artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Giovanni Anselmoren grabitazio, tentsio eta orientazioak hartu ditu Bilboko Guggenheim museoak

1960ko 'arte povera' mugimenduaren izen nagusietako bat izandakoaren berrogei artelan baino gehiago biltzen ditu erakusketak, eta hil aurrean Bilborako propio sortu zuen pieza batek ixten du ibilbidea.

giovanni-anselmoren-grabitazio-tentsio-eta-orientazioak-hartu-ditu-bilboko-guggenheim-museoak
Argazkilari bat Giovanni Anselmo artistaren lan bati argazkia ateratzen. Arg/ OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

2024ko Otsailaren 10a | Iñigo Astiz [BERRIA.eus]

Paisaia elurtu bat ikusten da argazkietan, ilunabartzen, eguzkia pixkanaka sartzen. Azken izpiak dira. Amaitu da eguna. Edo ia. Paisaia horretan, oinez, eguzkirantz, hogei urratsean behin argazki bat ateratzen baitu Giovanni Anselmo artistak (Borgofranco d'Ivrea, Italia, 1934 - Turin, 2023). "Ostertzerantz hurbilduz joan nintzen, eguzkiak pixka bat jaisten jarraitzen zuen bitartean, Lurraren errotazioaren kontrako norabidean ibiliz, neurri infinitesimal batean luzatzen nuen eguna. Interferentzia minimo bat zen prozesu natural batean, noski, inolaz ere neurtu ezin nuena, baina natura horri lotuta sentitzen laguntzen zidan, Lurraren inguruan mugitzen den planeta txiki bat banintz bezala". Ekintza horren ondorio da Interferentzia grabitazio unibertsalean izeneko 30x30 zentimetroko hogei argazkiko seriea, 1969koa, eta balio dezake artistak gizakiaren eta unibertsoko indarren arteko hartu-emanari eskainitako sei hamarkadako ibilbidea laburbiltzeko. Iazko abenduan hil zen sortzailea, eta Bilboko Guggenheim museoak haren berrogei artelan baino gehiago biltzen dituen atzera begirakoa zabaldu du gaur. Giovanni Anselmo. Ostertzaz gaindi deitu dute, eta maiatzaren 19ra arte egongo da zabalik.

1960ko hamarkadan Italian sortutako arte povera (arte txiroa) mugimenduko izenik ezagunenetako bat da Anselmorena. Eta, batez ere, lehen aretoko artelanek dakarte une artistiko eta historiko horren oihartzuna erakusketara. Bertan da, esaterako, 1968ko Tortsioa obra. Burdin ziri baten laguntzaz hormara lotutako oihal mila aldiz kiribildu bat da artelana, bira horien guztien tentsioak airean mantentzen duena. Ziriaren mutur batek eusten dio denari. Eta nahikoa litzateke hura pixka bat mugitzea, obra guztia desegiteko.

Artista ezaguna izanagatik, ordea, Gloria Moure erakusketako komisarioak onartu du akaso ez duela beti izan merezitako sonarik. "Anti-egoa zen. Oso atsegina, oso adeitsua, baina pasatu gabe. Hizketan, janzten, jokatzeko moduan, beti neurritsua. Eta artelanen formalizazioa ere beti da justukoa atzean duen ideia formalizatzera heltzeko. Ez dago apaingarririk, ez gehiegikeriarik. Gogor itxura eman dezake, baina soiltasunaren estetika bat da harena, oso obra poetikoa, eta esentziala, esentzial diren elementuekin lan egiten duena". Eta gero borobildu du gogoeta: "Friboloa den mundu batean, horren kontrakoa irudikatzen du Anselmok".

Azken pieza: Bilborako

Iazko abenduan hil zen Anselmo, 89 urterekin. Denbora zeraman ezin mugiturik, baina burua argi zuela kontatu du Mourek, eta oso aktiboki parte hartu zuela Bilboko erakusketaren diseinuan. Azken egunera arte egon zen lanean, eta, horregatik, harekin adostu bezala zabaldu dute orain. Areago. Bilboko Guggenheim museorako espresuki sortutako Bitartean itsasoz haraindirantz koloreak harria altxatzen du artelana da Anselmok hil aurretik sortu zuen azken pieza, eta erakusketako azken aretoko horman jarri dute.

"Oso ongi ulertuko da lana Euskal Herrian", iragarri du Mourek. Ehunka kiloko eskuz landutako hamabi harri bikotek osatzen dute obra, behealdean laukizuzen urdin bat duena. Soka-laster baten bidez, grabitateak mantentzen ditu kareharriak elkarri eta hormara itsatsita. "Oso artelan astuna da", azaldu du komisarioak, "baina ikaragarria da transmititzen duen arintasuna".

Bizitza harri artean

Mourek deskribatu bezala, muturreko soiltasun bat dario erakusketa osoari. Horren erakusgarri da Ikusezina pieza, esaterako. 1972koa. Berun bloke zatitu bat baino ez da artelana, lurrean, gainazalean italierazko hitz bat idatzita daramana: "visible". Obraren tituluak eta berunaren zatiketak iradokitzen dutenez, ordea, bisitariak berehala ulertuko du hain justu ere, "in" hizkiak liratekeela obrari falta zaion berun puskan idatzita leudekeenak. Eta etengabe azaltzen dira, ikusgarri izan gabe ere, unibertsoa gidatzen duten indarren oroitarazle lanak egiten dituzten elementuak.

Bada, sinplea izanik ere, publiko orokorrarentzat ere bereziki deigarria den pieza bat ere: 1968an sortutako Jaten duen egitura.

Gerri ingururaino iristen diren bi granito blokek osatzen dute pieza hori, eta, alanbre batek loturik, bien artean kokatutako uraza batek eusten dio artelanari zutik. Aldiro ureztatu eta fresko mantendu ezean, erori egingo litzateke granitozko blokeetako bat. Eta, komisarioak dioenez, unibertsoko elementu guztiek elkarrekiko duten loturaz ohartarazten du keinu horrek. "Pieza horren parterik garrantzitsuena bizitza da".

Baina ia obra guztiek dute urazaren piezak nabarmentzen duen oreka prekario hori.

Sumendiko piztea

Data zehatza ere badu Anselmoren kontzientzia pizteak. 1965eko abuztuaren 6an Stromboli sumendiaren muino inguruan ibilian zebilela, eguzkia oraindik ateratzen ari zela, itzalik ez zuela konturatu zen artista. Eguzkiak, bera une hartan zegoen baino baxuago egonik, ez zuen itzala lurrera proiektatzen, baizik eta zerurantz, harentzat ikusezina zen arren. "Itzal ikusezin horren bidez, argiarekin kontaktuan jarri nintzen, infinituarekin". Eta, neurri batean, gerora landu izan duen ibilbide osoaren hazia biltzen du argialdi horrek, hala artistak nola arte historialariek maiz nabarmendu izan dutenez.

Naturaren indarrik oinarrizkoenak dira maiz haren lanaren funtsa: grabitatea, orientazioa eta higadura, kasurako. Eta etengabe igarriko ditu bisitariak konstante horiek. Bueltaka bezala. Eta, hain zuzen ere, artistaren lan egiteko modua hori izaten zelako egin diote uko ibilbidea era kronologiakoan antolatzeari. Moure: "Ez du obra gehiegi. Ez du sekula ordena kronologikoan lan egin, eta behin eta berriz hartzen eta berrikusten ditu hasieratik izan dituen ezinegonak, aldiro, ezberdin formalizatuz. Baina behin forma hori topatutakoan, normalean ez du hura errepikatzen".

Artistak darabilen denboraren kontzepzioa ere nabarmendu du komisarioak. Eta 1970eko Desegitea artelana izan daiteke horren adibide. Proiektore batek, hain justu, hitz horixe bera argitzen duelako burdinazko 40 zentimetro altu den kubo trinko batean: "dissolvenza". Mourak azaldu duenez, obra desegin egingo baita azkenean, proiekzioaren argiak eragindako berotasun sotil horren ondorioz. Baina, noski, milaka eta milaka urteren buruan.

Moure: "Milaka urte dituen denbora bat da berak formalizatzen duena, denbora zirkular bat, zientifikoa, unibertsoarena, denbora erreala. Berak ez du kontuan hartu ere egiten erlojuaren denbora, denbora lineal bat dena, kontsumoari lotutakoa, eta fikziozkoa dena. Eta horrek bakarrik jada kokatu egiten du".

ostertzaz-gaindi

Ostertzaz gaindi

Giovanni Anselmo

Guggenheim Bilbao (Bilbo, Bizkaia)

2024ko Otsailaren 09tik
2024ko Maiatzaren 19ra


marlene-mccarty

Marlene McCarty

Tabakalera (Donostia, Gipuzkoa)

2025eko Urriaren 16tik
2026ko Otsailaren 08ra

ukitu

Ukitu

Maider López

Kubo Kutxa aretoa (Donostia, Gipuzkoa)

2025eko Urriaren 24tik
2026ko Otsailaren 07ra

irati-gorostidi

Irati Gorostidi

Tabakalera (Donostia, Gipuzkoa)

2025eko Irailaren 11etik
2026ko Urtarrilaren 25era

hosto-orrien-artean

Hosto-orrien artean

Cristina Enea fundazioa (Donostia, Gipuzkoa)

2025eko Martxoaren 28tik
2025eko Ekainaren 15era

doma

Doma

Ioana Hernández Arriaga

Iruñeako Zitadela (Iruñea, Nafarroa)

2025eko Apirilaren 16tik
2025eko Ekainaren 29ra

nora-gondat-saritu-dute-hau-diseinu-lehiaketaren-zortzigarren-edizioan

Nora Gondat saritu dute HAU. Diseinu Lehiaketaren zortzigarren edizioan

| 2025eko Ekainaren 13a

Ontzitegia izan da edizio honetan tradizioa eta garaikidetasuna ongien uztartzeagatik aukeratutako objektua eta gaurtik aurrera, San Telmo Museoko gastrokultura gunean, ikusgai izango dira epaimahaiak aukeratutako 8 proiektuak; tartean, Nora Gondaten "BATU" irabazlea.

erdi-aroko-maisulanak

Erdi Aroko maisulanak

Eka. 12 | Haizea Barcenilla [BERRIA.eus]

Jesusek begi zabal handiz begiratzen digu, gazte eta bizarrik gabe. Zirkulu batean kokatuta dago eta horren kanpoan irudiak biderkatzen dira, beragandik mundua irradiatuko balitz bezala.

artium-museoak-josu-bilbaoren-h-erakusketa-aurkeztu-du

Artium Museoak Josu Bilbaoren 'h' erakusketa aurkeztu du

| 2025eko Ekainaren 12a

Erakusketa artistaren bi interes errepikakorren, espazioaren eta hizkuntzaren, inguruko hausnarketa da. Bilbaok museoko A2 aretoaren arkitekturan ere esku-hartu du. Erakusketa dela eta, Artium Museoak #Hitzak argitalpen-sailaren ale berri bat argitaratu du.

norberaren-erara

Norberaren erara

Eka. 11 | Garazi Ansa [BERRIA.eus]

'HELEN FRANKENTHALER: araurik gabe margotzen' | Non: Guggenheim museoan, Bilbon. | Noiz arte: Irailaren 28ra arte.

erroma-bulegoan

Erroma Bulegoan

Eka. 05 | Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]

Susana Talayero artistak Erromako esperientzia ekarri du Bilboko Bulegoa z/b-ren egoitzara. 60ko hamarkadatik gaur egunera arte emakumezko artistek antolatutako erakusketen ikerketa bultzatzea da Material Voices izeneko programaren helburua. Testuinguru horretan aurkeztu du Susana Talayerok Un fondo blanco que nunca estuvo limpio (Inoiz garbi egon ez zen hondo zuria) izenburua daraman erakusketa.

espazio-propio-bat

Espazio propio bat

Eka. 05 | Jone Rubio Mazkiaran [BERRIA.eus]

'Jostatuz, kontatu egiten dut ' | Artista: Mertxe Sueskun. | Non: Nafarroako Museoan (Iruñea). | Noiz arte: 2025eko irailaren 14ra arte.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.