artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Iragan kolonialari beha

Kolonialismoan arpilatutako ondareaz gogoeta egiten hasiak dira Mendebaldeko museo ugari. Adituek uste dute artelanak jatorrizko herrialdeetara itzultzeaz harago doala prozesua, eta Euskal Herrian badela zer berrikusi.

iragan-kolonialari-beha
Arabako Arte Ederren Museoa, Gasteizen. RAUL BOGAJO / FOKU

12 de Marzo 2024 | Edurne Begiristain [BERRIA.eus]

Mati Diop (Paris, Frantzia, 1982) zinemagileak berriki eraman du gaia lehen lerrora, Berlinaleko Urrezko Hartza irabazi duen Dahomey dokumentalean: Beningo agintariek eskatutako 26 artelan itzultzea erabaki zuen Frantziako Gobernuak 2020an, eta, artelan horien arrastoari segika, Diopek Afrikako herrialdeko herritarren ahotsa jaso du pelikulan. Frantziak arpilatutako ondarea jatorrizko herrialdera bueltatzeko prozesuari buruzko beldurrak eta aurrera begirako erronkak islatu ditu dokumentalean.

Urteetan, mendean hartutako lurraldeetatik arpilatutako piezekin osatu zituzten beren bildumak Mendebaldeko museo nagusiek, eta milaka eta milaka daude oraindik haietan ikusgai. Antzinako zibilizazioetako eta egungo hainbat herrialdetako kultur ondareko piezaz gainezka daude Londresko British Museum, Parisko Louvre edota Berlingo Neues Museumeko areto eta biltegiak, beste askoren artean. Zenbait historialarik diotenez, Afrikako ondare kulturalaren %90 inguru Europan dago.

Azken urteotan, baina, museoen ikuspegi koloniala gainditzeko eztabaida zabalduz joan da nazioartean. Europako zenbait museok urratsak egin dituzte artelanak jatorrizko herrialdeetara itzultzeko, edota arte objektuak testuinguru historikoaren arabera berriz interpretatzeko eta aztertzeko.

Duela zenbait aste, Espainiako Gobernuko Kultura ministro Ernest Urtasunek iragarri zuen elkarrizketa prozesu bat abiatuko zuela museoen ikuspegi kolonialista eta eurozentrista gainditzeko, eta, iragarpenaren ondotik, zenbait museo hasi dira urratsak egiten. Madrilgo Reina Sofia museoak, adibidez, deskolonizazio prozesua gidatzeko arduradun bat izendatu berri du: Amanda de la Garza komisarioa eta Mexikoko artearen historiagilea.

Begirada kritikoa

Museoen deskolonizazioaz galdera egin die BERRIAk sektoreko hainbat adituri, eta denak bat datoz: eztabaida abiatu izana positiboa da, eta begirada koloniala gainditzeko pausoak ematen hastea, ezinbestekoa.

Museoen ikuspegi koloniala berrikusteko urratsak egitea baikorra ez ezik "aberasgarria" ere badela iritzi dio Rafa Zulaika arte historialariak (Donostia, 1963). Haren ustez, genero ikuspegia museoen narratibetan naturaltasunez barneratu den moduan, deskolonizazioari buruzko eztabaida ere "beldurrik gabe" aztertu beharko litzateke. "Museoek begirada kritiko bat izan beharko lukete hamarkadetako historiarekiko, eta pentsaera kritiko horretatik ondorio batzuk atera", erantsi du.

Arte garaikideko museoei ere "bete-betean" eragiten die auziak, ez hainbeste euren bildumekin zerikusia duelako, programatzerakoan aintzat hartu beharreko gaia delako baizik. Hala uste du Catalina Lozano Artium museoko komisarioak (Bogota, Kolonbia, 1979): "Arte garaikideko museoek ezinbestez kontuan hartu beharko lukete eztabaida hori, historia garaikidea kolonizazioarekin estuki lotuta baitago". Hego Amerikarekin alderatuta, Europan egiteko asko dago oraindik museoen ikuspegi koloniala gainditzeko, Lozanoren ustez. "Europak bere buruari begiratu beharko lioke, eragile kolonizatzailea izan baita", erantsi du.

Kolonialismoaren ondorioak aztertzen dituen Contrapunto elkarteko kide da Mikel Henda Gomez de Segura filosofiako doktorea (Gasteiz, 1984), eta uste du eztabaidari "seriotasunez" heldu nahi bazaio gaiaren ertz guztiak hartu behar direla aintzat. Besteak beste, premiazkotzat jo du testuinguruan kokatzea museoek gizartean duten funtzioa. Uste du, gainera, prozesu hori egiterakoan aintzat hartu behar dela kolonialismoaren ondorioak pairatu dituztenen ahotsa: "Ez du balio euskaldunoi edo europarroi iruditzen zaigun moduan egiteak. Prozesu horrek benetako balioa izan dezan, biktimekin hitz egin behar da, eta haien eskakizunak entzun", zehaztu du.

Praktikan, nola?

Baina ikuspegi koloniala gainditzeko zer urrats egin behar dituzte museoek? Galdera horri "gogoeta sakon" batetik so egitearen aldekoa da Zulaika, horrek berekin ekarri behar duelako artelanak eta objektu kulturalak hainbat ikuspegitatik berriro aztertzea eta "narratiba zabaltzea". Posible denean artelanak jatorrizko lekuetara itzuli beharko liratekeela dio, baina ez du uste praktika horrek arau orokorra izan behar duenik: "Kontraesana dirudien arren, ondarearen ahultasuna kontuan hartu behar da horrelako pauso bat ematerakoan, eta akaso museoek beren buruari galdetu beharko diote ea jatorrizko herrialdeek baldintza egokienak dituzten objektuak berreskuratzeko eta kontserbatzeko".

Ondarea kontserbatu eta hurrengo belaunaldientzako transmisioa bermatu nahi bada deskolonizazioaz "gogoeta zabalagoa" egitearen aldekoa ere bada Zulaika, besteak beste museoen interpretazio markoa "berrituta, zabalduta eta osatuta". Eta, horretarako, funtsezkotzat jo du jatorrizko komunitateekin lankidetza aktiboa izatea, jatorriko komunitateek erabakiak har ditzaten piezak interpretatzen eta erakusketak planifikatzen.

Antzera mintzatu da Gomez de Segura ere. Haren aburuz, ezinbestekoa da arpilatutako artelanen inbentarioa egitea eta "lapurtutakoaren" balio sinbolikoa, erlijiosoa eta kulturala dokumentatzea, betiere jatorrizko herrialdeetako adituekin elkarlanean. Museoaren izaeraren araberako neurriak hartzea proposatu du, berriz, Lozanok. Museo etnografikoei dagokienez, egoki ikusten du artelanak jatorrizko herrialdeetara itzultzea, betiere prozesu hori gogoeta sakon batekin lagunduta egiten bada. "Objektuak itzultzea bezain garrantzitsua baita horri buruzko eztabaida zabaltzea".

Arte garaikideko museoek ere badute zeresanik. Artium museoko komisarioak uste du funtsezkoa dela gaur egungo sormenari historiaren ikuspegi kritiko batetik begiratzea, eta artistek eta museoek txertatu dezaketela begirada hori beren egitekoan. Baita Artium museoak ere: "Gasteiz hiri plurala da, eta gero eta lotuago dago migrazio prozesuekin. Ezaugarri horiek oso kontuan hartzekoak dira museoak hirian izan behar duen tokia eta funtzioa eztabaidatzerakoan".

Euskal Herriko museoei so egin die Contrapunto elkarteko ordezkariak, eta gogorarazi du testuinguru kolonialak zipriztinduta daudela horietako asko: "Hemen ere bada zer hausnartu: ez gara salbuespena". Bi adibiderekin islatu du hori: Arabako Arte Ederren Museoaren eraikina Julian Zulueta esklabista ezagunaren jauregietako bat izan zen, eta Gasteizko Erlijio Artearen Museoak Hego Ameriketan egindako zilarrezko piezen bilduma bat gordetzen du.

Narratiba, auzitan

Kolonialismoa gainditzeak museoen narratibari eragiten diola uste dute hiru adituek. "Museoen biografia berritu behar da", dio Zulaikak. "Museoak eraldatu behar dira dominazio eta hierarkia inposizioen tresnak izateari utz diezaioten", gehitu du Lozanok.

Harago jo du Gomez de Segurak. Haren iritziz, museoetan erabaki da beste herrialdeetako arteak ez duela Mendebaldeko artearekin egon behar, eta, hala, "arte bat" museo etnografikoetara bideratu da, eta "bestea", arte ederren museoetara. "Haiek eta gu bat ezarri dute, arte onari eta kultura onari buruzko hierarkia bat", erantsi du.

Kontaketa "berri" baten beharra azpimarratu du Zulaikak, eta museoen izaera "kontserbatzaileari" ikuspuntu kritiko batetik so egitea: "1960ko hamarkadan Afrikatik edo Hego Ameriketatik ekarritako artelanen bilduma bat izateak ez du bihurtzen museo hori kolonizatzaile, baina badu azterketa berri bat egitearen ardura, izan erakusketa batekin, ikerketa lerro batekin, formazioarekin...".

Bristol (Ingalaterra) museoan topatu du Zulaikak azaldutakoa islatzen duen adibide argi bat. 2020an, Black Lives Matter mugimenduaren protesten itzalean, Edward Colston esklabistaren omenez hirian zegoen monumentua eraitsi, margotu eta ibaira bota zuten. Handik egun gutxira, udalak brontzezko estatua uretatik atera, museora eraman, eta han paratu zuen etzanda, garbitu gabe. We Are Bristol historia batzordeak sustatuta, artelanaren esanahiaz gogoetatzeko parada eman zitzaien hala bisitariei. "Interpretaziorako marko berri bat eman zion museoak estatuari, modu aberasgarri eta eredugarri batekin".

Bristol museoaren adibideak ezin hobeto islatzen du zabalik egon behar duen "museo biziaren" kontzeptua, Zulaikaren irudiko. "Museoen berezko ezaugarri bat da kontserbazionismoa, baina beharrezkoa da pauso bat harago jo eta museologia berriari ateak eta leihoak zabaltzea", azaldu du. Historialariak uste du, gainera, ikuspegi koloniala gainditzeko eztabaida museo batean sartzen den momentutik tokia egin behar zaiola gizartearen parte hartzeari: "Jendeak eztabaidan parte hartzea sustatu behar da; adibidez, bozketa bat egin daiteke galdetzeko: Zure ustez, zer egin behar da artelan honekin: itzuli, bere horretan utzi, ala testuingurua aberastu?".


hivernies

Hivernies

Patrick Bogner

L'Angle (Hendaia, Lapurdi)

Desde el 21 de Noviembre 2025
Al 19 de Diciembre 2025

latires

Latires

Nisa Goiburu

Cristina Enea fundazioa (Donostia, Gipuzkoa)

Desde el 03 de Octubre 2025
Al 08 de Diciembre 2025

leo-burge

Leo Burge

Barriek programa

Rekalde Aretoa (Bilbo, Bizkaia)

Desde el 14 de Octubre 2025
Al 14 de Diciembre 2025

ukitu

Ukitu

Maider López

Tabakalera (Donostia, Gipuzkoa)

Desde el 24 de Octubre 2025
Al 07 de Febrero 2026

reencuentro

Reencuentro

Jon Benet - Jonbismo

CBA IrekiArt aretoa (Irun, Gipuzkoa)

Desde el 11 de Septiembre 2025
Al 29 de Noviembre 2025

topaketen-dardara-artistikoa-iraunaraztea

Topaketen dardara artistikoa iraunaraztea

16 de Nov. | Uxue Rey Gorraiz [BERRIA.eus]

Iazko Iruñeko Topaketetan plazaratutako gogoeta artistikoetan inspiratutako sei obra jarri dituzte ikusgai Baluarten, gune hori pentsamendurako eta sorkuntzarako "erresonantzia kaxa" bihurtzeko asmoz. Erakusketa azaroaren 29ra arte izanen da ikusgai.

erakusketa-integratzailea

Erakusketa integratzailea

14 de Nov. | Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]

Gutxien espero duzun erakusketak generoaren parekidetasun aldetik egokia izateagatik harritzen zaitu. Ezusteko polita izan nuen Bartzelonako Miró Fundazioan ikusgai dagoen Miró eta Estatu Batuak erakusketa bisitatzerakoan.

ez-dakizuna-egitea-ez-dakizunarekin

Ez dakizuna egitea, ez dakizunarekin

14 de Nov. | Iñigo Astiz [BERRIA.eus]

Azken bost urteetan sortutako eskulturak bildu ditu Angel Bados artistak Bilboko Carreras Mugica galerian. Jorge Oteizaren oihartzuna eta Europako artea ez ezik, arabiar kultura ere izan du sorkuntzarako solaskide.

firenzek-fra-angelicoren-birbalorazioa-proposatzen-du

Firenzek Fra Angelicoren birbalorazioa proposatzen du

12 de Nov. | Olivier Tosseriren artikulutik itzulia [JdA]

Italiako azken hirurogeita hamar urteetan egin den lehen atzera begirako erakusketak baieztatzen du fraide margolariari Berpizkundeko iraultza artistikoan egotzitako rola.

Artekaria

El poratl del arte en Euskal Herria

Este es el portal creado por la red ZAPART. Con ARTEKARIA queremos dar visibilidad a la increíble riqueza artística e infraestructural de nuestro pequeño territorio vasco (Euskal Herri osoa). De hecho, nos parece que en un espacio tan reducido donde se encuentran tantos museos (Artium, Oteiza, Oteiza, Artes de Bilbo, Guggenheim…), centros de arte (Uharte-zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), salas públicas y privadas (Didam, Zitadela, Bastero, Ospitalea, fondations), galería de arte tradicional o de artistas... con tantas programaciones y obras de artistas visibles, la visualización de este conjunto no es fácil. Hemos creado este portal para ayudar a resolver esta falta.

Artekaria

La red de l@s artist@s profesionales de Euskal Herria

Zapart tiene como objetivo conectar, promover el trabajo y defender los derechos de l@s artist@s profesionales que viven y trabajan en Euskal Herria (en los seis territorios historicos que son Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa y Zuberoa).