artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Artea mugitzearen artea

Artelanak erakusteaz ez ezik, haiek lekualdatzeaz ere arduratzen dira museoak: adibidez, maileguan uzten dituztenean. Zaharberritzaile batek gainbegiratzen du prozesua pieza biltzen dutenetik helmugan ipintzen duten arte, eta aseguratuta joaten dira.

artea-mugitzearen-artea
Equipo 7 Restauracion enpresako beharginak artelan bat garraiatzen Bilboko Iberdrola dorrean. EQUIPO 7 RESTAURACION

Amaia Igartua Aristondo [BERRIA.eus]
| 8 Juin 2026

Industriako egitura mardul bat maneiatzeko logistika behar izan zuten. Ez zen-eta hutsala mugitu beharreko pieza: Eduardo Txillidaren TopalekuaIV eskultura, 13 tona eta erdikoa. Kamioi handi bat, garabi bat, eta objektua bermatzeko egurrezko palet mordo bat erabili zituzten hura Bilboko Arte Ederren Museoko atondotik Hernaniko Txillida Lekura (Gipuzkoa) lekualdatzeko, 2023ko martxoan. Orduak behar izan zituzten eskultura hamar metro eskasera zegoen kamioira eramateko, eta beste horrenbeste eraman behar zuten lekura garraiatzeko. Patxadaz eta tentuz gauzatu beharreko prozesua baita artelanak lekuz aldatzea. Artea, bere horretan.

Hainbat diziplinatako profesionalek parte hartzen dute, eta protokolo zorrotz batzuen arabera gainbegiratzen dituzte urrats guztiak. "Artelan batek balio historiko eta artistiko ordezkaezina dauka", nabarmendu du Javier de Miguel Equipo 7 Restauracion enpresako zaharberritzaileak. "Eta horregatik, halako garraioetan parte hartzen dugun guztion asmoa da obrak jatorrizko mezuari euts diezaiola, eta mezu hori belaunaldiz belaunaldi pasatu dadila".

"Garraioan parte hartzen dugun guztion asmoa da obrak jatorrizko mezuari euts diezaiola, eta mezu hori belaunaldiz belaunaldi pasatu dadila"

JAVIER DE MIGUEL Equipo 7 Restauracion enpresako zaharberritzailea

Ez da izaten salbuespenezko prozesu bat; kontrara, obrak askotan mugitu behar izaten dira. Museoko gune batetik bestera eraman behar direlako batzuetan, zaharberritze laborategira, esate baterako; eta eraikinetik kanpo garraiatu behar izaten dituztelako sarritan, beste instituzio bati maileguan lagatzeko. Museo edo instituzio batek halako eskaera bat jasotzen duenean, erakusketa nolakoa izango den aztertzen dute lehendabizi, eta aldez aurretik eskatzen dituzte lana erakutsiko den aretoaren baldintzak, Estela Solana Txillida Lekuko erakusketen arduradunak azaldu duenez. Izan ere, leku horiek neurri jakin batzuk bete behar izaten dituzte hezetasunari, argi intentsitateari eta tenperaturari dagokienez, eta baldintzok egonkorrak izan behar dute, artelanen ezaugarri fisikoek alteraziorik jasan ez dezaten.

"Material guztiek degradazio prozesu bat izaten dute erabiltzen direnetik: harriak, egurrak, polikromiak, erretxinak...", De Miguelen esanetan. "Artelan guztiek mikrobio bizitza jakin bat daukate, eta giro baldintzak aldatzen direnean, litekeena da bizitza hori esnatzea". Paradoxikoki, arte garaikidea izaten da delikatuena, nabarmendu duenez. "Materialek luze iraun zezaten zaintzen zuten aspaldiko artistek. Baina artista garaikideek material industrialetara jotzen dute, eta horiek hamar bat urte irauten dute".

Kalteen mapa

Nazioarteko estandar batek bermatzen du artelana egoki egongo dela dagoen tokian, Bilboko Arte Ederren Museoko kontserbatzaile buru Gilermo Zuaznabarren hitzetan. "Maila handiko museo guztiek" betetzen dituzte hark ezarritako baldintzak, eta erakustokia estandar horretatik kanpo badago, kasuan-kasuan aztertzen dute ea leku egokia izan daitekeen, pieza han erakutsiko den denboraren, erakusketaren garrantziaren, eta lanak mailegu hartzailearentzat daukan balioaren arabera.

Behin artelana utziko dela erabakita, mailegu orri bat sinatzen dute bi aldeek, "kontratu moduko bat", Solanak argitu duenez. "Eta gero elkarrizketa bat hasten da. Ea artelanak zerbait berezia behar duen erakusketa batean jartzeko —idulki berezi bat, edo garabi bat, esaterako—; ea argi gutxi behar duen...". Artelana mugitu aurretik, hura biltzen ere hasi aurretik, artelanaren egoera fisikoaren azterketa egiten dute zaharberritzaileek. Museoko artelan bakoitzak bere txostena dauka, eta han jasotzen dira bakoitzaren berezitasunak, zer teknikarekin egina dagoen, noizkoa den, baita kalteen mapa deritzona ere, obrak izandako kalteak eta esku hartzeak xehatzen dituena.

Pieza garraiatu baino lehen, jakin behar da artistak —bizirik badago— zer jarraibide ezarri dituen bere obra manipulatzeko, eta kalteen mapa gaurkotu beharra dago. "Eta artelana dagokion lekura iristen denean ere beste azterketa bat egiten da, kalteen mapa aldatu den edo ez ziurtatzeko", Zuaznabarren berbetan. "Aldaketaren bat gertatzen bada, artelanaren jabeari edo arduradunari jakinarazten zaio, eta hark erabakitzen du konpondu behar den edo ez". Dena den, ezusteko horiek "oso-oso ezohikoak" izaten dira, eta museoetan bertan gertatzen dira batik bat, kutxan biltzean edo kutxatik ateratzerakoan, eta ez lekualdaketan bertan. Askotan, antzeman ere ez dira egiten ezbeharrok; atzamarka batzuk izan daitezke, kasurako.

"Europatik kanpo dagoen artelan bat ekarri nahi dugunean, haren balioaren %10 ordaindu behar izaten dugu. Artelanak itzuliko badira ere, aduanetan esportaziotzat edo inportaziotzat hartzen dituzte"

ESTELA SOLANA Hernaniko Txillida Lekuko erakusketen arduraduna

Piezaren egoera egiaztatu eta gero, hura biltzeko ordua da. De Miguelek azaldu duenez, material bereziak erabiltzen dira: azidorik gabekoak, barrubigunak, eta neurrira eginikoak. Behin kutxa zarratuta, 24 orduz uzten da bertan, eta, helmugara heltzen denean, beste 24 orduz uzten da zabaldu baino lehen, "egokituz joan dadin baldintza berrietara", Equipo 7ko zaharberritzaileak zehaztu duenez. Garraioan, obrak tracker batzuk eramaten ditu, bidaian zehar izandako hezetasuna, tenperatura eta bibrazioak erregistratzeko, eta mailegatzen duen instituzioko zaharberritzaile bat joaten da beti harekin batera. "Pertsona hori presente egoten da obra kutxan gordetzen denetik. Aireportuan ere kutxaren ondoan egoten da, eta museora heltzen direnean eta kutxa zabaltzen dutenean ere han egoten da: txosten bat egiten du, eta gainbegiratzen du obra exijitutako baldintzetan ipintzen dela", xehatu du De Miguelek.

Aduanetan korapilatuta

Artelanak kamioi berezietan garraiatu ohi dituzte: klimatizatuak dira, eta suspentsio bereziak dituzte, bibrazioak murrizteko. Baina, batzuetan, arteak badu joera ohikotik harago joateko, forma bereziak lantzeko, esajeratua izateko. Eta ezinbestean, ezohiko taxu horiek lekualdatzeko ezohiko estrategiak behar izaten dira. Txillidaren eskultura batzuk dira horren adibide. "Normalean, artean espezializatutako garraioa alokatzen dugu", adierazi du Solanak, "baina hainbeste tona garraiatzeko ez dute balio". Eskultura mardulak lekualdatu behar direnean, trailer eta garabi enpresekin egiten dute lan zuzenean. "Prozesua oso ikusgarria da. Garabiak ordu erdi behar du hankak ipintzeko bakarrik. Beste museo batzuetan, prozesuaren beldur izaten dira apur bat, baina guretzat oso ohikoa da. Eta garabiko teknikariekin hitz egiten dugunean, beraientzat ez da beste munduko ezer, enpresa horietan 200 tonako piezak mugitzen baitituzte".

Laster 22 tonako Consejo al espacio eramango dute Txillida Lekutik Ponferradako La Termica Cultural zentrora (Espainia). Edozelan ere, ez da sarri gertatzen halako eskulturatzarrak lekualdatu behar izatea, eta ez preseski prozesuaren konplexutasuna dela eta. Kontrara, arazoa zera da: ezin direla edozein aretotan eduki. "Orokorrean, eraikinek metro koadroko 400 kilo baino ezin ditzakete jasan. Museoek normalean ez dizkigute halako piezak eskatzen, ezpada kanpoan jartzeko, edo museo industrial baterako. Adibidez, La Termica Cultural elektrizitate zentro bat izan zen".

Baina alde logistikotik ez ezik, eremu administratibotik ere etor daitezke buruhausteak. Batik bat mailegu eskaerak mugaz kanpokoak direnean, artelanek aduanak igaro behar izaten dituzte eta. "Pieza leku beretik atera eta sartu behar da", zehaztu du Zuaznabarrek. "Aduanatik pasatzeko, irteera eta sarrera datak ezarri behar dira; itzulketa datarik ez badago, ez dizute lana ateratzen utziko". Prozesua bereziki korapilatzen da mugimenduak Europatik kanpo egiten direnean, Solanaren irudiko. "Europatik kanpo dagoen artelan bat ekarri nahi dugunean, haren balioaren %10 ordaindu behar izaten dugu. Azkenean, artelanak itzuliko badira ere, aduanetan esportaziotzat edo inportaziotzat hartzen dituzte". Pieza eskatzen duenak hartzen ditu bere gain gastuok: bai garraioaren kostua, baita erakusketaren produkzioarena ere. Hark ordaintzen du, orobat, piezaren asegurua.

"Iltzetik iltzerako asegurua izaten da: hau da, zintzilikatuta dagoen lekutik zintzilik egongo den beste instituziora bitartekoa"

GILERMO ZUAZNABAR Bilboko Arte Ederren Museoko kontserbatzaile burua

"Museoan ezin ditugu artelan guztiak aseguratuak izan, hori izugarrizko dirutza izango litzateke eta", argitu du Arte Ederren Museoko zaharberritzaileak; baina mugituko diren horiek bai, babestuta joaten dira. Eta garraioari ekin aurretik kudeatzen da arlo hori ere. "Iltzetik iltzerako asegurua izaten da: hau da, zintzilikatuta dagoen lekutik zintzilik egongo den beste instituziora bitartekoa. Nahiz eta museoak baldintzak bete, ahalik eta arrisku gutxien egon dadin, zirrikitu hori betetzeko aseguru bat egitea eskatzen da. Zurea ez den lan bat erakusten duzunean edo gordailuan daukazunean, aseguratua egon behar du", berretsi du Zuaznabarrek.


itzalek-diotena

Itzalek diotena

Ihintza-Chole Hargous Aranburu

Posta aretoa (Urruña, Lapurdi)

Du 11 Septembre 2026
Au 16 Octobre 2026

xabier-morras

Xabier Morrás

Kubo Kutxa aretoa (Donostia, Gipuzkoa)

Du 23 Octobre 2026
Au 07 Février 2027

portrait-intime

Portrait intime

Pilar Belzunce

Txillida leku (Hernani, Gipuzkoa)

Du 05 Juin 2025
Au 26 Décembre 2026

fond-de-bain

Fond de bain

Hermann-Paul

Baionako Euskal Museoa | Musée basque (Baiona, Lapurdi)

Du 18 Septembre 2026
Au 10 Janvier 2027

bilboko-euskal-museoa-zabalik

Bilboko Euskal Museoa, zabalik

Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]
| 8 Octobre 2026

Berritu ondoren zabaldutako museo bati buruz idatzi nuen aurreko astean. Irakurleak barkatuko dit museoei buruzko serie hau, baina ekainean zabaldu zuten Bilboko Euskal Museoari buruz idatzi behar dut gaur, nahiz eta arte museoa ez izan.

oroitzeak-berekin-dakarrena

Oroitzeak berekin dakarrena

Jone Rubio Mazkiaran [BERRIA.eus]
| 8 Octobre 2026

Urtero legez, Mapamunditarrak erakusketa proiektuaren hitzordua gurean dugu berriz, urteroko egutegiari leial. Badira erantzun borobil eta itxiak ematera datozen erakusketak, baina ibilbideak erakutsi ohi digu komisariotza proiektu oro, funtsean galdera batekin hasten dela.

bonnat-museoa-zabalik

Bonnat museoa zabalik

Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]
| 6 Octobre 2026

Azkenean! Ia 15 urte itxita egon ondoren berriz zabaldu dute Baionako Bonnat-Helleu museoa. Leon Bonnat artista baionarrak bere herriko etxeari utzi zion urteetan pilatutako arte bilduma; horren ondorioz, ordura arte bilduma pribatua izan zena publikoa bilakatu zen.

deskolonializazioaren-erronka-euskal-museoetan-ate-joka

Deskolonializazioaren erronka euskal museoetan ate joka

Xalbat Alzugarai Etxeberri [BERRIA.eus]
| 6 Octobre 2026

Europako museoetan maiz piztu ohi da haien bildumetan iragan kolonialak duen arrastoari buruzko polemika. Obra espoliatuak itzularazteko Parisek onartu duen legeak ekarri du gaia hizpidera orain. Adituek diote Euskal Herrian ere "asko" dagoela egiteko.

diferituan-bizitzea

Diferituan bizitzea

Haizea Barcenilla [BERRIA.eus]
| 30 Septembre 2026

Japonian lanean nagoenez, tenplu bateko udazkeneko ekinokzioaren inguruko ospakizun batera hurbildu nintzen aurrekoan. Ez nintzen plan hura egiten bakarra: tenplu txiki samarra zen, eta, iritsi nintzenerako, jendez gainezka zegoen; anitz turistak, ni bezala.

korapiloek-dakitena

Korapiloek dakitena

Maite Luengo Agirre [BERRIA.eus]
| 30 Septembre 2026

'Gerezi Hori' | Artista: Maider Aldasoro. | Non: Rekalde aretoa, Bilbo. | Noiz arte: Azaroaren 22ra arte.

Artekaria

Le portail de l'art en Euskal Herria

Ceci est le portail créé par le réseau ZAPART. Avec ARTEKARIA, nous voulons donner de la visibilité à l'incroyable richesse artistique et infrastructurelle de notre petit territoire basque (Euskal Herri osoa). En effet, il nous semble que dans un espace aussi réduit où se trouvent tant de musées (Artium, Oteiza, Beaux-Arts de Bilbo, Guggenheim…), de centres d'art (Uharte-zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), de salles publiques et privées (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fondations) galeries traditionnelles ou d'artistes… avec tant de programmations et d'œuvres d'artistes visibles, la visualisation de cet ensemble n'est pas facile. Nous avons créé ce portail pour aider à remédier à ce manque.

Artekaria

Le réseau des artistes professionnel.le.s d'Euskal Herria

Zapart a pour objectif de mettre en réseau, de promouvoir le travail et de défendre les droits des artistes professionnel.le.s vivant et travaillant en Euskal Herri (sur les six territoires historiques que sont Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa et Zuberoa).