Arte Modernoaren Museoaren sorreraren mendeurrena beteko da aurten, eta haren historia berreskuratzen duen erakusketa antolatu du Bilboko Arte Ederren Museoak, haren bildumaren parte diren artelanekin. Onandiak eta Miriam Alzuri museoko Arte Moderno eta Garaikideko kontserbatzaileak egin dituzte komisario lanak, eta Ekitaldiartea. Arte Modernoaren Bilboko Museoa, 1924-1945 deitu dute, eta, besteak beste, Paul Gauguinen, Martin de Vosen, Jose Riberaren, Ignacio Zuloagaren, Mary Cassaten, Ramiro Arrueren, Jean Brequeren, Fernando Durrioren eta beste hamaika artistaren lanak bildu dituzte. 2025eko urtarrilaren 7ra arte egongo da ikusgai.

Lehenengo solairu osoa hartzen du erakusketak, eta Antonio de Gezalaren 1927ko Ate birakaria edo Begoña de la Sotaren erretratua margolanak zabaltzen du ibilbidea. Eskailerak igota, aurrez aurre topatuko du bisitariak hark mila koloretan lehertuta margotutako atea zintzilik, eta, nolabait ere, hura gurutzatu ostean helduko da museoaren historiari eskainitako gainerako aretoetara.

Berez, 2003an pasatu zen Gezalaren lana museoaren bildumaren parte izatera, bainaBilboko Arte Modernoaren Museoa ireki zuten urteen inguruan hirian zegoen giro bizi eta artistikoa erakutsi nahi izan dute komisarioek harekin.

Edonola ere, 1910eko hamarkadan hasiko da ibilbidea. 1908an sortu zen Bilboko Arte Ederren Museoa, eta 1914an ireki zituzten haren ateak. Eta, hain zuzen, erakunde harekin senideturik deskribatu du museo modernoa erakusketako komisarioak. Onandia: "Lehen museo haren ondorengoa da Bilboko Arte Modernoaren Museoa, denbora batera, urte batzuen buruan, haren gurasoaren besoetara itzuli zena".

Bilboko Arte Ederren Museoari segika sortu zen museo modernoa, izan ere. Arte modernoak leku propioa behar zuela erabakita. Guztira, 137 lan zeuzkan bilduma bat erakusten zuten hiru aretorekin hasi zuen bere ibilbidea Bilboko Arte Modernoaren Museoak, 1924ko urriaren 26an, Probintziako Aldundiaren eraikinean eta Aurelio Arteta margolariaren zuzendaritzapean.

Gerra, erbestea eta etena

Tentsio politikoen eraginez, dimisioa aurkeztu zuen Artetak, eta haren lagun min ez ezik, Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendari zen Manuel Losadak hartu zuen haren lekukoa. Sasoiz sasoi egindako erosketa nagusien berri ere ematen du erakusketak, eta bilduma nola handitzen zen ere igar daiteke ibilbidean aurrera egin ahala. Nazioarteko artistekin batera, euskal artisten lanak ere biltzen zituelako erakundeak.

1936an eten zen dena, ordea. Gerra hasi eta ateak itxi behar izan zituzten bi museoek. Biltegiratu egin zituzten lanetako batzuk, eta erbestera bidali zituzten bilduma modernoko beste lanak. Parisko nazioarteko erakusketan izan ziren batzuk, Pablo Picassoren Gernika ezagunarekin batera. Eresoinka eta euskal kausaren propaganda egiteko ekinbideetan baliatu zituzten beste batzuk. Eta Frantziako portu batean geratu ziren beste batzuk.

Hainbat urteren ondoren bakarrik bueltatu ziren artelanak Bilbora. Frankistak ziren jadanik arte erakundeen buru. Baina guztiak bueltatu al ziren? "Ez da erraza horri erantzutea", onartu du Onandiak. "Lan gutxi batzuk agian galdu egin ziren, baina oso zaila da hori jakitea. Zera esan daiteke: gehien-gehien-gehienak bueltatu egin zirela".

Artelanak garraiatzeko baliatutako kutxa horietako bat ere ikus daiteke, horregatik, erakusketako hormetan.

Memoria berreskuratzeko ariketa bat da aretoen antolaketa ere. Izan ere, 1945ean ireki zuten Fernando Urria eta Gonzalo Cardenas arkitektoek diseinatutako eraikin neoklasikoa, eta orduan batu ziren Bilboko Arte Ederren Museoa eta Bilboko Arte Modernoaren Museoa museo bakar batean. Administratiboki, bi erakunde bereizi izaten jarraitu zuten, 1969ra arte, baina de facto museo bakar bat balira bezala funtzionatu zuten hasieratik. Arte klasikoak hartzen zuen, beraz, lehen solairua, eta arte modernoak bigarrena. Eta, hain zuzen ere, bigarren solairu horretan bertan jarri dute orain museoari buruzko erakusketa.

Jarraipen historikoa

Artelanak ez ezik, museoaren historia azaltzen duten hamaika dokumentu historiko ere jarri dituzte aretoetan: katalogoak, eskutitzak, prentsako artikuluak, fotoak... Alzurik onartu duenez "zaila" izan da museoaren historia nola kontatu asmatzea. Ez zuten dena testuz azaldu nahi, eta artelanekin osatu dute ibilbidea horregatik, eta haien "maila berean" erakutsi nahi izan dituzte dokumentuak ere. Argiztapenarekin, esaterako, bata zein bestea nabarmendu gabe.

Onandiak Bilboko Arte Ederren Museoaren historiari buruz egindako doktore tesia du oinarri erakusketak. Bertan, Arte Ederren eta Arte Modernoaren museoen historia aztertu zituen ikerlariak, eta liburu modura ere eman dute orain argitara lan hori, honako izenburu honekin: Los orígenes de una colección. Los museos de Bellas Artes y Arte Moderno de Bilbao, 1914-1945. Bilboko Arte Ederren Museoak eman du argitara, eta gaztelera hutsean dago.

Handitze lanetan ari dira gaur egun Bilboko Arte Ederren Museoan. Eta horri buruzko aipamena egin du, horregatik, Miguel Zugaza museoko zuzendariak. "Jarraipen historikoa da hemen ospatzen dena".

ekitaldiartea

Ekitaldiartea

Bilboko Arte Modernoaren Museoa, 1924-1945

Arte Ederren Bilboko Museoa (Bilbo, Bizkaia)

Desde el 07 de Junio 2024
Al 07 de Enero 2025


macula-et-materia

Macula et Materia

Sally Mann

Kutxa Kultur Artegunea (Donostia, Gipuzkoa)

Desde el 17 de Julio 2026
Al 18 de Octubre 2026

hemen-ez-den-nonbait

Hemen ez den nonbait

Ainhoa Apezteguia, Leire Lacunza eta Nagore Chivite

Iruñeako Zitadela (Iruñea, Nafarroa)

Desde el 01 de Octubre 2026
Al 24 de Enero 2027

arte-lanen-lapurreten-kronologia-bat

Arte-lanen lapurreten kronologia bat

| 10 de Octubre 2026

1911ko La Gioconda-tik 2026ko urriaren 4an lapurtutako San Joanen Apokalipsia-raino, Europan eta munduan izandako lapurreta garrantzitsuenen zerrenda.

bilboko-euskal-museoa-zabalik

Bilboko Euskal Museoa, zabalik

Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]
| 8 de Octubre 2026

Berritu ondoren zabaldutako museo bati buruz idatzi nuen aurreko astean. Irakurleak barkatuko dit museoei buruzko serie hau, baina ekainean zabaldu zuten Bilboko Euskal Museoari buruz idatzi behar dut gaur, nahiz eta arte museoa ez izan.

oroitzeak-berekin-dakarrena

Oroitzeak berekin dakarrena

Jone Rubio Mazkiaran [BERRIA.eus]
| 8 de Octubre 2026

Urtero legez, Mapamunditarrak erakusketa proiektuaren hitzordua gurean dugu berriz, urteroko egutegiari leial. Badira erantzun borobil eta itxiak ematera datozen erakusketak, baina ibilbideak erakutsi ohi digu komisariotza proiektu oro, funtsean galdera batekin hasten dela.

bonnat-museoa-zabalik

Bonnat museoa zabalik

Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]
| 6 de Octubre 2026

Azkenean! Ia 15 urte itxita egon ondoren berriz zabaldu dute Baionako Bonnat-Helleu museoa. Leon Bonnat artista baionarrak bere herriko etxeari utzi zion urteetan pilatutako arte bilduma; horren ondorioz, ordura arte bilduma pribatua izan zena publikoa bilakatu zen.

deskolonializazioaren-erronka-euskal-museoetan-ate-joka

Deskolonializazioaren erronka euskal museoetan ate joka

Xalbat Alzugarai Etxeberri [BERRIA.eus]
| 6 de Octubre 2026

Europako museoetan maiz piztu ohi da haien bildumetan iragan kolonialak duen arrastoari buruzko polemika. Obra espoliatuak itzularazteko Parisek onartu duen legeak ekarri du gaia hizpidera orain. Adituek diote Euskal Herrian ere "asko" dagoela egiteko.

Artekaria

El poratl del arte en Euskal Herria

Este es el portal creado por la red ZAPART. Con ARTEKARIA queremos dar visibilidad a la increíble riqueza artística e infraestructural de nuestro pequeño territorio vasco (Euskal Herri osoa). De hecho, nos parece que en un espacio tan reducido donde se encuentran tantos museos (Artium, Oteiza, Oteiza, Artes de Bilbo, Guggenheim…), centros de arte (Uharte-zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), salas públicas y privadas (Didam, Zitadela, Bastero, Ospitalea, fondations), galería de arte tradicional o de artistas... con tantas programaciones y obras de artistas visibles, la visualización de este conjunto no es fácil. Hemos creado este portal para ayudar a resolver esta falta.

Artekaria

La red de l@s artist@s profesionales de Euskal Herria

Zapart tiene como objetivo conectar, promover el trabajo y defender los derechos de l@s artist@s profesionales que viven y trabajan en Euskal Herria (en los seis territorios historicos que son Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa y Zuberoa).