artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Begirada kolektibo bat ezinegonari

Xanti Arrietaren ‘Gernikak. Begiradak' erakusketa zabaldu dute Gasteizko Izaskun Arrue kulturgunean. Gerraren krudeltasuna islatu du euskal kulturako hainbat pertsonaren ekarpenek lagunduta.

begirada-kolektibo-bat-ezinegonari
Xanti Arrietaren 'Maletak, zapatak' obra ikus daiteke 'Gernikak. Begirada' erakusketan. ENDIKA PORTILLO / FOKU

Edurne Begiristain [BERRIA.eus]
| 2025eko Martxoaren 10a

"Nahiz eta irudiek/ listua garraztu/ Misilek beti bide/ berbera marraztu/ Mila bider ikusi/ albistegiak ezin/ omen du zehaztu/ zenbat hil diren eta/ zenbat aberastu". Horman zintzilik, burdinazko alanbrez egindako kutxetako batean irakur daiteke Nerea Ibarzabalen bertsoa. Gerraren bortizkeria sufritzen dutenen begirada izutuen argazkiak zintzilikaturik ageri dira gainerako kutxetan. Xanti Arrieta artistaren Gernikak. Begiradak erakusketari hasiera ematen dion piezak ongi islatzen du artelan bilduma osoaren esanahia: "Guk ezagutzen dugun Gernika horren atzean, beste hamarnaka, ehunka Gernika daude. Horietako asko, odoltsuagoak eta bortitzagoak".

Francoren aliatuek 1937ko apirilaren 26tik aurrera egindako sarraskia mundu osoan da ezagun, eta Picassoren Gernika obrak betikotu egin zuen biztanleria zibilaren izua oroimen kolektiboan. Baina, Gernikaz gain, badira laztura, beldurra, heriotza eta basakeria islatzen dituzten toki gehiago ere. "Ukrainako gerra hasi zenean, telebistako irudiak ikustean neure buruari galdetu nion: Zenbat Gernika, zenbat Hiroshima, zenbat Gaza jasateko prest gaude?". Galdera horretatik tiraka, Pablo Picassoren obra berrinterpretatuz eta oraingo testuingurura ekarriz ondu du erakusketa Arrietak. Gasteizko Izaskun Arrue kulturgunean egongo da ikusgai, hilaren 27ra arte.

Gernikak. Eta begiradak. Pluralean biak. Izan ere, orain eta lehen, Euskal Herrian eta mundu zabalean, hamaika herrik sufritu du (eta sufritzen du) gerraren zentzugabekeria. "Ez dago Gernika bakarra". Eta Gernika bakarra ez dagoen bezala, gerrari buruzko begirada bakarra ere ez dago".

Eta, horregatik hain justu, euskal kulturan erreferente diren hamar pertsonaren "begiradak" bilduta osatu du erakusketa Arrietak. Hala nola Nerea Ibarzabal, Eñaut Elorrieta, Castillo Suarez, Patxi Ibarzabal, Maite Aristegi, Amets Arzallus, Onintza Enbeita eta Martxelo Otamendirenak. Haiek idatzitako testuak, bertsoak eta poemak irakur daitezke artelanak ikusteaz batera.

Hala, "ezinegonez sortutako begirada kolektiboa" osatu du artistak. "Proiektua forma hartzen hasi zenean konturatu nintzen hitzak behar nituela. Irudi batek hamaika hitz baino gehiago balio du, baina hitzak eta irudiak batuz gero, balio handiagoa dute", azaldu du Arrietak. Txema Ramirez de la Piscina kazetaria bidelagun izan du horretarako; besteak beste, hark bilatu ditu erakusketarako kolaboratzaileak eta gerrako lekukotzak, eta hark ondu du biztanleria zibilaren aurkako bonbardaketari buruzko informazio mardularen laburpen osatua ere; erakusketan kontsulta daiteke.

Arrietak kontatu duenez, gerren gordintasunaren eta krudelkeriaren aurrean "begiak ez ixteko" deiadarra da erakusketa, eta ikusleari barrenak mugitzea du helburu. Gatazken inguruan kontzientzia hartzeko xedea duela erantsi du Ramirez de la Piscinak: "Albisteek sortzen diguten amorrua ezin da desmobilizaziorako amarru izan. Gerren aurka jardun eta ekin beharra dago".

‘Gernika'-ren begiradak

Picassoren Gernika margolana "zatikatu" eta esanahi propioa duten bederatzi artelan ondu ditu Arrietak. Besteak beste, zezena, zaldia imintzioka, emakumea sutan, gudariaren hilotz zatikatua eta bonbilla argiztatua berrinterpretatu ditu artistak, pintura, eskultura, zeramika eta argazkiekin, eta kolaboratzaileen testuekin.

Emakumea sutan artelanaren ondoan, adibidez, Maite Aristegi nekazariaren testu bat irakur daiteke: gerran bi seme galdu izanak Elorrioko amona Alejandrari eragin zion minaz idatzitako testua, hain zuzen. Emakume herrena artelanarekin batera, berriz, Castillo Suarez idazleak euskarara ekarritako Iraindutako lurrak poemaren zati bat dago. Pablo Nerudak idatzi zuen, La desbandada izeneko sarraskia salatzeko: 1937an frankistek milaka zibil hil zituzten —3.000-5.000 lagun inguru— Malaga eta Almeria arteko errepidean (Espainia). Arrietak ihesaldi hura eta Gazako gerratik ihesi doazen milaka herritarrena parekatu du argazkien bitartez.

Gernika artelanean oinarritutako obrak ez ezik, gerren krudelkeria islatzen duten bestelako piezak egin ditu artistak. Besteren artean, gerratik ihes egitean atzean uzten den guztia bistaratu du Maletak, zapatak obran, Kirmen Uribek idatzitako testuak lagunduta.

Bisita gidatuak antolatu dituzte erakusketa ikusteko, baita hitzaldiak eta bertso saioak ere.


kooperatiba

Kooperatiba

Taxio Ardanaz eta Carla Filipe

Tabakalera (Donostia, Gipuzkoa)

2026ko Uztailaren 03tik
2027ko Urtarrilaren 10era

koloreztatutako-barne-bulkadak

Koloreztatutako barne bulkadak

Maialen Etxebeste Lekuona [BERRIA.eus]
| 2026ko Uztailaren 15a

Oaia Peruarena margolariak 'Behin eta berriz hasi' bilduma sortu du. Erakusketa irailaren 5era arte egongo da ikusgai, Donostiako Ekain Arte Lanak galerian.

san-telmo-gaua-frescoren-esku-hartze-artistiko-batekin-dator-aurten

San Telmo Gaua Frescoren esku-hartze artistiko batekin dator aurten

STM
| 2026ko Uztailaren 13a

San Telmo Museoaren udako irekiera berezia uztailak 18an izango da, doako sarrerarekin, 20:30 eta 24:00 artean. Xabier Zirikiainek, Ander Perez de Arenazak eta Mario Azurzak berariaz okasio honetan sortuko duten proposamen artistikoa izango da aurtengo berrikuntza

mundu-osoko-mitologien-elkarrizketak-bonnat-helleun

Mundu osoko mitologien elkarrizketak Bonnat Helleun

Xalbat Alzugarai Etxeberri [BERRIA.eus]
| 2026ko Uztailaren 8a

‘Mitologiak' erakusketa ireki dute Baionako Bonnat Helleu museoan. Euskal Herriko, Mediterraneoko, Ekialde Hurbileko, Afrikako eta Mexikoko mitologiak elkarrizketan ezarri dituzte, Parisko Louvre eta Quai Branly-Jacques Chirac museoekin lankidetzan.

graciela-iturbideren-hizkuntza-bisuala-san-telmo-museoko-laborategian-ikusgai-jarri-dute

Graciela Iturbideren hizkuntza bisuala, San Telmo Museoko Laborategian ikusgai jarri dute

| 2026ko Uztailaren 6a

María Millánek egin ditu komisario lanak eta nagusiki 60ko eta 80ko hamarkaden artean sortutako garaiko kopiak biltzen ditu erakusketak. Erakusketak Graciela Iturbidek han-hemengo kulturetan errespetuz murgiltzeko ahalegina eta Mexikoko eta beste herrialde batzuetako herri autoktonoen nortasuna erretratatzean izan duen ikuspegi eraldatzailea nabarmentzen ditu.

gerra-irudikatzeko-bi-modu-beltzetik-abiatuta

Gerra irudikatzeko bi modu, beltzetik abiatuta

Garazi Izagirre Aiestaran [BERRIA.eus]
| 2026ko Uztailaren 5a

'Goya beltza, Motherwell beltza. Laurogei hondamendi eta amildegi bat' izena daraman erakusketa ikusgai jarri du Donostiako San Telmo museoak. Francisco de Goyaren laurogei estanpak eta Robert Motherwellen koadro batek osatzen dute.

hasi-da-jai-jardun-artistikoen-institutuaren-ikasketa-programaren-zazpigarren-edizioa

Hasi da JAI, jardun artistikoen institutuaren ikasketa-programaren zazpigarren edizioa

| 2026ko Uztailaren 2a

Tabakalerak eta Artium Museoak —Oteiza Museoarekin elkarlanean— antolatuta, programak arte garaikidearen arloan ikerketa, ekoizpena eta lan kritikoa sustatzea du helburu. JAIk ezagutzaren, ekoizpenaren eta transmisioaren arteko loturan sakondu nahi du, prestakuntza-prozesuan dauden artisten eta nazioarteko profesionalen artean hartu-emanerako gune bat sortuz.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.