artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Juan Luis Goenaga. Alkiza, 1971-1976 erakusketa aurkeztu dute

Arte Ederren Bilboko Museoko erakusketa hau Juan Luis Goenaga (Donostia, 1950-Madril, 2024) margolariaren lan goiztiarrean ardazten da. Hirurogeita hamarreko hamarkadaren hasierako sormenezko esperimentazio-aldi laburrean, artistak –20 urte baino ez zituen– inspirazio-iturri indartsua aurkitu zuen bere lanerako Euskal Herriko naturaren eta paisaiaren balioen abstrakzioan.

juan-luis-goenaga-alkiza-1971-1976-erakusketa-aurkeztu-dute

23 Octobre 2024 | Miriam Alzuri Milanés

Mikel Lertxundi historialaria da erakusketaren komisarioa (Museoko Artxibo eta Dokumentazio Saila), bai eta 2018an artistaren gainean argitaratutako monografiaren egilea ere. Juan Luis Goenaga. Alkiza, 1971-1976 erakusketak garai horretako lanak biltzen ditu; hainbat teknikatan eginda daude, eta, askotan, izaera esperimentala dute: mihise edo paper gainean aplikatutako olioa, esmaltea, argizaria, tinta, gouachea eta akuarela; kaxa objektualak eta argazkiak, kasu batzuetan landare-elementuenak, eta beste batzuetan, artistak basoan murgiltzeko irteeretan egiten zituen formatu txikiko land art esku-hartzeak dokumentatzeko irudienak.

Erakusketako ehun artelanak ere Goenagak urte horietako ekoizpena antolatu zuen pintura-serie ezberdinen adierazgarri dira: Itzalak (1972-1973); Belarrak (1973); Larruak eta Hari-matazak (1974); Sustraiak (1974-1976) eta Marroiak (1976) eta Kataratak (1976).

Jatorriari dagokionez, artelan gehienak artistaren bildumakoak dira, eta Gipuzkoako eta Bizkaiko bilduma partikularrak eta euskal museo eta erakundeak gehitu zaizkio: Arte Ederren Bilboko Museoa, Artium Museoa-Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoa, San Telmo Museoa, Kutxa Fundazioa eta BBVA Bilduma.

Juan Luis Goenagak lankidetza estua izan zuen museoarekin –bere seme-alaba Telmo eta Barbararekin batera– erakusketaren prestaketa-lanetan. Erakusketa, ustekabean, joan den abuztuaren 13an hil zen euskal margolariari egindako omenaldi bihurtu da.

Juan Luis Goenaga. Alkiza, 1971-1976 erakusketa

Urte haietan aktibo zeuden hainbat belaunalditako –Oteizatik Mendiburura– beste euskal artista batzuengan bezala, orografiak, landarediak, mitologiak, etnografiak eta euskal historiaurrearen ondareak lilura handia sortu zuten Goenagarengan.

Berak elementu horiek guztiak barneratu zituen, bere sormen-interesei nortasun-ikur gisa eransteko. Bereziki adierazgarria izango da denbora-tarte labur batean, hirurogeita hamarreko hamarkadaren hasieran, Alkiza (Gipuzkoa) herri txikian, Otsamendi baserrian lantegi-etxea kokatu eta gero. Kareharrizko lurren, erreken eta basoen paisaia heze horretan, non baserri, errota eta burdinolen bizimodu tradizionalaren herentzia dagoen, Goenagak antzinako mundua eta bere lanean arrasto iraunkorra izango zuen lurrarekiko atxikimendua aurkitu zituen.

Une horretatik aurrera, eta sei urtez, natura izango da bere lanen gai nagusia, 1977an figurazioa materialtasun trinko eta koloretsuagoz txertatzen duen aldaketa gertatu zen arte. Ordutik aurrera, bi lengoaiak estilo propioan eta kontzesiorik gabe txandakatuko ditu.

Goenagaren lehen bilaketa- eta definizio-aldi horretako pinturak izaera enpirikoa du, eta bere adierazpen sortzaile guztietan islatzen da. Orbelen, adarren eta belarren zuri-beltzeko argazkiek argazki zientifikoaren aitzindarien izaera hartzen dute, mikroskopio batek bezala argiaren eta ehunduraren xehetasunak jasotzen dituen lehen planoa erabiltzen baitu. Beste irudi batzuetan, harrien eta makilen ildoen eta lerrokaduren konposizioak dokumentatzen ditu, zeinak naturan bertan eta monumentu txiki gisa, lehen gizon-emakumeen aztarnak eta zeinuak gogorarazten dituzten. Land art horretan, Goenagak euskal animismoarekin eta antzinako enigmekin lotzen zuten Pio Barojaren, aita Jose Migel Barandiaranen eta Jorge Oteizaren irakurketak itzuli zituen. Ernio mendian aurkitzen zituen etxeko eta lanerako tresna tradizionalen hondar zatikatuekin egiten zituen egurrezko eta kristalezko kaxek ere izaera animista eta oroimenezkoa dute.

Kolore lurkaren, berdeen edo grisaxken aukeraketak ere bat egiten du naturaren ikuspegi aszetiko eta funtsezko horrekin, eta Goenagak figurazio minimoko elementuen konposizio ia monokromoetan aplikatzen ditu. Behin eta berriz obsesiboki errepikatzen diren belarrak eta adarrak, mihisearen edo paperaren gainazala erabat estali arte, mantra bisual bat bezala.

Aldi horren amaieran, Goenagak energia berri bat sartuko du bere lanean, urte horietako bere historia natural berezia amaitzen duten irudi gorrixkei bide emanaz.

Juan Luis Goenaga

Prestakuntzaz autodidakta izanik, Goenaga (Donostia, 1950 - Madril, Espainia, 2024) oso gaztetan hasi zen pintatzen eta marrazten bere jaioterrian, lehenik Julián Ugarte eta José Camps margolariekin, gero Gipuzkoako Elkarte Artistikoan, eta, ondoren, Ur eta Gaur taldeen proposamen artistiko berritzaileekin lotuta (1965). 1968 eta 1969 bitartean, Madrilera, Parisera eta Erromara joan zen, eta Bartzelonan bizi izan zen aldi batez; han, grabatugintza ikasi zuen Liburuaren Arteen Kontserbatorioan, eta San Jorgeko Arte Ederren Eskolan egin zituen ikasketak tarte labur batez.

Donostiara itzuli zen bere kabuz lan egin eta ikastera, eta 1969an Alkizan (Gipuzkoa) finkatu zen, hirurogeita hamarreko hamarkadan isolatuta lan egitea ahalbidetu zion landa-gune batean, inguruko paisaiarekin etengabeko kontaktuan. Han, elementu errealen irudikapenak, bere ibilaldietan aurkitzen zituen belar, adar edo sustraiak adibidez, irudi ezohikoak eta indar poetiko eta teluriko handikoak sortzeko aukera eman zion, hala nola Itzalak (1972-1973), Larruak, Hari-matazak (1974) eta Sustraiak (1974-1976) pintura-serieak.

Urte horietan, naturari eta primitibotasunari buruzko erreferentziak haren praktika artistikoaren elementu bereizgarri izan ziren, eta hori ez zen pinturan soilik gauzatu, argazkigintzaren bidez –1971 eta 1972 artean, Ernio mendiko galtzada eta paraje bakartuetan, land art-eko lan aitzindariak diren argazki azkar eta bat-batekoen multzo garrantzitsua osatu zuen– eta objektu eskultorikoak eraikiz ere garatu zen. Obra horietako batzuk, margolanekin batera, 1973an erakutsi ziren Durangoko (Bizkaia) Udal Kultur Aretoetan. Hilabete batzuk lehenago, Goenagaren bakarkako lehen erakusketa egin zen Donostiako San Telmo Museoan.

Aurkezpen horien ondoren, erakusketa-aldi bizia izan zuen: bakarkakoak Bilbon (Lúzaro, 1974 eta 1977; Arteta, 1977), Donostian (El Pez, 1974 eta 1979; Galería B, 1976), Gasteizen (Eder Arte, 1976) edo/eta Madrilen (Iolas-Velasco, 1976). 1978an, Arte Ederren Bilboko Museoak haren lanaren erakusketa garrantzitsua hartu zuen.

Urtebete lehenago, museoak obra bat erosi zion artistari lehendabiziko aldiz: Sustraiak (1976). Pieza horri, geroago, beste batzuk gehitu zitzaizkion, erosketa bidez –Izenbururik gabea (1976)– zein dohaintza bidez –bi margolan: Izenbururik gabea (1975) eta Izenbururik gabea (c. 1975); baita marrazki bat eta bi argazki-lan ere, Lúzaro galeriakoak–, urte horietan Goenagak egindako lanaren funtsezko beste adibideak. 2022an, haren ordezkapena handitu egin zen museoan, 1971-1973ko berrogeita hemeretzi argazkiz osatutako argazki-album bat eskuratu baitzen.

Laurogeiko hamarkadaren hasieran, Goenaga Alemaniara joan zen, eta Alemaniako neoespresionismoaren eragina jaso zuen, aurreko obran jada bazegoena sakonean (Antropomorfoak eta Androginoak serieak), baita Italiako transabangoardiaren eragina ere. Mihiseari materia piktorikoa aplikatzen hasi zitzaion, lodia eta oso enpastatua, keinu biziz. Garai hartan, giza irudia ere berreskuratu zuen, eta obra figuratiboa egin zuen pertsonaiekin eta hiriko tokiekin. 1980an Donostiara joan zen denbora batez, baina hiru urte geroago Alkizara itzuli zen.

Haren lanak aitortza publiko garrantzitsuak jaso zituen orduan, hala nola Zumetarekin ex aequo irabazitako lehen saria Donostiako Pinturaren I. Biurtekoan, 1985ean, eta Eusko Jaurlaritzak antolatutako Gure Artea lehiaketako lehen pintura saria, 1987an. Gainera, bakarkako erakusketa garrantzitsuak egin zituen Madrilen (1986 eta 1989), New Yorken (1987) eta Parisen (1985 eta 1988); azken hiri horretan denboraldi luzeak egin zituen 1990era arte.

Arkeologiak seriean (1991), irudi atabiko eta mitologikoetara eta natura eta magikoa dena berrikusten zituen obra batera itzuli zen. Bide horrek mende aldaketaren ondorengo urteetan iraun zuen, eta pinturen bidez garatu zen, baina baita paper gaineko lan nabarmenen bidez ere.

Pieza horietako batzuk Tolosako (Gipuzkoa) Aranburu Jauregiak 1999an eskaini zion atzera begirako erakusketan ikusi ahal izan ziren lehen aldiz. Donostiako Koldo Mitxelena Kulturuneak, lau urte lehenago, haren lanen lehen antologikoa antolatu zuen, 1969tik 1995era bitartekoa, Edorta Kortadi komisario zuela eta katalogo batekin batera. Katalogo horretan, Juan Manuel Boneten, Mª José Aranzastiren, Maya Aguirianoren eta Xabier Sáenz de Gorbearen testuak argitaratu ziren. Deia egunkariaren orrialdeetan, azken horrek zenbait testu garrantzitsu eskaini zizkion pintoreari bere ibilbidearen etapa desberdinetan. Beste erakusketa garrantzitsu batzuk Gasteizko Vital Fundazioan (2017) eta Donostiako Kubo Kutxa Aretoan (2020) egin ziren. Azken horretaz Mikel Lertxundi Galiana historialaria arduratu zen, Juan Luis Goenagaren lanari buruzko azken monografiaren egilea (Donostia, Nerea, 2018), alegia.

2022ko abenduan, Arte Ederren Bilboko Museoak Xabier Sáenz de Gorbea Saria eman zion, dedikazio artistikoagatik.

[Testua: Miriam Alzuri Milanés. Arte Moderno eta Garaikidearen kontserbatzailea]


submerso-imerso

Submerso Imerso

Vanessa Barragão

Cristina Enea fundazioa (Donostia, Gipuzkoa)

Du 26 Septembre 2024
Au 15 Décembre 2024

arthur-jafa

Arthur Jafa

Galerie Champ Lacombe (Biarritz, Lapurdi)

Du 16 Novembre 2024
Au 16 Janvier 2025

hamairu-centaurusera

Hamairu Centaurusera

Sergio Prego

Bilboko Arte Ederren Museoa (Bilbo, Bizkaia)

Du 06 Mai 2022
Au 30 Novembre 2024

berandu-gabiltza

Berandu gabiltza

07 Nov. | Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]

Bilboko Guggenheim museoak zabaldu duen Hilma af Klint pintorearen erakusketa ikustean galdetu diot neure buruari noiz iritsiko den arte historiako eskuliburuetara artistaren lana.

artearen-unibertsaltasunik-ezaz

Artearen unibertsaltasunik ezaz

05 Nov. | Haizea Barcenilla [BERRIA.eus]

Klasiko bat da: espero ez duzunean, berriz agertzen da artea unibertsala den ideia. Orain dela gutxi preziatzen dudan lankide bati entzun nion hitzaldi batean, eta berriz ere pentsatu nuen ez nengoela ados.

irudimenaren-askapenerako-oharrak

Irudimenaren askapenerako oharrak

24 Oct. | Uxue Rey Gorraiz [BERRIA.eus]

Asteon ehun urte bete dira Andre Bretonek 'Manifestu surrealista' argitaratu zuenetik. Testu horretan, "logikaren eta moralaren diktadura deuseztatzeko" bide gisara definitu zuen surrealismoa, eta literaturari loturiko ideia iraultzaile mordoa jaso.

espetxe-zigorra-eman-diete-ekiloreei-eraso-egin-dieten-bi-aktibistei

Espetxe-zigorra eman diete Ekiloreei eraso egin dieten bi aktibistei

24 Oct. | Jatorria: JournalDesArts

Hilabetetako espetxe-zigor betea ezarri diete bi ekintzaile ekologista britainiarrei. Bi militanteen zigorraren berri ukan eta ordu gutxira, Just Stop Oil-eko beste hiru ekintzailek National Gallery-ko Van Gogh-en bi Ekilore zipriztindu dituzte.

manifesta-15

Manifesta 15

24 Oct. | Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]

2004an Donostian egin zenetik ez nuen aukerarik izan Manifesta berriz ikusteko. Manifesta delako elkarte pribatuaren asmoa Europako hiri ezberdinetan biurtekoak antolatzea da, bertako sare kulturalarekin batera.

Artekaria

Le portail de l'art en Euskal Herria

Ceci est le portail créé par le réseau ZAPART. Avec ARTEKARIA, nous voulons donner de la visibilité à l'incroyable richesse artistique et infrastructurelle de notre petit territoire basque (Euskal Herri osoa). En effet, il nous semble que dans un espace aussi réduit où se trouvent tant de musées (Artium, Oteiza, Beaux-Arts de Bilbo, Guggenheim…), de centres d'art (Uharte-zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), de salles publiques et privées (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fondations) galeries traditionnelles ou d'artistes… avec tant de programmations et d'Åöuvres d'artistes visibles, la visualisation de cet ensemble n'est pas facile. Nous avons créé ce portail pour aider à remédier à ce manque.

Artekaria

Le réseau des artistes professionnel.le.s d'Euskal Herria

Zapart a pour objectif de mettre en réseau, de promouvoir le travail et de défendre les droits des artistes professionnel.le.s vivant et travaillant en Euskal Herri (sur les six territoires historiques que sont Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa et Zuberoa).