artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Arte Ederren Bilboko Museoak Zuloagaren Erik Satieren erretratua erosi du

Ignacio Zuloagaren margolana Begoña María Azkue legatua baliatuz museoak erosten duenen bigarren artelana da. Iaz, William Bouguereauren Botoa Sainte-Anne d'Aurayn (c. 1870) mihise gaineko olio-pintura eskuratu zuen.

arte-ederren-bilboko-museoak-zuloagaren-erik-satieren-erretratua-erosi-du

| 2024ko Urriaren 4a

1908an sortu zenetik, Arte Ederren Bilboko Museoak hein handi batean dohaintzei eta legatuei esker handitu ditu bere bildumak. Lan berriak lortzeko modu hori mantendu egin da, eta Museoaren bereizgarri argienetako bat bilakatu da: Museoaren ondare artistikoa osatzen duten obren %60 baino gehiago partikularrek, erakundeek eta beste entitate korporatibo batzuek legatu edo dohaintza gisa emana da.

Joan den urtean, Begoña María Azkue batu zen segida historiko horretara; hain zuzen, bere azken-nahietan Museoaren aldeko legatu bat formalizatu zuen, eta oso-osorik bilduma aberastuko duten artelanak erosteko erabiltzeko eskatu zuen.

Lehenengo erosketa Botoa Sainte-Anne d'Aurayn (c.1870) mihise gaineko olio-pintura izan zen. William Bouguereauren lan aipagarri horrek Museoaren XIX.mendeko pintura-lanen multzoa osatuko du. Madrilgo Ansorena enkante-etxean erosi zen 2023an, 165.466euroren truke, eta urte bereko azaroan aurkeztu zen aretoan.

Orain, Museoak ezagutzera eman nahi du 2023ko abenduan Parisko Drouot Hotelean Giquelloren enkantean erositako bigarren margolana, 54.600euroan eskuratua. Ignacio Zuloagak 1893-1894 inguruan Parisen margotutako Erik Satieren erretratua da. Eskurapen horri esker, Zuloagaren ekoizpeneko obra goiztiar batekin osatzen da Museoan euskal artistaren lanetik kontserbatzen diren margolanen multzo aipagarria (10): Campo Alegreko kondearen erretratua (c. 1892), Eguzkitakodun dama (c. 1895-1897), Pikatzaile ijitoa (1903), Adela de Quintana Moreno andrearen erretratua (1910), Kardinala (1912), Mathieu de Noailles kondesaren erretratua (1913), Rosita Gutiérrez andrearen erretratua (c. 1914-1915), Errioxako paisaia (c. 1935) eta Emakume-biluzia (c. 1939).

Obraren interes artistikoaz harago, azken eskurapen horrek omenaldi inplizitua egiten dio Begoña María Azkueri, zeina, besteak beste, musikazale amorratua baitzen.

Erik Satieren erretratua

[c. 1893-1894, Olioa mihisean, 49,3x60,5cm, 2024an erosia, Begoña María Azkueren legatuari esker]

Museoan Ignacio Zuloagaren obrek osatzen duten bildumara frantziar konpositore Erik Satieren (Honfleur, Calvados, Normandia, 1866 - Paris, 1925) erretratu hau ekartzearekin, artistaren gaztaroko ekoizpenaren garaia osatzen da, aintzat hartuta ia ez dagoela garai horretako lanen eskaintzarik merkatuan. Mihiseak dokumentatzen duen garaian, Eugène Carrièreren eragina agertu zen Zuloagaren pinturan, eta artistak paleta inpresionistaren naturalismoa utzi eta sinbolismora hurbiltzen duten kromatismo mugatura eta ilunpeko argiztapenera jo zuen. Hala, barnealde zehaztugabe batean, Satie gaztearen bustoa aurkituko dugu, aurpegia hiru laurdeneko profilean marraztuta, ia argirik gabe, eta Montmartreko itxura bohemioaz, bizar eta ile luzeekin, betaurrekoak eta lebita jantzita, musikariak 1895etik aurrera eta hamar urte baino gehiagoan jantzi zuen pana berdezko "uniformearen" aurrekari gisa.

Zuloagak Parisen margotu zuen obra bere ibilbidearen hasieran –23urte zituela–, bere prestakuntza autodidakta modernitatearekin zuzenean lotuta osatzeko irrikaz Frantziako hiriburura egin zuen bidaian. Han, poeta, margolari eta musikarien bohemio-bizieran parte hartu zuen, kafetegi eta kabaretetan biltzen ziren euskal eta kataluniar artista talde ugariarekin batera. Pablo Urangaren adiskide egin zen, eta Cortot kalera joan zen harekin bizitzera 1892ko amaieran. Suzanne Valadon margolariaren auzokide izan ziren han, zeinak idilio bat izan baitzuen Erik Satierekin 1893an. Zuloagak ordurako musikaria ezagutuko zuen segur aski, artistak maiz bisitatzen zuen Le Chat Noir kabaretean pianoa jotzen baitzuen; hain zuzen, han egin zen Ramón Casas eta Santiago Rusiñol margolarien lagun.

Guztiek egin zuten musikariaren marrazki edo margolanen bat –Valadonek, Urangak, Casasek eta Rusiñolek–. Ordurako, ohiz kanpoko pertsona bat zen, eta haren eragina bere garaikideetara zabaldu zen, Debussyren eta Ravelen aitzindari gisa, bai eta gaur egungoetara ere, besteak beste, John Cage eta Steve Reich konpositore minimalistetara. Aipatutakoez gain, abangoardiako Cocteau, Picasso, Larionov, Goncharova, Brancusi, Man Ray eta Picabia artistek irudikatu zuten Satie. René Clairren Entr'acte (1924) film labur esperimentalaren soinu-banda konposatu zuen. Gaur egun, Museoan proiektatzen da, Ekitaldiartea erakusketaren hitzaurre gisa. Jean Cocteauri esker, Sergei Diághileven Errusiar Balet ospetsuekin harremanetan jarri zen, eta Parade balletaren (1917) musika konposatu zuen. Aipatzekoa da Picasso arduratu zela ballet horren dekoratuak eta jantziak egiteaz.

Ignacio Zuloagak koadroa oparitu zion musikariari, sinatuta eta dedikatuta ("A mon cher ami Erik Satie" [sic]), eta hark berekin gorde zuen 1925ean hil zen arte.

Ignacio Zuloaga (Eibar, 1870 - Madril, Espainia, 1945)

Zuloagak, bere ibilbidean, arrakasta komertzial handia izan zuen, eta, jaso zituen sariei esker, garaiko artista ospetsuenetako bat bilakatu zen. Artistaren lehen prestakuntza autodidakta izan zen, eta haren familia-ingurunean damaskinatzaile eta zeramikagile ospetsuak zeuden. 1887an, Prado Museoa ezagutu zuen, eta kopista gisa aritu zen han, Espainiako eskolako maisulanen inguruan ikasten. 1888an Erromara joan zen, eta zortzi hilabete baino gehiago egon zen hirian, bere arte-ondarea osatzeko.

Urtebete geroago, 1890ean, Parisera joan zen bizitzera, eta Henri Gervex margolariak zuzentzen zuen eta Eugène Carrière irakasle zuen Académie de la Palette eskolan ikasi zuen. Parisen naturalismotik eta sinbolismotik eratorritako lengoaia batekin esperimentatu zuen, eta harreman estua izan zuen Edgar Degas, Paul Gauguin, Henri Toulouse-Lautrec eta Maxime Dethomas pintoreekin, bai eta Euskal Herriko eta Kataluniako artisten kolonia handiarekin ere, besteak beste eta bereziki, Pablo Uranga, Francisco Durrio, Miquel Utrillo, Ramón Casas eta Santiago Rusiñolekin.

Ordutik aurrera, bidaiatzen aritu zen etengabe, eta nazioarteko azoka eta aretoetan hasi zen bere lana erakusten. Ospe handia lortu zuen haietan, 98ko Belaunaldiaren ikuspegiarekin bat zetorren ikonografia batekin, zeinak Espainiako pinturaren enbaxadore bihurtu baitzuen Europan. 1899an Valentine Dethomasekin ezkondu zen, eta maiz bidaiatzen eta eragin handieneko arte-zirkuluekin harremana izaten jarraitu zuen. Auguste Rodin eskultorea eta Ramón del Valle-Inclán, Miguel de Unamuno, Ramiro de Maeztu, Azorín eta José Ortega y Gasset idazleak oso lagun izan zituen.

1909an, arrakasta handiz aurkeztu zuen Ameriketan egindako bere lehen erakusketa, New Yorkeko Hispanic Society elkartean, eta Estatu Batuetako goi-mailako gizarteko pertsona ospetsuak erretratatzeko eta erakusketetan parte hartzeko eskaera ugari jaso zituen. I.Mundu Gerra amaitu aurretik, 1916 eta 1917 artean, beste bira bat egin zuen Estatu Batuetan, eta Amerikan behin betiko ospea lortu zuen horri esker.

1919an, Ramón de la Sota bildumagile eta mezenasak Mathieu de Noailles kondesaren erretratua lan ospetsua erosi zion, eta Arte Ederren Bilboko Museoari eman zion dohaintzan. Espainian egin zuen lehen bakarkako erakusketa 1926an inauguratu zuen Alfontso XIII.a erregeak, Madrilgo Arte Ederren Jauregian, eta 1931n Madrilgo Arte Modernoko Museoaren Patronatuko presidente izendatu zuten.

Ordutik aurrera, haren pintura berriro aldatu zen, eta, enkarguen mende ez zegoenez, Zuloagak gehiago landu zituen lagunen eta senideen erretratuak eta paisaiaren eta natura hilaren generoak. Gerra Zibila hasi zenean, Zumaiako Santiago Etxean zegoen, bere artean lanean.

II.Mundu Gerraren eztandarekin eta gizartean eta gustuetan gertatutako aldaketekin, haren obra tradizionalistak jada ez zuen tokirik merkatu artistikoan, eta Espainiako pinturaren maisuen parte bihurtu zen.

Begoña María Azkue (Bilbo, 1944-2023)

Begoña Azkue Etxebarrin jaio zen 1944an, eta biziki jardun zuen kulturaren arloan bere bizialdi osoan, bere zaletasun pertsonalak jorratuz.

Konpromiso handia zuen euskararekin eta euskal kulturarekin; hain zuzen, Bilboko Urretxindorra ikastolarekin oso lotuta egon zen, eta harentzako material pedagogikoak itzuli zituen. Gainera, aktiboki parte hartu zuen Deustuko Unibertsitateko helduentzako prestakuntza-geletan.

Kultura maite zuen, zentzurik zabalenean, eta grina horrek bultzatuta, egin zituen bidaia ugarietan, kultura semitaren eta mediterraneoaren ezagutzan sakondu zuen, eta aukera izan zuen nazioarteko auditorium eta musika ekitaldi garrantzitsu askotara joateko.

Begoña Azkue izaeraz diskretua zen, eta Museoaren Lagunen Komunitatearekin bat egin zuen 2020an, pandemiagatik bereziki zaila zen une batean. Geroago, hartutako konpromiso hori berretsi zuen, testamentuan jasota utzi baitzuen Arte Ederren Bilboko Museoaren bilduma aberasten laguntzeko zuen borondatea, filantropia zibiko eta kulturaleko azken ekintza gisa.


mixed-feelings

Mixed feelings

Ruoxi Jin

Cibrían (Donostia, Gipuzkoa)

2026ko Maiatzaren 29tik
2026ko Uztailaren 11era

mirari-bat-egunean

Mirari bat egunean

Nagore Txibite

Sario (NUP) (Iruñea, Nafarroa)

2026ko Apirilaren 30etik
2026ko Ekainaren 13ra

barreiatutako-paisaiak

Barreiatutako paisaiak

Gerardo D'Abraira

San Telmo (Donostia, Gipuzkoa)

2026ko Martxoaren 10etik
2026ko Irailaren 06ra

david-hockney-88-urterekin-hil-da

David Hockney 88 urterekin hil da

| 2026ko Ekainaren 12a

Ekainaren 12 honetan iragarritako Artista britainiarraren heriotzak pintura, argazkigintza, irudi inprimatu eta ukipen-pantailen arteko zatiketak gutxitan kontuan hartu dituen ibilbideari amaiera eman dio.

san-telmo-museoak-baltzune-eta-p-003687-obrak-aurkezten-ditu

San Telmo Museoak Baltzune eta P-003687 obrak aurkezten ditu

| 2026ko Ekainaren 12a

Tractora Koop. E.-ko kide diren Usue Arrieta Otaolaren Baltzune eta Ainara Elgoibarren P-003687 obrak 2026ko ekainaren 11tik aurrera urtebetez museoko dorreoian eta elizan ikusgai izango dira Museo Bikoitza programaren barruan.

louvre

Louvre

Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]
| 2026ko Ekainaren 11a

Louvre museoko langileak greban omen daude. Xalbat Alzugarai [Berria egunkariko] kazetariak argitaratutako erreportaje luzean ondo baino hobeto deskribatu zuen munduko museo handienetako baten egoera penagarria.

denbora-besarkatzeko-ahalegin-bat

Denbora besarkatzeko ahalegin bat

Jone Rubio Mazkiaran [BERRIA.eus]
| 2026ko Ekainaren 10a

'MIRARI BAT EGUNEAN' | Artista: Nagore Txibite. | Non: NUPeko Sario eraikinean, Iruñean. | Noiz arte: ekainaren 13ra arte.

uharte-zentroak-9-proiektu-hautatu-ditu-2026ko-laguntza-programarako

Uharte Zentroak 9 proiektu hautatu ditu 2026ko Laguntza Programarako

| 2026ko Ekainaren 9a

Arte Plastiko eta Ikusizkoetarako Laguntza Programak arte plastikoen eta Ikusizkoetarako arloan ikerketa artistikoko proiektu argitaragabeak egiten laguntzea du helburu. Egitasmoak bi modalitatetan banatuta daude: ekoizpenekoak alde batetik eta argitalpenekoak bestetik.

artea-mugitzearen-artea

Artea mugitzearen artea

Amaia Igartua Aristondo [BERRIA.eus]
| 2026ko Ekainaren 8a

Artelanak erakusteaz ez ezik, haiek lekualdatzeaz ere arduratzen dira museoak: adibidez, maileguan uzten dituztenean. Zaharberritzaile batek gainbegiratzen du prozesua pieza biltzen dutenetik helmugan ipintzen duten arte, eta aseguratuta joaten dira.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.