artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Agustin Ibarrola artista hil da, 93 urterekin

Omako basoa sortzeaz gain, Euskal Arte Eskolak sustatu zituen, eta militante nabarmena izan zen frankismoaren aurka lehenik, eta ETAren aurka ondoren.

agustin-ibarrola-artista-hil-da-93-urterekin
Agustin Ibarrola artista hil da, 93 urterekin

Uxue Rey Gorraiz, Iñigo Astiz [BERRIA.eus]
| 18 Novembre 2023

Baso egin zen artista zendu egin da. Agustin Ibarrola margolari eta eskultorea hil da (Basauri, Bizkaia, 1930 - Bilbo, 2023). Osasunagatik urteetan agerraldi publikoetatik urrunduta egon ondotik, orain dela hiru aste artistaren figura eta obra berriz ere izan ziren notizia esanguratsu, Omako basoa berriz irekitzeko ekitaldian. Notizia bestelakoa da gaur: gaur izan baita haren heriotzaren berri. Arrasto eta ondare handia utzi dituzte haren begiradak eta eskuek. Edonola ere, heriotza aurrean zuelarik heldu zaio Euskal Herriaren aitortza Ibarrolari. Hainbat urtez, ez zitzaion batere erakusketarik eskaini artistari, eta, hain justu, azken bost urteotan erdietsi du haren izenak presentzia arte albisteen artean. Esaterako, 2020an hari eskainitako bi atzera begirako zabaldu zituzten Bilboko Rekalde aretoan eta hiri bereko Lumbreras galerian. 2021ean, Bilboko Arte Ederren Museoak Ibarrolaren Gernika obrari eta haren testuinguruari buruzko erakusketa zabaldu zuen.

Haren semeek egin dute lan nagusiki aitaren figura lehen lerrora eramaten, eta haiek izan dira artistaren ahotsa aurkezpen eta prentsaurrekoetan. Euren aitak azken ordura arte lanean jarraitu zuela zehaztu zuen aste honetan bertan Irrintzi Ibarrola semeak. Atzo bertan, Durangoko Artearen eta Historiaren Museoak (Bizkaia) Ibarrolaren paper lanei buruzko erakusketa bat zabaldu zuen, eta bertan ikusgai diren lanetako batzuk aurtengoak dira, izatez. Egun bakarra joan da, eta ez kasualitatez, haren azken lanen erakusketaren irekieraren eta haren heriotzaren albistearen artean.

Ikusi gehiago: Ibarrolaren heriotzak erreakzio soka luzea eragin du berehala

Etengabe egin zuen talka frankismo sasoiko debekuen aurka Agustin Ibarrola artistak. Bost aldiz eraman zuten espetxera bere sasoi hartako militantzia komunistagatik, jardun artistikoa zentsuratu zioten, hitzaldiak ere zaindu zizkioten, eta eskuin muturreko militanteek baserria errezioten, baina sortzen jarraitu zuen berak. Artea eta politika uztartuta joan ziren beti harentzat, eta, Franco hil ostean ere, hori ez zen aldatu. ETAren eta abertzaletasunaren aurka bideratu zuen Franco hil osteko militantzia. Konstituzionalista irmoa izan zen, Ermuko Foroaren sustatzaile, eta Basta Ya plataformako kide; ETAren biktimei eskainitako hainbat artelan ere sortu zituen. ETAren jomugan ere egon zitekeelakoan, Euskal Herritik kanpora joan zen bizitzera. Diktadura pean bizitzen jarraitzen zuela esan zion El País egunkariari 2001. urtean, urte hartako Eusko Jaurlaritzarako hauteskundeen atarian. "Ia helduaro osoa pasatu dut diktadurapean: lehen frankismopean, eta gero abertzaletasunarenean. Gogorra da, baina hala da. Pintzelkada bakoitzean eta eskultura bat lantzen dudan aldiro irabazi behar dut nire askatasuna". Grupo 57 taldearen sortzaile izan zen, Euskal Arte Eskoletako kide, eta Omako baso margotuaren egile; 93 urterekin hil da.

Badu garrantzia Ibarrolaren izenak euskal artearen historian. Funtsezkoa izan zen bere ekarpena, esate baterako, Jorge Oteizak, Jose Antonio Sistiagak, Eduardo Txillidak, Nestor Basterretxeak, Remigio Mendiburuk eta garai hartako beste hainbat artistak bultzatutako Euskal Arte Eskolen proiektuetan. Neurri handi batean hari zor zaio Bizkaiko artistak biltzekoa zen Emen taldearen sorrera. Ordurako Ibarrola ohituta zegoen militantzian zein sorkuntzan taldean aritzera, eta lurra ereinda zuela jaso zuen proposamena.

Indibidualismoaren aurka

1957. urtean, esate baterako, Equipo 57 taldea sortu zuen, Parisen zegoela, Pepe Duarte, Angel Serran eta Angel Duarte sortzaileekin batera. Eta ez zen hor eten haren taldekako ibilbidea, zeren eta, Bilbora itzuli zenean, erreferentzia argia izaten jarraitu baitzuen Ibarrolak frankismoan estu sentitzen ziren Bizkaiko artistentzat. Indibidualismoaren aurka egitea zerabilten buruan, esaterako, eta taldearen izenez soilik izenpetzen zituzten artelanak Equipo 57 taldeko kideek horregatik. Eta taldean jarraitu zuen gerora ere, 60ko hamarkadan Estampa Popular Bizkaia taldea martxan jarri zutenean. Bazuen esperientzia, beraz, eta jakintza horrekin heldu zen horregatik Euskal Arte Eskolen Mugimendura, eta ezinbestekoa izan zen haren ekarpena Emen taldearen sorreran.

Mugimendu sorta konplexua osatu zuten Euskal Arte Eskolek. Eta, nahas-mahas hartan, militantzia antifrankistaren eta abangoardiako arte mugimenduen bidegurutzean kokatu zen hasieratik Emen taldea. Talkak ere ekarri zizkien horrek beste lurraldeetako taldeekin. Hasi, irizpide estetiko zehatzik ezarri gabe hasi baitzen mugimendu hura martxan, eta irizpide estetiko bateratu bat zehazteko lehen saiakeran heldu zen arazoa, Fernando Golvano arte historialariak azaldua duenez: "Abstrakzioaren defentsa egin zuten arabarrek abangoardiako lengoaia garaikide posible bakartzat eta Emen taldekoen aurkako gurutzada bat hasi zuten horrekin, talde hura asanblearioagoa zelako eta ez zegoelako argi zein zen artista profesionala eta zein artista amateurra, eta nahasi egiten zituztelako arte figuratibo eta abstraktua".

Abangoardiaren ikur bilakatu nahi zuen abstrakzioa Orain taldeak, eta Araban prestatutako erakusketatik kanpo utzi zituen horregatik Emen taldeko zenbait sortzaile. Eta horrek bizkortu egin zuen talde haien desegite prozesua. Eta balio dezake pasadizoak, Ibarrolak artea eta politika nola bizi zituen erakusteko.

Esanguratsua da 1966an Etxebarriko (Bizkaia) Bandas lantegiko greban izan zuen rola ere. 163 egun iraun zuen greba hark, eta poliziek 150 pertsona atxilotu zituzten grebaren unerik gordinenean. Pixkanaka, enpresako arazo zena frankismoaren erresistentziaren ikur bilakatuz joan zen. Ez zen urrun ibili Ibarrola, eta espetxean amaitu zuen bere lagun eta senide batzuekin batera. Ateratzean, ordea, langileen kausaren alde dirua biltzeko hainbat grabatu sortu, eta salgai jarri zituen. Madrilgo Estampa Popular arte taldeko kideei ikasi zien teknika hori, eta maiz baliatu zuen berak ere gerora salaketarako bide hori. Sasoi hartan frankismoaren aurkako borroka eta artea herri xehearen artean zabaltzea baitziren haren kezka nagusietariko bi, eta bi helburu horiek uztartzeko aukera eskaintzen baitzion formatu horrek.

Europa osoan egin zen ezagun, esaterako, kartzelako egunerokoa erakusten zuten 40 grabatuen saila. Eta, Gabriel Aresti poetaren gertuko izanik, berak egin zituen, Harri eta herri liburuko grabatuak ere, gerora zentsurak debekatuak.

Edonola ere, Omako baso sorgindua da haren artelanik ezagunena, eta baita haren ibilbideko ekarpen nagusia ere. Santimamiñe kobazulotik gertu, 1980ko hamarkadan hasi zen Kortezubin zeukan baserri ondoko arbolak margotzen, eta 1991ra luzatu zuen lana. Naturagune osoa bilakatu zuen oihal artistak orduko hartan, eta ikusgarria izan zen emaitza. Itzal modukoak enbor hartan. Pop art-aren oihartzun argia daramaten moto gidariak. Enborrez enbor luzatu, eta ikuspegi jakin batetik lotzen diren lerro zuzenak... Milaka bisitari jasotzen ditu oraindik ere urtero Ibarrolaren artelanak, eta ematen du artistaren lanaren ertz ugarien berri. Erdi natur interbentzio, erdi margolan, erdi eskultura eta erdi instalazio.

Diziplinarteko sortzaile

Ibarrola ere ez zen guztiz eroso sentitzen sailkapen horietan. "Bizio bat da, baina haserretu egiten nau Ibarrola eskultorea naizela esaten dutenean, eta ahaztu egiten dutenean pintorea ere banaizela. Diziplinarteko artistatzat daukat nik neure burua; ez naiz soilik pintorea, eta ezta soilik eskultorea ere, eta are gutxiago oraindik, batzuek esaten duten bezala, paisaiaren arkitektoa ere".

Lan egiteko modu hori baliatu zuen gerora ere. Beste hainbat naturagunetan ere egin zituen Omako basoan esperimentatutako estiloko artelanak. Naturaren erdian. Baina Omako basoa da lan sorta horretako piezarik ezagunena, oraindik ere.

Ibarrolaren historia pertsonal eta artistikoarekin ere lotuta dago baso hori. Azken hamarkadetan hainbat eraso jasan ditu artelanak, eta haren aurkako mehatxuak ere margotu zituzten behin baino gehiagotan. "Ibarrola español", zioten batzuek. Eta bazen artistaren heriotza eskatzen zuenik ere. "ETA, hil ezazu". Eraso horien eta denboraren eragina kalteak konpontzeko, behin baino gehiagotan zaharberritu izan ditu zuhaitzetako irudiak Euskal Herriko Unibertsitateak gidatutako talde batek.

Azken urteetan hainbat omenaldi egin dizkiote. Gure Artea saria jaso zuen 2011n. 2017an omenaldia egin zioten, Gabriel Arestirekin egindako lana gogoan hartuz, eta, 2018an, Zentsura At jaialdiak erakusketa bat antolatu zuen haren lanekin.


polo-konkistatuak

Polo konkistatuak

Uxua eta Irantzu Vides

ArteA2 (Zizur Nagusia, Nafarroa)

Du 22 Mai 2026
Au 06 Juin 2026

trashumantes-3

Trashumantes #3

Exposition collective

Zigoitiko Kultur Zentroa (Ondategi, Araba)

Du 07 Mai 2026
Au 04 Juin 2026

urban-morphologies

Urban Morphologies

Jon Gorospe

Kutxa Kultur Artegunea (Donostia, Gipuzkoa)

Du 27 Mars 2026
Au 28 Juin 2026

mar-de-dios

Mar de Dios

Rekalde Aretoa (Bilbo, Bizkaia)

Du 14 Avril 2026
Au 21 Juin 2026

prezioa-eta-balioa

Prezioa eta balioa

Haizea Barcenilla [BERRIA.eus]
| 22 Mai 2026

Igandean Museoen Nazioarteko Eguna izan zen eta, ohikoa den bezala, gure inguruko museoek ekintza ugari eskaini zituzten. Horrez gain, lurraldeko museo guztien sarrera doakoa izan zen. Eta urtero bezala, Bilbo aldean bizi eta artea gogoko duten nire lagun eta ezagun gehienak Guggenheim museora joan ziren.

metalezko-basoan-barrena

Metalezko basoan barrena

Maite Luengo Agirre [BERRIA.eus]
| 22 Mai 2026

RUTH ASAWA: ATZERA BEGIRAKOA. | Artista: Ruth Asawa. | Non: Bilboko Guggenheim museoan. | Noiz arte: Irailaren 13ra arte.

gernika-k-mugitzen-duen-guztia

'Gernika'-k mugitzen duen guztia

Iñigo Astiz [BERRIA.eus]
| 21 Mai 2026

Pablo Picassoren lana Bilboko Guggenheim museora eramateko eskaria egin dio Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari, eta, ezezkoa erantzun dioten arren, kolpean piztu da berriz ere koadroaren kokapenari buruzko debatea. Lur mugikorrak ditu oinarrian.

esther-ferrerrek-jasoko-du-eusko-ikaskuntza-laboral-kutxa-saria

Esther Ferrerrek jasoko du Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa saria

Uxue Rey Gorraiz [BERRIA.eus]
| 20 Mai 2026

Artistak arte garaikidearen berrikuntzan eginiko "ekarpen erabakigarria" nabarmendu du epaimahaiak, bai eta haren obrak nazioartean erdietsitako proiekzioan azpimarra egin ere. Uztailean emanen diote garaikurra.

veneziako-biurtekoa-giro-gatazkatsuan-ireki-da

Veneziako Biurtekoa giro gatazkatsuan ireki da

| 19 Mai 2026

Veneziako 61. Biurtekoaren maiatzaren 6ko aurre-irekieraren egunetik hasita, protesta eta ekintza ugari egin dira Arsenalen eta Giardinian, Errusiaren eta Israelen parte-hartzea salatzeko.

arantzazuko-argiztatzailea

Arantzazuko argiztatzailea

Enekoitz Telleria Sarriegi [BERRIA.eus]
| 18 Mai 2026

Xavier Alvarez de Eulatek Arantzazuko santutegian jarritako beirateek 70 urte izango dituzte aurten. Urteurrena kari, erakusketa bat jarri dute frantziskotarren komentuan: ‘Lux Vitae'. Argi egin diote fraide artistaren ibilbideari.

erronkariko-borlen-arrastoak

Erronkariko borlen arrastoak

Jone Rubio Mazkiaran [BERRIA.eus]
| 15 Mai 2026

'Muskoko' | Artista: Leyre Arraiza. | Non: Iruñeko Ziudadelan. | Noiz arte: Maiatzaren 24ra arte.

Artekaria

Le portail de l'art en Euskal Herria

Ceci est le portail créé par le réseau ZAPART. Avec ARTEKARIA, nous voulons donner de la visibilité à l'incroyable richesse artistique et infrastructurelle de notre petit territoire basque (Euskal Herri osoa). En effet, il nous semble que dans un espace aussi réduit où se trouvent tant de musées (Artium, Oteiza, Beaux-Arts de Bilbo, Guggenheim…), de centres d'art (Uharte-zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), de salles publiques et privées (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fondations) galeries traditionnelles ou d'artistes… avec tant de programmations et d'œuvres d'artistes visibles, la visualisation de cet ensemble n'est pas facile. Nous avons créé ce portail pour aider à remédier à ce manque.

Artekaria

Le réseau des artistes professionnel.le.s d'Euskal Herria

Zapart a pour objectif de mettre en réseau, de promouvoir le travail et de défendre les droits des artistes professionnel.le.s vivant et travaillant en Euskal Herri (sur les six territoires historiques que sont Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa et Zuberoa).