artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Juan Luis Goenaga. Alkiza, 1971-1976 erakusketa aurkeztu dute

Arte Ederren Bilboko Museoko erakusketa hau Juan Luis Goenaga (Donostia, 1950-Madril, 2024) margolariaren lan goiztiarrean ardazten da. Hirurogeita hamarreko hamarkadaren hasierako sormenezko esperimentazio-aldi laburrean, artistak –20 urte baino ez zituen– inspirazio-iturri indartsua aurkitu zuen bere lanerako Euskal Herriko naturaren eta paisaiaren balioen abstrakzioan.

juan-luis-goenaga-alkiza-1971-1976-erakusketa-aurkeztu-dute

23 de Octubre 2024 | Miriam Alzuri Milanés

Mikel Lertxundi historialaria da erakusketaren komisarioa (Museoko Artxibo eta Dokumentazio Saila), bai eta 2018an artistaren gainean argitaratutako monografiaren egilea ere. Juan Luis Goenaga. Alkiza, 1971-1976 erakusketak garai horretako lanak biltzen ditu; hainbat teknikatan eginda daude, eta, askotan, izaera esperimentala dute: mihise edo paper gainean aplikatutako olioa, esmaltea, argizaria, tinta, gouachea eta akuarela; kaxa objektualak eta argazkiak, kasu batzuetan landare-elementuenak, eta beste batzuetan, artistak basoan murgiltzeko irteeretan egiten zituen formatu txikiko land art esku-hartzeak dokumentatzeko irudienak.

Erakusketako ehun artelanak ere Goenagak urte horietako ekoizpena antolatu zuen pintura-serie ezberdinen adierazgarri dira: Itzalak (1972-1973); Belarrak (1973); Larruak eta Hari-matazak (1974); Sustraiak (1974-1976) eta Marroiak (1976) eta Kataratak (1976).

Jatorriari dagokionez, artelan gehienak artistaren bildumakoak dira, eta Gipuzkoako eta Bizkaiko bilduma partikularrak eta euskal museo eta erakundeak gehitu zaizkio: Arte Ederren Bilboko Museoa, Artium Museoa-Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoa, San Telmo Museoa, Kutxa Fundazioa eta BBVA Bilduma.

Juan Luis Goenagak lankidetza estua izan zuen museoarekin –bere seme-alaba Telmo eta Barbararekin batera– erakusketaren prestaketa-lanetan. Erakusketa, ustekabean, joan den abuztuaren 13an hil zen euskal margolariari egindako omenaldi bihurtu da.

Juan Luis Goenaga. Alkiza, 1971-1976 erakusketa

Urte haietan aktibo zeuden hainbat belaunalditako –Oteizatik Mendiburura– beste euskal artista batzuengan bezala, orografiak, landarediak, mitologiak, etnografiak eta euskal historiaurrearen ondareak lilura handia sortu zuten Goenagarengan.

Berak elementu horiek guztiak barneratu zituen, bere sormen-interesei nortasun-ikur gisa eransteko. Bereziki adierazgarria izango da denbora-tarte labur batean, hirurogeita hamarreko hamarkadaren hasieran, Alkiza (Gipuzkoa) herri txikian, Otsamendi baserrian lantegi-etxea kokatu eta gero. Kareharrizko lurren, erreken eta basoen paisaia heze horretan, non baserri, errota eta burdinolen bizimodu tradizionalaren herentzia dagoen, Goenagak antzinako mundua eta bere lanean arrasto iraunkorra izango zuen lurrarekiko atxikimendua aurkitu zituen.

Une horretatik aurrera, eta sei urtez, natura izango da bere lanen gai nagusia, 1977an figurazioa materialtasun trinko eta koloretsuagoz txertatzen duen aldaketa gertatu zen arte. Ordutik aurrera, bi lengoaiak estilo propioan eta kontzesiorik gabe txandakatuko ditu.

Goenagaren lehen bilaketa- eta definizio-aldi horretako pinturak izaera enpirikoa du, eta bere adierazpen sortzaile guztietan islatzen da. Orbelen, adarren eta belarren zuri-beltzeko argazkiek argazki zientifikoaren aitzindarien izaera hartzen dute, mikroskopio batek bezala argiaren eta ehunduraren xehetasunak jasotzen dituen lehen planoa erabiltzen baitu. Beste irudi batzuetan, harrien eta makilen ildoen eta lerrokaduren konposizioak dokumentatzen ditu, zeinak naturan bertan eta monumentu txiki gisa, lehen gizon-emakumeen aztarnak eta zeinuak gogorarazten dituzten. Land art horretan, Goenagak euskal animismoarekin eta antzinako enigmekin lotzen zuten Pio Barojaren, aita Jose Migel Barandiaranen eta Jorge Oteizaren irakurketak itzuli zituen. Ernio mendian aurkitzen zituen etxeko eta lanerako tresna tradizionalen hondar zatikatuekin egiten zituen egurrezko eta kristalezko kaxek ere izaera animista eta oroimenezkoa dute.

Kolore lurkaren, berdeen edo grisaxken aukeraketak ere bat egiten du naturaren ikuspegi aszetiko eta funtsezko horrekin, eta Goenagak figurazio minimoko elementuen konposizio ia monokromoetan aplikatzen ditu. Behin eta berriz obsesiboki errepikatzen diren belarrak eta adarrak, mihisearen edo paperaren gainazala erabat estali arte, mantra bisual bat bezala.

Aldi horren amaieran, Goenagak energia berri bat sartuko du bere lanean, urte horietako bere historia natural berezia amaitzen duten irudi gorrixkei bide emanaz.

Juan Luis Goenaga

Prestakuntzaz autodidakta izanik, Goenaga (Donostia, 1950 - Madril, Espainia, 2024) oso gaztetan hasi zen pintatzen eta marrazten bere jaioterrian, lehenik Julián Ugarte eta José Camps margolariekin, gero Gipuzkoako Elkarte Artistikoan, eta, ondoren, Ur eta Gaur taldeen proposamen artistiko berritzaileekin lotuta (1965). 1968 eta 1969 bitartean, Madrilera, Parisera eta Erromara joan zen, eta Bartzelonan bizi izan zen aldi batez; han, grabatugintza ikasi zuen Liburuaren Arteen Kontserbatorioan, eta San Jorgeko Arte Ederren Eskolan egin zituen ikasketak tarte labur batez.

Donostiara itzuli zen bere kabuz lan egin eta ikastera, eta 1969an Alkizan (Gipuzkoa) finkatu zen, hirurogeita hamarreko hamarkadan isolatuta lan egitea ahalbidetu zion landa-gune batean, inguruko paisaiarekin etengabeko kontaktuan. Han, elementu errealen irudikapenak, bere ibilaldietan aurkitzen zituen belar, adar edo sustraiak adibidez, irudi ezohikoak eta indar poetiko eta teluriko handikoak sortzeko aukera eman zion, hala nola Itzalak (1972-1973), Larruak, Hari-matazak (1974) eta Sustraiak (1974-1976) pintura-serieak.

Urte horietan, naturari eta primitibotasunari buruzko erreferentziak haren praktika artistikoaren elementu bereizgarri izan ziren, eta hori ez zen pinturan soilik gauzatu, argazkigintzaren bidez –1971 eta 1972 artean, Ernio mendiko galtzada eta paraje bakartuetan, land art-eko lan aitzindariak diren argazki azkar eta bat-batekoen multzo garrantzitsua osatu zuen– eta objektu eskultorikoak eraikiz ere garatu zen. Obra horietako batzuk, margolanekin batera, 1973an erakutsi ziren Durangoko (Bizkaia) Udal Kultur Aretoetan. Hilabete batzuk lehenago, Goenagaren bakarkako lehen erakusketa egin zen Donostiako San Telmo Museoan.

Aurkezpen horien ondoren, erakusketa-aldi bizia izan zuen: bakarkakoak Bilbon (Lúzaro, 1974 eta 1977; Arteta, 1977), Donostian (El Pez, 1974 eta 1979; Galería B, 1976), Gasteizen (Eder Arte, 1976) edo/eta Madrilen (Iolas-Velasco, 1976). 1978an, Arte Ederren Bilboko Museoak haren lanaren erakusketa garrantzitsua hartu zuen.

Urtebete lehenago, museoak obra bat erosi zion artistari lehendabiziko aldiz: Sustraiak (1976). Pieza horri, geroago, beste batzuk gehitu zitzaizkion, erosketa bidez –Izenbururik gabea (1976)– zein dohaintza bidez –bi margolan: Izenbururik gabea (1975) eta Izenbururik gabea (c. 1975); baita marrazki bat eta bi argazki-lan ere, Lúzaro galeriakoak–, urte horietan Goenagak egindako lanaren funtsezko beste adibideak. 2022an, haren ordezkapena handitu egin zen museoan, 1971-1973ko berrogeita hemeretzi argazkiz osatutako argazki-album bat eskuratu baitzen.

Laurogeiko hamarkadaren hasieran, Goenaga Alemaniara joan zen, eta Alemaniako neoespresionismoaren eragina jaso zuen, aurreko obran jada bazegoena sakonean (Antropomorfoak eta Androginoak serieak), baita Italiako transabangoardiaren eragina ere. Mihiseari materia piktorikoa aplikatzen hasi zitzaion, lodia eta oso enpastatua, keinu biziz. Garai hartan, giza irudia ere berreskuratu zuen, eta obra figuratiboa egin zuen pertsonaiekin eta hiriko tokiekin. 1980an Donostiara joan zen denbora batez, baina hiru urte geroago Alkizara itzuli zen.

Haren lanak aitortza publiko garrantzitsuak jaso zituen orduan, hala nola Zumetarekin ex aequo irabazitako lehen saria Donostiako Pinturaren I. Biurtekoan, 1985ean, eta Eusko Jaurlaritzak antolatutako Gure Artea lehiaketako lehen pintura saria, 1987an. Gainera, bakarkako erakusketa garrantzitsuak egin zituen Madrilen (1986 eta 1989), New Yorken (1987) eta Parisen (1985 eta 1988); azken hiri horretan denboraldi luzeak egin zituen 1990era arte.

Arkeologiak seriean (1991), irudi atabiko eta mitologikoetara eta natura eta magikoa dena berrikusten zituen obra batera itzuli zen. Bide horrek mende aldaketaren ondorengo urteetan iraun zuen, eta pinturen bidez garatu zen, baina baita paper gaineko lan nabarmenen bidez ere.

Pieza horietako batzuk Tolosako (Gipuzkoa) Aranburu Jauregiak 1999an eskaini zion atzera begirako erakusketan ikusi ahal izan ziren lehen aldiz. Donostiako Koldo Mitxelena Kulturuneak, lau urte lehenago, haren lanen lehen antologikoa antolatu zuen, 1969tik 1995era bitartekoa, Edorta Kortadi komisario zuela eta katalogo batekin batera. Katalogo horretan, Juan Manuel Boneten, Mª José Aranzastiren, Maya Aguirianoren eta Xabier Sáenz de Gorbearen testuak argitaratu ziren. Deia egunkariaren orrialdeetan, azken horrek zenbait testu garrantzitsu eskaini zizkion pintoreari bere ibilbidearen etapa desberdinetan. Beste erakusketa garrantzitsu batzuk Gasteizko Vital Fundazioan (2017) eta Donostiako Kubo Kutxa Aretoan (2020) egin ziren. Azken horretaz Mikel Lertxundi Galiana historialaria arduratu zen, Juan Luis Goenagaren lanari buruzko azken monografiaren egilea (Donostia, Nerea, 2018), alegia.

2022ko abenduan, Arte Ederren Bilboko Museoak Xabier Sáenz de Gorbea Saria eman zion, dedikazio artistikoagatik.

[Testua: Miriam Alzuri Milanés. Arte Moderno eta Garaikidearen kontserbatzailea]


urezko-ispilu-eta-loreak

Urezko ispilu eta loreak

Mar de Dios

Montehermoso Kulturunea (Gasteiz, Araba)

Desde el 11 de Julio 2025
Al 14 de Septiembre 2025

irudiari-aurre-egitea

Irudiari aurre egitea

Chantal Akerman

Artium (Gasteiz, Araba)

Desde el 30 de Mayo 2025
Al 19 de Octubre 2025

laberinto

Laberinto

Juan Carlos Egillor

Rekalde Aretoa (Bilbo, Bizkaia)

Desde el 01 de Marzo 2025
Al 28 de Septiembre 2025

hiri-baten-barneko-bederatzi-hiri

Hiri baten barneko bederatzi hiri

12 de Jul. | Iñigo Astiz [BERRIA.eus]

Pedro G. Romero artistak Sevilla ardatz duen bederatzi bideoko instalazioa zabaldu du Bilboko Arte Ederren Museoan. Flamenkoaren munduari lotutako bederatzi pertsonak hirian emandako paseo mutu bana biltzen du pieza bakoitzak.

errealismo-figuratiboak-batuta

Errealismo figuratiboak batuta

10 de Jul. | Iraia Vieira Gil [BERRIA.eus]

Arte klasikoaren bostehun urteko historia laburbiltzen duen pintura erakusketa bat jarri du BBVAk Bilboko San Nikolas jauregian. 39 obra dira, eta Van Dycken, Goyaren eta Zuloagaren lanak daude tartean. Urriaren 12ra arte egongo da zabalik.

txomin-olabarri-izango-da-azkuna-zentroko-zuzendaria

Txomin Olabarri izango da Azkuna zentroko zuzendaria

07 de Jul. | Edurne Begiristain [BERRIA.eus]

Azkuna zentroko administrazio kontseiluak gaur hartu du erabakia. Legarreta Bizkaia Arenako zuzendari izan da 2010etik, eta Fernando Perezek utzitako tokia beteko du.

abian-da-jai-jardun-artistikoen-instituaren-ikasketa-programaren-seigarren-edizioa

Abian da JAI Jardun Artistikoen Instituaren ikasketa programaren seigarren edizioa

| 7 de Julio 2025

Tabakalerak eta Artium Museoak Oteiza Museoarekin lankidetzan antolaturiko programa honen helburua arte garaikidearen arloan ikerketa, ekoizpena eta lan kritikoa sustatzea da. Jardunak ezagutzaren ekoizpenaren eta haren transmisioaren arteko loturan sakondu nahi du, prestakuntza-prozesuan dauden artisten eta nazioarteko profesionalen arteko trukerako gune bat sortuz

naturarekin-elkarlanean-sortutako-obrak

Naturarekin elkarlanean sortutako obrak

28 de Jun. | Amaia Jimenez Larrea [BERRIA.eus]

Hlynur Palmason zinemagile islandiarraren lehenengo erakusketa ondu dute Donostiako Tabakaleran; irailaren 28ra arte egongo da ikusgai. Egileak sortuak zituen ikus-entzunezko lanetarako erabilitako materialez osatuta dago.

bizitzaren-erraiak

Bizitzaren erraiak

25 de Jun. | Garazi Ansa [BERRIA.eus]

Chiharu Shiota. 'My house is your house' | Non: Azkuna zentroan, Bilbon. | Noiz arte: Irailaren 28ra arte.

Artekaria

El poratl del arte en Euskal Herria

Este es el portal creado por la red ZAPART. Con ARTEKARIA queremos dar visibilidad a la increíble riqueza artística e infraestructural de nuestro pequeño territorio vasco (Euskal Herri osoa). De hecho, nos parece que en un espacio tan reducido donde se encuentran tantos museos (Artium, Oteiza, Oteiza, Artes de Bilbo, Guggenheim…), centros de arte (Uharte-zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), salas públicas y privadas (Didam, Zitadela, Bastero, Ospitalea, fondations), galería de arte tradicional o de artistas... con tantas programaciones y obras de artistas visibles, la visualización de este conjunto no es fácil. Hemos creado este portal para ayudar a resolver esta falta.

Artekaria

La red de l@s artist@s profesionales de Euskal Herria

Zapart tiene como objetivo conectar, promover el trabajo y defender los derechos de l@s artist@s profesionales que viven y trabajan en Euskal Herria (en los seis territorios historicos que son Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa y Zuberoa).