artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Zigaren figurazioa eta esentzia

Lizarrako Gustavo Maeztu museoak Javier Ziga margolari nafarraren erakusketa bat hartu du, urriaren 27ra bitarte. 41 koadro zintzilikatu dituzte, haien bidez artistak landu zituen gai nagusiak ezagutzeko.

zigaren-figurazioa-eta-esentzia
Javier Zigaren 'Galtzeta' koadroa. 1910ekoa da. JAVIER ZIGA FUNDAZIOA

Edurne Elizondo [BERRIA.eus]
| 12 Septembre 2024

Javier Ziga Etxandi margolaria (Iruñea, 1877-1960) ezagutzeko erakusketa bat dago Lizarran, haren izena daraman fundazioak Gustavo Maeztu museoan zintzilikatu dituelako Zigaren lanak, urriaren 27ra bitarte, Javier Ziga. Figurazioa eta esentzia izenburupean. Erakusketak 41 lan bildu ditu, eta bi helburu nagusi, Pello Fernandez Oiaregi komisarioak nabarmendu duenez: batetik, Zigaren eta Gustavo Maezturen arteko solasaldi bat sustatzea, bi artisten obrak eraikin berean elkartuz; eta, bertzetik, frai Diego Lizarrakoa oroitzea, haren jaiotzaren bosgarren mendeurrena ospatzen ari direla aprobetxatuz. Zigak apaizaren erretratu bat margotu zuen, duela ehun urte, eta lan hori Gustavo Maeztuko erakusketan ikus daiteke orain.

Zigaren obrak Maezturekin eta frai Diego Lizarrakoarekin lotzen du margolaria, eta lotura hori nabarmendu nahi du erakusketak. Apaizaren erretratua Lizarrako Udalak antolatutako lehiaketa baterako egin zuen Zigak; hain zuzen, 1924. urtean, frai Diego Lizarrakoaren jaiotzaren laugarren mendeurrena oroitzeko antolatutako ekitaldien barruan. Zigak pintura lehiaketako lehen saria eskuratu zuen apaizaren erretratuarekin; Fernando Selmak 1785ean egindako grabatu bat hartu zuen oinarri bere koadroa osatzeko.

Ziga Maezturekin lotzen duenari buruz, Fernandezek azpimarratu du Lizarrako erakusketa bi margolarion arteko "topaketa" bat dela: "Biak garaikideak izan ziren, eta, gainera, pinturaren inguruko unibertso bera partekatu zuten". Izan ere, bi artistek lortu zuten euren obrak Parisko aretoetan eta Madrilgo arte ederretako erakusketetan zintzilikatzea. Fernandezek figurazioaren "maisutzat" jo ditu bi artistak, nork bere bidea egin arren, Maeztuk sinbolismoaren bidetik, eta Zigak, berriz, naturalismoarenetik.

Bost ardatz

Gustavo Maeztu museoko erakusketak bost ardatz nagusitan antolatu du Zigaren obra; bost ardatz horien bidez, hain zuzen, margolariak bere koadroetan landu zituen gai nagusiak erakutsi nahi ditu Pello Fernandez komisarioak. Ziga fundazioko lehendakaria ere bada hura, eta margolariaren lana ongi ezagutzen du. Erakusketaren bidez, bisitariei eman nahi die sakon ezagutzen duen Ziga horren berri.

Zigaren obraren bost ardatzetako lehena da Fernandezek Madrilgo etapatzat jo duena. Errealismo sozialaren eta akademian egindako lanaren ardatza da lehendabiziko hori, 1909-1911 urte artekoa. Madrilen, San Fernandoko Arte Ederren Errege Akademian aritu zen Ziga, eta han, perspektiba, kolorea eta pinturaren teknikak jorratzeaz gain, inguruko errealitateari so egin zion, eta bere koadroetan islatu zuen; karrikako umeen, mozkortien eta auzorik pobreenen egunerokoa pintura bilakatu zuen.

Parisko paisaiena da erakusketak zehaztutako bigarren ardatza. Komisarioak agerian utzi nahi izan du Parisek zer eragin izan zuen Zigarengan; Sena ibaia margotzeko modua nabarmendu du Fernandezek, bertzeak bertze: "Bere koadroetako protagonista bilakatu zuen, neurri handi batean, zertzelada dardarti eta desegin baten bidez".

Erretratuaren ingurukoa da hirugarren ardatza. Erretratuek pisu handia dute Zigaren obran, hain zuzen ere. Fernandezek garbi erran du erretratu horien bidez gizakiaren "barruko aldean" murgildu nahi izan zuela margolariak, eta saiatu zela mihiseetan jasotzen margotzen zituenen arima. Erretratuekin batera, paisaiak nabarmentzen dira Zigaren koadroetan, eta paisaien inguruan zehaztu dute, hain justu, erakusketako laugarren ardatza. Bosgarren eta azkena, pintura etnografikoari buruzkoa da: "Genero horri buruz, garbi erran behar da Zigak Nafarroako euskal esentzia emozioz eta sentimenduz islatu zuela", azaldu du Pello Fernandezek.

Margolari handia izan zen Ziga, bai eta bertze margolari anitzen maisu ere. Jose Mari Apezetxea baztandarrak (Erratzu, 1927-2017) Elizondon egin zuen bat Zigarekin, eta haren eskutik hasi zuen pinturaren esparruan egin zuen bide luze eta aberatsa, 2008an BERRIA egunkarian egindako elkarrizketa batean azaldu zuen moduan: "Beti aritzen nintzen margotzen. Eskolan ere, liburu guztiak zikintzen nituen margoekin. Iruñera joan nintzen gero ikastera, seminariora. Oporretan etortzen nintzen herrira, eta Javier Ziga margolaria nire osabaren etxera etortzen zen Baztanera, Elizondora, uda pasatzera. Bizikleta hartu, eta harengana joaten nintzen, margotzera. Egunero. Pare bat ordu edo hiru egoten nintzen. 1940an hasi nintzen Zigarekin, eta 1946ra bitarte-edo egon nintzen; beti hilabete bat, udan. Geroztik, nire kontu".

Zigak Baztanen girotu zituen bere obretako anitz, eta denen artean ezagunena Biatiko bat Baztanen izenburuko koadroa da. 1917an aurkeztu zuen, Madrilen. Margolaria Iruñekoa zen, eta lotura estua izan zuen beti sorterriko errealitatearekin. EAJko zinegotzi izan zen Iruñeko Udalean, 1920-1923 eta 1930-1931 urte tarteetan. Iruñean jaio, eta Iruñean zendu zen, 1960. urtean. Artista hil zen, baina bizirik da margolariaren lana; Lizarran ikus daiteke, urriaren 27ra bitarte.


mitologiak

Mitologiak

Bonnat Museoa (Baiona, Lapurdi)

Du 08 Juillet 2026
Au 09 Novembre 2026

macula-et-materia

Macula et Materia

Sally Mann

Kutxa Kultur Artegunea (Donostia, Gipuzkoa)

Du 17 Juillet 2026
Au 18 Octobre 2026

ever-is-over-all

Ever is Over All

Pipilotti Rist

Guggenheim Bilbao (Bilbo, Bizkaia)

Du 01 Octobre 2026
Au 17 Janvier 2027

ciga-bilduma

Ciga Bilduma

Javier Ciga

Pompelo Civivox (Iruñea, Nafarroa)

Du 14 Février 2026
Au 31 Décembre 2026

arte-lanen-lapurreten-kronologia-bat

Arte-lanen lapurreten kronologia bat

| 10 Octobre 2026

1911ko La Gioconda-tik 2026ko urriaren 4an lapurtutako San Joanen Apokalipsia-raino, Europan eta munduan izandako lapurreta garrantzitsuenen zerrenda.

bilboko-euskal-museoa-zabalik

Bilboko Euskal Museoa, zabalik

Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]
| 8 Octobre 2026

Berritu ondoren zabaldutako museo bati buruz idatzi nuen aurreko astean. Irakurleak barkatuko dit museoei buruzko serie hau, baina ekainean zabaldu zuten Bilboko Euskal Museoari buruz idatzi behar dut gaur, nahiz eta arte museoa ez izan.

oroitzeak-berekin-dakarrena

Oroitzeak berekin dakarrena

Jone Rubio Mazkiaran [BERRIA.eus]
| 8 Octobre 2026

Urtero legez, Mapamunditarrak erakusketa proiektuaren hitzordua gurean dugu berriz, urteroko egutegiari leial. Badira erantzun borobil eta itxiak ematera datozen erakusketak, baina ibilbideak erakutsi ohi digu komisariotza proiektu oro, funtsean galdera batekin hasten dela.

bonnat-museoa-zabalik

Bonnat museoa zabalik

Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]
| 6 Octobre 2026

Azkenean! Ia 15 urte itxita egon ondoren berriz zabaldu dute Baionako Bonnat-Helleu museoa. Leon Bonnat artista baionarrak bere herriko etxeari utzi zion urteetan pilatutako arte bilduma; horren ondorioz, ordura arte bilduma pribatua izan zena publikoa bilakatu zen.

deskolonializazioaren-erronka-euskal-museoetan-ate-joka

Deskolonializazioaren erronka euskal museoetan ate joka

Xalbat Alzugarai Etxeberri [BERRIA.eus]
| 6 Octobre 2026

Europako museoetan maiz piztu ohi da haien bildumetan iragan kolonialak duen arrastoari buruzko polemika. Obra espoliatuak itzularazteko Parisek onartu duen legeak ekarri du gaia hizpidera orain. Adituek diote Euskal Herrian ere "asko" dagoela egiteko.

Artekaria

Le portail de l'art en Euskal Herria

Ceci est le portail créé par le réseau ZAPART. Avec ARTEKARIA, nous voulons donner de la visibilité à l'incroyable richesse artistique et infrastructurelle de notre petit territoire basque (Euskal Herri osoa). En effet, il nous semble que dans un espace aussi réduit où se trouvent tant de musées (Artium, Oteiza, Beaux-Arts de Bilbo, Guggenheim…), de centres d'art (Uharte-zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), de salles publiques et privées (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fondations) galeries traditionnelles ou d'artistes… avec tant de programmations et d'œuvres d'artistes visibles, la visualisation de cet ensemble n'est pas facile. Nous avons créé ce portail pour aider à remédier à ce manque.

Artekaria

Le réseau des artistes professionnel.le.s d'Euskal Herria

Zapart a pour objectif de mettre en réseau, de promouvoir le travail et de défendre les droits des artistes professionnel.le.s vivant et travaillant en Euskal Herri (sur les six territoires historiques que sont Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa et Zuberoa).