artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Zazpi artista garaikide Txillidarekin elkarrizketan jarri ditu Tabakalerak

Txillidaren idatzietatik eta 'Topagune' eskultura multzotik abiatuta, Elena Aitzkoa, Josu Bilbao, Laia Estruch, Sheroanawe Hakihiiwe, Juf, Christian Salablanca Diaz eta Marianna Simnett artisten piezak bildu dituzte erakusketa batean, Donostian.

zazpi-artista-garaikide-txillidarekin-elkarrizketan-jarri-ditu-tabakalerak
'Topalekuak' erakusketa, Donostiako Tabakaleran. Arg/ JON URBE - FOKU

Itziar Ugarte Irizar [BERRIA.eus]
| 22 de Junio 2024

"Erakusketa honetan ez dugu Txillida grafikoena aurkituko. Ezta Txillida monumentalena ere; ezpada inguruarekin bestelako konexio bat lortu nahi duen Txillida bat, oreka organikoago bat lortu nahi duena pertsonen eta inguratzen gaituen horren artean. Txillidaren planteamendu holistikoa, naturarekiko eta inguru hurbilarekiko konexioa... irudipena dugu Txillidaren obrako elementu horiek doazela garrantzia irabazten egungo belaunaldien artean". Susmo horri segika eta, batez ere, Txillidaren legatua arte garaikidearekin harremanetan mantentzeko bokazioz ireki du Tabakalerak Topaguneak erakusketa, Donostian. Artistaren obra "bizirik" mantentzeko ezinbesteko lan bat dela azpimarratu du Mireia Massaguek ere, Hernaniko (Gipuzkoa) Txillida Leku museoko zuzendariak, eta artistaren jaiotzaren mendeurreneko ospakizunen artean kokatu dute egitasmoa. Denera, zazpi artistak hartu dute parte, eta askotariko lanak osatu dituzte —marrazkiak, instalazioak, eskulturak zein ikus-entzunezkoak—. Urriaren 6ra arte egongo da zabalik, eta jarduera programa batek osatuko du.

Soledad Gutierrezek egin ditu komisario lanak. Erakusketan parte hartu duten artistengana jo zuenean, lehen oinarri modura, Txillidaren idatziak jarri zizkien eskura, eta haren obra jakin bat ere bai ondoren: Topaguneak (1964-1974) eskultura multzoa, erakusketari izena eman diona, hain justu. Clara Montero Tabakalerako kultur zuzendariak gogorarazi duenez, Txillidak garai bateko harraskak hartu zituen pizgarritzat lan serie hura garatzeko. "Ibaiertzeko harrizko harraskak baliatu zituen, zeinak pertsonen arteko topagune ziren, baina baita pertsonen eta naturako elementuen arteko eta ideien arteko topagune ere".

Txillidak pieza horiek lan metodo "intuitibo eta sentsorial" bati segituta egin zituela ere esan du Monterok, eta, horregatik, intuizioa lan modutzat hartzeko eta ezagutza modu sentikorragoei buruz hausnartzeko gonbidapena ere egin nahi du erakusketak.

Gorputzak bere ingurunean

Hori horrela, Topaguneak eskultura multzoko bi pieza topatuko ditu bisitariak erakusketara sartu eta lehen gauza. Alboetara zabaltzen diren bi hegaletan ezarri dituzte gainontzeko obrak, eta Josu Bilbaorena da (Bermeo, Bizkaia, 1978) eskuinekoan lehena datorrena. Asàska izendatu duen eskultura multzo bat jarri du lurrean, propio erakusketarako egin duena. Besteak beste, mintzamenaren parte diren azentua eta intonazioa arakatu ditu, eta horiek bolumen eskultorikoekin erlazionatu.

Christian Salablanca Diazen lana (Guari, Costa Rica, 1990) dator jarraian, Con las palmas de las manos, con las plantas de los pies izendatu duena —obraren beste parte bat bigarren aretoan jarri dute—. Iaz, egonaldi bat egin zuen artistak Txillida Lekun, eta Oiartzungo (Gipuzkoa) Soinuenea museoan ere aritu zen ikertzen. Orduko esperientziatik abiatuta, Euskal Herriko eta Erdialdeko Amerikako soinu eta landare tradizioak gurutzatu ditu, eta kulturen zein espezieen arteko koexistentziaz hausnartu. Lana egin bitartean oharrez eta marrazkiz osatu duen koadernoa ere jarri du bisitariaren eskura erakusketaren sarreran. "Harribitxi bat da koaderno hori", nabarmendu du Monterok.

Areto berean daude, halaber, Sheroanawe Hakihiiweren marrazkiak (Sheroana, Venezuela, 1971) —Amazonian bizi eta lan egiten du artistak—, eta Juf bikotearen marrazkiak eta Sokasaltoa instalazioa. Beatriz Ortega Botasek (Oviedo, Espainia, 1990) eta Leto Ybarrak (Madril, 1991) osatzen dute Juf, eta erakusketarako propio sortu dute sokasalto motorizatua. Hala azaldu dute: "Gorputza lengoaian sartzeko moduei buruz ari ginen pentsatzen, eta iruditzen zitzaigun puntuazioak baduela, bere erritmoekin, arnasa hartzeko pausekin, gorputza lengoaian itxuratzeko gaitasuna. Sokasalto motorizatuak, azkenean, erritmo bat, aire korronte bat eta gorputz mugimendu bat sortzen ditu. Gorputza inbokatzen du, presente egin gabe".

Tartean datoz Txillidaren zenbait lan ere, marrazkiak zein eskulturak, Txillida Lekutik eta artistaren familiaren eskutik heldu direnak.

Aitzkoa, Estruch, Simnett

Elena Aitzkoaren (Apodaka, Araba, 1984), Laia Estruchen (Bartzelona, 1981) eta Marianna Simnetten (Londres, 1986) lanak elkartu dituzte bigarren aretoan —ezkerrekoan—. Aitzkoak lerro batean luzetara kokatu du bere eskultura multzoa —"erreka-lerro moduko bat da, argitik gertu", deskribatu du—, alde bietatik inguratu daitekeena, eta "irekitasunerako intentzio bati" erantzuten diona. Erakusketaren azken asteburuan, urriaren 5ean, kantu performance bat egingo du haren bueltan.

Estruchi dagokionez, erakusgai jarri duen lana ez du propio erakusketarako sortu. 2019an, abereen aska zaharrak berreskuratu zituen Sibina lanean, eta hori ipini du ikusgai. Eskulturaren eta performancearen artean ikertzen aritzen da artista, eta, zehazki, ura "gorputz eskultoriko modura" eta "ahotsarekin esperimentatzeko leku modura" hartzen du Sibina-k. Normalean, poema bati gidatuta "aktibatu" ohi du obra, baina testua ere jarri du ikusgai orain lehen aldiz, landa-eremuko kantu tradizionalak aztertuta idatzi zuena. Hala ere, performancea ere egingo du gaur, osteguna, 19:30ean.

Aretoaren azkenetan dago, areto txikiago batean, Simnettiren lana. Ikus-entzunezko instalazio bat da, Blue Moon (2022) izenekoa, eta emakume irudi bat aurkezten du —Athenea garaikide bat—, adimen artifizialeko algoritmo baten bitartez etengabe eraldatuz doana.

Montero: "Txillidak jakin zuen euskal tradizio bati lotutako lengoaia formal bat abstrakzioarekin eta nazioarteko abangoardiarekin lotzen. Modu horretan lortu zuen euskal arteko eta XX. mendeko arteko klasiko bete bat bihurtzea. Baina klasikoek klasiko irauten dute datozen belaunaldiek beren begi propioekin begiratzen dituztelako, eta eurena egin. Hori da guk egin dezakegun ekarpena".

topalekuak

Topalekuak

Tabakalera (Donostia, Gipuzkoa)

Desde el 21 de Junio 2024
Al 06 de Octubre 2024


inurri-bideak

Inurri bideak

Andrea Canepa

Tabakalera (Donostia, Gipuzkoa)

Desde el 26 de Marzo 2026
Al 19 de Julio 2026

fantasia-eta-arrazoia

Fantasia eta arrazoia

Goya

Arabako Arte Ederren Museoa (Gasteiz, Araba)

Desde el 18 de Mayo 2026
Al 28 de Febrero 2027

azkenean-hondartza

Azkenean hondartza!

Claude Nori

L'Angle (Hendaia, Lapurdi)

Desde el 12 de Junio 2026
Al 19 de Julio 2026

mundu-osoko-mitologien-elkarrizketak-bonnat-helleun

Mundu osoko mitologien elkarrizketak Bonnat Helleun

Xalbat Alzugarai Etxeberri [BERRIA.eus]
| 8 de Julio 2026

‘Mitologiak' erakusketa ireki dute Baionako Bonnat Helleu museoan. Euskal Herriko, Mediterraneoko, Ekialde Hurbileko, Afrikako eta Mexikoko mitologiak elkarrizketan ezarri dituzte, Parisko Louvre eta Quai Branly-Jacques Chirac museoekin lankidetzan.

graciela-iturbideren-hizkuntza-bisuala-san-telmo-museoko-laborategian-ikusgai-jarri-dute

Graciela Iturbideren hizkuntza bisuala, San Telmo Museoko Laborategian ikusgai jarri dute

| 6 de Julio 2026

María Millánek egin ditu komisario lanak eta nagusiki 60ko eta 80ko hamarkaden artean sortutako garaiko kopiak biltzen ditu erakusketak. Erakusketak Graciela Iturbidek han-hemengo kulturetan errespetuz murgiltzeko ahalegina eta Mexikoko eta beste herrialde batzuetako herri autoktonoen nortasuna erretratatzean izan duen ikuspegi eraldatzailea nabarmentzen ditu.

gerra-irudikatzeko-bi-modu-beltzetik-abiatuta

Gerra irudikatzeko bi modu, beltzetik abiatuta

Garazi Izagirre Aiestaran [BERRIA.eus]
| 5 de Julio 2026

'Goya beltza, Motherwell beltza. Laurogei hondamendi eta amildegi bat' izena daraman erakusketa ikusgai jarri du Donostiako San Telmo museoak. Francisco de Goyaren laurogei estanpak eta Robert Motherwellen koadro batek osatzen dute.

hasi-da-jai-jardun-artistikoen-institutuaren-ikasketa-programaren-zazpigarren-edizioa

Hasi da JAI, jardun artistikoen institutuaren ikasketa-programaren zazpigarren edizioa

| 2 de Julio 2026

Tabakalerak eta Artium Museoak —Oteiza Museoarekin elkarlanean— antolatuta, programak arte garaikidearen arloan ikerketa, ekoizpena eta lan kritikoa sustatzea du helburu. JAIk ezagutzaren, ekoizpenaren eta transmisioaren arteko loturan sakondu nahi du, prestakuntza-prozesuan dauden artisten eta nazioarteko profesionalen artean hartu-emanerako gune bat sortuz.

testigantza-liburu-bat-oteizaz-oteizarengatik-eta-oteizari

Testigantza liburu bat Oteizaz, Oteizarengatik eta Oteizari

Uxue Rey Gorraiz [BERRIA.eus]
| 27 de Junio 2026

Jorge Oteiza "ezagutzeko" liburu bat ondu du Jose Julian Bakedanok, Pamielarekin. Eskultorearekin izandako "harremana" inportantetzat daukaten 36 lagunen ahotsak jaso ditu, Atxagarena eta Moneorena tartean, eta dozenaka argazkirekin osatu du lana.

roberto-chartamek-geometria-mundu-naturalera-darama-cristina-enean

Roberto Chartamek geometria mundu naturalera darama Cristina Enean

| 26 de Junio 2026

Cristina Enea Fundazioak uda honetarako egin duen erakusketa-proposamenak, Ura Besterik Ez, herritarrak gonbidatzen ditu mugarik ezagutzen ez duten espazioak eta bolumenak okupatzen dituzten geometrietan murgiltzera. Horren karietara, Roberto Chartamek naturaren hizkuntza berarekin lan egiten du. Bere erreminta airean eta aluminioan tenkatutako hariak dira, eta horiekin Cristina Eneako Ingurumen Baliabideen Etxeko hiru aretoak marrazki bizigarri handi bihurtzen ditu.

Artekaria

El poratl del arte en Euskal Herria

Este es el portal creado por la red ZAPART. Con ARTEKARIA queremos dar visibilidad a la increíble riqueza artística e infraestructural de nuestro pequeño territorio vasco (Euskal Herri osoa). De hecho, nos parece que en un espacio tan reducido donde se encuentran tantos museos (Artium, Oteiza, Oteiza, Artes de Bilbo, Guggenheim…), centros de arte (Uharte-zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), salas públicas y privadas (Didam, Zitadela, Bastero, Ospitalea, fondations), galería de arte tradicional o de artistas... con tantas programaciones y obras de artistas visibles, la visualización de este conjunto no es fácil. Hemos creado este portal para ayudar a resolver esta falta.

Artekaria

La red de l@s artist@s profesionales de Euskal Herria

Zapart tiene como objetivo conectar, promover el trabajo y defender los derechos de l@s artist@s profesionales que viven y trabajan en Euskal Herria (en los seis territorios historicos que son Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa y Zuberoa).