artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Sota familia. Artea eta mezenasgoa

Ramón de la Sota y Llanok antzinako eta garai modernoko arte-bilduma bikain bat egin zuen, eta bere bi egoitzetan banatu zuen kronologikoki: antzinako artea Bilboko Ibaigane Jauregian –Athletic Cluben egoitza 1988tik–, eta arte modernoa Lertegin zeukan egoitzan, hurbileko Getxoko udalerrian. Horren haritik Arte Ederren Bilboko museoan jarritako erakusketa urrira arte ikusgai izanen da.

sota-familia-artea-eta-mezenasgoa
Zuloaga. Ramon de la Sotaren erretratoa.

Arte Ederren Bilboko museoa
| 22 de Junio 2024

Sotaren bilduman berrehun obratik gora daude, eta hark prestatu zituen eta familiak gordetzen dituen inbentario zehatzei esker ezagut ditzakegu. Besteak beste, artista hauen lanak aurki daitezke: Luis de Morales, Grekoa, Cornelis van der Voort, Juan Carreño de Miranda, Francisco de Goya, Francisco Durrio, Anselmo Guinea, Darío de Regoyos, Adolfo Guiard, Ramón Casas, Ignacio Zuloaga, Aurelio Arteta, Francisco Iturrino, Julián Tellaeche, Antonio Guezala eta José María Ucelay.

Gerra Zibilak tragikoki eten zuen garai hartan jada ospetsua zen antzinako artearen bilduma; hain zuzen ere, 1937an, Ramón de la Sota hil ondoren, erregimen frankistak Ibaiganen konfiskatu eta Burgosera eta Madrilera eraman zuen. Urtebete geroago, Burgosko Kapitaintza Nagusiak erantzukizun politikoko espediente bat ebatzi zuen enpresaburuaren aurka, euskal nazionalismoarekin zuen loturagatik, eta ehun milioi pezetako zigorra ezarri zion, aldi horretako handiena.

1940ko eta 1950eko hamarkadetan, familiak egindako kudeaketei esker, margolanen gehiengoa itzultzea lortu zuten, eta horien artean zeuden Francisco de Goyaren Martín Zapaterren erretratua (1797) eta Luis Moralesen Pietatea (1568). 1980an, bi obrak Arte Ederren Bilboko Museoari laga zizkion Ramón de la Sota Aburtok, patriarkaren semeak. Duela gutxi, 2022an, beste itzulketa baten berri eman zieten museoan Ramón de la Sotaren oinordekoei: Cornelis van der Voorten Zaldun gazte baten erretratua (1623), taula gaineko olio-pintura.

Bildumagile izateaz gain, Sota artisten mezenas garrantzitsu bat izan zen, eta artistok lehenik enpresaburuari eta gero haren ondorengoei eman zieten aholku. Lotura emankor horren adibide dira Adolfo Guiard eta Ignacio Zuloaga margolariak.

Guiarden berrogeita hamar lan baino gehiago izan zituen Sotak, gehienak Gernikako, Muruetako eta Bakioko paisaiak. Lotura hori haren seme-alabetara heldu zen, eta, hala, Alejandrok, bere anaia Manurekin, Guiarden omenezko erakusketa bat sustatu zuen 1927an, eta artistaren lan gehiago jarauntsi eta erosi zituen, Manuel Losadak bera erretratatuz egindako ikatz-marrazkiaz gain.

XX. mendearen hasieran bildumagileak Merienda (1899) mihisea erosi zuenean hasi zen Zuloagarekiko harremana, eta zenbait urte geroago sendotu zen, enpresariak bere erretratua enkargatu eta bi paisaia erosi zizkionean. Zuloagak Sotaren emazte Catalina Aburtoren erretratua ere egin zuen, eta aholku eman zion egin zituen erosketarik garrantzitsuenetako batzuetan, esaterako, Goyaren Martín Zapaterren erretratua (1797) eskuratu zuenean.

Aipagarria da kasu berezi hau: Sotak Mathieu de Noailles kondesaren erretratua (1913) mihise entzutetsua erosi zion Ignacio Zuloagari 1919an, Bilbon egin zen Nazioarteko Pintura eta Eskultura Erakusketan, eta urte berean Arte Ederren Bilboko Museoari eman zion dohaintzan. Halaxe hasi zen Sota familiak museoarekin denboran zehar mantendu duen mezenasgoaren lehen kapitulua.

Ramón de la Sotak, halaber, jabetzan izan zuen Quintín de Torre eskultoreari enkargatu zion Lemazaina (c.1913) brontzezko artelan monumentala, eta Lertegin zuen egoitzako lorategian zeukan jarrita. Obra beti egon zen familian, 1975ean Vilallonga de la Sota ahizpek museoari dohaintzan eman zioten arte. Era berean, Ramónen alaba Begoña de la Sota Aburtok Aurelio Artetaren Euskal emakume nekazariak fruta eta barazkiekin (c.1913-1915) lana dohaintzan eman zuen 1972an. Eta haren neba Manuelek José María de Ucelayren Bionboa (1935) bikaina eman zuen dohaintzan 1979an, baita beste bi lan ere, urtebete geroago.

Bere seme-alabek bezalaxe, Sotak modernitatearekin lotutako artista gazteagoen lanekin handitu zuen bere bilduma, esaterako, Aurelio Artetaren eta José María de Ucelayren lanekin. Haren seme zaharrenak, Ramón de la Sota Aburtok, Julián de Tellaeche margolariaren gomendioari jarraikiz, bere bilduma osatu zuen, arreta berezia jarrita Francisco Iturrino eta Dario de Regoyos artisten obran. Beste anai-arreba batzuek nabarmen bultzatu zuten euskal kultura 1920ko hamarkadan, Bilbon. Alejandrok Editorial Vasca argitaletxea zuzendu zuen, eta bere aitak 1917an beste batzuekin batera sortutako Hermes aldizkarian kolaboratu zuen. Manuk ere zenbait argitalpen eta antzezlanetan hartu zuen parte, eta garaiko artistarik abangoardistena izan zuen adiskide: Antonio Guezala. Erbestean, Sota familiak harremanetan jarraitu zuen Ucelayk, Tellaechek eta Artetak bezalaxe erbesteratu beharra izan zuten zenbait artistarekin, eta askotariko ekimen kulturaletan hartu zuten parte, besteak beste, Eresoinka euskal talde eszenikoan.

Familiak abangoardian zuen interesa ikus daiteke, halaber, Antonio Guezalak 1927an bertan margotu zituen bi lanetan, zeinak museoak 2003an eta 2008an erosi baitzituen, hurrenez hurren. Batetik, Ate birakaria daukagu, zeinetan Guezalak Begoña de la Sota Aburto erretratatu baitzuen, eta, bestetik, Artisten gaua Ibaiganen lana, Manuel de la Sota Aburtorentzat margotua, zeinak familiaren etxean egindako festa zalapartatsu bat jasotzen baitu. Gauza bera gertatu zen Anselmo Guinea bilbotar margolariak Ibaigane Jauregiko eskailerako beirateetarako enkarguz egin zuen Erromeriatik bueltan (1899) zirriborroarekin, eta Francisco Durriok jauregi bererako egin zuen plaka apaingarriarekin. Ildo beretik, nabarmentzekoa da Ramón de la Sotak Adolfo Guiarden Bakioko baserritarra (1888) koadroa erosi zuela, abangoardiako euskal artearen lehen erreferentzia handitzat jotzen dena, eta museoak 2019an erosi zuela.

Halaber, Ramón de la Sotak Sota y Aznar ontzi-enpresarako publizitate gisa zenbait irudi eta kartel egiteko enkargua egin zien Nicolás Martínez Ortiz, José Arrue, José María de Ucelay eta Jenaro Urrutia margolari eta ilustratzaileei.

Gainera, adierazi behar da haren bilduman Ramón Casas, Ramón Pichot eta beste artista batzuen lanak egoteak agerian jartzen duela Kataluniako nukleoak mendearen hasieran zuen indarra eta euskal artistekin zuen harreman ona.

Erakusketaren beste kapitulu batean, Ramón Sota y Llanok sustatzaile gisa egindako jarduerari esker arkitekturarekin zuen harremana azaltzen da. Bi alderdikoa da harreman hori: batetik, auzo-etxeak, familia bakarreko etxebizitzak eta eraikuntza subsidiarioak eraikitzen zituen, eta, bestetik, bere egoitzak eta bere enpresen egoitza sozialak. Horretarako, Bizkaiko hiru arkitekto ezagunen –Gregorio de Ibarreche, Manuel María Smith eta Ricardo Bastida– eta Frederick Chatterton, William Edward Couch eta Frederick Lindus Forge britainiar arkitektoen laguntza izan zuen; azken horiek irtenbide aitzindariak eta kosmopolitismo eta modernitate kutsua ekarri zieten eraikin berriei.

Haren sustapenak nagusiki Bilbon eta Getxon gauzatu ziren; hala, ondare arkitektoniko aipagarria utzi zuen, diseinuaren eta erabilitako materialen kalitateagatik –batzuetan, Ingalaterratik inportatuak baitziren–, eta hirigintzako antolamenduan izan zuten garrantziagatik.

Villa Maria etxea eraberritu eta Sota y Aznar ontzi-enpresaren bulego-eraikin erantsia eraiki zuen, Ibañez de Bilbao kalean; Ibaigane jauregia egin zuen Mazarredo zumarkalean; Kale Nagusiko eta Ercilla kaleko auzo-etxeak sortu zituen; Zugazarte pasealekuan zeukan etxea eta Getxoko Ondategi urbanizazioa eraiki zituen. Horiek dira, besteak beste, Ramón de la Sota y Llano gizon urduri eta kosmopolitak sustatutako ondare arkitektonikoaren altxorretako batzuk.


hemen-ez-den-nonbait

Hemen ez den nonbait

Ainhoa Apezteguia, Leire Lacunza eta Nagore Chivite

Iruñeako Zitadela (Iruñea, Nafarroa)

Desde el 01 de Octubre 2026
Al 24 de Enero 2027

gorputz-geometrikoak

Gorputz geometrikoak

Eduardo Txillida

Txillida leku (Hernani, Gipuzkoa)

Desde el 25 de Junio 2026
Al 26 de Octubre 2026

fantasia-eta-arrazoia

Fantasia eta arrazoia

Goya

Arabako Arte Ederren Museoa (Gasteiz, Araba)

Desde el 18 de Mayo 2026
Al 28 de Febrero 2027

malpais

Malpaís

Borja Gomez

Narata gunea (Bilbo, Bizkaia)

Desde el 20 de Octubre 2026
Al 07 de Noviembre 2026

harri-erre-malpais

Harri erre, 'malpaís'

Izaskun Araluzea [BERRIA.eus]
| 21 de Octubre 2026

Malpaís | Artista: Borja Gomez. | Non: Naratan, Bilbon. | Noiz arte: Azaroaren 7ra arte.

bilboko-arte-ederren-museoa-zabaldu-dute

Bilboko Arte Ederren Museoa zabaldu dute

Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]
| 21 de Octubre 2026

Berritutako museoei buruzko artikulu sorta bukatzeko, Bilboko Arte Ederren Museoari tokatuko zaio gaur txanda. Komunikabideek behin eta berriz errepikatu duten moduan, urriaren 5ean zabaldu zen Bilboko museo berritua.

zer-memoria-dosi-behar-du-fikzioak

Zer memoria dosi behar du fikzioak?

Uxue Rey Gorraiz [BERRIA.eus]
| 18 de Octubre 2026

Iruñeko Topaketen gerizpean, Leire Lakuntza, Ainhoa Apeztegia eta Nagore Txibite artisten obrak hizketan eta galdezka jarri dituzte Ziudadelako Arma aretoan. Udalaren Arte Garaikideko Bildumako lanen hautaketa batekin ere osatu dute erakusketa.

kultura-ikertu-kultura-babestu

Kultura ikertu, kultura babestu

Haizea Barcenilla [BERRIA.eus]
| 16 de Octubre 2026

Orain egun batzuk [EAEko] Kulturaren Euskal Behatokiaren email bat jaso nuen; azaroaren 5ean eta 6an egingo dituen jardunaldien egitaraua zekarren (gaztelerazko mezutik ireki behar izan nuen, euskarazko bi estekak ez zebiltzalako; benetan inork ez ditu halako gauzak gainbegiratzen kultura eta euskara sailean?).

gwangjuko-biurtekoa-aldaketarako-agindu-bat

Gwangjuko Biurtekoa, aldaketarako agindu bat

| 15 de Octubre 2026

Bere 16. edizioan, Hego Koreako arte garaikideko nazioarteko erakusketak esperientzia intimoak, kontakizun historikoak eta denboraren ikusmoldeak jartzen ditu elkarrizketan

osotasunaren-gezur-hauskorra

Osotasunaren gezur hauskorra

Maite Luengo Agirre [BERRIA.eus]
| 14 de Octubre 2026

Izar iheskorra eta bihotza | Artista: M. Benito Piriz. | Non: Bilbo Arten, Bilbon. | Noiz arte: azaroaren 8ra arte.

arte-lanen-lapurreten-kronologia-bat

Arte-lanen lapurreten kronologia bat

| 10 de Octubre 2026

1911ko La Gioconda-tik 2026ko urriaren 4an lapurtutako San Joanen Apokalipsia-raino, Europan eta munduan izandako lapurreta garrantzitsuenen zerrenda.

Artekaria

El poratl del arte en Euskal Herria

Este es el portal creado por la red ZAPART. Con ARTEKARIA queremos dar visibilidad a la increíble riqueza artística e infraestructural de nuestro pequeño territorio vasco (Euskal Herri osoa). De hecho, nos parece que en un espacio tan reducido donde se encuentran tantos museos (Artium, Oteiza, Oteiza, Artes de Bilbo, Guggenheim…), centros de arte (Uharte-zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), salas públicas y privadas (Didam, Zitadela, Bastero, Ospitalea, fondations), galería de arte tradicional o de artistas... con tantas programaciones y obras de artistas visibles, la visualización de este conjunto no es fácil. Hemos creado este portal para ayudar a resolver esta falta.

Artekaria

La red de l@s artist@s profesionales de Euskal Herria

Zapart tiene como objetivo conectar, promover el trabajo y defender los derechos de l@s artist@s profesionales que viven y trabajan en Euskal Herria (en los seis territorios historicos que son Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa y Zuberoa).