artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Joan Fontcuberta, piztiekin jolasean

Argazkilariaren ‘Monstrorum historia' erakusketa ikusgai da Donostian, Artegunean. Munstrotasuna ez ezik, teknologia, natura, argazkigintza eta egiaren arteko gatazkak ditu gogoetagai.

joan-fontcuberta-piztiekin-jolasean
Arg/ Juantxo Egaña

Ainhoa Sarasola [BERRIA.eus]
| 2025eko Martxoaren 21a

Irudia eta irudikatutakoa, errealitatea eta kontakizuna. Zaila da asmatzea zer den zer Joan Fontcubertaren irudietan. Baina zalantza horrekin jolastea proposatzen dio ikusleari, haren begirada kritikoa pizteko asmoz. Natur zientzietako museo baten itxura hartu du Donostiako Tabakalerako Kutxa-Arteguneak Monstrorum historia erakusketarekin. Askotariko piztiaz, landarez eta koralez bete baitu espazioa argazkilariak. Haren ibilbide osoko lanak bildu dituzte aretoan, eta dinosauroak protagonista dituen bilduma bat lehen aldiz jarri dute ikusgai. Eta poz-pozik agertu da artista, erakusketa Dinosauroen Nazioarteko Egunean aurkeztu dutelako. Ekainaren 29ra arte egongo da zabalik.

Artista, irakaslea, arte kritikaria, komisarioa eta historialaria da Fontcuberta (Bartzelona, 1955). Hainbat saiakera idatzi, eta sari ugari irabazi ditu bost hamarkadako argazkilari ibilbidean. Sarritan, argazkilaritzaren ustezko egiazkotasuna zalantzan jartzea izan da haren lanaren ardatza. Sonia Berger erakusketaren komisarioak azaldu duenez, "haren ibilbidean ohikoa izan da agerian jartzea naturaren, teknologiaren, argazkiaren eta egiaren arteko gatazkak". Eta proposamen berrira ere eraman du gatazka hori.

Naturari eta teknologiari buruzko kezkek zeharkatzen baitute areto osoa. "Erakusketa honetan nahiko nabarmen ikusten da nire etxeko marka: naturan kuxkuxean ibiltzea. Baina niri ez zait natura bera hainbeste interesatzen, aitzakia gisa interesatzen zait: maite dut esatea naturaren argazkilaritza egiten dudala, argazkilaritzaren naturara iristeko", azaldu du artistak. Harentzat argazkia "pentsatzeko modu bat" baita, eta gaur egun irudiak duen garrantziaz ere egin du gogoeta: "Argazkiak gero eta leku handiagoa hartu du gure bizitzetan, eta, lengoaia gisa, errealitatea sortzen du. Irudien errealitate batean bizi gara, zeina errealitate fisikoa bezain garrantzitsua den". Irudiz gainezka egiten duen mundu batean, haren lanak "bizirauteko kit bat" dira harentzat.

Ulisse Aldrovandi naturalista italiarrak 1642an idatzitako tratatu ezagun batetik hartu du izenburua erakusketak. Fontcubertak 1980ko urteetan ezagutu zuen obra hori, eta gaurdaino eutsi dio gaiarekiko interesari. "Niretzat, munstrotasuna ez da izutzen edo atsekabetzen gaituena, baizik eta bakana dena, ezohikoa, ohikoa ez dena. Eta beraz, galdera bat jartzen du agerian: zer den normala, eta zergatik baztertzen dugun bestelakoa dena". Hori da bildumaren gaietako bat.

Erakusketa bere lanaren "alfa eta omega moduko bat" ere badela esan du, bere ibilbidea ongi laburbiltzen duela iritzita. "Duela 40 urte egindako bi proiektu daude, eta labetik atera berri diren beste bi. Eta halere, koherentzia bat sumatzen da asmoetan, baina erabat aldatu dira lan moldeak".

Hain zuzen, lau proiektu biltzen ditu Monstrorum historia-k: batetik, Herbarium (1982) eta Fauna (1989), Fontcubertaren lehen bildumetako bi, aro predigitalekoak; eta, bestetik, HeghDI' vem ghaH tu'lu' Dinosaur (2023) eta What Darwin Missed (Darwinek galdu zuena) (2024), haren lan berrienetako bi, zeintzuetan adimen artifizialeko bistaratze sistema sortzaileak baliatu dituen.

Kontakizuna eta jolasa

Artistak aitortu du umorea estrategia gisa baliatzen duela ikuslearen arreta bereganatzeko. Baina narratiba da, haren hitzetan, lau bildumen beste ezaugarrietako bat. "Proiektuotan, irudiak istorio, fotonobela edo komiki baten osagai grafikoak dira funtsean; ziurtasuna ematen diote narrazioari, eta kontakizun literarioa egiantzekoago egiten dute".

Narratiba horietan barrena ibiliko da ikuslea aretoan. Fauna proiektuko lanek hartzen dute espazioaren zatirik handiena, eta animalien erreinuko "bitxikerien kabinete bat" biltzen da bertan: askotariko piztia harrigarrien argazkiak, landa marrazkiak, mapak, eskuz hartutako oharrak, hots erregistroak eta disekatutako izakiak, besteak beste.

Aretoaren barruko gela batean kokatu dituzte Herbarium saileko obrak; forma bitxiko landareak erakusten dituzte. Azken bi urteotan, irudi horiek adimen artifizial sortzailea baliatuta berregin ditu Fontcubertak, eta gela berean kokatu dituzte horiek ere, nahasian. Batzuk eta besteak bereizteko jolasa proposatu dio horrela ikusleari.

Espazioan aurrera eginda, koralak topatuko ditu bisitariak; benetako irudiak eta adimen artifizialarekin sortutakoak tartekatzen dira What Darwin Missed sailean ere. Eta artistak bere buruari egindako galdera bat dute abiapuntu: zer ez ote zuen aurkituko Charles Darwinek Galapago uharteetan hiru astez beharrean urtebetez egon balitz?

Goiko solairua, berriz, dinosauroek hartu dute osorik. Museo eta parkeetan hartutako irudiak Star Trek sagako erreferentziekin nahastu ditu artistak, beste kontakizun bat sortzeko.

Erakusketaren osagarri, liburu bat argitaratu dute —ez da erakusketaren katalogoa, Fontcubertaren testu teorikoen bilduma bat baizik—, eta hainbat jarduera izango dira erakusketa zabalik dagoen bitartean; tartean, argazkilariaren eta Ivan de la Nuez arte kritikariaren arteko solasaldi bat, maiatzaren 29an.

monstrorum-historia

Monstrorum historia

Joan Fontcuberta

Kutxa Kultur Artegunea (Donostia, Gipuzkoa)

2025eko Martxoaren 21etik
2025eko Ekainaren 29ra


mitologiak

Mitologiak

Bonnat Museoa (Baiona, Lapurdi)

2026ko Uztailaren 08tik
2026ko Azaroaren 09ra

15-zeramika-masterra

15. zeramika masterra

Bizkaiko Batzar Nagusietako aretoa (Bilbo, Bizkaia)

2026ko Uztailaren 03tik
2026ko Agorrilaren 27ra

koloreztatutako-barne-bulkadak

Koloreztatutako barne bulkadak

Maialen Etxebeste Lekuona [BERRIA.eus]
| 2026ko Uztailaren 15a

Oaia Peruarena margolariak 'Behin eta berriz hasi' bilduma sortu du. Erakusketa irailaren 5era arte egongo da ikusgai, Donostiako Ekain Arte Lanak galerian.

san-telmo-gaua-frescoren-esku-hartze-artistiko-batekin-dator-aurten

San Telmo Gaua Frescoren esku-hartze artistiko batekin dator aurten

STM
| 2026ko Uztailaren 13a

San Telmo Museoaren udako irekiera berezia uztailak 18an izango da, doako sarrerarekin, 20:30 eta 24:00 artean. Xabier Zirikiainek, Ander Perez de Arenazak eta Mario Azurzak berariaz okasio honetan sortuko duten proposamen artistikoa izango da aurtengo berrikuntza

mundu-osoko-mitologien-elkarrizketak-bonnat-helleun

Mundu osoko mitologien elkarrizketak Bonnat Helleun

Xalbat Alzugarai Etxeberri [BERRIA.eus]
| 2026ko Uztailaren 8a

‘Mitologiak' erakusketa ireki dute Baionako Bonnat Helleu museoan. Euskal Herriko, Mediterraneoko, Ekialde Hurbileko, Afrikako eta Mexikoko mitologiak elkarrizketan ezarri dituzte, Parisko Louvre eta Quai Branly-Jacques Chirac museoekin lankidetzan.

graciela-iturbideren-hizkuntza-bisuala-san-telmo-museoko-laborategian-ikusgai-jarri-dute

Graciela Iturbideren hizkuntza bisuala, San Telmo Museoko Laborategian ikusgai jarri dute

| 2026ko Uztailaren 6a

María Millánek egin ditu komisario lanak eta nagusiki 60ko eta 80ko hamarkaden artean sortutako garaiko kopiak biltzen ditu erakusketak. Erakusketak Graciela Iturbidek han-hemengo kulturetan errespetuz murgiltzeko ahalegina eta Mexikoko eta beste herrialde batzuetako herri autoktonoen nortasuna erretratatzean izan duen ikuspegi eraldatzailea nabarmentzen ditu.

gerra-irudikatzeko-bi-modu-beltzetik-abiatuta

Gerra irudikatzeko bi modu, beltzetik abiatuta

Garazi Izagirre Aiestaran [BERRIA.eus]
| 2026ko Uztailaren 5a

'Goya beltza, Motherwell beltza. Laurogei hondamendi eta amildegi bat' izena daraman erakusketa ikusgai jarri du Donostiako San Telmo museoak. Francisco de Goyaren laurogei estanpak eta Robert Motherwellen koadro batek osatzen dute.

hasi-da-jai-jardun-artistikoen-institutuaren-ikasketa-programaren-zazpigarren-edizioa

Hasi da JAI, jardun artistikoen institutuaren ikasketa-programaren zazpigarren edizioa

| 2026ko Uztailaren 2a

Tabakalerak eta Artium Museoak —Oteiza Museoarekin elkarlanean— antolatuta, programak arte garaikidearen arloan ikerketa, ekoizpena eta lan kritikoa sustatzea du helburu. JAIk ezagutzaren, ekoizpenaren eta transmisioaren arteko loturan sakondu nahi du, prestakuntza-prozesuan dauden artisten eta nazioarteko profesionalen artean hartu-emanerako gune bat sortuz.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.