artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Fisika kuantikoa irudikatzeko artelanak

Fisika kuantikoa oinarri hartuta, 11 sortzaileren lanez osaturiko erakusketa bat aurkeztu dute Tabakaleran: 'Ikuspegi kuantikoak'. Artistek zientzialariekin elkarlanean sortu dituzte obrak.

fisika-kuantikoa-irudikatzeko-artelanak
'Ikuspegi kuantikoak' erakusketako zenbait pieza. ANDONI CANELLADA / FOKU

Urko Iridoy Alzekai [BERRIA.eus]
| 25 Février 2025

Errealitatearen aurka talka egiten du fisika kuantikoak maiz. Fisika klasikoan ez bezala, ezagutzen ez diren eta askotan logikaz kanpokoak diruditen hipotesi eta legeak planteatzen ditu. Talka horren adibide ugarietako batzuk irudikatu dituzte 11 artistak, fisika kuantikoa oinarri hartuta, eta erakusketa batean aurkeztu, Donostiako Tabakalera zentroan. "Unibertsoa kuantikoa bada, nola asimilatu dezakegu hori?", galdetudu Monica BelloIkuspegi kuantikoakerakusketaren komisarioak, eta gehitu artea oso baliagarria dela hori erantzuten dioten hipotesiak irudikatzeko. Ekainaren 8ra arte egongo da zabalik bilduma, eraikineko lehen solairuan.

Unescok Zientzia eta Teknologia Kuantikoaren urtea izendatu du 2025a. "Erakusketa hau egiteko arrazoietako bat izan da Unescoren izendapena, baina ez bakarra. Aurten ere ordenagailu kuantiko bat iritsiko da Donostiara, IBMren eskutik, adibidez. Azken urtean bertan, fisika kuantikari bere tokia eman diogu Tabakaleran, eta hau horren jarraipen bat da", azaldu du Clara Montero Tabakalerako kultura zuzendariak. Fisika kuantikoak alde ezezagun handi bat duela esan du Monterok, eta, hain zuzen, horrek interpretaziorako lekua uzten duenez, inspirazio iturria izan daitekeela artearen eta kulturaren esparruan.

Artistek DIPC Donostia International Physics Centerren, CERN Ikerketa Nuklearrerako Europako Kontseiluaren eta Tekniker ikerketa zentroaren laguntza izan dute piezak osatzeko. Hau da, bertako ikertzaileekin lankidetzan aritu dira, askotan laborategiko lanak eginez. DIPCko zuzendari Ricardo Diezek azaldu du XX. mendearen hasieran, aurrerapen zientifiko erraldoiekbultzatuta, hainbat mugimendu artistiko eta filosofiko sortu zirela, eta, esan daitekeela "artea eta zientzia eskutik" doazen bi kontzeptu direla, azken mendean bakarrik ez, baizik eta betidanik, "biek elkar elikatzen dute eta".Ikerketa zentro batentzat halako proiektuetan parte hartzea pozgarria dela gaineratu du Diezek, eta artistek ikertzaileekin egindako lanak elkarrengandik ikasteko baliatu dutela.

Bellok hamar urte daramatza CERNeko arte esparruaren zuzendari lanetan. "Askotan neure buruari galdetzen diotletretakoa izanik nola amaitu dudan fisika kuantikoaren munduan. Gero, konturatzen naiz ni bezalakoak garenok ez dugula mundu kuantikoa ulertzen, baina harekin bizigarela". Artista bakoitzari zenbait irizpide eman zizkien Bellok; tartean, pieza pertsonalak sortzea, haien estiloa eta izaera piezetan irudikatzea. Baina, era berean, artistek haien izaera artistikoan fisika kuantikoak eduki ditzakeen oihartzunak aurkitzea nahi izan du komisarioak. Eta ikusleen parte hartzea defendatu du. "Erakusketako piezak ez dira itxiak: norberak parte hartzeko aukera ematen dute. Bertaratu, entzun, ikusi,gogoeta egin... Ikusleak interaktibitate hori sentitu behar du".

Hiru gela

Erakusketa guneko sarreran, fisika kuantikoaren dibulgaziorako eremu bat prestatu dute. Azken urteetan dibulgazio zientifikoak gorakada handia izan du, komisarioaren ustez, eta, hori aprobetxatuz, sei pantaila dituen gela bat osatu dute. Bertan, sei pertsonak —haietako batzuk sare sozialen bitartez zientzia dibulgatzen dutenak— fisika kuantikoaren nondik norakoak azaltzen dituzte, hainbat hizkuntzatan. Bello: "Hasierako gela horrek bi bide ditu. Ezkerrekoa argiz beteriko gela bat da, non zazpi pieza dauden. Eskuinekoa, aldiz, iluntasunean murgiltzen da, argi oso gutxirekin".

Ezkerreko gelan, sarrera aldean, Alice Bucknell artistak sortutako bideojoko bat ikus daiteke, bi pantailatan, biak parez pare. Bideojoko horren bidez, fisika kuantikoa interaktibo egin nahi izan du Bucknellek, eta bi pertsonak aldi berean jokatzeko helburuarekin sortu du. Ondoan, Nicole L'Huillierrek tresna zientifiko tradizionalen berrinterpretazio bat irudikatu du, iparrorratz baten bidez. "L'Huillierrek soinuaren bidez aldatzen den pieza bat sortu du, hainbat musikari eta poetarekin elkarlanean egindako soinu banda bat entzuten den bitartean".

Aurrerago, Abelardo Gil-Fournier artistarenlau metroko lan bat ikus daiteke, zeinak orri baten erorialdia irudikatzen duen. "Zenonen efektu kuantikoa irudikatzea da pieza horren helburua. Enrico Fermik egindako esperimentu batean oinarrituta, denboraren eta mugimenduaren izaera arakatzeko saiakera bat da", azaldu du Gil-Fournierrek. Ikuslearen posizioa aldatuz doan heinean, orria irudikatzen duten elementuak argituz edo ilunduz joaten dira.

Ezkerreko gelaren hondoan, Jaione Camborda zinemagile donostiarraren pieza ikus daiteke. "Ikusi ezin den pelikula bat egin dut. Ikuspuntuaren aldaketan ardazten da nire lana", adierazi du egileak. Gor-itsutasuna jorratu nahi zuen zinemagileak, eta, horretarako, buelta bat eman dio zinema pantailen modu tradizionalari, atzeko aldea erakutsiz ikusleari, eta edukia ezkutatuz. Proiektoreak sortzen duen argiak, pantailan talka egitean, espazioaren materialtasuna nabarmentzen du, eta, horrela, gelako puntu ezberdinetatik ikustean, pieza aldatuz doa.

Eskuineko gelan, berriz, lau pieza jarri dituzte. Komisarioak Adriana Knouf artistarena nabarmendu du. Knouf: "Ordenagailu kuantiko bat irudikatzen saiatu naiz nire lanean. Materialak, formak, mugimenduak eta entzuten diren soinuak ordenagailu kuantiko baten antzekoak dira". Horrez gain, pieza osatzen duten kobrezko makiletan ikur edo marrazki batzuk ikus daitezke. Artistak azaldu du marrazki horiek emakume transek bizi izandako borroka irudikatzen dutela, bera emakume transgeneroa baita.

Beste gelan bezala, eskuinaldekoaren hondoan ere ikus-entzunezko pieza bat dago. Marina Rosenfieldek soinua baliatzen du artea egiteko, eta bi pantailaz osaturiko pieza bat txertatu du aretoan. Bi pantailetan marruskadura eragiten duten tresnak irudikatu ditu, zerbait marruskatzen, eta sortzen duten soinua hainbat bozgorailutatik zabaltzen da. Ukimenaren alde kuantikoa erakustea du helburu artistak.

Donostiatik kanpo

Tabakaleran ez ezik beste toki batzuetan ere egingo dituzte erakusketarekin zerikusia duten hainbat jarduera, hala nola Bilboko Guggenheim museoan eta Azkuna zentroan. Horrez gain, Tabakalerak Basileako (Suitza) HEK Haus der Elektronischen Kunste eta Eindhoveneko (Herbehereak) MU Hybrid Art House zentroekin elkarlanean prestatu duIkuspegi kuantikoak, eta, horrenbestez, zentro horietan izango da ikusgai gero: abuztuan Basilean, eta 2026an Herbehereetan.


kooperatiba

Kooperatiba

Taxio Ardanaz eta Carla Filipe

Tabakalera (Donostia, Gipuzkoa)

Du 03 Juillet 2026
Au 10 Janvier 2027

mitologiak

Mitologiak

Bonnat Museoa (Baiona, Lapurdi)

Du 08 Juillet 2026
Au 09 Novembre 2026

arte-lanen-lapurreten-kronologia-bat

Arte-lanen lapurreten kronologia bat

| 10 Octobre 2026

1911ko La Gioconda-tik 2026ko urriaren 4an lapurtutako San Joanen Apokalipsia-raino, Europan eta munduan izandako lapurreta garrantzitsuenen zerrenda.

bilboko-euskal-museoa-zabalik

Bilboko Euskal Museoa, zabalik

Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]
| 8 Octobre 2026

Berritu ondoren zabaldutako museo bati buruz idatzi nuen aurreko astean. Irakurleak barkatuko dit museoei buruzko serie hau, baina ekainean zabaldu zuten Bilboko Euskal Museoari buruz idatzi behar dut gaur, nahiz eta arte museoa ez izan.

oroitzeak-berekin-dakarrena

Oroitzeak berekin dakarrena

Jone Rubio Mazkiaran [BERRIA.eus]
| 8 Octobre 2026

Urtero legez, Mapamunditarrak erakusketa proiektuaren hitzordua gurean dugu berriz, urteroko egutegiari leial. Badira erantzun borobil eta itxiak ematera datozen erakusketak, baina ibilbideak erakutsi ohi digu komisariotza proiektu oro, funtsean galdera batekin hasten dela.

bonnat-museoa-zabalik

Bonnat museoa zabalik

Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]
| 6 Octobre 2026

Azkenean! Ia 15 urte itxita egon ondoren berriz zabaldu dute Baionako Bonnat-Helleu museoa. Leon Bonnat artista baionarrak bere herriko etxeari utzi zion urteetan pilatutako arte bilduma; horren ondorioz, ordura arte bilduma pribatua izan zena publikoa bilakatu zen.

deskolonializazioaren-erronka-euskal-museoetan-ate-joka

Deskolonializazioaren erronka euskal museoetan ate joka

Xalbat Alzugarai Etxeberri [BERRIA.eus]
| 6 Octobre 2026

Europako museoetan maiz piztu ohi da haien bildumetan iragan kolonialak duen arrastoari buruzko polemika. Obra espoliatuak itzularazteko Parisek onartu duen legeak ekarri du gaia hizpidera orain. Adituek diote Euskal Herrian ere "asko" dagoela egiteko.

Artekaria

Le portail de l'art en Euskal Herria

Ceci est le portail créé par le réseau ZAPART. Avec ARTEKARIA, nous voulons donner de la visibilité à l'incroyable richesse artistique et infrastructurelle de notre petit territoire basque (Euskal Herri osoa). En effet, il nous semble que dans un espace aussi réduit où se trouvent tant de musées (Artium, Oteiza, Beaux-Arts de Bilbo, Guggenheim…), de centres d'art (Uharte-zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), de salles publiques et privées (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fondations) galeries traditionnelles ou d'artistes… avec tant de programmations et d'œuvres d'artistes visibles, la visualisation de cet ensemble n'est pas facile. Nous avons créé ce portail pour aider à remédier à ce manque.

Artekaria

Le réseau des artistes professionnel.le.s d'Euskal Herria

Zapart a pour objectif de mettre en réseau, de promouvoir le travail et de défendre les droits des artistes professionnel.le.s vivant et travaillant en Euskal Herri (sur les six territoires historiques que sont Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa et Zuberoa).