artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Tabakalerak 'Kooperatiba' erakusketa aurkeztu du, memoria eta artxiboaren arteko elkarrizketa garaikidea

Ángel Calvo Ulloak komisariatutako erakusketak Carla Filipe eta Taxio Ardanaz artistek lengoaia grafikoen eta irudikapen politikoaren inguruan egindako lana biltzen du.

tabakalerak-kooperatiba-erakusketa-aurkeztu-du-memoria-eta-artxiboaren-arteko-elkarrizketa-garaikidea
Taxio Ardanaz, Angel Calvo eta Carla Filipe erakusketaren aurkezpenean. Arg/ Tabakalera

| 2 Juillet 2026

Erakusketaren izenburuak elkarlanari, beste batzuekin batera eraikitzen denari, egiten dio aipamena. KOOPERATIBA, hain zuzen ere, iraganari heltzeko bi moduren arteko bateratze-lan batetik sortu da eta elkarrizketa bat artikulatzen du esperientzia kolektibo jakin batzuekin lotutako obra, artxibo, lengoaia grafiko eta adierazpide politikoen artean.

Carla Filiperen lanak artearen, herri-kulturaren eta aktibismo politikoaren arteko harremanak ikuspegi kritikoz aztertzen ditu. Marrazkitik, collagetik edo fotomuntaiatik abiatuta, eta maiz dokumentu historikoak, ikonografia iraultzaileak, banderak edo kartelak bere eginda, alderdi sozialek, subjektiboek eta autobiografikoek zeharkatutako kontakizun sorta bat eraikitzen du.

Taxio Ardanazen lanak, bestetik, ideologiaren, errepresentazioaren eta memoriaren arteko tentsioak ditu ardatz. Pinturaren, instalazioaren, argazki-artxiboaren edo bideoaren bitartez, proiektu politiko zapuztuen eta erresistentzia kolektiboko zenbait moduren aztarna fisikoak esploratzen ditu, ikerketa historikoa eta saiakera bisuala oinarri hartuta.

Erakusketak ikerketa eta ekoizpen artistikoa sustatzeko Tabakaleraren misioa indartzen du, bai praktika artistikotik, bai komisariotzatik. Izan ere, Tabakaleraren egitekoa da sorkuntza babesteko programen bitartez artisten ibilbideak laguntzea. Hain justu, horixe da Taxio Ardanazen kasua, Tabakalerak artista egoiliar gisa lagundu zuena 2021ean.

Sorkuntza berriak

KOOPERATIBA Tabakalerako erakusketa-areto nagusiaren espazio osoan zehar hedatzen da. Artxibo partekatu bat dago hallean, artistek eta komisarioak berariaz taxutua, beren lan-prozesuetan zehar helduleku izan dituzten interes eta materialak oinarri hartuta. Instalazio hori lekukotza-izaeratik —kartelak, argazkiak, erregistro filmikoak, soinuzkoak eta objektualak— prozesu-izaerara doa, eta zenbait material dokumentuaren eta obraren arteko igarobidean kokatzen ditu.

Tabakalerako erakusketetan ohikoa den bezala, bi artistek ekoizpen berriak sortu dituzte erakusketa honetarako propio.

Alde batetik, Filipek bi obra berri aurkezten ditu. Lan horietan berreskuratu egiten ditu, eskuzko brodatuaren bidez, dokumentuei zein esperientzia pertsonalei lotutako oroitzapenak. Pieza horiek autobiografikoaren eta kolektiboaren artean kokatzen dira. Era berean, Portugalgo Apirilaren 25aren ondorengo artxibo partekatu bat erakusten du artistak, denboran zehar biltzen joan den artxibo pertsonal zabaletik datozen prentsa ebakinez osatua.

Bestalde, Ardanazek aurkeztutako pieza eskaiolarekin eta buztinezko plakekin eginda dago, oroigarrizko horma-irudien eta herri-arkitekturako elementu apaingarrien argazki-artxibo batetik hartutako erreferentzietan oinarrituta. Gainera, bi oihal handi erakusten ditu pankarta gisa, XX. mendeko ideologia desberdinen eszenografia eta irudikapen bisuala aditzera ematen dutenak.

Lan berri hauek sorkuntzari laguntzeko ekoizpen-zentro gisa Tabakalerak bultzatzen dituen programen baitan kokatzen dira.

Jarduera-programa publikoa

KOOPERATIBA erakusketak jarduera-programa zabala izango du, bere edukiak osatu eta zabaltzeko.

Erakusketara bisita gidatuak egiteko programa bihar, uztailak 3, hasiko da komisarioak eta artistek gidatutako bisita solasaldiarekin. Arte garaikidera hurbiltzeko ikastaroaren —Arte Makina— saio berriak ere eskainiko dira, publiko orokorrari zuzenduak. Hilero, gonbidatu batek erakusketarekin lotutako saio bat prestatuko du ideia eta eztabaida berriak aktibatzeko. Gainera, haurrei eta familiei zuzendutako lantegiak ere egingo dira.

Urriaren 15etik 18ra, KOOPERATIBA mintegia egingo da, erakusketa homonimoko lanek jorratzen dituzten gai jakin batzuei buruz hausnartzeko. Askotariko diziplinen topaketa eta gurutzaketaren bidez lan horietan sakontzea izango da helburua, baita artistek proposatutako ideia jakin batzuk jendaurrean eztabaidatzea ere: lan-mundua, aldi iraultzaileak, artxibo formatuan haietaz geratzen den memoria eta, batez ere, elkarlanaren ideia bera.

Era berean, Tabakalerako zinemak ziklo bat hartuko du urritik abendura bitartean erakusketari lotuta. Bertan, erakusketa-proiekturako erreferentzia izan diren filmak proiektatuko dira. Saioek aurkezpenak izango dituzte komisarioaren, artisten eta beste gonbidatu batzuen eskutik.

Artisten eta komisarioaren biografiak

Carla Filipe (Vilanova da Barquinha, Portugal, 1973) diziplina anitzeko artista da, eta artearen, politikaren eta memoria kolektiboaren arteko elkarguneak modu kritikoan aztertzen ditu. Eskultura ikasi zuen Portoko Unibertsitateko Arte Ederren Fakultatean, eta Praktika Artistiko Garaikideetako masterra ere egin zuen bertan. Filipe Salão Olímpico (2003-2005) eta Projecto Apêndice (2006) espazio artistiko independenteen sortzaileetako bat izan zen Porton.

Bere lana erakunde garrantzitsuetan erakutsi da, besteak beste, hauetan: Fundación Serralves (Oporto), MAAT – Arte, Arkitektura eta Teknologia Museoa (Lisboa), Museu Coleção Berardo (Lisboa), MNAC – Museu Nacional de Arte Contemporânea do Chiado (Lisboa), Kunsthalle Lissabon (Lisboa) eta SESC Pompeia (São Paulo). Nazioartean, São Pauloko 32. Bienalean (2016), Istanbulgo 13. Bienalean (2013), Uraletako Arte Garaikideko 4. Bienal Industrialean (Errusia, 2017) eta Manifesta 8n (Murtzia - Cartagena, 2011) parte hartu du. Bestestik, aipatzekoak dira parte hartu duen erakusketa hauek: La Réplica Infiel, CA2M (Madril), Les Urbaines, MCBAn (Lausana) eta Le lynx ne connaît pas de frontières, Fondation Ricard (Paris).

Filipek hainbat beka eta egonaldi lortu ditu, horien artean, Calouste Gulbenkian Fundazioaren beka bat Acme Studiosen (Londres, 2009) egonaldi bat egiteko, AIR Antwerpen (Belgika, 2014), Robert Rauschenberg Fundazioaren (Florida, AEB, 2015) egonaldia, Krinzinger Projekte (Viena, 2017) eta Peacock & The Worm (Aberdeen, Eskozia, 2023). Bere lanak bilduma publiko garrantzitsuetan daude. FLAD Marrazki Saria jaso zuen 2023an eta, 2024an, arte plastikoen erakusketarik onenaren saria Serralves Museoan "In My Own Language I am Independente" erakusketagatik, SPAk (Portugalgo Egileen Elkarteak) emana.

Taxio Ardanaz (Iruñea, 1978). EHUn Arte Ederretan lizentziatua, azken urteotan Italian (Erromako Espainiako Errege Akademia), Irakeko Kurdistanen (Amna Suraka), Kuban (Artista x Artista), Austrian (Kunsthaus Bregenz), Bilbon (BilbaoArte Fundazioa) eta Mexikon (Oficina de Arte) garatu du bere lana. Erakusketa indibidualak izan ditu erakunde hauetan: Tabacalera Promoción del Arte, Madril; Galería Carreras Múgica, Bilbo; Artista x Artista, Habala; Ateneo Español de México, Mexiko Hiria; eta El Sario, NUP, Iruñea.

Taxiok gatazka-prozesu historiko jakin batzuetan sortutako adierazpen plastikoekiko interesa du, funtsean pinturan eta haren osagai instalatzailean oinarritutako ikerketa garatzeko.

Ángel Calvo Ulloa (Lalín, 1984) komisarioa eta idazlea da. Artearen Historian lizentziatua (USC) eta Arte Garaikidea: Sorkuntza eta ikerketa Masterra UVigon. O Fantasma da Liberdade/Anozero2024 Coimbrako Bienaleko komisarioa izan zen, Marta Mestrerekin batera.

Bere azken proiektu kuratorialen artean nabarmentzekoak dira Jordi Teixidor. No-res, Sala Alcalá 31 (Madril); Juan Uslé. Ese barco en la montaña, Reina Sofia Museoa (Madril); ¿Adónde irá el pájaro que no vuele?, La Casa Encendida (Madril); Humores y Espesores, Rodríguez-Méndez, CA2M (Móstoles); El sueño de la cólcedra, Teresa Lanceta, Museo Patio Herreriano (Valladolid); Siron Franco: Pensamento insubordinado (Trabalhos, 1961-2023), MAC Goiàs (Brasil); Anidar en el gesto: unas estanterias de Alberto, Fundación Cerezales Antonio y Cinia (Cerezales del Condado, Leon); Autoconstrucción. Piezas sueltas. Juego y experiencia, Antonio Ballester Moreno, Artium (Vitoria-Gasteiz); Complexo Colosso, CIAJG (Guimarães) eta, Nuria Enguitarekin batera, Habitación. El Archivo F.X., las chekas psicotécnicas de Laurencic y la función del arte, Pedro G. Romero, CA2M (Madril), MNAC (Bartzelona) eta La Nau (Valentzia). 2011z geroztik, hainbat erakundetan komisario-lanak egin ditu, besteak beste, Caixaforumen (Bartzelona), MARCOn (Vigo), CCEMx-en (Mexiko Hiria), Luis Seoane Fundazioan (A Coruña), Tabacaleran (Madril), Centro Párragan (Murtzia) eta EACCn (Castelló).

2020an, Desde lo curatorial.Conversaciones, experiencias y afectos liburua argitaratu zuen Juan Canelarekin batera, Consonniren Colección Paper bildumaren barruan.

kooperatiba

Kooperatiba

Taxio Ardanaz eta Carla Filipe

Tabakalera (Donostia, Gipuzkoa)

Du 03 Juillet 2026
Au 10 Janvier 2027


portrait-intime

Portrait intime

Pilar Belzunce

Txillida leku (Hernani, Gipuzkoa)

Du 05 Juin 2025
Au 26 Décembre 2026

ura-besterik-ez

Ura besterik ez

Roberto Chartam

Cristina Enea fundazioa (Donostia, Gipuzkoa)

Du 26 Juin 2026
Au 13 Septembre 2026

hasi-da-jai-jardun-artistikoen-institutuaren-ikasketa-programaren-zazpigarren-edizioa

Hasi da JAI, jardun artistikoen institutuaren ikasketa-programaren zazpigarren edizioa

| 2 Juillet 2026

Tabakalerak eta Artium Museoak —Oteiza Museoarekin elkarlanean— antolatuta, programak arte garaikidearen arloan ikerketa, ekoizpena eta lan kritikoa sustatzea du helburu. JAIk ezagutzaren, ekoizpenaren eta transmisioaren arteko loturan sakondu nahi du, prestakuntza-prozesuan dauden artisten eta nazioarteko profesionalen artean hartu-emanerako gune bat sortuz.

testigantza-liburu-bat-oteizaz-oteizarengatik-eta-oteizari

Testigantza liburu bat Oteizaz, Oteizarengatik eta Oteizari

Uxue Rey Gorraiz [BERRIA.eus]
| 27 Juin 2026

Jorge Oteiza "ezagutzeko" liburu bat ondu du Jose Julian Bakedanok, Pamielarekin. Eskultorearekin izandako "harremana" inportantetzat daukaten 36 lagunen ahotsak jaso ditu, Atxagarena eta Moneorena tartean, eta dozenaka argazkirekin osatu du lana.

roberto-chartamek-geometria-mundu-naturalera-darama-cristina-enean

Roberto Chartamek geometria mundu naturalera darama Cristina Enean

| 26 Juin 2026

Cristina Enea Fundazioak uda honetarako egin duen erakusketa-proposamenak, Ura Besterik Ez, herritarrak gonbidatzen ditu mugarik ezagutzen ez duten espazioak eta bolumenak okupatzen dituzten geometrietan murgiltzera. Horren karietara, Roberto Chartamek naturaren hizkuntza berarekin lan egiten du. Bere erreminta airean eta aluminioan tenkatutako hariak dira, eta horiekin Cristina Eneako Ingurumen Baliabideen Etxeko hiru aretoak marrazki bizigarri handi bihurtzen ditu.

artea-eta-erlijioa

Artea eta erlijioa

Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]
| 25 Juin 2026

Aita santuak Espainiara eta Kataluniara egin berri duen bisitaldia dela-eta Arantza Santestebanek idatzitako Begirada altxa izenburuko artikuluan irakurri nuen erlijioaren zeregina ez dela ikusezina denaren gaineko informazioa ematea, pertzepzioa eraldatzea baizik.

lorategi-bertikalak

Lorategi bertikalak

Jone Rubio Mazkiaran [BERRIA.eus]
| 25 Juin 2026

HIRUGARREN PAISAIA | Artista: Maria Azkarate. | Non: Nafarroako Museoan, Iruñean. | Noiz arte: 2027ko apirilaren 4ra arte.

bilboko-arte-ederren-museoak-bihotz-berria-du

Bilboko Arte Ederren Museoak bihotz berria du

Mikel Garcia Martikorena [BERRIA.eus]
| 23 Juin 2026

Museoaren handitze planaren barruan egindako ataria aurkeztu dute: Arriaga ataria. Egungo bi eraikinak lotzen ditu, eta haren gainean egongo da hirugarrena. Etzi egingo dituzte ate irekiak.

Artekaria

Le portail de l'art en Euskal Herria

Ceci est le portail créé par le réseau ZAPART. Avec ARTEKARIA, nous voulons donner de la visibilité à l'incroyable richesse artistique et infrastructurelle de notre petit territoire basque (Euskal Herri osoa). En effet, il nous semble que dans un espace aussi réduit où se trouvent tant de musées (Artium, Oteiza, Beaux-Arts de Bilbo, Guggenheim…), de centres d'art (Uharte-zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), de salles publiques et privées (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fondations) galeries traditionnelles ou d'artistes… avec tant de programmations et d'œuvres d'artistes visibles, la visualisation de cet ensemble n'est pas facile. Nous avons créé ce portail pour aider à remédier à ce manque.

Artekaria

Le réseau des artistes professionnel.le.s d'Euskal Herria

Zapart a pour objectif de mettre en réseau, de promouvoir le travail et de défendre les droits des artistes professionnel.le.s vivant et travaillant en Euskal Herri (sur les six territoires historiques que sont Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa et Zuberoa).