artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Botoa Sainte-Anne d'Aurayn Arte Ederren Bilboko Museoaren bilduman sartu da

Museoaren XIX. mendeko pintura-bilduma William-Adolphe Bouguereau (Arroxela, Frantzia, 1825-1905) egilearen lan nabarmen batekin aberastu da, aurtengo urtarrilean Begoña Maria Azkue andrearen (Bilbo, 1944-2023) legatuari esker eskuratu ostean.

botoa-sainte-anne-d-aurayn-arte-ederren-bilboko-museoaren-bilduman-sartu-da
William-Adolphe Bougurereau Botoa Sainte-Anne d'Aurayn, c. 1870 Olioa mihise gainean. 61 x 50 cm. Begoña Azkue andrearen legatua

| 10 Novembre 2023

Duela gutxi, Arte Ederren Bilboko Museoak Begoña Maria Azkueren legatua jaso du, artelanak erosteko erabiltzea hitzartuta. 1908an sortu zenetik museoaren bildumak hornitu eta haren nortasun-ezaugarri argienetako bat sendotu duten dohaintzen eta legatuen segida historikoari gehitu behar zaio filantropia kulturaleko keinu hori. Hala, gaur egun, obren %60 baino gehiago horrela eskuratutakoa da, kasu honetan bezala partikularrek helarazita, edo instituzioek, edo korporazioek.

Botoa Sainte-Anne d'Aurayn (c. 1870) lanak, kalitate ukaezinaz gain, baditu beste interesgune batzuk ere, hala nola XIX. mendeko pintura akademizista frantsesaren adierazle onenetako baten ekoizpeneko lan berezia izatea. Nahiz eta margolari garaikide abangoardistenek estimazio handirik ez zioten —inpresionismoaren bide berriak arakatzen zebiltzan—, haren teknika zainduak eta nahita lortutako hunkiberatasunak kritikaren eta publikoaren aitortza jaso zuten, bai eta arrakasta komertzial handia ere Frantzian eta AEBn. Gaur egun, artearen merkatua berriro ere haren langintzaz interesatu denez, museoaren erosketa —165.466 eurotan, Madrilgo Subastas Ansorenan— aski onuragarria izan da.

Orain artelan hau bilduman sartzeak balioa erantsi dio XIX. mendeko akademizismoa irudikatzeari —Mariano Fortuny, Raimundo Madrazo, Eduardo Zamacois…— eta Frantziako Bretainiako ikonografia sinbolistarenganako interesa zuten pintoreen lanei, hala nola Charles Cottetek, Paul Gauguinek eta Zubiaurre anaiek egindakoei, besteak beste. Beste alde batetik, duela gutxi —2020an, Museoaren Adiskideen komunitateari esker orduan— eskuratutako Gustave Doré frantziarraren Eskaleak mihiseari gehitu zaio, zeinaren kronologia eta Bouguereauren lan honena (c. 1868-1869) oso hurbilekoak diren.

Obra

Eszena Santa Anaren —amen eta haurdunen babesleari— omenezko santutegian kokatuta dago, Bretainiako Auray herrian; Frantzuako erromesaldi gune garrantzitsuenetako batean.

Argi-giro leun batekin zehaztutako barnealdean, bi neska aldarearen aurrean ageri dira belauniko, santuari egintzaren edo egintzarik ezaren botoa adierazteko unean. Kandela luzeak dituzte eskuetan, haien argiz aldarean sumatzen den argimutilarena emendatuz; forjazko burdin sareak babesten du aldarea, apainduren itzala kaperako janban proiektatuta. Kaperako eskailera-mailan margolariaren sinadura ikus daiteke, tronpe l 'oeil teknikaz harrian grabatuta. Neskek arrosarioak daramatzate eskuan, alboan harrizko zoruan eseritako adineko emakumeak bezalaxe, zeina, keinu goibelez, arrosarioko aleak banakatzen ari den. Bigarren plano hori ilunantzean dago, hondoko leihoan zehar datorren argi eskasez, atzealdean arku bati eusten dion zutabea doi erakusten duela. Hiru emakumezkoek eskualdeko jantzi tradizionaletako baten bertsio soila dute jantzita, kofiak eta lihozko lepo zuriak bereizgarri dituena; ilea biltzeaz gain, janzkeraren iluntasuna arintzen dute. Profilez ageri zaigun irudiaren kofiako edergarri landua eta jantzia apaintzeko kordoi uhindua dira jantziaren soiltasuna hausten duten elementu bakarrak. Adinekoaren mantu gorriak kontrastea dakar, okreen eta betunen paletaren bitartez, unearen solemnitatea indartzen duen kromatismoa, espresioa protagonisten aurpegi delikatuetako tonalitateetan kontzentratuta.

Bouguereauren barnealde bakanetako bat den mihise hau, 1870eko Parisko Aretoan ikusgai jarri zen beste handiago baten murrizketa da; XIX. mendeko margolari arrakastatsuenek egin ohi zituzten murrizketak, zenbait obra merkaturatzea errazteko. Gaur egun ez dakigu margolan handiak non bukatu zuen, baina emakume zaharraren irudirik gabeko pintura bat bada, handitik ebakitakoa beharbada, 2007an New Yorkeko Sotheby 's enkante etxean 1.122.240 euroko azken prezioan saldu zena. Horrez gain, prestaketako hainbat zirriborro daude, hala nola Louvre Museoko marrazki-kabinetekoak, erakutsiz figuren xehetasunak, ferronnerie-ak eta beiratea.

1870eko Aretoari buruzko kritikan, Théophile Gautier idazleak obraren honako erreferentzia hau erantsi zuen: "Bouguereau jaunak ez zuen tokiko kolorea areagotu nahi izan, erlijio-sentimenduak irauten duen herri batean fede peto tolesgabea adierazi nahi izan zuen, eta, egia esan, ezingo zukeen aurkitu adibide hoberik xalotasun zerutiarreko bi aurpegi xarmagarri horiek baino, oihal zuriko kofien azpian aureolak ezkutatzen ari direla baitirudite. Asko gustatu zaigu hain sentimendu garbiko koadro hau, hain exekuzio sotil eta aldi berean hain perfektuarekin".

William-Adolphe Bouguereau (Arroxela, Frantzia, 1825-1905)

Bouguereau Frantziako hemeretzigarren mendeko akademizismoaren figura nabarmenetako bat da. Haren lana bikain onetsi zuen nola kritika ofizialistak, hala publikoak —garai hartako arte lehiaketetan parte hartuz sendotuta—, eta arrakasta komertzial handia izan zuen.

Arroxelan jaio zen, merkatarien familia batean. Garaiz erne zitzaion arterako zaletasuna, eta 20 urterekin Parisera joan zen ikasketak egitera. 1846an École Royale des Beaux-Arts goraipatuan onartu zuten, eta ondoren François-Édouard Picoten ikaslea izan zen, Alexandre Cabanel eta beste margolari neoklasiko handi batzuen maisuarena. 1850ean Erromako Grand Prix eskuratu zuen, Villa Medicin kokatutako Erromako Frantses Akademian ikasketa-beka helarazi ziona. Italiako hiru urteko egonaldiaren ostean, jaioterrira itzuli zen, eta lanak erakusten hasi zen Parisko eta Europako zein Ipar Amerikako beste hiri batzuetako saloietan, arrakasta handiz.

Formazio klasikotik abiatuta, gaiak moldatu egin zituen Bouguereauk —batez ere mitologiak eta alegoriak, madonnak, biluziak eta haurren eta nekazarien errepresentazio xaloak—, estilo propioa eratzeraino: marrazketa eta akabera zehatz eta kromatismo garbiko edertasun idealizatuz adierazitako emozioen estiloa, bezero burgesek oso gustuko zutena. 1855ean, Durand-Ruel Galeriarekin hasi zen lanean, eta, urtebete geroago, ordurako gai klasiko handien pintore ospea lortuta, Napoleon III.a enperadoreak erretratua enkargatu zion. 1866tik 1870era bitartean, bost uda igaro zituen Frantziako Bretainian, garaiko beste margolari batzuek bezala, eskualdeko gorpuzkera eta eszena berezkoek erakarrita.

1865etik 1887ra bitartean Adolphe Goupil arte-merkatariarekin lan egin zuen esklusiban, zeinak artelanak nazioartean merkaturatzea eta zabaltzea nabarmen bultzatu zizkion. Alabaina, Akademiaren laudorioak jaso zituen aldi berean —hango kide izendatu zuten 1876an—, garaiko beste artista handi batzuek, Paul Gauguin eta Paul Cezanne margolariek edo Émile Zola idazleak, besteak beste, estiloaren konbentzionalismo zorrotza eta gaien sentimentalismoa arbuiatu zizkioten. 1905ean hil zenean, haren irudia itzalarazi zuten abangoardien gorakadak eta sistema akademikoak eragina galdu izanak.

XX. mendearen amaieran, haren langintza berriro aztertzen hasi ziren erakusketetan, hala nola William Bouguereau, 1825-1905 izenekoan Parisko Petit Palaisen, 1984an, eta Bouguereau & America izenekoan AEBko San Diego Museum of Art delakoan, 2019an. Aldi berean, artearen merkatuak altxarazi egin zuen artistak zeukan kotizazioa, bizi zen artean maite-maitea izan zuten bai Frantziako Akademiak eta bai Ipar Amerikako Gilded Age garaiko bildumazaleek, eta denborak ez du XIX. mendeko historia artistikoaren protagonisten artetik jaitsarazi.

Begoña Maria Azkue

1944an Etxebarrin jaio eta aurten Bilbon hil bitartean, Begoña Azkuek bizitzan zehar jarduera kultural handia garatu zuen, zeuzkan zaletasunek bultzatuta.

Euskararekin eta euskal kulturarekin konprometituta, Bilboko Urretxindorra ikastolari lotu zitzaion, eta han erabiltzeko material pedagogikoak itzuli zituen. Horrez gain, ekinean parte hartu zuen Deustuko Unibertsitateko helduentzako prestakuntza-ikasgeletan ere.

Kulturarekiko zentzurik zabalenean zeukan grinak bultzatuta, bidaia ugaritan sakondu zuen semita eta mediterranear kulturen ezagutzan, eta aukera izan zuen nazioarteko auditorium eta musika-ekitaldi garrantzitsuetara joateko.

Emakume zuhurra zen Begoña Azkue. Museoaren Lagunen Komunitatean sartu zen, pandemiak hainbeste estutu gintuen une batean (2020), eta bere konpromisoa berretsi zuen, Bilboko Arte Ederren Museoaren bilduma aberasten laguntzeko borondatea testamentuan ezarrita utziz, filantropia zibikoarekiko eta kulturalarekiko azken keinua taxututa.


vaste-monde-3

Vaste Monde #3

Juan Aizpitarte, Anne-Laure Garicoix, Olivier Masmonteil

Beatrix Enea (Angelu, Lapurdi)

Du 13 Décembre 2025
Au 18 Avril 2026

ame-de-cruche

Âme de cruche

Alberto Peral

CarrerasMugica (Bilbo, Bizkaia)

Du 12 Décembre 2025
Au 14 Février 2026

hiria-kalea-etxea

Hiria. Kalea. Etxea.

Denise Scott Brown

Musée des Beaux-Arts de Bilbo (Bilbo, Bizkaia)

Du 11 Février 2026
Au 31 Mai 2026

josette-dacosta

Josette Dacosta

Oreka (Soraluze, Gipuzkoa)

Du 09 Janvier 2026
Au 03 Février 2026

arte-galeriek-atea-itxiko-diote-21eko-bezari

Arte galeriek atea itxiko diote %21eko BEZari

02 Fév. | Amaia Jimenez Larrea [BERRIA.eus]

Gaurtik larunbatera bitarte, Hego Euskal Herriko hainbat arte galeria itxi egingo dituzte, Espainiako Gobernuak artelanen salmentarako ezarritako %21eko BEZaren aurka protesta egiteko. Aspalditik dator zerga jaisteko eskaria; 2012an igo zuten.

poesiarik-ez-behintzat

Poesiarik ez behintzat

29 Janv. | Garazi Ansa [BERRIA.eus]

Moon poem | Artista: Oscar Tuazon. | Lekua: Cibrian galeria (Donostia). | Noiz arte: urtarrilaren 31ra arte.

elkarketa-ala-murrizketa

Elkarketa ala murrizketa

29 Janv. | Haizea Barcenilla [BERRIA.eus]

Iazko abenduaren 15ean, Bilbo Arte eta Azkuna zentroa elkartzeko erabakia hartu zuen Bilboko Udalak. Abenduaren erdiko bi asteak eztabaida publikorik gabe hartutako erabakiak oihartzun gutxirekin pasatzeko erabiltzen dira...

estetizidioa

Estetizidioa

22 Janv. | Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]

Estetizidio hitza idatzita ikusteak larritu nau. Ez nuen terminoaren berri, eta lehendabiziko aldiz artearen kontrako bortxakeria aproposak hain gordin adierazita irakurtzeak harritu nau.

ideologien-beldurrik-bai

Ideologien beldurrik bai?

22 Janv. | Jone Rubio Mazkiaran [BERRIA.eus]

Lurrak ez du jaberik izango | Artista: Marwa Arsanios. | Tokia: Artiumen, Gasteizen. | Noiz arte: apirilaren 12ra arte.

Artekaria

Le portail de l'art en Euskal Herria

Ceci est le portail créé par le réseau ZAPART. Avec ARTEKARIA, nous voulons donner de la visibilité à l'incroyable richesse artistique et infrastructurelle de notre petit territoire basque (Euskal Herri osoa). En effet, il nous semble que dans un espace aussi réduit où se trouvent tant de musées (Artium, Oteiza, Beaux-Arts de Bilbo, Guggenheim…), de centres d'art (Uharte-zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), de salles publiques et privées (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fondations) galeries traditionnelles ou d'artistes… avec tant de programmations et d'œuvres d'artistes visibles, la visualisation de cet ensemble n'est pas facile. Nous avons créé ce portail pour aider à remédier à ce manque.

Artekaria

Le réseau des artistes professionnel.le.s d'Euskal Herria

Zapart a pour objectif de mettre en réseau, de promouvoir le travail et de défendre les droits des artistes professionnel.le.s vivant et travaillant en Euskal Herri (sur les six territoires historiques que sont Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa et Zuberoa).