artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Ideologien beldurrik bai?

Lurrak ez du jaberik izango | Artista: Marwa Arsanios. | Tokia: Artiumen, Gasteizen. | Noiz arte: apirilaren 12ra arte.

ideologien-beldurrik-bai
Marwa Arsanios artistaren 'Lurrak ez du jaberik izango' erakusketa, Artiumen. RAUL BOGAJO / FOKU

Jone Rubio Mazkiaran [BERRIA.eus]
| 2026ko Urtarrilaren 22a

Artiumera joan naiz, proposatzen dituen erakusketen artean baten izenak erakarrita: Lurrak ez du jaberik izango. Lurren, herrialdeen eta norbanakoen bizitzen jabetzarekin lotutako egoera distopikoak gure egunerokotasunaren parte bilakatu diren honetan, ziur nago titulua zuei ere deigarria egingo zaizuela. Izenburuaren atzean Marwa Arsanios artista libanoarra dago, eta Hego Globalean kokatutako ekosistemen elkarbizitza eta koexistentziaren bueltako ekoizpen bisual eta plastikoa proposatzen du erakusketaren bitartez.

Museoan sartu naiz. Berriz ere kristalezko lanpara, berriz ere eskaileretan behera, eta berriz ere ezkerreko aretoetara zuzentzen dut ibilbidea. Mostraren testua duen hormaren aurrean gelditu naiz, beste aretoetako soinuek nolabaiteko harrera egiten didaten bitartean.

Antza denez, Arsaniosen erakusketaren ardatz nagusia Who Is Afraid of Ideology?ikus-entzunezko proiektua da. Hau bost ataletan banatuta, gizarte kapitalistak egituratutako sistema kolonialetatik harago, lurraren jabetza eta ustiapena antolatzeko hainbat kasu aurkezten ditu; preseski, horren parte diren osagai guztien koexistentzia zainduko zituztenak. Hala, egoera eta eszenatoki ezberdinak agertzen dira proiektuak osatzen dituen bost filmetan: Kurdistan, Siria, Kolonbia eta Libano, zehazki.

Lehenengo gelan nago orain. Bertan, pantaila handi bat dago sabaitik zintzilik. Nire desplazamendua baldintzatzen duen heinean, haren aurrean eseri naiz, zer kontatuko didan zain. Bankuan dauden kaskoak jartzen ditudanean, zenbait ahots femeninok beren bizipenei buruz dihardute. Pantailan mendi bat agertzen den bitartean, batzuek Kurduen Gerrillan zeudenean espazioarekin, naturarekin zehazki, zuten harremana azaltzen dute. Izan ere, egitura politikoek beren herriaren existentzia ukatzen zuten heinean, orduan (eta orain) geratzen zitzaien bakarra lurra baitzen (delako).

Bankutik altxatu naiz, eta pantailaren beste aldean bigarren bideo bat dagoela ohartuta, haren aurrean gelditu naiz. Eszenatokia Siriako Jinwar herrixka da. Ikusten dudanak berehala pizten dit arreta. 2017an sortu zen herri hura emakumez osatuta dagoelako soilik.

Askotan, gure begirada kolonialak patriarkatuak eragindako indarkerien diskurtsoetara mugatzen ditu Hegoaldeko herrialdeak. Hots, kasu honetan diskurtso hori deseraikitzen duen bestelako eszenatoki bat erakusten du bideoak. Jinwar herri feminista eta ekologista bat delako, non elkarren zaintzaz beste, inguruko landareen, animalien eta lurraren zaintza ere funtsezko ardatz diren.

Altxatzean animalien zein landareen marrazkiek markatzen duten pasabidearen amaierara gerturatu naiz. Han, sabaitik zintzilikatutako ehun handi batek erakartzen nauen heinean. Bertan irudikatzen diren forma geometrikoen artean ‘jabetza' eta ‘ez-jabetza' bezalako hitzak irakur daitezke; araudi baten gisara, komunitate baten funtzionamendua iradokitzen dutenak.

Piezak Who is Afraid of Ideology? proiektuaren hirugarren atalari eskainitako gelari egiten dio harrera. Berriz ere, espazioan dagoen eserleku geometriko eta eskultorikoan esertzen naiz, pantailari arreta jarriz. Bertan, hainbat pertsonek lurraren jabetza eta ez-jabetzaren inguruko gogoetak partekatzen dituzte, ardatz nagusi gisa lur zati baten bitartez espazio komunal bat sortzeko nahia hartuta. Tarte baten ostean, hurrengo gelarantz noa, horrek zer eskainiko didan zain.

Ikus-entzunezkoak bigarren plano batean geratzen dira hemen, pinturek zein ehungintzak hartzen baitute lekua. Eta, hala, ikusleari nolabaiteko arnasa ematen diote, aurreko bideoen karga bisual, plastiko, eta informatiboa baretuaz. Aldi berean, ehunetan brodatutako figurek ikusi eta entzundakoarekin loturak ehuntzen dituzte, sabaian zintzilikatuta dauden legeek hori bera ere lortzen duten era berean; erakusketa beste erritmo batean jarraitzeko aukera eskainiz.

Oraindik ere, beste bi bideo falta zaizkit ikusteko, eta une honetan erakusketek eskatzen duten denbora eta erritmoen inguruan hausnartzen hasi naiz. Egungo denboren logikak kontsumo azkarra inposatzen digulako, erakusketa bat ikustearekin nahikoa izango balitz bezala. Kontrara, azkenengo bideoak ikusten ditudan bitartean sentitzen dut erakusketa hau harrera gune bihur zitekeela, non bideoak lasaitasunez ikus zitezkeen, egun batean eta hurrengoan, ikusten dugun hori barneratzen dugun bitartean gerora espazio hura ere eztabaidagune bihurtuz. Mostrak ez dituelako soilik beste lurralde batzuetako erresistentzia-moduak erakusten, baizik eta ikusle gisa dugun kokapena ere kolokan jartzen duelako, gure begiradaren pribilegioak eta konplizitateak agerian utziz.


essence

Essence

Erakusketa kolektiboa

Virginie Bario Galeria (Hendaia, Lapurdi)

2026ko Irailaren 12tik
2026ko Azaroaren 04ra

fig-bilbao

FIG Bilbao

Paper Arte eta Grabatuaren Nazioarteko Jaialdia

Euskalduna Jauregia (Bilbo, Bizkaia)

2026ko Azaroaren 26tik
2026ko Azaroaren 29ra

gorputz-geometrikoak

Gorputz geometrikoak

Eduardo Txillida

Txillida leku (Hernani, Gipuzkoa)

2026ko Ekainaren 25etik
2026ko Urriaren 26ra

kooperatiba

Kooperatiba

Taxio Ardanaz eta Carla Filipe

Tabakalera (Donostia, Gipuzkoa)

2026ko Uztailaren 03tik
2027ko Urtarrilaren 10era

the-new-ink

The New Ink.

Matias Ofizialdegi (SMOF)

La Fabrica De Gomas (Iruñea, Nafarroa)

2026ko Irailaren 11etik
2026ko Urriaren 25era

bilboko-euskal-museoa-zabalik

Bilboko Euskal Museoa, zabalik

Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 8a

Berritu ondoren zabaldutako museo bati buruz idatzi nuen aurreko astean. Irakurleak barkatuko dit museoei buruzko serie hau, baina ekainean zabaldu zuten Bilboko Euskal Museoari buruz idatzi behar dut gaur, nahiz eta arte museoa ez izan.

oroitzeak-berekin-dakarrena

Oroitzeak berekin dakarrena

Jone Rubio Mazkiaran [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 8a

Urtero legez, Mapamunditarrak erakusketa proiektuaren hitzordua gurean dugu berriz, urteroko egutegiari leial. Badira erantzun borobil eta itxiak ematera datozen erakusketak, baina ibilbideak erakutsi ohi digu komisariotza proiektu oro, funtsean galdera batekin hasten dela.

bonnat-museoa-zabalik

Bonnat museoa zabalik

Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 6a

Azkenean! Ia 15 urte itxita egon ondoren berriz zabaldu dute Baionako Bonnat-Helleu museoa. Leon Bonnat artista baionarrak bere herriko etxeari utzi zion urteetan pilatutako arte bilduma; horren ondorioz, ordura arte bilduma pribatua izan zena publikoa bilakatu zen.

deskolonializazioaren-erronka-euskal-museoetan-ate-joka

Deskolonializazioaren erronka euskal museoetan ate joka

Xalbat Alzugarai Etxeberri [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 6a

Europako museoetan maiz piztu ohi da haien bildumetan iragan kolonialak duen arrastoari buruzko polemika. Obra espoliatuak itzularazteko Parisek onartu duen legeak ekarri du gaia hizpidera orain. Adituek diote Euskal Herrian ere "asko" dagoela egiteko.

diferituan-bizitzea

Diferituan bizitzea

Haizea Barcenilla [BERRIA.eus]
| 2026ko Irailaren 30a

Japonian lanean nagoenez, tenplu bateko udazkeneko ekinokzioaren inguruko ospakizun batera hurbildu nintzen aurrekoan. Ez nintzen plan hura egiten bakarra: tenplu txiki samarra zen, eta, iritsi nintzenerako, jendez gainezka zegoen; anitz turistak, ni bezala.

korapiloek-dakitena

Korapiloek dakitena

Maite Luengo Agirre [BERRIA.eus]
| 2026ko Irailaren 30a

'Gerezi Hori' | Artista: Maider Aldasoro. | Non: Rekalde aretoa, Bilbo. | Noiz arte: Azaroaren 22ra arte.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.