artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Artiumen jarriko dute Esther Ferrerren 'Zenbaki lehenak' obra

Gasteizko Prado parkean dago egun, eta aurki hasiko dituzte artelana lekualdatzeko lanak. Udarako amaitzea espero dute. 60.000 euroko kostua izango du, lana guztiz berregingo dutelako.

artiumen-jarriko-dute-esther-ferrerren-zenbaki-lehenak-obra
Esther Ferrer, gaur Artiumen, azalpenak ematen. Raul Bogajo/Foku

Aitor Biain [BERRIA.eus]
| 2023ko Martxoaren 27a

Duela hogei urte jarri zuten Esther Ferrerren (Donostia, 1937) Zenbaki lehenak obra Gasteizko Prado parkean. Artistak aire librean modu iraunkorrean jartzeko egin zuen aurrenekoa izan zen. Hogei urteren ondoren, ordea, nabarmen hondatu da artelana: denboraren higadura nabari zaio, eta pieza batzuk ere falta zaizkio. Bada, lekuz aldatzea erabaki du Gasteizko Udalak, lanari ikusgarritasuna emateko eta haren balioa nabarmentzeko. Artium museoaren kanpoaldean jarriko dute, eta aurki hasiko dituzte lanak.

Otsailean iragarri zuen udalak erabakia, eta gaur eman dituzte xehetasunak museoko arduradunek eta artistak berak. Artiumen izan baita Ferrer, lekualdatzearen inguruko azalpenak ematen. Adierazi duenez, proposamena egin ziotenean "ideia bikaina, zoragarria" iruditu zitzaion, eta ez zuen zalantza egin prozesuan esku hartzeko. "Parkean jarrita nahi nuena zen haurrek jolas egitea harekin; mundu guztiak nahi zuenerako erabiltzea. Orain, haren inguruan harmaila batzuk ere jarriko dutenez, jendea eseri ahal izango da, eta jarduerak ere egin ahalko dira haren gainean", esan du artistak.

Tamaina handiko zoruko instalazio bat da: zeramikazko 10.000 azulejo karratuk osatzen dute obra; horietako batzuetan zenbaki lehenak daude idatzita, 41etik hasi eta 10.03raino, biak barne. Gainerakoetan marra diagonal gorriak eta marra urdinak daude marraztuta. Artistak berariaz sortu zuen Prado parkerako, nahiz eta serie bereko hainbat egin dituen gerora. Izan ere, zenbaki lehenen gaia sarritan agertzen da haren artelanetan. "Zenbakiak garrantzitsuak dira gure bizitzan; beraz, normala da artea egitean ere zenbakietan pentsatzea", zehaztu du.

Obra bera, baina berreginda

Beatriz Herraez Artium museoko zuzendariak azaldu duenez, duela bi urte proposatu zioten artistari, eta orduz gero aritu dira proiektua nola gauzatu erabakitzeari buruzko elkarrizketan. Adostu dute museoaren bi eraikinen artean dagoen plazan kokatzea. Han jarri ditu museoak beste hainbat euskal artisten obrak ere: Oteiza, Txillida, Basterretxea... Orain arteko denak gizonezkoenak dira, ordea; Ferrer izango da aurreneko emakumezkoa. Hori azpimarratu nahi izan du Herraezek, bada.

"Artistaren eta museoaren arteko lotura estua da; beraz, zentzu guztia zuen obra hona lekualdatzeak", esan du Herraezek. Artelan "garrantzitsua" dela nabarmendu du, eta uste du baliagarria izango dela museoaren funtzioa ezaugarritzeko, bai eta hainbat arlotan egiten ari diren lana ulertzeko ere. "Pieza aktiboa izango da, beste artista, diziplina eta belaunaldi batzuk aktibatuko dituena", nabarmendu du Herraezek.

Kokapen berriak obra egokitzea eskatu du baina, lekua txikiagoa delako. Eta pieza egun zein baldintzatan dagoen ikusita, guztiz berregitea erabaki dute. Nolanahi ere, artistak azaldu du obra, irudia bera, berbera izango da, soilik zeramikazko laukiak txikiagoak izango direla. 60.000 euroko kostua izango du prozesu horrek. "Nik ez ditut ezta bost zentimo ere eramango", ohartarazi du Ferrerek, eta gogorarazi diru hori guztia lana berregiteko erabiliko dutela. "Eta ongi dago horrela".

Pieza zaharrekin zer egingo duten ez dute erabaki oraindik, baina artistak garrantzia kendu nahi izan dio horri. "Sukaldea berritu nahi duzu? Ba, hartu itzazu azulejo batzuk", erantzun dio galdera egin dion kazetariari. "Orain serio: horiek gordetzeak ez du inolako zentzurik", azpimarratu du.


nicolas-deshayes

Nicolas Deshayes

Champ Lacombe galeria (Biarritz, Lapurdi)

2026ko Uztailaren 18tik
2026ko Irailaren 05era

mundu-osoko-mitologien-elkarrizketak-bonnat-helleun

Mundu osoko mitologien elkarrizketak Bonnat Helleun

Xalbat Alzugarai Etxeberri [BERRIA.eus]
| 2026ko Uztailaren 8a

‘Mitologiak' erakusketa ireki dute Baionako Bonnat Helleu museoan. Euskal Herriko, Mediterraneoko, Ekialde Hurbileko, Afrikako eta Mexikoko mitologiak elkarrizketan ezarri dituzte, Parisko Louvre eta Quai Branly-Jacques Chirac museoekin lankidetzan.

graciela-iturbideren-hizkuntza-bisuala-san-telmo-museoko-laborategian-ikusgai-jarri-dute

Graciela Iturbideren hizkuntza bisuala, San Telmo Museoko Laborategian ikusgai jarri dute

| 2026ko Uztailaren 6a

María Millánek egin ditu komisario lanak eta nagusiki 60ko eta 80ko hamarkaden artean sortutako garaiko kopiak biltzen ditu erakusketak. Erakusketak Graciela Iturbidek han-hemengo kulturetan errespetuz murgiltzeko ahalegina eta Mexikoko eta beste herrialde batzuetako herri autoktonoen nortasuna erretratatzean izan duen ikuspegi eraldatzailea nabarmentzen ditu.

gerra-irudikatzeko-bi-modu-beltzetik-abiatuta

Gerra irudikatzeko bi modu, beltzetik abiatuta

Garazi Izagirre Aiestaran [BERRIA.eus]
| 2026ko Uztailaren 5a

'Goya beltza, Motherwell beltza. Laurogei hondamendi eta amildegi bat' izena daraman erakusketa ikusgai jarri du Donostiako San Telmo museoak. Francisco de Goyaren laurogei estanpak eta Robert Motherwellen koadro batek osatzen dute.

hasi-da-jai-jardun-artistikoen-institutuaren-ikasketa-programaren-zazpigarren-edizioa

Hasi da JAI, jardun artistikoen institutuaren ikasketa-programaren zazpigarren edizioa

| 2026ko Uztailaren 2a

Tabakalerak eta Artium Museoak —Oteiza Museoarekin elkarlanean— antolatuta, programak arte garaikidearen arloan ikerketa, ekoizpena eta lan kritikoa sustatzea du helburu. JAIk ezagutzaren, ekoizpenaren eta transmisioaren arteko loturan sakondu nahi du, prestakuntza-prozesuan dauden artisten eta nazioarteko profesionalen artean hartu-emanerako gune bat sortuz.

testigantza-liburu-bat-oteizaz-oteizarengatik-eta-oteizari

Testigantza liburu bat Oteizaz, Oteizarengatik eta Oteizari

Uxue Rey Gorraiz [BERRIA.eus]
| 2026ko Ekainaren 27a

Jorge Oteiza "ezagutzeko" liburu bat ondu du Jose Julian Bakedanok, Pamielarekin. Eskultorearekin izandako "harremana" inportantetzat daukaten 36 lagunen ahotsak jaso ditu, Atxagarena eta Moneorena tartean, eta dozenaka argazkirekin osatu du lana.

roberto-chartamek-geometria-mundu-naturalera-darama-cristina-enean

Roberto Chartamek geometria mundu naturalera darama Cristina Enean

| 2026ko Ekainaren 26a

Cristina Enea Fundazioak uda honetarako egin duen erakusketa-proposamenak, Ura Besterik Ez, herritarrak gonbidatzen ditu mugarik ezagutzen ez duten espazioak eta bolumenak okupatzen dituzten geometrietan murgiltzera. Horren karietara, Roberto Chartamek naturaren hizkuntza berarekin lan egiten du. Bere erreminta airean eta aluminioan tenkatutako hariak dira, eta horiekin Cristina Eneako Ingurumen Baliabideen Etxeko hiru aretoak marrazki bizigarri handi bihurtzen ditu.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.