artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Linbo barreneko arte garaikidea

Uharteko Arte Garaikidearen Zentroak egonaldi, formakuntza eta baliabide ugari eskaintzen du artistentzat. 2007an ireki zituen ateak, eta, 2016tik, ekoizpen zentroaren forma du; bakarra da Nafarroan. "Periferiaren periferian" dago, bere argi eta ilun.

linbo-barreneko-arte-garaikidea
Uharte zentroaren hirugarren solairuan hainbat artista lanean aritzeko tokia dago; bereizirik baina elkarren ondoan aritzen dira sortzen. IÑIGO URIZ / FOKU

2025eko Agorrilaren 21a | Uxue Rey Gorraiz [BERRIA.eus]

Begirada norena den, ideia guztiz kontrajarriak azaleratu dakizkioke Uharteko Arte Garaikidearen Zentroa bistatzenduenari. Batzuentzat, beste deus baino gehiago, misterio airea dario zentroari. "Ez dutelako arrastorik ere hemen zer gertatzen den", zehaztu du Oskia Ugarte zuzendariak, irribarre txiki batekin. Eta keinu horren ondotik emandako azalpen pilula gutxi batzuk nahikoa izan dira paradoxa ageri-agerian geldi dadin. Izan ere, beste askorentzat, eraikinak ez du lanbro misteriotsu batek hartutako toki baten batere antzik. Inor ez da gauetan lotara gelditzen, baina, bestela,zentroa etxe ere bihurtua zaie zenbaiti. Artea egiteko eta arte artean egoteko toki. "Eta, beste edozeren gainetik,jendeak lan egiten du hemen", argitu du Ugartek. "Ez da askok uste bezain exotikoa: artistek ez dituzte orduak absenta edaten pasatzen". Segidan, beste irribarre bat loratu zaio; zabalagoa oraingoan.

Uharte zentroaren urteotako urratsei errepaso sakon bat egiteko aski esperientzia du dagoeneko Ugartek erakundean, eta, gainera, ardura postuetan egoteak are eta gehiago zolitu dio soa. 2016tik aurrera, sei urte egin zituen zuzendaritza taldean —Elisa Arteta, Nerea de Diego eta Betisa Ojangurenekin batera aritu zen—, eta,2022ko udatik, bakarrik da karguan. Gainera, aurrera begira ere, erronka franko ditu begiz joak. Uharte zentroa arte garaikidearen arloko ikerketarako eta esperimentaziorako gune batbaita muinean, askotariko diziplinetarakoa, eta, hortaz, bideen adarkatzeak ere askotarikoak izan daitezke—egonaldiak, egoitza, formakuntzak eta beste eskaintzen dituzte—. Ugartek adierazi du ongi zehaztu beharra dagoela indarrak zertan jarri.

Zentroak 2007an ireki zituen ateak. Zuzendariak gogora ekarri duenez, "krisiaren aurreko" garai horretan nabarmen izan zen arte eta kultur zentro "ikaragarriak" egiteko joera, eta bolada horretakoadaUhartekoa ere. Ordoñez-Falcon fundazioak kudeatu zuen hastapenetan, eta Patxi Buldain artistaren lana eta lanerako modua goraipatzeko espazio bat sortzea zuten asmo, batik bat. Azkenerako, ordea, proiektua handitu egin zen. "Eskuetatik joan zitzaien".

Ugartek iradoki duenez, handinahikeriaz kutsatutako bultzada horrek zera ekarri zuen, finean: lehenik eta behin, Uharte herriak behar zuenbaino baliabide askoz handiago bat eraikitzea —zuzendariak "Keopsen piramidetzat" jo du—, eta, bigarrenik, hain zuzen ere handinahikeriaren ondorioz, bai Buldain eta haren bueltako artistak eta baita herritarrak ere egitasmotik guztiz urruntzea.

Funtsean, nazioartean ere erreferentziazkoa izanen zen zerbait sortu nahiak bertakoen mesfidantza baizik ez zuen piztu ordu hartan. Hainbesteraino izan zen hala, ezen manifestazio bat ere egin baitzuten zentroainauguratu zuten egunean. "Aurreko batean hitz egin nuen inaugurazioan zentroak kontratatuta aritu ziren performerretako batekin. Oraindik ongi gogoan du manifestariek pankartarekin bildu eta airean eraman zutenekoa. 'Kaneloi bat bezala!', esaten zidan", osatu du kontakizuna Ugartek. Algara batean kontatu du pasartea, dagoeneko gainditua dagoen krisialdi bati buruz mintzo denaren gisa berean.

Izan ere, orduko zauriek ez dute gaiztotuta iraun. Abiapuntua "gogorra" izan zen, Ugarteren esanetan, zenbaitek badute "errezelorik" oraindik, baina adiskidetzea nabarmena izan da, dioenez. "Lan handia egin dugu Uharte zentroa ez dadin izan herriari beharraksortuko dizkion zerbait, baizik eta kontrakoa, hau da, herriak dituen beharrak asetzen laguntzeko zentro bat".

2016ko metamorfosia

Erakundeak eraldaketa ugari izan ditu sortu zenez geroztik. Ateak zabaldu eta bi urte eskasera, 2009an, Nafarroako Gobernuak finantzatutako Uharteko Arte GaraikidearenZentroaren Fundazioak hartu zuen bere gain erakundearen gidaritza —fundazioaren bederatzi patronatukideetako zortzi Nafarroako Gobernuak zehazten ditu, eta beste eserlekuabetetzea Uharteko alkateari dagokio—, eta dituen funtzioetan ere hainbat aldaketa izan da ordutik. Handiena 2016an izan zen: ekoizpen zentro bilakatu zen orduan. Nafarroako lehenbizikoa izan zen, eta, gaur-gaurkoz, bakarra.

Hala eta guztiz, Uharte zentroa inoiz ez zen museo bat izan, eta orain ere ez da. Ugarte: "Jendeak hori ez du hain argi izaten". Besteak beste, kontua da sekula ez duela izan bilduma iraunkor eta propiorik, eta orain ere halakorik izatea ez dagoela erakundearen anbizioen artean. "Erakusketak izaten ditugu, noski, arte garaikidea horrela zabaltzea ere badagokigulako, baina 2016an egindako salto horretan erabaki zen Uharte ez zela izanenerakusketak hartzeko gune soil bat". Begirada zabaltzea izan zen gakoa. "Erabaki zenpiezaren bukaerako emaitzara iritsi aurretik gertatzen diren gauza horietan guztietan jarriko zela arreta".

Hain zuzen ere, zuzendari karguan denetik, batera edo bestera Ugartek sarri iradoki du artisten sormen prozesuak etenpuntuekin hasten eta etenpuntuekin bukatzen direla normalean. Eta sinetsia dago erakundeak eskaintzen dituen baliabideek nabarmen egiten dietela mesede prozesuon ertz malguei, eta, "guztion mesederako", pauso guztiak bistaratzen direla zentroan.

Uharterainoko bideak eta zidorrak

Artistek hainbat modutara egin dezakete lan Uharten. Batetik, zentroko azpiegiturak erabili nahi dituen artista orok du aukera horretarako —noiznahiizena emaneta txandari itxaron besterik ez dago—; nork bere estudioa izan dezake horrela, gehienez ere sei hilabetez, eta askotariko materialak maileguan hartzeko eta laborategiak baliatzeko aukera ere badago. Besteak beste, grabazio estudioak, ikus-entzunezkoetarako areto eta ekipamenduak, ehungintza lantegia, grabatu lantegia, metal lantegia, eta serigrafia, zura eta zeramika lantzeko tailerrak daude erabilgarri Uharten. Gehien-gehienak lehenbiziko solairuan dira. "Zentroko harribitxia da, zalantzarik gabe", nabarmendu du Ugartek, poz-pozik.

Zuzendaria ekain erdialdeko astearte goiz batean ari da zentroko korridoreetan barrena pasieran, aretoetako bakoitza mimoz erakutsiaz. Ekhiñe Etxeberria Garjon lankide eta artista du lagun. Batik bat, Uharte zentroak Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin elkarlanean gidatzen duen masterraz arduratzen da bera: Praktika artistikoen eta kultur ikasketen masterra: gorputza, afektuak, lurraldeadute izena ikasketa horiek, zehazki.

Master hori egiten ari direnak ere aritzen dira zentroan. Master horretan, ikasleek online eskolak hartzen baitituzte hilabetean hiru astez, baina laugarrenean aurrez aurre aritzen dira, Uharten. Egun horietan, eferbeszentzia artistikoa bereziki da nabarmena zentroan. Eta, kurioski, baita uda partean ere, ikasleotako askok master amaierako lanak egiteko gelak alokatzen dituztenean.

Gauza bat dela edobestea dela, elkarren artean izugarri diferenteak diren artelanak eta lanketak biltzen ditu aldian-aldian Uhartek. Etxeberria Garjon: "Horrelakoetan, niri asko gustatzen zait ikustea estudio batetik bestera gauzak nola aldatzen diren: ikustea nola diren batzuk hain espantsiboak, beste batzuk hain barnerakoak eta neurri txikiaren zaleak... guztien maniak".

Bestalde, Uharten bereziki inportanteak dira prozesu artistikoak babesteko laguntza programak; haiei loturiko deialdien bitartez ere badago bertan lan egitea. Hainbat izan dira urteotan, baina, egun martxan direnen artean,hauek dira esanguratsuenak: batetik, Nafarroako Gobernuarekin lankidetzan urtean behin antolatzen duten arte plastiko eta bisualetarako laguntza programa, eta, bestetik, Ekoiztu kultur beka —sei hilabetean behin egiten da hori, eta nahi bezala erabil daitezkeen 3.000 euro ematen zaizkie artistei laguntza gisara—.

Gainera, besteak beste, azpimarratzekoa da Hazitegiaprograma ere: Oteiza museoarekin batera sustatutako laguntza bat da, eta Jorge Oteizaren obraren eta pentsamendu estetikoaren inguruko sormen artistikoa bultzatzea du xede.

Zentroaren bizialdiaren gaineko azterketa eginda, erakundeabolada aski gozoan dela uste dute Ugartek eta Etxeberria Garjonek, batik bat herritarren parte hartzeari eta interesari dagokienez. Etxeberria Garjonek nabarmendu duenez, geroz eta jende gehiagok ematen du izena bai masterrerako bai eta zentroko guneak erabiltzeko ere, eta, dioenez, hori motibo jakin bati zor zaio batik bat: "Ahoz aho gomendatzen dietebatzuek besteei hona etortzea. Horri esker,Argentinako jende mordoa ere etorri zaigu!".

Urrunera joan gabe

Urtetik urtera sona lortudutelakoan daude, baina badute pena bat, hala eta guztiz: erreferentzialtasuna ez ote den gehienbat Nafarroatik kanpo erdietsi. "Minez" aitortu dute hori. "Komunitate artistikotik kanpo, sentipena dugu bertakoek ez dutela ulertzen, edo ez direla askorik etorri zentroaezagutzera", azaldu du Ugartek. Haren ustez, aurrez beste ekoizpen zentrorik egon ez izanak nabarmen eragin du ezjakintasunean, bada hor zulo bat, eta "Bilborekin, Madrilekin etaValentziarekin" alderatuz, besteak beste, Nafarroan ez da "halako kulturarik sustatu".

Dena dela, Etxeberria Garjonek azpimarratu duenez, eszenatokia aldatzen ari da dagoeneko. Urte gutxiren buruan eboluzio nabarmena sumatu du, adibidez, ibilbide artistikoak garatu nahi dituztenek egiten dituzten joan-etorrietan. "Gaur egun, ikusten dut Arte Ederrak ikastera kanpora joan diren asko —Iruñean ez baitago unibertsitatean ikasketa horiek egiterik— hona itzultzen direla gero, lanean segitzeko. Nire belaunaldikoen artean, aldiz, kanpora joan ginenetatik oso-oso gutxi itzuli gara; Iruñean ez genuen ikusten gure bideak garatzeko aukerarik". Eta, hortaz, bada alderik, dioenez.

Edonola ere, koordenatu geografikoek badute garrantzia, Uhartekoen iritziz. "Onerako eta txarrerako", nabarmendu du Ugartek. Izan ere, zuzendariaren ustez, zentroa "periferiaren periferian" dago. "Batetik, Nafarroan gaudelako; bestetik, ez gaudelako Iruñean ere", argudiatu du, zorrotz.

Gabeziei dagokienez, argitu du ekonomian dagoela zulorik handienetako bat: nabarmendu du ez dutela nahi luketen aurrekontua, eta ez dutela uste gobernua behar adinako "apustua" egiten ari denik arte garaikidearen alde.

Edonola ere, iluntasun horretan, argi izpi asko identifikatuakdituzteaspaldi. "Ez gaude Madrilgo Mataderon, ez gaude Donostiako Tabakaleran, ezta Bilboko Bilbo Arten ere. Pentsatzen dut horrek baduela zerbait ona: denak begira baldin badituzu, gauza asko ezin dira gertatu. Eta Uharte zentroan, sentipena da linbo moduko batean gaudela lan egiteko, probak egiteko, okerrak egiteko. Ez gaude urakanaren zentroan, ez digute begiratzen: ausartak izan gaitezke, eta bagara".


hiria-kalea-etxea

Hiria. Kalea. Etxea.

Denise Scott Brown

Arte Ederren Bilboko Museoa (Bilbo, Bizkaia)

2026ko Otsailaren 11etik
2026ko Maiatzaren 31era

isiltasuna-entzunez

Isiltasuna entzunez

Edouard Solorzano

Rotonda (Donibane Lohizune, Lapurdi)

2026ko Martxoaren 06tik
2026ko Apirilaren 12ra

situ-akzioak

Situ-akzioak

Andrea Canepa

Tabakalera (Donostia, Gipuzkoa)

2026ko Martxoaren 26tik
2026ko Uztailaren 19ra

harien-isla

Harien Isla

Irati Bazeta

tTok (Uztaritze, Lapurdi)

2026ko Otsailaren 27tik
2026ko Apirilaren 02ra

erretratuak-1996-2025

Erretratuak 1996 - 2025

Erika Ede

Juan Manuel Lumbreras (Bilbo, Bizkaia)

2026ko Martxoaren 12tik
2026ko Apirilaren 24ra

burdina-eta-azal

Burdina eta azal

Mar. 12 | Garazi Ansa [BERRIA.eus]

Silver Ships | Artista: Karlos Martinez Bordoy. | Non: Montehermoso kulturgunean, Gasteizen. | Noiz arte: apirilaren 6ra arte.

klientelismoa

Klientelismoa

Mar. 12 | Haizea Barcenilla [BERRIA.eus]

Otsailaren 12an Eusko Legebiltzarrean kulturgileen egoera eztabaidatu zuen jardunaz aritu zen Ismael Manterola aurreko astean. Luze jotzen ari da bilkura horren oihartzuna, eta ez da harritzekoa: astero bada Garikoitz Mendizabalek esan zituenak ezbaian jartzen dituen beste adibide bat.

euskal-eskulturak-ez-dezan-gizon-izena-bakarrik-izan

Euskal eskulturak ez dezan gizon izena bakarrik izan

Mar. 06 | Iñigo Astiz [BERRIA.eus]

E3 Euskal Emakume Eskultoreak elkartea osatzen duten hemeretzi artisten lanak bildu dituzte 'Eskultoreak hemen orain' erakusketan. Bizkaiako Batzar Nagusietan dago bilduma ikusgai, Bilbon.

ezjakintasuna

Ezjakintasuna

Mar. 05 | Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]

Eztabaida Eusko Legebiltzarrean. EH Bilduko legebiltzarkideak sortzaileak prekaritatetik ateratzeko edo babesteko lege proposamenak eskatu ditu. Lanartea elkarteak eta Siadecok sektorean egindako ikerketaren arabera, "ezegonkortasuna" eta "diru sarrera apalak" dira nagusi.

muga-bigunen-testurak

Muga bigunen testurak

Mar. 05 | Jone Rubio Mazkiaran [BERRIA.eus]

DEAR DEER. | Artista: Maider Garaio. | Non: Iruñeko Ziudadelako Bolborategian. | Noiz arte: apirilaren 12ra arte.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.