artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Gabonetako argiak

'garuna(k)' | Non. Donostiako San Telmo museoan. | Noiz arte. Apirilaren 14ra arte.

gabonetako-argiak
Erakusketaren irudi bat. Arg/ San Telmo Museoa

Garazi Ansa [BERRIA.eus]
| 18 Janvier 2024

Gabonen aurretik ere aitortu nuen zientzia, teknologia eta artea biltzen zituzten proposamenen zalea ez nintzela, berez, baina urteari amaiera emateko sorpresa atsegina hartu izanak urte berriari ere ildo bertsutik eustera animatu ninduen. Beraz, berriz ere nagikeriak alde batera utzi, eta San Telmo museoko Garuna(k) erakusketa bisitatu nuen.

Hainbat instituzioren artean gauzatutako ekimena da, erakusketa ibiltari bat, tartean Bartzelonako CCCB eta Londreseko Wellcome Collection —medikuntza eta artea uztartzen dituen museoa— daudelarik. Hala, garuna aitzakiatzat hartzen duen erakusketa esperimental bat ikusiko nuelakoan nengoen, eta mostraren hasiera partea esperantzagarria izan zen alde horretatik. Sarrerako testua iradokigarria zen, besteak besteantropozentrismoa zalantzan jartzen baitzuen, gizakia beste izaki bizidunekin parekatzeko keinuak eginaz. Eta erakusketari sarrera ematen zion lehen atalak ere sentsazio onak utzi zizkidan, garuna, komunikatzeko eta pentsatzeko gaitasunarekin uztartuz labar-pinturen dokumentala eta historiaurreko garezur eta harrizko tresnak Andrew Carnieren Atlas: there and here lanarekin batera aurkezten baitziren, zeina gizakiak garunarekiko izandako liluraz eta haren ondorioz burututako esplorazioez baitzetzan.

Erakusketaren tonua lehen espazio horretatik aurrera, aldiz, aldatu egiten da. Bigarren zatiak XIX. mendeko positibismoaren eta argazkigintzaren eraginpean garatutako hainbat teoria harrigarri aurkezten ditu; hala nola garezurren tamaina nola erabili zen pertsonen joerak aurreikusteko —gaizkile izateko aukera, adibidez—, baita generoen arteko hierarkia eta arrazakeria justifikatzeko ere. Edukia ezin uka interesgarria denik, baina pixkanaka arte-proiektuak ideiak edo hausnarketak proposatzeko euskarri gisara erabili beharrean, soilik osagarri izatera pasatzen dira, ia kuriositate edo apaingarri funtzioa hartuz. Gabonak pasatu berri ditugun honetan, etxeak eta kaleak apaintzeko erabiltzen diren argi eta objektuen funtzioa hartzen dute artelan gehienek, eta benetako pena da. Informazioa bereziki testuen bidez eta bestelako paperezko dokumentu eta objektu edo tresna zientifikoen bidez transmititzen da, eta erakusketan aurrera jo ahala, garunaren funtzionamenduetan are gehiago sakotzen denez, testuak geroz eta teknikoagoak bilakatzen dira, eta tartekatzen diren proiektu artistikoen helburua haien ilustrazio huts izatean datza.

Garunaren funtzionamendua bera hain abstraktua izanik eta erakusketaren helburua hari loturiko aspektu ezberdinen dibulgazioa izanik, egunerokotasunean begi hutsez ikusteko aukera ez dugun hori ikusgarri bilakatzearen interesa uler dezaket; baina ikusgarritasun hori erakusketan zehar aurkezten diren beste ebidentzia zientifikoen bidez ere aurkezten da, beraz, behin eta berriz datorkidan galdera zera da: funts zientifiko huts eta erabatekoa duen erakusketa honetan zergatik erabaki dute artelanak tartekatzea, erakusketan proposatzen diren ideien gaineko bestelako ikuspunturik edo hausnarketarik egiteko paradarik gehitzen ez baldin badute?

Honela, nahiz eta pasadizo hutsa iruditu, esanguratsua da gure aurretik erakusketara sartutako bi familia euren artean erakusketako edukiez hitz egiten aritu beharrean, erakusketako hainbat testuren euskara maila eskasaz mintzatzen egotea. Hau ere pena da, eta tristea ere bai, era berean; izan ere, nola liteke testuen euskarazko itzulpenak beste hizkuntzekiko konparazioan oraindik ere hain eskasak izatea? Egoera tamalgarri honetara ohituta egonik, jatorriz euskaraz idatziak ez diren testuak zuzenean gazteleraz irakurtzeko joera dut; gehiegitan gertatu izan baitzait euskarazkoa irakurri ostean gaztelerazkora jo beharra izatea edukia ongi ulertu ahal izateko, lotsa ematen badit ere aitortzeak. Eta horregatik, oraingo honetan ez nintzen konturatu ere egin.

Zenbaitetan badirudi erakusketetan euskara egotea bete beharreko item huts bat besterik ez dela; badago eta kito. Badirudi inork ere ez diola erreparatzen haren kalitate eta mailari, honek zuzenean erakusketaren hautematean eta esperientzian eragiten duenik ere pentsatu gabe, baita bisitarien eskubideetan ere, arduragabekeria honek erakusketa gazteleraz bisitatzera behartzen baititu zuzenean. Egoera hau, zalantzarik gabe, kasu guztietan da salagarria, baina are gehiago testuen presentzia erabatekoa den erakusketetan, honetan kasurako; are gehiago, erakusketatik atera eta sortu zitzaigun hausnarketa eta elkarrizketa bide nagusia hau izan zenean.


essence

Essence

Exposition collective

Virginie Bario Galeria (Hendaia, Lapurdi)

Du 12 Septembre 2026
Au 04 Novembre 2026

kooperatiba

Kooperatiba

Taxio Ardanaz eta Carla Filipe

Tabakalera (Donostia, Gipuzkoa)

Du 03 Juillet 2026
Au 10 Janvier 2027

arte-lanen-lapurreten-kronologia-bat

Arte-lanen lapurreten kronologia bat

| 10 Octobre 2026

1911ko La Gioconda-tik 2026ko urriaren 4an lapurtutako San Joanen Apokalipsia-raino, Europan eta munduan izandako lapurreta garrantzitsuenen zerrenda.

bilboko-euskal-museoa-zabalik

Bilboko Euskal Museoa, zabalik

Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]
| 8 Octobre 2026

Berritu ondoren zabaldutako museo bati buruz idatzi nuen aurreko astean. Irakurleak barkatuko dit museoei buruzko serie hau, baina ekainean zabaldu zuten Bilboko Euskal Museoari buruz idatzi behar dut gaur, nahiz eta arte museoa ez izan.

oroitzeak-berekin-dakarrena

Oroitzeak berekin dakarrena

Jone Rubio Mazkiaran [BERRIA.eus]
| 8 Octobre 2026

Urtero legez, Mapamunditarrak erakusketa proiektuaren hitzordua gurean dugu berriz, urteroko egutegiari leial. Badira erantzun borobil eta itxiak ematera datozen erakusketak, baina ibilbideak erakutsi ohi digu komisariotza proiektu oro, funtsean galdera batekin hasten dela.

bonnat-museoa-zabalik

Bonnat museoa zabalik

Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]
| 6 Octobre 2026

Azkenean! Ia 15 urte itxita egon ondoren berriz zabaldu dute Baionako Bonnat-Helleu museoa. Leon Bonnat artista baionarrak bere herriko etxeari utzi zion urteetan pilatutako arte bilduma; horren ondorioz, ordura arte bilduma pribatua izan zena publikoa bilakatu zen.

deskolonializazioaren-erronka-euskal-museoetan-ate-joka

Deskolonializazioaren erronka euskal museoetan ate joka

Xalbat Alzugarai Etxeberri [BERRIA.eus]
| 6 Octobre 2026

Europako museoetan maiz piztu ohi da haien bildumetan iragan kolonialak duen arrastoari buruzko polemika. Obra espoliatuak itzularazteko Parisek onartu duen legeak ekarri du gaia hizpidera orain. Adituek diote Euskal Herrian ere "asko" dagoela egiteko.

Artekaria

Le portail de l'art en Euskal Herria

Ceci est le portail créé par le réseau ZAPART. Avec ARTEKARIA, nous voulons donner de la visibilité à l'incroyable richesse artistique et infrastructurelle de notre petit territoire basque (Euskal Herri osoa). En effet, il nous semble que dans un espace aussi réduit où se trouvent tant de musées (Artium, Oteiza, Beaux-Arts de Bilbo, Guggenheim…), de centres d'art (Uharte-zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), de salles publiques et privées (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fondations) galeries traditionnelles ou d'artistes… avec tant de programmations et d'œuvres d'artistes visibles, la visualisation de cet ensemble n'est pas facile. Nous avons créé ce portail pour aider à remédier à ce manque.

Artekaria

Le réseau des artistes professionnel.le.s d'Euskal Herria

Zapart a pour objectif de mettre en réseau, de promouvoir le travail et de défendre les droits des artistes professionnel.le.s vivant et travaillant en Euskal Herri (sur les six territoires historiques que sont Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa et Zuberoa).