Guggenheim Bilbao Museoaren Fundazioa urteko balantzea eginda 2025 urteari begira jarri da
Fundazioaren patronatua joan den abenduaren 4ean bildu zen. Zenbakiak 2023koen antzekoak ditu. 2025erako, Tarsila do Amaral, Budapesteko paper gaineko maisulanak, Helen Frankenthaler, Barbara Kruger eta Maria Helena Vieira da Silvaren erakusketak ikusten ahalko ditugu, besteak beste.
| 11 de Diciembre 2024
Bilera hasteko, 2024ko ekitaldian zehar Museoak izan duen jarduera aztertu dute: gaur arte —urtea amaitzeko hiru aste baino gehiagoren faltan— 1.224.813 bisitari hartu ditu, aldi honetarako aurreikusitakoa baino % 25 gehiago, eta 2023an data berean metatutako kopurua baino % 2 gutxiago. Berretsi da bisitari-fluxuak urtean zehar banatua mantentzeko joera duela eta sasoikotasuna lausotzen ari dela, eta bisitarien kopuruak gora egiten jarraitzen duela Gabonak, Aste Santua eta, bereziki, uda bezalako oporraldietan. Era berean, guztiz berreskuratu da pandemiaren aurretik zegoen atzerriko bisitarien ehunekoa (% 69), eta 2023an data berean metatutakoa baino zortzi puntu handiagoa da aurten.
Community kolektiboak —artearen eta kulturaren inguruko komunitatea, Lagunak, Jarraitzaileak eta ERDU programaren onuradunak biltzen dituena, besteak beste— hazten jarraitu du 2024an; guztira 343.059 kide biltzen ditu, hau da, % 27,96eko igoera izan du 2023aren aldean. Museoaren Lagunen kopurua inoizko handiena izan da (23.883), eta Kide Korporatiboen Programa, aldiz, guztira 131 kide biltzera iritsi da, 10 enpresa gehiago atxiki baitzaizkio egitasmoari ekitaldi honetan.
Museoak bere eragiketetan lortutako diru-sarreren bilakaera positiboari esker (sarrerak eta Denda-Liburudendako salmentak), % 78,5eko autofinantzaketa-maila erdietsi da —2023koaren ia berdina— eta Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren dirulaguntzak 3.249.000 euro murriztu ahal izan dira horrela. Erakunde publikoek artelanak erosteko erabiliko dute zenbateko hori.
Bileran 2025eko ekitaldirako aurrekontua onartu da, 1.085.000 bisitariko aurreikuspena oinarri hartuta landua. Aurrekontu operatiboa 34.533.761 eurokoa da, 2024koa baino % 2,1 handiagoa. Museoaren irekiera-ordutegia aurtengoaren bera izango da: 10:00etatik 19:00etara, astelehenetik igandera, eta 20:00ak arte luzatuko da ekainaren 16tik irailaren 21era, baita Aste Santuan ere (apirilaren 14tik 27ra). Sarreren salmenta-prezioa 2024ko berdin mantenduko da 2025ean ere.
2025erako erakusketen egutegia ere onartu dute batzarrean. Urteko erakusketak otsailaren erdialdean hasiko dira,Tarsila do Amaral. Brasil modernoa margotuz atzerabegirakoarekin. Erakusketak artistaren ekoizpen emankorra aztertuko du, hogeiko hamarkadatik hirurogeikora arte. Otsailean baita ere, Budapesteko paper gaineko maisulanak inauguratuko da, Hungariako hiriburuko Arte Ederren Museoko bildumak gordetzen dituen zazpi mendetako marrazkiak eta grabatuak biltzen dituen artelan-hautaketa. Udaberrian in situ ziklo berriari emango zaio hasiera, eta artista garaikideen proiektu anbiziotsuak aurkeztuko dira bertan, Museoko espazioetarako propio sortuak haren arkitektura aktibatzeko edo biltzen dituen areto ikonikoen ezaugarri bereziekin harmonian kokatzeko xedez; lehenengo artista Refik Anadol izango da, nazioartean ospe nabarmena duen bideo-artista eta adimen artifizialaren estetikaren aitzindaria; ondoren, Mark Leckey artistak jarraituko dio udazkenaren amaieran; azken horri eskainitako erakusketak haren lanean uztartzen diren iturrien ugaritasuna jorratuko du, besteak beste, soinua, eskultura eta performancea.
Apirilean,Helen Frankenthaler. Araurik gabe margotzen erakusketak margolari hark pinturaz zuen ikuspegi iraultzailea esploratuko du. Bertan, Frankenthalerrek 1953 eta 2002 artean sortutako margolan sorta bat aurkeztuko da, beste artista garaikide batzuen margolan eta eskulturekin elkarrizketan. Ekainean Barbara Kruger erakusketa iritsiko da, artista estatubatuarraren azken ekoizpenean oinarritua; bisitariak testuz betetako inguruneetan murgiltzen dituzten kokapen zehatzeko instalazioen bidez, erakustaldiak agerian utziko du sortzaileak testuinguru arkitektoniko ezberdinetan lan egiteko dituen grina eta trebetasuna. Udazkenean, Maria Helena Vieira da Silvaren forma abstraktuek eta ilusio optikoek hartuko dute Museoa. Abenduan, berriz, Museoak ingurumen-jasangarritasunarekiko duen konpromisoaren ildotik, Lurraren arteak aurkeztuko da, azken hamarkadetan ingurumenari lotutako gaiak jorratzen dituen artearen berrirakurketa planteatzen duen erakusketa. Azkenik, Film & Video zikloaren barruan, Vito Acconcik bideoaren eta performancearen alorrean egindako lanaren ibilbide subjektiboa jarriko da ikusgai Sergio Prego euskal artistak diseinatutako eszenografia batean. Ziklo horretan Sky Hopinkaren Korde gabe pieza ere aurkeztuko da, non bizirik dirauten kultura indigenekiko sormen-konexioa esploratzen duen egileak.
Eskuraketak
Gaurko bileran, Tenedora Museo de Arte Moderno y Contemporáneo de Bilbao sozietateak Museoaren funtsei artelan berriak gehitzea onartu du.
Maisulanen kategoriaren barruan, Helen Frankenthalerren bi margolan gehituko zaizkio Bildumari. Izan ere, funtsezko artistatzat du Museoak, eta hari eskaini zion aldi baterako lehen erakusketetako bat. PiezakRequiem (1992) eta Santorini (1965) dira, eta azken hori Helen Frankenthaler Foundation-ek eman du dohaintzan eskuzabaltasun osoz.
Beste alde batetik, June Crespori berriki eskainitako erakusketaren harira, euskal eskultoreak pieza multzo bat sortu zuen abagune horretarako propio, eta horietatik hiru,Multzo Baskularra (1), Baskularra (4) eta Baskularra (5) (2024) gehituko dira funtsetan; sortzailearen ibilbidean mugarri garrantzitsua adierazten duten lanak dira, bai materialei dagokienez, bai eskalari dagokionez.
Bilduman ordezkatutako baliabideak eta formatuak zabaltze aldera, beste bi lan eskuratzea onartu dute: Metahaven bikote nederlandarrarenKaosaren teoria (2021–24) bideo-instalazioa, mundu hiperkonektatu batean giza harremanek duten konplexutasunari buruzko ikus-entzunezko poema hunkigarria, eta Anthony McCallen Segundo-frakzioa (Ispilua) IV (2024), non ispiluen eta pantailen gaineko proiekzioek eta efektuek argi-marrazkiak sortzen dituzten.
Azkenik, eta Museoak aurten eskaini dizkien aldi baterako erakusketak direla-eta, Bilduman sartuko dira Yoshitomo NararenGauerdiko malkoak (2023), haren lanaren ikerketa-ildo berri baten adibide, eta Martha Jungwirthen bi lan: Autorretratua (1982–84) margolan goiztiarra eta Australidelphia saileko Titulurik gabea (2020) monumentala, artistak 2019–20an Australia suntsitu zuten suteek eragindako hondamendi naturalari erantzunez sortua.
Epe luzeko maileguak
Eskuraketa horiek ez ezik, Museoak Rodenstock bildumako berrogeita hamarren bat pieza jasoko ditu epe luzerako maileguan. Lagapen horrek, Museoaren Bilduma aberastuko duten obra eta ikuspegi berriak ekartzeaz gainera, programazio biziagoa eskaintzeko eta programazio hori sarriagotan aldatzeko aukera ere emango du. 2025eko udazkenean, Museoak erakusketa bat jarriko du abian artelan horietako hainbatekin, tartean Lucio Fontana, Yves Klein, Agnes Martin, Cy Twombly eta Jeff Koons artisten lanekin, eta lehen aldia izango da horiek guztiak multzo gisa erakutsiko direna jendaurrean.