artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Guggenheim museoari buruzko entzuketa prozesua abiatu dute, baina emaitza ez da loteslea izango

Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Aldundiak antolatuta, Agirre Lehendakaria Centerrek eta Columbiako Unibertsitateak gidatuko dute prozesua. Eskualdeko mila iritzi inguru bildu nahi dituzte, eta azterketa "gardena" eta "zorrotza" izango dela ziurtatu dute.

guggenheim-museoari-buruzko-entzuketa-prozesua-abiatu-dute-baina-emaitza-ez-da-loteslea-izango
Elixabete Etxanobe eta Ibone Bengoetxea, gaur, Gernika-Lumon. MARISOL RAMIREZ / FOKU

Iñigo Astiz [BERRIA.eus]
| 19 de Febrero 2025

"Helburua ez da baiezko batera edo ezezko batera heltzea". Urdaibain eraiki asmo duten Guggenheim museoaren proiektuari buruz abiatuko duten entzuketa prozesua aurkeztu dute gaur Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehenengo lehendakariordeak eta Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak, Gernika-Lumon (Bizkaia). Proiektuak "eztabaida soziala" sortzen duela onartu du Etxanobek, eta eztabaida hori "konplexua" dela ere esan du. "Ezin da baiezko ala ezezko batera sinplifikatu". Herritarren eta eskualdeko eragileen iritzia biltzeko metodologia "zorrotz", "garden" eta "neutral" bat bilatu nahi izan dute horregatik, eta Agirre Lehendakaria Center eta Columbia Unibertsitateko kideei utzi diete entzuketa prozesu hori diseinatu eta gidatzeko ardura. Datorren astean bertan hasiko dira lanean, eta mila bat lekukotzako lagin bat jaso nahi dute urte amaierarako. Eusko Jaurlaritzako ordezkariak zehaztu duenez, ordea, bildutako informazio hori ez da loteslea izango. Bengoetxeak azaldu duenez, "informazio hobea" izaten lagunduko die, eta horrek "erabaki hobea" hartzen lagunduko die. Baina, onartu duenez, entzuketa prozesukoa ez da izango erabakia hartzeko kontuan hartuko duten informazio bakarra.

Herritarrek egindako eskaria izan da entzuketa prozesuarena, Bengoetxeak esan duenez, baina, horrez gainera, Eusko Jaurlaritzak ere eskari hori egin ziola gogoratu du. Iazko urriaren 24an, museoari buruzko parte-hartze prozesu bat eskatzeko mozioa aurkeztu zuen EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean, baina proposamen hori atzera bota zuten legebiltzarkideek, eta, haren ordez, erabakimen hori aitortzen ez zuen "entzute, parte hartze eta eztabaida" prozesu bat abiatzeko eskaria atera zen aurrera azkenik, EAJ eta PSE alderdien aldeko botoekin. Eta eskari horren erantzuna da aurkeztu berri duten entzuketa prozesua. Bengoetxea: "Prozesu neutrala izango da. Gure helburua ez da inor konbentzitzea, baizik eta batzen gaituzten elementu komunak identifikatzea, erabaki hobeak hartu ahal izateko".

"Entzuteak ez du esan nahi gelditzea". Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiaren hitzetan, entzute prozesua gorabehera, hurrengo hilabeteetan aurrera jarraituko dute jadanik martxan dituzten hainbat lanekin. Kutsatutako akuiferoen deskontaminazio lanak aipatu ditu horren adibidetzat, eta, aurkezpenean, museo proiektuarekin lotuta aurkeztu ditu egiteko horiek. Horrez gainera, Guggenheim museoaren proiektua bideragarri egin dezaketen urrats administratiboekin ere aurrera jarraitzeko asmoa adierazi du. Baina, zehaztu duenez, ekintza horiek ezingo dute museoaren aldeko atzera-bueltarik gabeko eraginik izan.

Museoaren onurak

Bizkaiko Aldundiak Urdaibain Guggenheim museo bat eraikitzearen alde dagoela gogoratu du Etxanobek. "Benetan sinesten dugulakoeragin positiboa izan dezakeela kulturan, ingurumenean eta Busturialdeko eta Bizkaiko udalerrietan".

Ikerketaz arduratuko diren erakundeetako lehen lerroko hiru ordezkarik ere hartu dute parte aurkezpenean: Gorka Espiau Agirre Lehendakaria Centerreko lehendakariak, Itziar Moreno Agirre Lehendakaria Centerreko alboko lehendakariak eta Joshua Fisher Columbia Unibertsitateko Lankidetza, Gatazka eta Konplexutasun Partzuergo Aurreratuko zuzendariak. Gogoratu dutenez, entzute prozesuak gidatzen esperientzia zabala dute hala Agirre Lehendakaria Centerrek nola Columbia Unibertsitateak ere, eta orain Busturialdean abiatuko dutenaren nondik norakoak ere azaldu dituzte aurkezpenean.

Urtea amaitzerako mila lekukotza jasotzeko langa jarri diote euren buruei, eta, zehaztu dutenez, hamar pertsona izango dituzte lanean. Bost fasetan antolatuko dute prozesua. Eragileak identifikatzen hasiko dira lehenik, eta entzute prozesua abiatuko dute bigarrenik. Zehaztu dutenez, elur bola izeneko laginketa teknika baliatuko dute elkarrizketatuak topatzeko. Morenok eman du azalpena: "Kontsultatutako lehen pertsonek erakutsiko digute norekin hitz egin behar dugun, eta mantendu egingo da lan prozedura hori, erantzuten eta saturazioa gertatzen den arte".

Prozesua luzatzeko aukera

Elkarrizketa horietan jasotako informazioa aztertuko dute ondoren. Parte hartzaileen artean egon daitezkeen "narratiba patroiak" identifikatuko dituzte puntu horretan, eta, zehaztu dutenez, "iritziak sinplifikatu gabe" egingo dute lan hori. Jasotako informazio hori guztia eskualdeko eragileekin interpretatuko dute, berriz ere, prozesuaren laugarren fasean, eta, azkenik, bide horretan guztian eragileek proposatutako ideiak eta ekarpenak helaraziko dizkiete erakundeei.

Ikerketak iraun bitartean, gainera, jasotako informazio hori guztia parte hartzaileen esku jartzeko asmoa dute Agirre Lehendakaria Centerrek eta Columbia Unibertsitateko kideek. Gune digital bat baliatuko dute horretarako, eta parte hartzaile guztien iritziak bilduko dituzte bertan, "anonimizatuta". Sei hilean behin txostenak ere helaraziko dizkiete parte hartzaileei.

Baliteke prozesua 2025etik aurrera luzatzea ere. Agirre Lehendakaria Centerreko lehendakariak azaldu duenez, Ikerketa luzatzeko aukera ere mahai gainean dago, baldin eta parte hartzaileek pentsatuz gero prozesuak ekarpenak egiten jarrai dezakeela. Eta, beraz, litekeena da hurrengo urteetan ere elkarrizketak egiten eta iritziak biltzen jarraitzea ere.

Prozesua "sendoa" eta "gardena" izango dela adierazi dute ikerketaren arduradunek. Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Aldundiak iragarri dute beraiek ere prozesutik kanpo geratuko direla.

Baina zein izango da eztabaidaren muina? Hain zuzen ere, Urdaibain eraiki asmo duten museoaren proiektua une honetan zertan den azaltzeko beharra ere ikusi dute Eusko Jaurlaritzako zein Bizkaiko Aldundiko ordezkariek. Onartu dutenez, kezka hori azaldu diete eskualdeetako alkateek. Hedabideen aurrean egindako aurkezpenaren aurretik egin dute bilkura haiekin, eta museoaren proiektua une honetan zertan den jakiteko beharra adierazi diete udal ordezkariek. Zehaztu dutenez, hurrengo hilabeteetan helaraziko diete informazio hori.

Kontrakotasuna agertzeko deia

Guggenheim Urdaibai Stop plataformak "zuhur" agertu nahi izan du entzute prozesuarekin. Hedabideetara ohar batbidali dute, euren iritzia emateko, eta, haien hitzetan, "berandu" eta "bermerik gabe" heldu da prozesua.

Edonola ere, "zuhurtzia handiz", baina plataformako kideak prest azaldu dira prozesuan parte hartzeko, eta herritarrei entzute prozesuan parte hartzeko deia ere egin diete. "Busturialdeko gehiengo sozialaren eta politikoaren aurkakotasuna jasota gera dadin".

Eztaibadarako oinarriak ezartzeko beharra aipatu dute, gainera. "Azpimarratu nahi dugu, halaber, gaur egun argitara atera ez den proiektu bati buruzko iritzia eskatu nahi dela, proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena zein den jakin barik". Horregatik, proiektu eta ikerketa horiek lehenbailehen egin ditzaten galdegin dute. Bermeak ere eskatu dizkiote prozesuari: "Administrazio kontratatzaileek konpromisoa hartu behar dute proiektu hori bertan behera uzteko, Busturialdeko bizilagunek hala eskatzen badute".

Bengoetxea: "ez da epe talkarik egongo bilboko guggenheim museoko patronatuarekin"

Bilboko Guggenheim museoarekiko harremana eta haren aurreikuspenak ere kontuan hartzekoak dira. Berez, bere plan estrategikoaren barruan, Bilboko Guggenheim museoko patronatuak 2025era arteko epea onartu zuen Urdaibain eraiki asmo duten museoarekin aurrera egin ala ez erabakitzeko. Baina, Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehenengo lehendakariordearen hitzetan, hori ez da oztopo izango. "Ez da egongo epe talkarik".

Eusko Jaurlaritza eta Bizkaiko Aldundia ez ezik, Solomon R. Guggenheim fundazioa da Bilboko museoko patronatu horretako hirugarren kide nagusia, eta aurkezpenean haren ordezkaririk izan ez den arren, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariordeak zehaztu duenez fundazioko kideek ere badute prozesuaren nondik norakoen berri, eta harekin bat datozela iradoki du. "Ez dago presarik", ziurtatu du.

Areago. Museoari buruzko eztabaidaz harago ere hel daiteke entzuketa prozesuaren emaitza, Bengoetxearen ustez. Haren hitzetan, Urdaibain egingo dutena eredu bat izan daitekeelako etorkizunean bestelako eztabaida konplexu batzuei ere aurre egin ahal izateko. "Esperientzia honek etorkizuneko Euskadiren oinarriak ezartzeko balio dezakeela uste dugu. Busturialdeko eskualdearen eta Urdaibaiko Guggenheim museoaren etorkizunari buruzko elkarrizketa berriz abiatzeko kapaz bagara, gizarteko beste erronka konplexu batzuei aurre egiteko moduei ere ekarpen bat egingo diegu".



uhinak

Uhinak

Ra Asensi

Bilboko Euskal Museoa - Kukula (Bilbo, Bizkaia)

Desde el 08 de Julio 2026
Al 28 de Diciembre 2026

malpais

Malpaís

Borja Gomez

Narata gunea (Bilbo, Bizkaia)

Desde el 20 de Octubre 2026
Al 07 de Noviembre 2026

web

Web

Mona Hatoum

Iruñeako Zitadela (Iruñea, Nafarroa)

Desde el 01 de Octubre 2026
Al 15 de Noviembre 2026

ipar-baltza

Ipar Baltza

Erlea Maneros Zabala

CarrerasMugica (Bilbo, Bizkaia)

Desde el 11 de Septiembre 2026
Al 08 de Noviembre 2026

harri-erre-malpais

Harri erre, 'malpaís'

Izaskun Araluzea [BERRIA.eus]
| 21 de Octubre 2026

Malpaís | Artista: Borja Gomez. | Non: Naratan, Bilbon. | Noiz arte: Azaroaren 7ra arte.

bilboko-arte-ederren-museoa-zabaldu-dute

Bilboko Arte Ederren Museoa zabaldu dute

Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]
| 21 de Octubre 2026

Berritutako museoei buruzko artikulu sorta bukatzeko, Bilboko Arte Ederren Museoari tokatuko zaio gaur txanda. Komunikabideek behin eta berriz errepikatu duten moduan, urriaren 5ean zabaldu zen Bilboko museo berritua.

zer-memoria-dosi-behar-du-fikzioak

Zer memoria dosi behar du fikzioak?

Uxue Rey Gorraiz [BERRIA.eus]
| 18 de Octubre 2026

Iruñeko Topaketen gerizpean, Leire Lakuntza, Ainhoa Apeztegia eta Nagore Txibite artisten obrak hizketan eta galdezka jarri dituzte Ziudadelako Arma aretoan. Udalaren Arte Garaikideko Bildumako lanen hautaketa batekin ere osatu dute erakusketa.

kultura-ikertu-kultura-babestu

Kultura ikertu, kultura babestu

Haizea Barcenilla [BERRIA.eus]
| 16 de Octubre 2026

Orain egun batzuk [EAEko] Kulturaren Euskal Behatokiaren email bat jaso nuen; azaroaren 5ean eta 6an egingo dituen jardunaldien egitaraua zekarren (gaztelerazko mezutik ireki behar izan nuen, euskarazko bi estekak ez zebiltzalako; benetan inork ez ditu halako gauzak gainbegiratzen kultura eta euskara sailean?).

gwangjuko-biurtekoa-aldaketarako-agindu-bat

Gwangjuko Biurtekoa, aldaketarako agindu bat

| 15 de Octubre 2026

Bere 16. edizioan, Hego Koreako arte garaikideko nazioarteko erakusketak esperientzia intimoak, kontakizun historikoak eta denboraren ikusmoldeak jartzen ditu elkarrizketan

osotasunaren-gezur-hauskorra

Osotasunaren gezur hauskorra

Maite Luengo Agirre [BERRIA.eus]
| 14 de Octubre 2026

Izar iheskorra eta bihotza | Artista: M. Benito Piriz. | Non: Bilbo Arten, Bilbon. | Noiz arte: azaroaren 8ra arte.

arte-lanen-lapurreten-kronologia-bat

Arte-lanen lapurreten kronologia bat

| 10 de Octubre 2026

1911ko La Gioconda-tik 2026ko urriaren 4an lapurtutako San Joanen Apokalipsia-raino, Europan eta munduan izandako lapurreta garrantzitsuenen zerrenda.

Artekaria

El poratl del arte en Euskal Herria

Este es el portal creado por la red ZAPART. Con ARTEKARIA queremos dar visibilidad a la increíble riqueza artística e infraestructural de nuestro pequeño territorio vasco (Euskal Herri osoa). De hecho, nos parece que en un espacio tan reducido donde se encuentran tantos museos (Artium, Oteiza, Oteiza, Artes de Bilbo, Guggenheim…), centros de arte (Uharte-zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), salas públicas y privadas (Didam, Zitadela, Bastero, Ospitalea, fondations), galería de arte tradicional o de artistas... con tantas programaciones y obras de artistas visibles, la visualización de este conjunto no es fácil. Hemos creado este portal para ayudar a resolver esta falta.

Artekaria

La red de l@s artist@s profesionales de Euskal Herria

Zapart tiene como objetivo conectar, promover el trabajo y defender los derechos de l@s artist@s profesionales que viven y trabajan en Euskal Herria (en los seis territorios historicos que son Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa y Zuberoa).