artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Paper gaineko artelanen Budapesteko altxortegia hartu du Bilboko Guggenheim museoak

Budapesteko Arte Ederren Museoko bildumaren parte diren 150 artelan jarri dituzte ikusgai. XIV. mendetik hasi eta gaur egunera arteko hamaika artelan bikain daude tartean; Da Vinci, Duerer, Van Gogh, Rembrandt eta hungariar artistenak barne.

paper-gaineko-artelanen-budapesteko-altxortegia-hartu-du-bilboko-guggenheim-museoak
Bisitari bat Duererren lan bati argazkia ateratzen. MARISOL RAMIREZ / FOKU

Iñigo Astiz [BERRIA.eus]
| 2025eko Martxoaren 1a

Tenplu erori baten zutabeak ikustearen pareko zerbait da Leonardo Da Vinci artistak 1504 eta 1505 urteen inguruan marraztutako bi giza aurpegiren ikerketei erreparatzea. Budapesteko Arte Ederren Museoaren bildumako artelan nagusietako bi dira, eta Bilboko Guggenheim museoan ikus daitezke orain. 1503tik hasita, hiru urteko tartea eman zuen artistak Florentziako Pallazzo Vechiorako fresko handi bat pintatzen. Lanak bukatu gabe, Milanera joan zen, ordea, eta amaitu gabe geratu ziren haren irudiak, horman ikusgai, harik eta, azkenean, sei hamarkada geroago, Georgio Vasariri aretoa berriz margotzeko eskaria egin zioten arte. Eta, hortaz, Da Vinciren aurpegi horiek dira desagertutako obra hartaz geratzen diren hondakin esanguratsuenetako bi. Obra osoak izan zezakeen neurriaren arrastoa gordetzen duten bi zutabe solte balira bezala, oraindik ere, zehatz eta bizi, jadanik existitzen ez den zerbaiten memoriari eusten diote. Maiatzaren 25era arte egongo dira bi marrazki horiek Bilbon, Budapesteko paper gaineko maisulanak erakusketan. Izan ere, erakusketa horretan bilduko dituzte Hungariako museoaren bildumaren parte diren paper gaineko 150 marrazki eta margolan.

XIV. mendetik gaur egunera arteko ibilbidea proposatzen du bildumak, eta, Da Vinciren lanak ez ezik, Albrecht Duererenak, Vincent van Goghenak, Rembrandtenak, Francisco Goyarenak, Egon Schielenak, Pablo Picassorenak eta hungariar artista garaikideen lanak ere ikusi ahalko ditu bertan bisitariak. Bigarren solairuko lau areto hartzen ditu ibilbideak, eta kronologikoki ez ezik, gaika ere antolatu dituzte artelanak.

Budapesteko Arte Ederren Museoko Kinga Bodik eta Bilboko Guggenheim museoko Marta Blaviak egin dituzte komisario lanak, eta, onartu dutenez, bi kezka nagusi izan dituzte bilduma antolatzerakoan. Batetik, nola erakutsi zazpi mendeko artelanak biltzen dituen multzo hori, Erdi Arotik hasi eta gaur egunera arte heltzen dena, arte moderno eta arte garaikideko museo batean. Eta, bestetik, nola uztartu Guggenheim museoaren eraikinaren monumentaltasuna eta paper gaineko artelanen eskala gehienetan txikia. Eta bi arazoentzako topatu dute irtenbidea.

Garai bateko eta garaikide

Lehen kezkari erantzute aldera, komisarioek nabarmendu dute marrazkiak maiz garrantzi handia duela artistentzat, garaia edozein dela ere —"artista guztientzat hasten eta bukatzen da marrazkiekin"—, eta horregatik direla Budapesteko lanak "garaikideak". Bestalde, aretoetako hormak bildumaren ezaugarrietara propio egokituz erantzun diote kezka arkitektonikoari. Lilaz pintatu dituzte lanik zaharrenak hartzen dituzten aretoak, esaterako, eta espazio zabalagoetan erakutsi dituzte lanik garaikideenak.

1410ekoa da erakusketan ikus daitekeen lanik zaharrena. Antiokiako Santa Margaritaren irudi bat da, herensuge baten gainean garaile ageri dela. Garai hartako beste hainbat lanetan gertatzen den bezala, irudi horretan ere ez da egilearen izenik gorde. Paisaiei buruzko atal bat ere badu lehen aretoak, eta, besteak beste, Jean Brueghelen eta Domenico Campagnollaren lanak ikus daitezke bertan. Duererri eskainitako beste atal bat ere badago, haren lau lanekin, bai eta giza gorputzaren gaineko beste atal bat ere, tartean, Da Vinciren bi marrazki dituela.

Bigarren aretoan parez pare topatuko ditu bisitariak Rembrandten lau marrazki eta Peter Paul Rubensen bi irudi. Eta, haiekin batera, Jean-Antoine Watteu, Claude Lorrain eta Nicolas Poussinen artelan batzuk ere jarri dituzte ikusgai. XIX. eta XX. mendeetako lanak bildu dituzte hirugarren aretoan, eta Jean-Francois Millet, Miklos Barabas, Gustave Courbet, Pablo Picasso, Edvard Munch eta beste hainbat artista handiren lanak ikusi daitezke bertan. Vincent Van Goghen zuhaitz ikusgarria eta Gustav Klimtek lerro bakar batekin egindako marrazki delikatua ere hirugarren areto horretan zintzilikatu dituzte. Eta, hain zuzen ere, komisarioek nabarmendu nahi izan dutenez, hirugarren areto horretan topatuko du bisitariak, lehenengoz, emakumezko artista baten lana ere. Kathe Kollwitzen 1899ko Gretchen izeneko marrazkia, hain justu.

Hungariar artistak

Artista garaikideen lanak daude laugarren aretoan, eta artista hungariarren piezak dira nagusi. Vilmos Aba-Novak artistak marraztutako New York hiriaren ikuspegia eta Vera Molnar artistak 1988an marraztutako Amari gutunak lan barnerakoi eta sentikorra daude bertan, bai eta Dora Maurer artistaren 13 arrasto lana ere. 2016koa da artelana, eta artistaren gorputzak gaixoaldian oheko izaretan utzitako tolesturak biltzen ditu.

Orain handitze eta berritze lanetan ari dira Budapesteko Arte Ederren Museoan, eta horregatik jarri ahal izan dituzte bildumako lanak Bilbon ikusgai. Nolanahi ere, Budapesteko museoaren "eskuzabaltasuna" eskertu du Juan Ignacio Bidarte Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendariak.

Budapesteko Arte Ederren Museoaren beraren historia ere biltzen du Bilboko erakusketak. Aretoen erdialdean jarritako bitrina batzuetan bildu dute informazioa, eta erakundearen garrantzia nabarmendu du Laszlo Baan museoko zuzendariak ere. Haren hitzetan, bilduma bikaina izan arren oraindik ez da merezi bezain ezaguna. "Europan gure bilduma ezkutatu xamar dago oraindik ere". Eta, hain zuzen, Bilboko erakusketak horretan lagunduko duen esperantza azaldu du.


inurri-bideak

Inurri bideak

Andrea Canepa

Tabakalera (Donostia, Gipuzkoa)

2026ko Martxoaren 26tik
2026ko Uztailaren 19ra

farocki-efektua

Farocki efektua

Kubo Kutxa aretoa (Donostia, Gipuzkoa)

2026ko Ekainaren 19tik
2026ko Irailaren 27ra

azkenean-hondartza

Azkenean hondartza!

Claude Nori

L'Angle (Hendaia, Lapurdi)

2026ko Ekainaren 12tik
2026ko Uztailaren 19ra

paraleloak-eta-meridianoak

Paraleloak eta meridianoak

Iberdrola bilduma

Arte Ederren Bilboko Museoa (Bilbo, Bizkaia)

2026ko Apirilaren 29tik
2026ko Agorrilaren 30era

denbora-besarkatzeko-ahalegin-bat

Denbora besarkatzeko ahalegin bat

Jone Rubio Mazkiaran [BERRIA.eus]
| 2026ko Ekainaren 10a

'MIRARI BAT EGUNEAN' | Artista: Nagore Txibite. | Non: NUPeko Sario eraikinean, Iruñean. | Noiz arte: ekainaren 13ra arte.

uharte-zentroak-9-proiektu-hautatu-ditu-2026ko-laguntza-programarako

Uharte Zentroak 9 proiektu hautatu ditu 2026ko Laguntza Programarako

| 2026ko Ekainaren 9a

Arte Plastiko eta Ikusizkoetarako Laguntza Programak arte plastikoen eta Ikusizkoetarako arloan ikerketa artistikoko proiektu argitaragabeak egiten laguntzea du helburu. Egitasmoak bi modalitatetan banatuta daude: ekoizpenekoak alde batetik eta argitalpenekoak bestetik.

artea-mugitzearen-artea

Artea mugitzearen artea

Amaia Igartua Aristondo [BERRIA.eus]
| 2026ko Ekainaren 8a

Artelanak erakusteaz ez ezik, haiek lekualdatzeaz ere arduratzen dira museoak: adibidez, maileguan uzten dituztenean. Zaharberritzaile batek gainbegiratzen du prozesua pieza biltzen dutenetik helmugan ipintzen duten arte, eta aseguratuta joaten dira.

elkarri-eutsiz

Elkarri eutsiz

Maite Luengo Agirre [BERRIA.eus]
| 2026ko Ekainaren 4a

MAR DE DIOS | Non: Rekalde aretoan, Bilbon. | Noiz arte: Ekainaren 21era arte.

utopiaz-mozorrotutako-distopia

Utopiaz mozorrotutako distopia

Haizea Barcenilla [BERRIA.eus]
| 2026ko Ekainaren 4a

Orain dela egun batzuk gurutzaontzietan bizi den bikote bati buruzko berri bat irakurri nuen. Ontzi batean ezagutu zuten elkar; ordurako emakumeak bere etxebizitza saldua zuen eta jasotako diruarekin gurutzaontziz gurutzaontzi zebilen.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.