artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Emakumea, ijitoa eta margolari abangoardista frankismoan

Mari Paz Jimenezek euskal artearen historian merezi duen tokia aldarrikatzea du helburu 'Misterioa argitzea' haren atzera begirako erakusketak. Abstrakzioaren aitzindari eta margolari informalista izan zen, besteak beste.

emakumea-ijitoa-eta-margolari-abangoardista-frankismoan
Mari Paz Jimenezen atzera begirakoaren arduradunak, erakusketaren atarian. GORKA RUBIO / FOKU

10 Février 2025 | Garbiñe Ubeda [BERRIA.eus]

Modernoa, abangoardista, aurrerakoia, jantzia, jakin-min handikoa, autodidakta, berezia, geruzaz betea. Halaxe deskribatu dute Mari Paz Jimenez artista plastiko oparoa (Valladolid, Espainia, 1909 – Donostia, 1975) Misterioa argitzea erakusketaren arduradunek. Haren ibilbide osoa erretratatzeko helburuz, 133 artelan batu dituzte Donostiako Kubo aretoan. Baina bazituen askoz gehiago ere. Ikusgai dauden artelan gehientsuenak San Telmo museoak utzitakoak dira, artistaren ondarearen erakunde gordailuzaina izanki. Gainontzekoak Gipuzkoako Foru Aldundiak, Bilboko Arte Ederren Museoak, Artiumek eta Kutxa fundazioak egindako ekarpena izan dira, besteak beste. Haizea Barcenilla eta Ane Lekuona Artearen Historiako doktoreak aritu dira erakusketaren komisario.

Bere bizitza gehiena diktadurapean eman zuen arren, Jimenezek ez zuen 36ko gerra aurreko begirada modernoa inoiz galdu margotzerakoan. Aitzindari izan zen abstrakzioan, eta sona handia lortu zuen margolari informalista gisa aitortu zutenean. Alta, ukatu egin zaio euskal artearen iruditeria partekatuan mereziko lukeen tokia. 1975ean zendu izana izan liteke lehen arrazoia. Euskal artearen historia, azken finean, handik aurrera hasi baitzen egituratzen; Barcenillaren ustez, "lehenago hil izanak ez zion aukerarik eman bere burua defendatzeko".

"Harrigarriki ezezaguna"

Haren unibertso femeninoa ere izan liteke bazter utzia izateko aitzakia, funtsean gizonezkoz osatutako mundu hertsi batera zetorrelako. Barcenilla: "Jimenez Gaur taldetik kanpo gelditu zen, eta ez dakigu ongi zergatik, harreman estua baitzuten". Izan liteke, gainera, margolari informalistatzat zeukatelako, eta korronte horrek Euskal Herrian segida handirik izan ez zuelako. Nolanahi dela ere, Jimenezi zor zaion lekua aldarrikatu nahi dute Misterioa argitzea erakusketaren bidez.

"Pribilegiotzat" jotzeaz batera, erakusketa ontzeak eskatu duen ikerketa azpimarratu du Barcenillak: "Ezinbestekoa da Mari Paz Jimenezen ekarpena berreskuratzea. Harrituta gaude aski ezezaguna delako, baita historialarion artean ere. Azkar ulertu genuen nolako garrantzia duen lan honek". Barcenillak eta Lekuonak urtebete eman dute buru-belarri erakusketa ontzen. Misterioa argitzea maiatzera bitartean izango da ikusgai.

Jimenezen izaerak ertz asko ditu, eta ezagun du bere artelanetan. Atzera begirakoa izanik, kronologikoki eta garaian garaiko estiloaren arabera dago antolatuta erakusketa. Lehen atalak margotzeari ekin eta profesionalizatzen hasi zen urteetako artelan sorta txiki bat darakutsa. Ikasketa fasean egindako lanak alde batera utzita —horiek ere ikusgai daude—, natura hilak dira gehienak, surrealismoaren fokutik eginak: mundu materialetik at, espazio anbiguo eta zehaztugabeetan dauden figura etereoak dira horietarik asko, nagusiki femeninoak.

Erbestean ekin zion margotzeari Jimenezek. 36ko gerra pizturik, Frantziara jo zuen lehenik, eta Argentinara ondoren, Alfredo Bizkarrondo senarrarekin eta Carlos semearekin batera. Hantxe egin zuen bere bakarkako lehen erakusketa, Buenos Airesko Arte Ederren Udal Aretoan, 1943an.

Surrealismotik figuraziora

1945ean Donostiara itzulita, fantasia surrealistak bazter utzi, eta arte figuratibora jo zuen Jimenezek. Irudi koloretsuagoak eta alaiagoak dira garai hartakoak, naif kutsukoak; ez, ordea, inozenteak. Barcenilla: "Artelan horiek frankismo betean eginak dira, eta begirada sakonagoa eskatzen dute; Buenos Aires hiri kosmopolita zen, eta bera, berriz, emakume modernoa; ez dira inondik inora infantilak". Itxialdia edota ihes egiteko saioa ere uler litezkeela uste du Barcenillak. Haren iritziz, "diktadurapean emakume moderno, ijito eta margolaria izateaz" mintzo dira.

Picasso osteko estiloa ere landu zuen garai hartan. Komisarioaren arabera, Espainiako Estatuan aski estimatua zen molde hura, eta horri heltzeak galerien munduan murgiltzeko eta hainbat sari irabazteko bidea zabaldu zion Jimenezi.

Figurazioa eta espresionismoa aski ez, eta abstrakzioari ere ekin zion aldi berean. Hain zuzen, abstrakzioaren aurrekaria izan zen Jimenez, bere lehen lan abstraktuak jada 1949rako erakutsi baitzituen. Barcenillak zehaztu egin nahi izan du: "Aitzindaria izan zen ez soilik Euskal Herrian, baita Espainiako Estatuan ere, eta orokorrean ari naiz, ez emakumeez soilik".

1945etik 1949ra landu zituen hiru joera estilistikoak batera bilduta daude erakusketan.

Informalismo materikoa

Hurrengo etapak aitortza berri bat ekarri zion artistari: margolari informalistarena. "Abstrakzioaren barruko joera horrek garrantzi handia hartu zuen urte haietan, eta hartara egokitu zen Jimenez, bere bide propioa bilatzeko", azaldu du Lekuonak.

Artista gisa lortutako osperik handiena garai eta estilo horretakoa du Jimenezek, eta sona horren erakusle da atal honetako artelanen jatorria, museo eta instituzio askotatik ekarri baitituzte erakusketara. Onarpen handia lortu zuela dio Lekuonak: "Arrakasta handia izan zuen. 1960an, arte kritikari garrantzitsu batek, Jose Maria Galvanek, Espainiako arte garaikidearen katalogoan sartu zuen Jimenez, informalismoaren ordezkari gisa".

Orduan zuen famaren aldean, gaur egun ez da batere ezaguna, Lekuonak nabarmendu duenez.

Misterioa argitzeaz

50eko hamarraldiaren erditik 60ko hamarraldiaren erdialdera bitartean izandako krisi artistikoaren ostean, beste bide batetik jarraitu zuen Jimenezek. Inoiz baino gehiago, erakusketari izena eman dion kontzeptuari heldu zion. "Sentitzen eta ikusten zuen misterio bat argitu nahi zuela esaten zuen elkarrizketetan", azaldu du Lekuonak. Komisarioaren arabera, kezka existentzialistari lotuta ageri den misterioaz ari da Jimenez, "betiere pentsamendu poetikoago batetik". Bestalde, "arrazionalismoak misterioa argitzeko balio ez zion neurrian", bere lehen etapako surrealismoari ere lotu zitzaion, komisarioaren hitzetan.

Artelanez harago, bada bestelako elementurik ere erakusketan. Besteak beste, bere jakin-minari lotutako testuak, Rosa Escudero ahizpa flamenko dantzariari jositako jantziak eta arte galerietako arduradunekin izandako gutun trukeak.

Kutxa fundazioak Donostiako Kubo aretoaren 25. urteurrena ospatze aldera egingo dituen hiru erakusketen artetik lehena da Mari Paz Jimenezen atzera begirakoa. Maria Cueto artista espainiarrari eta Maider Lopez donostiarrari eskainitakoak helduko dira ondotik.


ura

Ura

Isabel Muñoz

Iruñeako Zitadela (Iruñea, Nafarroa)

Du 18 Mars 2026
Au 24 Mai 2026

silver-ships

Silver Ships

Karlos Martínez Bordoy

Montehermoso Kulturunea (Gasteiz, Araba)

Du 30 Janvier 2026
Au 06 Avril 2026

katalogo-arrazoinatuak-aro-digitalean

Katalogo arrazoinatuak aro digitalean

| 21 Mars 2026

Katalogo arrazoinatua artista batek sortutako obra ezagutu guztien bilduma da. Urte gutxitan, horien digitalizazio masiboak nabarmen hobetu du haien erabilera. Hala ere, digitalizazioak erronka berriak ere ekarri ditu.

burdina-eta-azal

Burdina eta azal

12 Mars | Garazi Ansa [BERRIA.eus]

Silver Ships | Artista: Karlos Martinez Bordoy. | Non: Montehermoso kulturgunean, Gasteizen. | Noiz arte: apirilaren 6ra arte.

klientelismoa

Klientelismoa

12 Mars | Haizea Barcenilla [BERRIA.eus]

Otsailaren 12an Eusko Legebiltzarrean kulturgileen egoera eztabaidatu zuen jardunaz aritu zen Ismael Manterola aurreko astean. Luze jotzen ari da bilkura horren oihartzuna, eta ez da harritzekoa: astero bada Garikoitz Mendizabalek esan zituenak ezbaian jartzen dituen beste adibide bat.

euskal-eskulturak-ez-dezan-gizon-izena-bakarrik-izan

Euskal eskulturak ez dezan gizon izena bakarrik izan

06 Mars | Iñigo Astiz [BERRIA.eus]

E3 Euskal Emakume Eskultoreak elkartea osatzen duten hemeretzi artisten lanak bildu dituzte 'Eskultoreak hemen orain' erakusketan. Bizkaiako Batzar Nagusietan dago bilduma ikusgai, Bilbon.

Artekaria

Le portail de l'art en Euskal Herria

Ceci est le portail créé par le réseau ZAPART. Avec ARTEKARIA, nous voulons donner de la visibilité à l'incroyable richesse artistique et infrastructurelle de notre petit territoire basque (Euskal Herri osoa). En effet, il nous semble que dans un espace aussi réduit où se trouvent tant de musées (Artium, Oteiza, Beaux-Arts de Bilbo, Guggenheim…), de centres d'art (Uharte-zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), de salles publiques et privées (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fondations) galeries traditionnelles ou d'artistes… avec tant de programmations et d'œuvres d'artistes visibles, la visualisation de cet ensemble n'est pas facile. Nous avons créé ce portail pour aider à remédier à ce manque.

Artekaria

Le réseau des artistes professionnel.le.s d'Euskal Herria

Zapart a pour objectif de mettre en réseau, de promouvoir le travail et de défendre les droits des artistes professionnel.le.s vivant et travaillant en Euskal Herri (sur les six territoires historiques que sont Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa et Zuberoa).