artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Yaacov Agam arte zinetikoaren figura handia hil da

Johannes Ittenen ikasle eta Brancusi, Chagall zein Bretonen lagun izandako artista plastiko israeldarra ekainaren 21ean hil zen, 98 urte zituela.

yaacov-agam-arte-zinetikoaren-figura-handia-hil-da
Yaacov Agam bere artea erakusten, 86 urte zituela. Arg/ Park West Gallery kortesiaz

| 24 de Junio 2026

Arte zinetikoaren eta op art (arte optiko) mugimenduaren artista enblematikoa, Yaacov Agam (jaiotzez Gibstein), 98 urte zituela zendu da, Rishon LeZion bere jaioterriko alkateak jakinarazi duenez. Hamarkadetan zehar garatutako obra oparoa utzi du atzean, neurri handi batean Parisen sortutakoa. Hil baino aste batzuk lehenago, Arte Plastikoen Israel Saria jaso zuen.

Prestakuntza eta "laugarren dimentsioa"

Britainiar Mandatupeko Palestinan jaio zen 1928an, eta 1946an hasi zen arte bisualak ikasten Jerusalemen, Bezalel Arte Ederren Eskolan. Hiru urte geroago, Zuricheko Arte Aplikatuen Eskolan sartu zen; bertan, Johannes Itten irakaslearen (Bauhaus eskolako irakasle ohia) klaseak segi zituen, eta hark kolorearen teoria irakatsi zion. Horrekin batera, Zuricheko Eskola Politekniko Federalean ikasi zuen. Ikasketa gurutzatu horietatik sortu zitzaion margolaritza mugimenduan jartzeko nahia, berak "laugarren dimentsioa" deitu zuena txertatzeko. Dimentsio hori "denbora, mugimendua, aldaketa" gisa definitu zuen 2020an Pariseko Pompidou Zentroan emandako elkarrizketa batean: "Gure esperientziaren eta ezagutzaren hedapen bat aurkitzea, horixe da laugarren dimentsioaren magia", gaineratu zuen.

Paris eta mugimendu zinetikoaren hasiera

1951n Parisera aldatu zen, eta laster hasi zen bere belaunaldiko artista garrantzitsuenekin harremanetan, hala nola Constantin Brancusi, Marc Chagall edo André Bretonekin. Berehala interesatu zen arte zinetikoaz, eta Jean Dewasnek eta Edgar Pilletek zuzendutako Arte Abstraktuaren Tailerrean izena eman zuen. 1953an, bakarkako lehen erakusketa egin zuen Craven galerian, Tableaux transformables (Koadro transformagarriak) izenburuarekin. Surrealisten arreta erakarri zuen eta horiek hainbat lan erosi zizkioten. Erakusketa hartan, bisitariei euskarri gaineko erliebezko piezak lekuz aldatzeko gonbita egiten zitzaien, bakoitzak bere konposizioa sor zezan.

Dagoeneko orduan argi geratu zen Yaacov Agamen arte zinetikoaren berezitasuna. Berak ez zuen mugimendua elementu naturalen bidez lortu nahi —Alexander Calderren mugikorrak aire-korronteek eta grabitateak animatzen dituzten bezala—, ezta elementu motorizatuen bidez ere. Obra ikuslearen esku-hartzearekin aktibatzen da, eta hori funtsezko printzipio bihurtu zuen.

1955ean, Yaacov Agamek arte zinetikoaren nazioarteko lehen erakusketan parte hartu zuen Denise René galerian (Paris), Marcel Duchamp, Alexander Calder, Victor Vasarely, Pol Bury eta Jesús Rafael Sotorekin batera. Bertan, ikuslearen lekualdatzea eskatzen zuten objektuak eta ikuslearen parte-hartze aktiboa behar zuten beste batzuk aurkeztu zituen.

Agamografoak eta ospe instituzionala

Agamografoak arte optikoaren lehen obren artean daude. Koadroak zerrenda bertikal estriatuz osatuta daude, eta horien bidez hainbat irudi tartekatzen dira. Forma mugimenduan baino ezin da egonkortu; horrela, paradoxa bat gauzatzen da, non ikuslearen mugimendua funtsean mugikorra den obra horren berezko zati bihurtzen den. Arte optikoaren printzipio bera aurki dezakegu Agamen garaikide batzuen lanetan ere, adibidez Bridget Riley (1931) edo Jesús Rafael Sotorengan (1923-2005).

Bere talentua aitortuta, Yaacov Agam artista instituzional bihurtu zen. 1972an, Salon Agam (Agam Aretoa) prestatzen hasi zen Georges Pompidou Frantziako presidenteak hala eskatuta, Eliseo jauregiko apartamentu pribatuen aitzingela apaintzeko ardura eman baitzion. Bi urte eman zituen obra amaitzeko, bitartean Pompidou hil zela.

Espazio publikoa eta legatua

Yaacov Agamen zenbait instalazio espazio publikoan badaude. Horien artean Parisko La Défense auzoan, berak diseinatutako iturri koloretsu erraldoia dago, edota Tel Aviveko Dizengoff plazan, Su eta ur izeneko bere beste iturria.

Artistak mundu osoko hainbat erakundetan erakutsi zituen bere lanak: New Yorkeko Guggenheim-en (1980), Amsterdamgo Udal Museoan (1973) edo Tokioko Isetan Museoan (1989). Gaur egun, New Yorkeko Modern Art Museoak (MoMA) eta Pompidou Zentroak beren bilduma iraunkorretan gordetzen dituzte haren obrak. 2018an, Yaacov Agam Museoa inauguratu zen bere jaioterrian, Rishon LeZionen, Tel Aviv ondo-ondoan.

Yaacov Agamek haurrentzako ikus-ikaspen metodo bat ere garatu zuen, eta horri esker, 1996an, Unescoko Comenius domina jaso zuen, hezkuntzako berrikuntza saritzen duena.

—JdAtik ekarria

irudi galeria

eliseoko-aretoaren-obra-arg-oh-paris-cc-by-2

esentzia

Esentzia

Exposición colectiva

Virginie Bario Galeria (Hendaia, Lapurdi)

Desde el 12 de Septiembre 2026
Al 04 de Noviembre 2026

itzalek-diotena

Itzalek diotena

Ihintza-Chole Hargous Aranburu

Posta aretoa (Urruña, Lapurdi)

Desde el 11 de Septiembre 2026
Al 16 de Octubre 2026

hemen-ez-den-nonbait

Hemen ez den nonbait

Ainhoa Apezteguia, Leire Lacunza eta Nagore Chivite

Iruñeako Zitadela (Iruñea, Nafarroa)

Desde el 01 de Octubre 2026
Al 24 de Enero 2027

arte-lanen-lapurreten-kronologia-bat

Arte-lanen lapurreten kronologia bat

| 10 de Octubre 2026

1911ko La Gioconda-tik 2026ko urriaren 4an lapurtutako San Joanen Apokalipsia-raino, Europan eta munduan izandako lapurreta garrantzitsuenen zerrenda.

bilboko-euskal-museoa-zabalik

Bilboko Euskal Museoa, zabalik

Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]
| 8 de Octubre 2026

Berritu ondoren zabaldutako museo bati buruz idatzi nuen aurreko astean. Irakurleak barkatuko dit museoei buruzko serie hau, baina ekainean zabaldu zuten Bilboko Euskal Museoari buruz idatzi behar dut gaur, nahiz eta arte museoa ez izan.

oroitzeak-berekin-dakarrena

Oroitzeak berekin dakarrena

Jone Rubio Mazkiaran [BERRIA.eus]
| 8 de Octubre 2026

Urtero legez, Mapamunditarrak erakusketa proiektuaren hitzordua gurean dugu berriz, urteroko egutegiari leial. Badira erantzun borobil eta itxiak ematera datozen erakusketak, baina ibilbideak erakutsi ohi digu komisariotza proiektu oro, funtsean galdera batekin hasten dela.

bonnat-museoa-zabalik

Bonnat museoa zabalik

Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]
| 6 de Octubre 2026

Azkenean! Ia 15 urte itxita egon ondoren berriz zabaldu dute Baionako Bonnat-Helleu museoa. Leon Bonnat artista baionarrak bere herriko etxeari utzi zion urteetan pilatutako arte bilduma; horren ondorioz, ordura arte bilduma pribatua izan zena publikoa bilakatu zen.

deskolonializazioaren-erronka-euskal-museoetan-ate-joka

Deskolonializazioaren erronka euskal museoetan ate joka

Xalbat Alzugarai Etxeberri [BERRIA.eus]
| 6 de Octubre 2026

Europako museoetan maiz piztu ohi da haien bildumetan iragan kolonialak duen arrastoari buruzko polemika. Obra espoliatuak itzularazteko Parisek onartu duen legeak ekarri du gaia hizpidera orain. Adituek diote Euskal Herrian ere "asko" dagoela egiteko.

Artekaria

El poratl del arte en Euskal Herria

Este es el portal creado por la red ZAPART. Con ARTEKARIA queremos dar visibilidad a la increíble riqueza artística e infraestructural de nuestro pequeño territorio vasco (Euskal Herri osoa). De hecho, nos parece que en un espacio tan reducido donde se encuentran tantos museos (Artium, Oteiza, Oteiza, Artes de Bilbo, Guggenheim…), centros de arte (Uharte-zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), salas públicas y privadas (Didam, Zitadela, Bastero, Ospitalea, fondations), galería de arte tradicional o de artistas... con tantas programaciones y obras de artistas visibles, la visualización de este conjunto no es fácil. Hemos creado este portal para ayudar a resolver esta falta.

Artekaria

La red de l@s artist@s profesionales de Euskal Herria

Zapart tiene como objetivo conectar, promover el trabajo y defender los derechos de l@s artist@s profesionales que viven y trabajan en Euskal Herria (en los seis territorios historicos que son Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa y Zuberoa).