artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Ezinbesteko ibilbidea

EGIkera sortzaile bat | Artista: Marisa Gonzalez. | Non: Bilboko Azkuna Zentroan. | Noiz arte: urtarrilaren 18ra arte.

ezinbesteko-ibilbidea
Erakusketako piezetako batzuk, Azkuna Zentroko aretoan. ARITZ LOIOLA

Jone Rubio Mazkiaran [BERRIA.eus]
| 7 de Enero 2026

Bilboko Azkuna Zentroan kokatzen den Marisa Gonzalezen erakusketara joan naiz. Egikera sortzaile bat da erakusketaren izena, eta 1943an Bilbon jaiotako sortzaileak bere hastapenetatik gaur egunera arte egindako piezak biltzen ditu. Proiektuak agerian uzten du Gonzalezek arte elektronikotik abiatuta diziplina berriak garatu dituela, baina, aldi berean, pintura, bideoa eta argazkilaritza ere landu dituela.

Ez hori bakarrik: haren lana 70eko hamarkadan garatzen hasi ziren praktika artistiko feministen erakusle argia da, ondoren 90eko hamarkadatik aurrera ugaritu ziren horien aurrekaria. Alegia, eta garai berean jardun zuten beste hainbat sortzailerekin batera, aitortza lausoagoa jaso duenetako bat da Gonzalez.

Espainiako Estatuko arte feministari buruzko liburu eta testu askotan irakurri izan dudan izena da. Hala ere, haren ibilbidea modu sakonagoan aztertzen duten testuen falta nabaritu izan dut, are gehiago ibilbide hori ulertzeko aukera emango luketen erakusketak mugatuak izan direlako.

Mostra modu kronologikoan egituratzen da, eta espazioetan aurrera egin ahala sortzailearen hastapenetatik egungo ekoizpenetara gerturatzen gara. Aipatzekoa da, ordea, pieza askok hainbat interbentzio jasan dituztela erakusketa egituratzeko prozesuan, hein handi batean azken hamarkadetan estudioan bertan egon direlako. Modu horretan, sormen prozesuaren denbora-geruza ezberdinen berri ematen digute, jatorrizko urteetako aztarnak mantenduz.

Lehenengo gelan barneratzean, 1967 eta 1973 bitarteko piezak sartzen dira nire ikus eremuan. Gonzalezen hastapenetako obrak dira eta espazio berean trantsizio artistiko bat iradokitzen dute. Madrilen arte-ikasketak egin zituen garaiko lanak dira batzuk, eta hein batean Chicagoko Art Institutura joatean egonkortuko zituen erreprodukzio-sistemen aurrekariak, alegia.

Une zehatz horren ugalketaren isla dira erakusketan bertan fotokopien bitartez ekoitzitako irudiak; besteak beste, sabaitik zintzilik daudenak, bertikaltasun horren bidez erreprodukzioaren errepikapena adierazten dutenak. Horrela, espazioaren berezko horizontaltasuna hausten dute, lurretik sabairaino luzatzen diren zerrenda luzeak osatuz. Horien artean, lagunen irudiak, Vietnamgo gerrari lotutakoak eta bestelako erreferentziak ikus daitezke.

Kutsu sozial hori etengabe ageri da, eta hurrengo espazioan bereziki indartzen da. Izan ere, Gonzalez bigarren olatu feministaren testuinguruan kokatzen da AEBetan, eta ikasketak egiten zituen bitartean pentsamendu feminista sendotu zuen. Ondorengo piezetan, begiradatik gorputzera egiten da jauzia, ikuslea fisikoki interpelatzen duten lanekin. Horien artean daude bortxaketa baten ondorena irudikatzen duen jostailuzko panpina baten argazkia —Bortxaketa (1972-1993)—, edota gela osoa zeharkatzen duen La descarga (1975-77) seriea, indarkeria mota desberdinak pairatu dituzten emakumeen espresioak irudikatzen dituena.

Adierazpen eredu bortitz horiek atzean geratzen dira hurrengo espazioan, sortzailea frankismo osteko Estatura itzuli ondoren garatzen hasi zen praktiken testuinguruan. Piezek abstrakziorantz egiten dute jauzia, trantsizio garaian lehenetsi ziren adierazpen piktorikoekin lotuz. Horrez gain, hainbat instalazio ere badira, eta espazioan mugitzean, haren estudioan bertan egongo bagina bezala senti gaitezke, pribatutasun hori gure presentziak zedarritzen duelarik.

Gelen artean desplazatu bitartean trantsizio bat sumatzen da artistaren ibilbidean, betiere aro baten eta bestearen arteko ehundurak erakusten dituena. Azkenengo hamarkadetara gerturatu ahala, bideo instalazioak dira nagusi.

Lanok sistema ekonomiko eta sozialaren eraldaketa islatzen dute. Hein batean, aro baten amaiera eta beste baten hasiera iradokiz, bata bestearen ondoan kokatuta gizartearen neoliberalizazioaren adierazleak dira. Horren adibide da desindustrializazioaren edota herriaren borrokaren ikur izan zen Lemoizko zentral nuklearraren aztarnek osatzen duten instalazioa.

Horri lotuta, gelaren eskuineko aldean kokatutako instalazioek hasierako eta amaierako piezen arteko lotura eta kontrastea azaleratzen dituzte. Alde batean Fabrika (2000) proiektua dago, eta Bilboko irin fabrika bateko langileen familia-liburuak ageri dira bertan; horietan, gizonezkoek soldatapeko lana zutela jasotzen den bitartean, emazteak etxeko lanetara bideratutako jardueretan aritzen zirela adierazten da. Kontrara,Haiek. Filipinak (2010-2013) lanean egunerokotasunarekin lotura estuagoa duten irudiak ageri dira: zehazki, Filipinetatik Japoniara migratzen duten emakumeak; betiere, lan-eredu patriarkal eta esplotatzailearen menpekoak direnak. Bi pieza horien arteko antzekotasun eta ezberdintasunekin bueltaka amaitzen dut erakusketa.

Sormen prozesu emaritsu zein argi baten adierazlea da erakusketa. Horregatik tristatzen nau, orain arte, artistaren lanari buruz nekien hura hain mugatua izateak; agerikoa baita bere ibilbidea gure testuingurua ulertzeko ezinbestekoa dela. Halatan, erakusketa honen ostean, muga horiek zabalduko diren esperantza dut.


erretratu-intimoa

Erretratu intimoa

Pilar Belzunce

Txillida leku (Hernani, Gipuzkoa)

Desde el 05 de Junio 2025
Al 26 de Diciembre 2026

get-me-a-stone

Get me a stone

Rosalind Nashashibi

Artium (Gasteiz, Araba)

Desde el 12 de Junio 2026
Al 01 de Noviembre 2026

arte-lanen-lapurreten-kronologia-bat

Arte-lanen lapurreten kronologia bat

| 10 de Octubre 2026

1911ko La Gioconda-tik 2026ko urriaren 4an lapurtutako San Joanen Apokalipsia-raino, Europan eta munduan izandako lapurreta garrantzitsuenen zerrenda.

bilboko-euskal-museoa-zabalik

Bilboko Euskal Museoa, zabalik

Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]
| 8 de Octubre 2026

Berritu ondoren zabaldutako museo bati buruz idatzi nuen aurreko astean. Irakurleak barkatuko dit museoei buruzko serie hau, baina ekainean zabaldu zuten Bilboko Euskal Museoari buruz idatzi behar dut gaur, nahiz eta arte museoa ez izan.

oroitzeak-berekin-dakarrena

Oroitzeak berekin dakarrena

Jone Rubio Mazkiaran [BERRIA.eus]
| 8 de Octubre 2026

Urtero legez, Mapamunditarrak erakusketa proiektuaren hitzordua gurean dugu berriz, urteroko egutegiari leial. Badira erantzun borobil eta itxiak ematera datozen erakusketak, baina ibilbideak erakutsi ohi digu komisariotza proiektu oro, funtsean galdera batekin hasten dela.

bonnat-museoa-zabalik

Bonnat museoa zabalik

Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]
| 6 de Octubre 2026

Azkenean! Ia 15 urte itxita egon ondoren berriz zabaldu dute Baionako Bonnat-Helleu museoa. Leon Bonnat artista baionarrak bere herriko etxeari utzi zion urteetan pilatutako arte bilduma; horren ondorioz, ordura arte bilduma pribatua izan zena publikoa bilakatu zen.

deskolonializazioaren-erronka-euskal-museoetan-ate-joka

Deskolonializazioaren erronka euskal museoetan ate joka

Xalbat Alzugarai Etxeberri [BERRIA.eus]
| 6 de Octubre 2026

Europako museoetan maiz piztu ohi da haien bildumetan iragan kolonialak duen arrastoari buruzko polemika. Obra espoliatuak itzularazteko Parisek onartu duen legeak ekarri du gaia hizpidera orain. Adituek diote Euskal Herrian ere "asko" dagoela egiteko.

Artekaria

El poratl del arte en Euskal Herria

Este es el portal creado por la red ZAPART. Con ARTEKARIA queremos dar visibilidad a la increíble riqueza artística e infraestructural de nuestro pequeño territorio vasco (Euskal Herri osoa). De hecho, nos parece que en un espacio tan reducido donde se encuentran tantos museos (Artium, Oteiza, Oteiza, Artes de Bilbo, Guggenheim…), centros de arte (Uharte-zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), salas públicas y privadas (Didam, Zitadela, Bastero, Ospitalea, fondations), galería de arte tradicional o de artistas... con tantas programaciones y obras de artistas visibles, la visualización de este conjunto no es fácil. Hemos creado este portal para ayudar a resolver esta falta.

Artekaria

La red de l@s artist@s profesionales de Euskal Herria

Zapart tiene como objetivo conectar, promover el trabajo y defender los derechos de l@s artist@s profesionales que viven y trabajan en Euskal Herria (en los seis territorios historicos que son Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa y Zuberoa).