artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Kolono europarrek Afrikan lapurturiko 500.000 artelanak itzultzeko ariketa nekeza

Azaroaren 4an itzuli die Frantziak benindarrei Katakle errege-aulkia, duela 132 urteko triskantzan frantses kolonoek lapurtu zietena. Memoriaren, aitortzaren eta ondare kulturalaren izenean, Europan zehar dituzten lapurtutako 500.000 objektuak berreskuratu nahi dituzte Afrikako herriek.

kolono-europarrek-afrikan-lapurturiko-500-000-artelanak-itzultzeko-ariketa-nekeza

2 Décembre 2024 | Jenofa Berhokoirigoin [ARGIA.eus]

Independentzia berreskuratu zutenetik, hots, Bigarren Mundu Gerraren biharamunaz geroztik dabiltza lapurtutakoa berreskuratzeko lanean. Parean, begiak eta belarriak estaltzen segitzen dute Europako herriek –tartean, Frantziak–. Tantaka-tantaka bakar batzuk itzultzen hasiak badira ere, zor historikoa kitatzeko bidea ez dute oraindik irekia.

Dahomey erreinua [gaur egungo Benin] berenganatzeko triskantzan zebiltzala, 27 objektu lapurtu zizkioten Béhanzin erregeari 1892ko azaroaren 17 hartan Alfred Amédée Dodds koronel frantsesaren peko soldaduek. Aulkiak, estatuak, errege-makilak, aldarea, palazioko ateak, tronuak… Béhanzinen ondasunaren lapurketa baino gehiago, Afrikako lur hori bereganatu izanaren sinbolo zeuzkaten, garaipenaren trofeoak balira bezala. XVI. mendeaz geroztik mundua kolonizatzen zebilelako Frantzia, XIX. mendean Europa peko kontinente horretan jarrita arreta.

124 urte pasaturik, lapurturikoa itzultzeko eskaera ofiziala egin zion Frantziari Beningo presidente Patrice Talonek 2016ko uztailaren 27an. Lau urte geroago, itzulera hori ahalbidetzeko lege moldaketa bideratu –legeari segi, Frantziaren "ondare besterenezinak" direlako jabetza horiek– eta itzuli zitzaizkien horietarik 26. Hain zuzen, inbentarioan zeukan bat eskas zitzaion Pariseko Quai Branly museoari eta ez zekien non zen... Mendebaldeak Afrikako artearentzat daukan aitortzaren eta kontsiderazioaren isla genuen hor. Hortik hiru urtera, arte garaikidean dabilen Beningo Zinsou Fundazioko buru Marie-Cécile Zinsouren tematze eta bilaketari esker atzeman zuten: Finlandiako museo nazionaleko sotoan zeukaten, noizbait beste artelan batekin trukaturiko Katakle errege-aulki ospetsua. Azaroaren 4 honetan itzuli diote Benin herriari, iraganeko Dahomey erreinuaren eta pairaturiko kolonizazioaren lekukoa. "Objektu hori ez dute faltan botako finlandiarrek ezta frantsesek ere. Pentsa, [jakin gabe] erreserban zuten. Guk bakarrik ikusi ditzakegu Katakle errege-aulkiaren inportantzia eta edertasuna. Berreskuratu behar genuen, norberaren kultura eta ondarea eskura ukaiteko eskubideaz ari garelako. Kontinenteen arteko elkarrizketa dago oinarrian", dio Zinsouk.

2021ean 26 obrak Beninera itzuli zituzten, eta ondoko urtean Alemaniak zizkion Nigeriari beste hogei brontzezko obra itzultzen, eta Londreseko Horniman museoak bere aldetik, baita beste 72 objektu Nigeriari ere. Azkenean, hamarkada luzeetan Afrikako herriek galdeturikoa kontuan hartzen zuten kolonia ohiek: "[Arte lapurketaren] ukatze kolonialaren bukaeran" ginen Bénédicte Savoy historialariaren begietan.

Baina, jarrera aldaketa sendi bada ere, itzultze sinbolikotik –eta ez da guti, orain arte ez zelako egin– benetako prozesu adostura arteko bidea luzea izan daiteke oraindik: "Afrikako herriek eta afrikar gazteriak beren ahotsak entzunarazi behar dituzte, ez delako Frantziaren lehentasunetan, eta balitekeelako Frantziako inork ez beregain hartzea betebeharra", dio Zinsouk. 27 obra hortik, 20 hemendik eta 72 handik... kopuru osoari begiraturik barregarriak direlako zenbaki horiek: "Sinple da: Saharaz hegoaldeko ondare kulturalaren %90 Europako bildumetan dute", dio Savoyk. Pentsa, Afrikari lapurturiko 90.000 obra lirateke Frantziako museoetako erreserbetan –horietarik 70.000 soilikPariseko Quai Branly museoan, eta horien bi herenak 1885-1960 urteetan "jasoak", hots, kolonizazio garaian–. Afrikako koloniak izandako 500.000 obra dira Europa osoko museoetan. Zenbaki horien oinarrian dago Savoyk eta Senegalgo idazle Felwine Sarrek 2018an plazaraturiko ikerketa.

Sarr-Savoy txostena argiki mintzo

Hamarkadetako arazoa eri-klaska batez konponduko balu bezala, diskurtso itxaropentsua luzatu zien Burkina Fasoko hiriburutik 2017an Emmanuel Macron Frantziako presidenteak: "Ezin dut onartu Afrikako hainbat herrialdetako kultur ondarearen zati handi bat Frantzian egotea. Azalpen historikoak daude, baina ez dago balio duen eta baldintzarik gabeko justifikazio iraunkorrik". Bere estilora, beteko ez zuen promesa luzatu zien burkinafasoarrei eta oro har, Afrika kontinentekoei: "Aldi baterako edo behin betiko berreskuratzeak bost urteko epean betetzea nahi dut". Bost urteak pasa dira. Haizeak eramandako hitz ederrak, beraz; beste behin, Macronen estilora.

Bizkitartean, esku artean dugu Sarr-Savoy txosten mamitsua, Macronek berak galdetu ziena. Kolonizazio garaian bortizki lapurtu artelanak kontuan hartzen dituzte bi ikerlariek, baita iraganean "prezio apalean" merkatariek, soldaduek, misiolariek zein kolonoek eskuraturikoak. Kolonizazio garaian lapurturikoak baina geroztik artearen merkatuan salerosiak izan diren obrak ere aipatzen dituzte, baina horiek afera konplikatzen dute, jabetza aldarrikatu dezakeelako diruaren trukean jaso duenak.

Dena dela, ahoan bilorik gabe mintzo dira Sarr eta Savoy: "Baldintzarik gabeko eta behin betiko itzulera" bideratu behar du Frantziak: "Harreman-etika birpentsatu batean oinarritutako kultur harreman berriak ezartzeko bidea litzateke". Urratsa bideratu ahal izateko "lege moldaketa" eskatzen dute txostenean. 2023an abiatu zuen bidea gobernuak, eta hiru legeetatik bi pasa zituen: Bigarren Mundu Gerran juduei lapurturikoondareei dagokiona eta museoen bildumetan diren giza hondarren itzulerari buruzkoa. Artelanei dagokionez, gibelatu eta aurtengo apirilerako izenpetzekoa zuten dekretu bidezko legea baina ez zuten egin; udazkenera atzeratu baina ez zen gertatu. Gauzapenik gabe–eta aipamen gutirekin– segitzen du urte bukaera honetan ere.

Nola ez, aurkako iritziak ondorioztatu ditu Sarr-Savoy txostenak. Tartean, bere esku artean 70.000 objektu dituen Quai Branly museoko zuzendari izandako Stéphane Martinek "museo kontzeptuaren aurkako herra oihu" gisa kalifikatu zuen ikerketa. Argumentuen artean, maiz entzuten da Afrikako herrien azpiegitura eta benetako interes artistiko eskasa. Ez du horrekin bat egiten Zinsouk, eta kutsu arrazista ere ikusten dio ikuspegi horri: "Bere ondarea kudeatzeko gaitasuna du Afrikak ere. (...) Mendebaldeko zenbait jendek zabalduriko gutxiagotasunaren diskurtsoari ez diogu lekurik utzi behar. Inola ere ez. Batzuk arrazistak izatea eta pentsatzea afrikarrek, eta gure kasuan benindarrek, ez dakitela ondarea zaintzen, hori europarren hezkuntza arazoa da".

1965: "Itzuli iezaguzue arte beltza"

60 urte beteko ditu 2025ean Bingo aldizkarian Paulin Joachim idazle benindarrak idatzitako Itzuli iezaguzue arte beltza manifestuak. 1978an, Unescoko zuzendari Amadou-Mahtar M'Bow senegaldarrak ondokoa adierazi zuen: "Arpilatze horiek (batzuk duela mendeak gertaturikoak) pairatu dituzten herriei ez zaizkie bakarrik ordezkaezinezko maisulanak ebatsi: memoria lapurtu zaie, lagungarri izanen zitzaiena beren burua hobeto ezagutzeko, baita besteek hobeto ulertzeko ere".

Mendeetan, eta, batez ere kolonizazio garaian lapurturikoa nahiko ez balitz bezala, ebasketa jarrera horrek gaur egun ere segitzen duela dio Philippe Baqué kazetariak, Un nouvel or noir. Le pillage des objets d´art en Afrique. [Urre beltz berri bat. Artelanen lapurreta Afrikan] ikerketan. Legeak debekatu arren, eta lapurreten kontrako nazioarteko tresna egonik ere, dioenez, Afrikako obrentzat ez dute balio: "Arte merkatariek eta bildumagileek berdin-berdin segitu dezakete beren negozioa, itxuraz kontzientzia ona atxikita gainera. Ez zaie ezer eskatzen, eta haien negozioak ez dira sekula hain onak izan".

Eta horrela doaz obrak aitzina, denboran eta artearen merkatuan: bidean balio geroz eta gehiago harturik, bere herriaren memoria eta artea berreskuratu nahiko lituzkeenari ahalmen guti emateaz gain, oztopo berriak gehitzen zaizkiola.


kontxako-tamarindoak

Kontxako tamarindoak

Ricardo Cases

Kutxa Kultur Artegunea (Donostia, Gipuzkoa)

Du 14 Décembre 2024
Au 02 Mars 2025

misterioa-argitzea

Misterioa argitzea

María Paz Jiménez

Kubo Kutxa aretoa (Donostia, Gipuzkoa)

Du 07 Février 2025
Au 18 Mai 2025

guillaume-fauveau

Guillaume Fauveau

Guillaume Fauveau

DIDAM (Baiona, Lapurdi)

Du 24 Janvier 2025
Au 23 Mars 2025

pantona-211c

Pantona 211C

Exposition collective

La Fabrica De Gomas (Iruñea, Nafarroa)

Du 20 Novembre 2024
Au 19 Janvier 2025

gabonak

Gabonak?

18 Janv. | Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]

Opor egunak pasatu badira ere, Gabonetako gai batekin nator gaurko artikulu honetan. Gero eta arreta handiagoa pizten dit festa horiekin lotzen den ikonografia, itxura edo iruditeriak.

hastapenak

Hastapenak

16 Janv. | Jone Rubio Mazkiaran [BERRIA.eus]

'2023ko Arte plastiko eta ikusizkoetarako laguntzak' | Artistak: Taxio Ardanaz, Elisa Arteta, Nagore Txibite Lizarraga, Ada Garrues, Amaia Gracia Azketa, Jaione Inda eta Leire Urbeltz, David Mutiloa eta Alba de la Portilla Castillo. | Non: Baluarteko Harresi aretoan, Iruñean. | Noiz arte: Otsailaren 9ra arte.

mende-bat-berrordenatzea

Mende bat berrordenatzea

15 Janv. | Itziar Ugarte Irizar [BERRIA.eus]

Garaian garaiko molde eta kezkei adi osatu du ehun urteko zeharkaldia euskal arteak. Haren garapena bada, beraz, gizartearen garapenaren isla ere. Antonio Gezalarekin hasi eta Itziar Okarizekin buka, Peio Agirrek gidatuta ibili du mendea BERRIAk.

carmelo-ortiz-de-elgea-margolaria-hil-da

Carmelo Ortiz de Elgea margolaria hil da

14 Janv. | Ainhoa Sarasola [BERRIA.eus]

Bere paisaiengatik eta obra koloretsuagatik egin zen ezagun pintore gasteiztarra, Euskal Herriko artista nabarmenetako bat bilakatzeraino. 80 urterekin zendu da.

zergatik-hor

Zergatik hor?

10 Janv. | [BERRIA.eus]

'HARRIA ETA POLTSA' | Non: San Telmo museoan, Donostian. | Noiz arte: 2025eko azaroaren 16ra arte.

zenbakiak

Zenbakiak

09 Janv. | Haizea Barcenilla [BERRIA.eus]

Gabonak magiari lotu ohi bazaizkio ere, zentzu handiagoa du diruari lotzeak. Eguberrietako loteriarekin hasten da eta Errege Egunekoarekin amaitu. Batzuek aparteko ordainsaria jasotzen dugu, eta denok gastatzen dugu ohi baino gehiago.

adreiluak-egin-eta-sutan-egosi-ditu

Adreiluak egin eta sutan egosi ditu

26 Déce. | Edurne Begiristain [BERRIA.eus]

Botere egiturek sortzen dituzten narratibei kritika egin die Zigor Urrutiak ‘Estrategiak (I saiakera)' erakusketan. Gasteizko Zas Espazioan dago ikusgai otsailaren 15era arte.

Artekaria

Le portail de l'art en Euskal Herria

Ceci est le portail créé par le réseau ZAPART. Avec ARTEKARIA, nous voulons donner de la visibilité à l'incroyable richesse artistique et infrastructurelle de notre petit territoire basque (Euskal Herri osoa). En effet, il nous semble que dans un espace aussi réduit où se trouvent tant de musées (Artium, Oteiza, Beaux-Arts de Bilbo, Guggenheim…), de centres d'art (Uharte-zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), de salles publiques et privées (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fondations) galeries traditionnelles ou d'artistes… avec tant de programmations et d'Åöuvres d'artistes visibles, la visualisation de cet ensemble n'est pas facile. Nous avons créé ce portail pour aider à remédier à ce manque.

Artekaria

Le réseau des artistes professionnel.le.s d'Euskal Herria

Zapart a pour objectif de mettre en réseau, de promouvoir le travail et de défendre les droits des artistes professionnel.le.s vivant et travaillant en Euskal Herri (sur les six territoires historiques que sont Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa et Zuberoa).