artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Giovanni Anselmoren grabitazio, tentsio eta orientazioak hartu ditu Bilboko Guggenheim museoak

1960ko 'arte povera' mugimenduaren izen nagusietako bat izandakoaren berrogei artelan baino gehiago biltzen ditu erakusketak, eta hil aurrean Bilborako propio sortu zuen pieza batek ixten du ibilbidea.

giovanni-anselmoren-grabitazio-tentsio-eta-orientazioak-hartu-ditu-bilboko-guggenheim-museoak
Argazkilari bat Giovanni Anselmo artistaren lan bati argazkia ateratzen. Arg/ OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

10 de Febrero 2024 | Iñigo Astiz [BERRIA.eus]

Paisaia elurtu bat ikusten da argazkietan, ilunabartzen, eguzkia pixkanaka sartzen. Azken izpiak dira. Amaitu da eguna. Edo ia. Paisaia horretan, oinez, eguzkirantz, hogei urratsean behin argazki bat ateratzen baitu Giovanni Anselmo artistak (Borgofranco d'Ivrea, Italia, 1934 - Turin, 2023). "Ostertzerantz hurbilduz joan nintzen, eguzkiak pixka bat jaisten jarraitzen zuen bitartean, Lurraren errotazioaren kontrako norabidean ibiliz, neurri infinitesimal batean luzatzen nuen eguna. Interferentzia minimo bat zen prozesu natural batean, noski, inolaz ere neurtu ezin nuena, baina natura horri lotuta sentitzen laguntzen zidan, Lurraren inguruan mugitzen den planeta txiki bat banintz bezala". Ekintza horren ondorio da Interferentzia grabitazio unibertsalean izeneko 30x30 zentimetroko hogei argazkiko seriea, 1969koa, eta balio dezake artistak gizakiaren eta unibertsoko indarren arteko hartu-emanari eskainitako sei hamarkadako ibilbidea laburbiltzeko. Iazko abenduan hil zen sortzailea, eta Bilboko Guggenheim museoak haren berrogei artelan baino gehiago biltzen dituen atzera begirakoa zabaldu du gaur. Giovanni Anselmo. Ostertzaz gaindi deitu dute, eta maiatzaren 19ra arte egongo da zabalik.

1960ko hamarkadan Italian sortutako arte povera (arte txiroa) mugimenduko izenik ezagunenetako bat da Anselmorena. Eta, batez ere, lehen aretoko artelanek dakarte une artistiko eta historiko horren oihartzuna erakusketara. Bertan da, esaterako, 1968ko Tortsioa obra. Burdin ziri baten laguntzaz hormara lotutako oihal mila aldiz kiribildu bat da artelana, bira horien guztien tentsioak airean mantentzen duena. Ziriaren mutur batek eusten dio denari. Eta nahikoa litzateke hura pixka bat mugitzea, obra guztia desegiteko.

Artista ezaguna izanagatik, ordea, Gloria Moure erakusketako komisarioak onartu du akaso ez duela beti izan merezitako sonarik. "Anti-egoa zen. Oso atsegina, oso adeitsua, baina pasatu gabe. Hizketan, janzten, jokatzeko moduan, beti neurritsua. Eta artelanen formalizazioa ere beti da justukoa atzean duen ideia formalizatzera heltzeko. Ez dago apaingarririk, ez gehiegikeriarik. Gogor itxura eman dezake, baina soiltasunaren estetika bat da harena, oso obra poetikoa, eta esentziala, esentzial diren elementuekin lan egiten duena". Eta gero borobildu du gogoeta: "Friboloa den mundu batean, horren kontrakoa irudikatzen du Anselmok".

Azken pieza: Bilborako

Iazko abenduan hil zen Anselmo, 89 urterekin. Denbora zeraman ezin mugiturik, baina burua argi zuela kontatu du Mourek, eta oso aktiboki parte hartu zuela Bilboko erakusketaren diseinuan. Azken egunera arte egon zen lanean, eta, horregatik, harekin adostu bezala zabaldu dute orain. Areago. Bilboko Guggenheim museorako espresuki sortutako Bitartean itsasoz haraindirantz koloreak harria altxatzen du artelana da Anselmok hil aurretik sortu zuen azken pieza, eta erakusketako azken aretoko horman jarri dute.

"Oso ongi ulertuko da lana Euskal Herrian", iragarri du Mourek. Ehunka kiloko eskuz landutako hamabi harri bikotek osatzen dute obra, behealdean laukizuzen urdin bat duena. Soka-laster baten bidez, grabitateak mantentzen ditu kareharriak elkarri eta hormara itsatsita. "Oso artelan astuna da", azaldu du komisarioak, "baina ikaragarria da transmititzen duen arintasuna".

Bizitza harri artean

Mourek deskribatu bezala, muturreko soiltasun bat dario erakusketa osoari. Horren erakusgarri da Ikusezina pieza, esaterako. 1972koa. Berun bloke zatitu bat baino ez da artelana, lurrean, gainazalean italierazko hitz bat idatzita daramana: "visible". Obraren tituluak eta berunaren zatiketak iradokitzen dutenez, ordea, bisitariak berehala ulertuko du hain justu ere, "in" hizkiak liratekeela obrari falta zaion berun puskan idatzita leudekeenak. Eta etengabe azaltzen dira, ikusgarri izan gabe ere, unibertsoa gidatzen duten indarren oroitarazle lanak egiten dituzten elementuak.

Bada, sinplea izanik ere, publiko orokorrarentzat ere bereziki deigarria den pieza bat ere: 1968an sortutako Jaten duen egitura.

Gerri ingururaino iristen diren bi granito blokek osatzen dute pieza hori, eta, alanbre batek loturik, bien artean kokatutako uraza batek eusten dio artelanari zutik. Aldiro ureztatu eta fresko mantendu ezean, erori egingo litzateke granitozko blokeetako bat. Eta, komisarioak dioenez, unibertsoko elementu guztiek elkarrekiko duten loturaz ohartarazten du keinu horrek. "Pieza horren parterik garrantzitsuena bizitza da".

Baina ia obra guztiek dute urazaren piezak nabarmentzen duen oreka prekario hori.

Sumendiko piztea

Data zehatza ere badu Anselmoren kontzientzia pizteak. 1965eko abuztuaren 6an Stromboli sumendiaren muino inguruan ibilian zebilela, eguzkia oraindik ateratzen ari zela, itzalik ez zuela konturatu zen artista. Eguzkiak, bera une hartan zegoen baino baxuago egonik, ez zuen itzala lurrera proiektatzen, baizik eta zerurantz, harentzat ikusezina zen arren. "Itzal ikusezin horren bidez, argiarekin kontaktuan jarri nintzen, infinituarekin". Eta, neurri batean, gerora landu izan duen ibilbide osoaren hazia biltzen du argialdi horrek, hala artistak nola arte historialariek maiz nabarmendu izan dutenez.

Naturaren indarrik oinarrizkoenak dira maiz haren lanaren funtsa: grabitatea, orientazioa eta higadura, kasurako. Eta etengabe igarriko ditu bisitariak konstante horiek. Bueltaka bezala. Eta, hain zuzen ere, artistaren lan egiteko modua hori izaten zelako egin diote uko ibilbidea era kronologiakoan antolatzeari. Moure: "Ez du obra gehiegi. Ez du sekula ordena kronologikoan lan egin, eta behin eta berriz hartzen eta berrikusten ditu hasieratik izan dituen ezinegonak, aldiro, ezberdin formalizatuz. Baina behin forma hori topatutakoan, normalean ez du hura errepikatzen".

Artistak darabilen denboraren kontzepzioa ere nabarmendu du komisarioak. Eta 1970eko Desegitea artelana izan daiteke horren adibide. Proiektore batek, hain justu, hitz horixe bera argitzen duelako burdinazko 40 zentimetro altu den kubo trinko batean: "dissolvenza". Mourak azaldu duenez, obra desegin egingo baita azkenean, proiekzioaren argiak eragindako berotasun sotil horren ondorioz. Baina, noski, milaka eta milaka urteren buruan.

Moure: "Milaka urte dituen denbora bat da berak formalizatzen duena, denbora zirkular bat, zientifikoa, unibertsoarena, denbora erreala. Berak ez du kontuan hartu ere egiten erlojuaren denbora, denbora lineal bat dena, kontsumoari lotutakoa, eta fikziozkoa dena. Eta horrek bakarrik jada kokatu egiten du".

mas-alla-del-horizonte

Más allá del horizonte

Giovanni Anselmo

Guggenheim Bilbao (Bilbo, Bizkaia)

Desde el 09 de Febrero 2024
Al 19 de Mayo 2024


latires

Latires

Nisa Goiburu

Cristina Enea fundazioa (Donostia, Gipuzkoa)

Desde el 03 de Octubre 2025
Al 08 de Diciembre 2025

topaketen-dardara-artistikoa-iraunaraztea

Topaketen dardara artistikoa iraunaraztea

16 de Nov. | Uxue Rey Gorraiz [BERRIA.eus]

Iazko Iruñeko Topaketetan plazaratutako gogoeta artistikoetan inspiratutako sei obra jarri dituzte ikusgai Baluarten, gune hori pentsamendurako eta sorkuntzarako "erresonantzia kaxa" bihurtzeko asmoz. Erakusketa azaroaren 29ra arte izanen da ikusgai.

erakusketa-integratzailea

Erakusketa integratzailea

14 de Nov. | Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]

Gutxien espero duzun erakusketak generoaren parekidetasun aldetik egokia izateagatik harritzen zaitu. Ezusteko polita izan nuen Bartzelonako Miró Fundazioan ikusgai dagoen Miró eta Estatu Batuak erakusketa bisitatzerakoan.

ez-dakizuna-egitea-ez-dakizunarekin

Ez dakizuna egitea, ez dakizunarekin

14 de Nov. | Iñigo Astiz [BERRIA.eus]

Azken bost urteetan sortutako eskulturak bildu ditu Angel Bados artistak Bilboko Carreras Mugica galerian. Jorge Oteizaren oihartzuna eta Europako artea ez ezik, arabiar kultura ere izan du sorkuntzarako solaskide.

firenzek-fra-angelicoren-birbalorazioa-proposatzen-du

Firenzek Fra Angelicoren birbalorazioa proposatzen du

12 de Nov. | Olivier Tosseriren artikulutik itzulia [JdA]

Italiako azken hirurogeita hamar urteetan egin den lehen atzera begirako erakusketak baieztatzen du fraide margolariari Berpizkundeko iraultza artistikoan egotzitako rola.

Artekaria

El poratl del arte en Euskal Herria

Este es el portal creado por la red ZAPART. Con ARTEKARIA queremos dar visibilidad a la increíble riqueza artística e infraestructural de nuestro pequeño territorio vasco (Euskal Herri osoa). De hecho, nos parece que en un espacio tan reducido donde se encuentran tantos museos (Artium, Oteiza, Oteiza, Artes de Bilbo, Guggenheim…), centros de arte (Uharte-zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), salas públicas y privadas (Didam, Zitadela, Bastero, Ospitalea, fondations), galería de arte tradicional o de artistas... con tantas programaciones y obras de artistas visibles, la visualización de este conjunto no es fácil. Hemos creado este portal para ayudar a resolver esta falta.

Artekaria

La red de l@s artist@s profesionales de Euskal Herria

Zapart tiene como objetivo conectar, promover el trabajo y defender los derechos de l@s artist@s profesionales que viven y trabajan en Euskal Herria (en los seis territorios historicos que son Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa y Zuberoa).