artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Basterretxea: ehun urte, bost geldiune

Margolaritzan, eskulturan, zineman, diseinuan eta, orobat, euskal kulturaren susperraldiaren aldeko lanean nabarmendu zen Nestor Basterretxea. Mendea bete da artistaren jaiotzatik, eta bost urratsetan zeharkatu du haren ekarpena BERRIAk.

basterretxea-ehun-urte-bost-geldiune
Nestor Basterretxea, Arantzazuko kriptan, 2009an. Arg/ LUIS JAUREGIALTZO - FOKU

2024ko Maiatzaren 7a | Itziar Ugarte Irizar [BERRIA.eus]

Joan den Maiatzaren 6an beteko zituen 100 urte Nestor Basterretxea Artzadunek (Bermeo, Bizkaia, 1924 - 2014, Hondarribia, Gipuzkoa). Kantauri itsasoaren aurre-aurrean jaio, 36ko gerrak Frantziara, Okzitaniara eta Argentinara erbesteratu —Emakume Abertzale Batzako kidea zuen ama eta EAJkoa aita—, eta 30 urteak bete aurretik itzuli zen ostera ere sorlekuko itsaso parera. Bizialdi luzea izan zuen, eta Euskal Herriko artearen historia hurbileko une inportante ugariren lekuko eta eragile izan zen aldi horretan.

BERRIAri eman zion azken elkarrizketan, titulu hau utzi zuen: "Gaurko obrek bihar dute garrantzia". Bost geldiunetan gurutzadaiteke haren mende betea.

1 | Arantzazuko kriptako margoak (1952-1985)

"Zeluloidea eta zura, papera eta burdina, brontzea eta harria izan ziren materialak zeinekin eraiki zuen Basterretxeak bere ontzia, guretzat, bere aberrikideontzat deskubrituz galdutako munduen grazia eta edertasuna". Juan Antonio Urbeltzek idatzi zituen hitzok artistaren hil ondorengo egunetan, egunkari honetantxe. Ez alferrik, "Euskal Herriko artistarik poliedrikoenetako bat" izan baitzen Basterretxea askoren irudiko, baita 1950eko hamarkadatik aurrera euskal artearen biziberritzean sakon inplikatu zirenetako bat ere.

Bide horren lehen argazki esanguratsuetako bat Arantzazutik heldu zen (Oñati, Gipuzkoa). 1952a zen, eta erbestetik itzuli berri, Argentinan ezagutu eta azkenera arte lagun-min izan zuen Jorge Oteizak bultzatu zuen Basterretxea Arantzazuko basilikako horma irudiak egiteko lehiaketara aurkeztera. Aurkeztu zen, eta bai irabazi ere. Kritikak, ordea, azkar piztu ziren; Erromak lanak bertan behera uzteko agindu zuen 1955eko udan, eta gauetik goizera norbaitek ezabatu egin zituen.

"Ondradu egin genuen lan Arantzazun, erabat horretara jarrita", oroitu zuen artistakArgia-n 2001ean. "Arantzazuko liburutegian sartu, eta pintatu beharreko gaiak irakurtzen genituen. Guztira 500 metro koadro pintatu behar nituen, eta lanaren erdia, 11 koadro, margotuanuela, hasi ziren salaketa zentzugabe horiek, ateo komunistak ginela ziotenak... Gu kondenatzeagatik, ordura arte existitzen ez zen epaitegi bat sortu zuten propio".

1980ko hamarkadan itzuli zen basilikara Basterretxea lana amaitzera: hemezortzi margolanen lehen erdian gizakia kreazioaren aurrean margotu zuen, eta gizakia Kristo berpiztu ondorenean bigarren erdian. Basterretxea: "Setien etxera etorri zitzaidan bere auto ofizialean, eta esan zidan: ‘Baina, Basterretxea! Jarridazu Kristo bizkarrez kriptako edozein tokitan, baina ez iezadazu aldarean jarri! Orduan buelta eman nion. Eta Arantzazuko Kristo gorria da, indar izugarrikoa, atetik sartzen denari ‘Kabroi alaena! Hona hator!' esaten diona".

1950eko hamarraldian beste bi mugarri ere izan ziren artistaren ibilbidean: Equipo 57 taldearen sorrera; eta, Oteizaren gertuan eta Luis Vallet arkitektoarekin batera, Irunen (Gipuzkoa) eraikitako etxe-lantegia. Pintura inoiz bazter utzi gabe, eskultura arakatzen hasi zen orduan Basterretxea.

2 | 'Ama lur' (1968)

Euskal zinemagintzaren lehen filmetako batek ere badarama Basterretxearen sinadura:Ama lur-ek (1968). Fernando Larrukertek eta biek zuzendu zuten, 1963an elkarrekin muntatu zuten Frontera Films ekoiztetxearekin, eta hiru film labur dokumental egin zituzten haren aurretik:Operación H(1963),Pelotari(1964) etaAlquézar. Retablo de pasión(1966).

Txalaparta, irrintziak, larre berdeak, labe garaietako langileak, Kantauri itsasoa orroka... Frankismoaren azkenetan sartuta, "euskal esentziei egindako kantutzat" jo zen filma, eta herritarrek jarritako diruari esker egin zen, hein handian. Donostiako Zinemaldian estreinatu zuten 1968an, goraino betetako areto batean, eta Basterretxeak esana da "garai hartako pelikularik zentsuratuena" izan zela.

Filmari ezinbestez lotuta dagoen izena da Gaur taldearena ere. Hura aurkeztu baino bi urte lehenago sortu zuten Txillidak, Oteizak, Mendiburuk, Ruiz Balerdik, Sistiagak, Zumetak, Ariasek eta zortziek, eta Euskal Eskola baterako abangoardiako mugimendua ordezkatu zuen. Giro hartan lotu zen Basterretxea euskal kulturaren eta aberriaren sustraiak arakatzera, eta sustrai horietan oinarritutako "lengoaia zinematografiko propioa" sortzea izan zen, hain justu,Ama lur-en asmoa. Urte haietako pultsio kolektiboa deseginez joan zen, ordea, eta Gaur Oteizaren eta Txillidaren arteko liskarrengatik zapuztu zela esan izan zuen Basterretxeak. "Enfrentamendu hori handituz joan zen, eta, trintxera bihurturik, batzuek Oteizaren alde egin genuen, eta besteek, Txillidaren alde. Horrek hondatu zituen talde denak".

Garai bertsuan, eta sen antzekoari segika, sortu zuen artistakEuskal Kosmogonia Saila(1972) zurezko eskultura multzoa ere, Jose Migel Barandiaranen Euskal Mitologiaren Hiztegia interpretatzeko. Basterretxea: "Ama luregin nuenean, Barandiarani galdetu nion: Euskaldunak zer gara? Nortzuk gara? (...) Oteizari, Barandiarani eta Mitxelenari galdetu nien euskararen irudiak zeintzuk ziren. Eta esan zidaten euskarak halakorik ez zuela. Nik sortzea erabaki nuen orduan. Euskararen irudiak dira: ikus daitezke, uki daitezke. (...) Ez dakit euskaraz, eta horrek tripako mina sortzen dit".

3 | 'Kurpilla' (1968)

Pintura, eskultura, argazkigintza zein zinemarekin paraleloan, diseinuaren eta arkitekturaren eremuak ere beti izan zituen presente Basterretxeak bere jardun artistikoan. Gerrak eragotzi zion arkitektura ikastea —delineazio ikasketak egin zituen Buenos Airesen—, baina Ander Basterretxea anaia gazteagoak bai ikasi zuen, eta Ameriketatik itzuli zenean (1960), Irungo etxe-lantegiko beheko solairuan kokatu zen, anaia bien arteko lankidetza bati bide emanez. Eibarko (Gipuzkoa) Untzaga Dorrea eraiki zuten, 1968an, esaterako.

Peio Agirre komisario eta arte kritikariaren esanetan, Basterretxeak "erraztasun handia" izan zuen altzarigintza, arkitektura eta dekorazioa uztartzeko —mendeurrenaren harira artistari eskainitako webgune bat sortu dute berriki, eta testuen egileetako bat izan da Agirre—. Lehen lan aipagarria, 1957tik 1958ra Madrilgo H Muebles etxearentzat diseinatutako altzariak izan ziren, eta, esperientzia haren ondotik, Espiral denda sortu zuen Donostian, "euskal etxeetan altzari modernoa sartzeko premia" ikusita. Eskaria haziz zihoala ikusita, diseinu lanak ekoizteko Biok enpresa sortu zuten hiru kidek. Han diseinatu zuen, egurra kurbatzeko teknologia berrietatik abiatuta, alor honetako bere asmakizun aipatuena:Kurpillabesaulkia (1968).

1970eko urteetan sartzean utzi zuen Biok —"produkzio estandarizatuaren mugak gogogabetuta", Agirreren arabera—, eta diseinu industrialetik "bolumetrietara" jo zuen, "arkitekturaren eta artistaren erabateko askatasuna uztartzeko". Lan ildo berri horretan heldu zen, besteak beste, Arriarango urtegian (Gipuzkoan) egindakoUrbideaerliebe monumentala (1993).

Hain justu, mendeurrenaren harira egingo diren askotariko erakusketetan lehenetakoa Basterretxearen alor horri eskainitakoa izan da: Bilboko Arte Ederren Museoan dago ikusgai, maiatzaren 26ra arte —Agirre da komisarioetako bat—.

4 | 'Izaro' (1983)

Franco hil ostean, esku hartze kulturalarentzat abagune berri bat ireki zen Euskal Herrian. Kartelak, anagramak eta eskultura publikoa giltzarri izan ziren garaian Euskal Eskolatik zetozen artistentzat, eta gehien ekoitzi zuten artistetako bat izan zen Basterretxea. 1979an, Oteiza eta biek "arkitektura erradikaleko proiektu bat" aurkeztu zuten Bilboko Sabino Arana fundazioan kulturgune bat egiteko —ez zen egin azkenean—, eta, hurrengo urtean, Eusko Jaurlaritza eratu berrian, Kultura Sailean aholkulari aritzeko proposamena egin zioten. Horretan jardun zuen 1983ra arte; Arte Garaikidearen Zentroa sustatu zuen —huraere ez zen egin azkenean—, eta gaur arte indarrean dagoen arte plastikoetako Gure Artea saria abiarazi zuen.

Instituzioekin izandako harreman horren ikonotzat har daiteke, halaber,Izaroeskultura, 1983tik Eusko Legebiltzarraren sinbolo eta ganberaren buru dena. Zazpi adarreko zuhaitz bat irudikatzen du eskulturak, Euskal Herriaren zazpi lurraldeei eta elizateetako zuhaitzen azpian legeak egiteko euskal tradizioari keinu egiten diena. Aurreko urteetan, 1976ko Aberri Egunerako kartela, 1978koGernikako estatutoa, bai kartela eta Adierazpen Askatasunaren Aldeko Jaialdiaren logotipoa (1978) ere diseinatu zituen. Baita Euskaltzaindiak sustatu zuenBai euskarari(1978) egitasmorako sortu zuen logotipo ezaguna ere. Egun, Legebiltzarrean dagoGernikako arbolari omenaldia(1979) eskultura ere.

5 | 'Bakearen usoa' (1988)

"Jende batek esaten dit herriarengan pentsatuta egin behar ditudala obrak. Baina, nor da herria? Zer pentsatzen du herriak? Ez daude berdin pentsatzen duten bi pertsona eta! Nire obra neure buruari egiten diodan apustua da". Basterretxearen berbak dira, behin kazetariak herriarekiko hartu-emanaz galdetu zionean esandakoa. Izan ere, Basterretxearen diseinu lan ugariek eta garai hartan artistek euskal kulturaren biziberritzean jokatu zuten rolak, hurbildu egin zuen artisten lana, oro har, herritar askorengana, eta tartean egon zen Basterretxearena ere. 1970eko hamarkadatik aurrera harako-honako egin zuen eskultura publikoa oso ugariak ere izan zuen eraginik horretan. Euskal Herriko luze-zabalean dago haren obra egun, eta Donostiako Zurriola hondartzaren alboan dagoenBakearen usoada horien artetik gehien ezagutarazi direnetako bat. Hain zuzen, usoa motibo errepikakorra izan zen artistaren lanean, eta bakearen aldeko jarrerak ere egin zuen ezagun konfrontazio politiko handiko urteetan.

Askotariko egitasmoei agertu zien babesaren frogez beteta dago hemeroteka, eta, jardun horri itsatsita, ideia bat ere errepikatzen da haren hitzetan: artearen ahalean zuen sinesmena: "Hain pertsonala izaki, artea ulertzeko zaila da. Baina behin ulertuta, denboraren muga gainditzen duzu".


situ-akzioak

Situ-akzioak

Andrea Canepa

Tabakalera (Donostia, Gipuzkoa)

2026ko Martxoaren 26tik
2026ko Uztailaren 19ra

eduki-sentikorra

Eduki sentikorra

Miguel Mendoza

Juan Manuel Lumbreras (Bilbo, Bizkaia)

2026ko Urtarrilaren 15etik
2026ko Otsailaren 27ra

silver-ships

Silver Ships

Karlos Martínez Bordoy

Montehermoso Kulturunea (Gasteiz, Araba)

2026ko Urtarrilaren 30etik
2026ko Apirilaren 06ra

jose-antonio-azpilikuetaren-edward-hopperrak

Jose Antonio Azpilikuetaren Edward Hopperrak

Ots. 04 | Iñigo Astiz [BERRIA.eus]

Euskal artistak Hopperren lanetan oinarrituta sortutako hamabi grabatu bildu ditu Bilboko Arte Ederren Museoak ‘After Hopper' erakusketan. Jose Ignacio Olabe arte editoreak egindako enkargu baten emaitza da bilduma.

arte-galeriek-atea-itxiko-diote-21eko-bezari

Arte galeriek atea itxiko diote %21eko BEZari

Ots. 02 | Amaia Jimenez Larrea [BERRIA.eus]

Gaurtik larunbatera bitarte, Hego Euskal Herriko hainbat arte galeria itxi egingo dituzte, Espainiako Gobernuak artelanen salmentarako ezarritako %21eko BEZaren aurka protesta egiteko. Aspalditik dator zerga jaisteko eskaria; 2012an igo zuten.

strong-back-soft-front-egunerokotasunaren-behaketari-buruzko-hausnarketa-artistikoa

Strong Back, Soft Front" egunerokotasunaren behaketari buruzko hausnarketa artistikoa

| 2026ko Urtarrilaren 30a

Maite González Martínez artistaren bakarkako erakusketak, Iñigo Villafranca Apesteguia komisario duela, gelditzeko eta ingurunea begirada lasai eta hurbiletik behatzeko proposamena egiten du. Erakusketa Tabakalerako komisariotza egonaldi deialdiaren emaitza da; bertako komisario eta artistei laguntzea du helburu.

poesiarik-ez-behintzat

Poesiarik ez behintzat

Urt. 29 | Garazi Ansa [BERRIA.eus]

Moon poem | Artista: Oscar Tuazon. | Lekua: Cibrian galeria (Donostia). | Noiz arte: urtarrilaren 31ra arte.

elkarketa-ala-murrizketa

Elkarketa ala murrizketa

Urt. 29 | Haizea Barcenilla [BERRIA.eus]

Iazko abenduaren 15ean, Bilbo Arte eta Azkuna zentroa elkartzeko erabakia hartu zuen Bilboko Udalak. Abenduaren erdiko bi asteak eztabaida publikorik gabe hartutako erabakiak oihartzun gutxirekin pasatzeko erabiltzen dira...

estetizidioa

Estetizidioa

Urt. 22 | Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]

Estetizidio hitza idatzita ikusteak larritu nau. Ez nuen terminoaren berri, eta lehendabiziko aldiz artearen kontrako bortxakeria aproposak hain gordin adierazita irakurtzeak harritu nau.

ideologien-beldurrik-bai

Ideologien beldurrik bai?

Urt. 22 | Jone Rubio Mazkiaran [BERRIA.eus]

Lurrak ez du jaberik izango | Artista: Marwa Arsanios. | Tokia: Artiumen, Gasteizen. | Noiz arte: apirilaren 12ra arte.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.