artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Bezatzen duen materiala

Azken urteetan zeramikak leku nabarmenagoa hartu du arte sisteman. Javier Moreno Arte Ederretako irakasleak "oihartzun mediatikoari" egozten dio, eta Mar de Dios artistak, berriz, barrutik zein kanpotik ikusten du goraldia.

bezatzen-duen-materiala
Mar de Dios artistaren Batzuk erakusketako hainbat pieza, Donostian, Tabakaleran. JON URBE / FOKU

2023ko Martxoaren 9a | Naroa Torralba Rodriguez [BERRIA.eus]

Eduardo Txillida eta Jorge Oteiza nekez lotuko ditu inork zeramikarekin. Javier Moreno EHUko Arte Ederretako irakasleak azaldu duenez, ordea, buztinezko pieza asko egin zituzten: "Beti egon dira zeramika modu batean edo bestean landu duten artistak". Azken hamarkadan material horren goraldia gertatzen ari da, eta Morenok ere sumatu du: "Zeramikaren inguruan oihartzun mediatikoa nabaritu dugu azken urteotan. Ez dakigu oso ondo zein diren arrazoiak, baina interesa badago". Mar de Dios artistak Arte Ederrak ikasi zituen EHUn, eta Madrilera joan zen gero, ikerkuntzari lotutako master bat egitera. Barruak hala eskatuta itzuli zen: "Eskuak zikintzeko gogoa neukan, eta zeramikaren inguruko masterra eskura neukan".

Hamarkada bat darama martxan EHUk eskaintzen duen Zeramika masterrak. Urteotan "denetarik" izan dutela uste du Morenok: "Hasieran, hemen Arte Ederrak ikasitako jendea zen nagusi, bereziki. Gero, urterik urtera, beste fakultate batzuetan ikasitako jende gehiago ere bildu da. Aurten, esaterako, matrikulatutakoen heren bat hegoamerikarrak dira, beste bat euskal herritarrak, eta beste bat espainiar jatorrikoak". De Diosek dioenez, landu dituen diziplinen artetik, zeramika izan da bakarra eskuak garuna baino arinago joan zaizkiola sentitu duena: "Primitiboa da. Egitea, egitea eta egitea; hor sortzen da gozamena".

Gehienak, emakumeak

Zeramikak "bezatu" egin duela aitortu du artistak: "Pauta zehatzak ditu, saihetsezinak direnak, ez bada arrazoi artistiko batengatik propio alboratu nahi dituzula. Baina, zeramikari lotutako prozesu bat nahi izanez gero, derrigorrez errespetatu beharrekoak dira lehortze denborak, labealdiak eta esmaltatzeko prozesua".

Morenoren hitzetan, emakumeak dira, "nabarmen", masterreko ikasle gehienak. Baina hori arte plastikoetan orokorra dela dio: "Azken urteetan esango nuke gehiengoa emakumeak direla. Eta gorantz datozen artista asko emakumeak dira".

EHUko Arte Ederren fakultatean zeramika "betidanik" egon den diziplina bat izan dela dio irakasleak, eta bere ikasle garaian "pil-pilean" zegoela. Baina klixe eta estereotipoetatik ere begiratu izan zaiola azaldu du gero: "Jendeak artisautzarekin lotu izan du zuzenean. Ez da gauza bera gertatu harriarekin; ez dugu zuzenean harginekin lotzen, beti lehenago etortzen zaizkigu burura Michelangelo eta Bernini. Eta burdinarekin gauza bera; inor ez da akordatzen errementariarekin, baizik eta Julio Gonzalez eskultorearekin". Mespretxua edo hierarkizazioa baino gehiago, ezagutza falta da horren kausa, haren ustez.

Antzinatik datorren eztabaida da artearen eta artisautzaren bereizketa, Mar de Diosen iritziz. Eta luzaroan iraungo duela uste du: "Egiatan, interesgarria da elkarrizketa hori edukitzen segitzea, arteak berezkoa baitu latente dauden baba horiek tratatzea. Ikusgarritasuna ematen dio horrek". De Diosen iritziz, eztabaidaezina da historikoki artea gizonen kontua izan dela, eta artisautza, berriz, andrazkoena. Uste du, zeramika emakumeei esleitu izan zaiela, eta adierazpenean dagoela bereizketa: "Miquel Barcelo erreferente bat da. Buztina lantzeko duen modua oso urrun dago artisautzatik. Oso da keinu bidezkoa, bortxazkoa, barne hartu ezinezkoa eta formatu handikoa. Hori dena kontu maskulinoa izan da historikoki. Kontrara, emakumeengan pentsatzen dugunean, ikusten duguna da sukaldea, ontzia edo kantina. Pentsatzen dut hori gelditu zaigula, pentsamenduaren herentzia historiko gisa".

Artistak ere nabaritu du zeramikaren goraldia, "barrutik zein kanpotik", eta ez bakarrik inguru artistikoan, baita "mainstream-ean" ere: "Zeramika lantzeko gero eta tailer gehiago dago. Pentsa, badira lekuak non zure kikara propioa egiten duzun, ondoren hortik bertako kafea edateko". Artearen sistemari dagokionez, sortzaile gehiagok erakusketak egiteko lekua dutela uste du. Berak Batzuk seriea du ikusgai uneotan, Donostiako Tabakaleran.

Estudio bat norberarena

Inbertsio ekonomiko handia egin behar izan du, baina egun bere estudioa du De Diosek: "Edozein diziplinak galdegiten du inbertsio handia, bizitza garesti dagoelako. Zeramikaren kasuan, beharrezkoa da azpiegitura jakin bat: biltegiratzeko leku bat, labe bat eta argindar instalazioa".

Bere sorkuntza nekez azalduko du hitzez artistak: "Baina ez da handinahi kontua, lengoaiarena baizik: artearekiko errespetuagatik egiten dut. Edozein diziplinak edo adierazpen artistikok lengoaia autonomoa du per se". Dena hitzetan jarri beharrak erresistentziak sortzen dizkio: "Tentsioa eragiten dit horrek. Beti egiten delako ikusleria handiago batera heltzeko edo diru laguntzekin babestu behar zaituen instituzioren baterako. Artistak ez dauka beste irtenbiderik itzulpen hori egitea baino, gaur bizi garen munduan bizitzeko. Eta ez da nahi ez dudala; errespetu kontua da, zuk jada beste hizkuntza bat erabili duzulako adierazteko. Poeta bati ez liokete eskatuko haren lana prosan azaltzeko, ezta?".

Garai berriek, ordea, arte munduan ere utzi dituzte albo kalteak. Artistak sarri bere kabuz ikusarazi behar du bere lana, eta De Diosek "nahiko txarto" darama hori: "Ezin diozu ihes egin, hau da bizi garen mundua eta erreminta hauekin maneiatzea tokatu zaigu. Beste lan bat da, paraleloan egin behar duguna. Nik izugarrizko zortea izan dut, lagun min batek, Mikel Godoyk egiten dizkidalako argazkiak. Zaintza behar duen lana da, eta kontziliatu egin behar dira tailerra eta publizitatea. Erakusleihoa munduan egotea da; bestela, zoritxarrez, ez zaude".


eraisketagatik-irekia

Eraisketagatik irekia

efrén

Desio Artspace (Bilbo, Bizkaia)

2026ko Martxoaren 13tik | 19:00
2026ko Apirilaren 30era

lizarrara-bidaia

Lizarrara Bidaia

Pedro Salaberri

Gustavo de Maeztu (Lizarra, Nafarroa)

2026ko Martxoaren 10etik
2026ko Ekainaren 07ra

xabier-morras

Xabier Morrás

Kubo Kutxa aretoa (Donostia, Gipuzkoa)

2026ko Urriaren 23tik
2027ko Otsailaren 07ra

hiria-kalea-etxea

Hiria. Kalea. Etxea.

Denise Scott Brown

Arte Ederren Bilboko Museoa (Bilbo, Bizkaia)

2026ko Otsailaren 11etik
2026ko Maiatzaren 31era

katalogo-arrazoinatuak-aro-digitalean

Katalogo arrazoinatuak aro digitalean

| 2026ko Martxoaren 21a

Katalogo arrazoinatua artista batek sortutako obra ezagutu guztien bilduma da. Urte gutxitan, horien digitalizazio masiboak nabarmen hobetu du haien erabilera. Hala ere, digitalizazioak erronka berriak ere ekarri ditu.

burdina-eta-azal

Burdina eta azal

Mar. 12 | Garazi Ansa [BERRIA.eus]

Silver Ships | Artista: Karlos Martinez Bordoy. | Non: Montehermoso kulturgunean, Gasteizen. | Noiz arte: apirilaren 6ra arte.

klientelismoa

Klientelismoa

Mar. 12 | Haizea Barcenilla [BERRIA.eus]

Otsailaren 12an Eusko Legebiltzarrean kulturgileen egoera eztabaidatu zuen jardunaz aritu zen Ismael Manterola aurreko astean. Luze jotzen ari da bilkura horren oihartzuna, eta ez da harritzekoa: astero bada Garikoitz Mendizabalek esan zituenak ezbaian jartzen dituen beste adibide bat.

euskal-eskulturak-ez-dezan-gizon-izena-bakarrik-izan

Euskal eskulturak ez dezan gizon izena bakarrik izan

Mar. 06 | Iñigo Astiz [BERRIA.eus]

E3 Euskal Emakume Eskultoreak elkartea osatzen duten hemeretzi artisten lanak bildu dituzte 'Eskultoreak hemen orain' erakusketan. Bizkaiako Batzar Nagusietan dago bilduma ikusgai, Bilbon.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.