artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Artium Museoaren bildumaren zenbait obra nazioartean ikusgai

2025ean museoaren funtsetako hogeita hamar lan baino gehiago utzi zaizkio maileguan hainbat arte-erakunderi, hala nola Arte Ederren Bilboko Museoari, Valladolideko Eskultura Museo Nazionalari, Kataluniako Arte Museo Nazionalari, baita Bruselan ere, Europalia jaialdia kari.

artium-museoaren-bildumaren-zenbait-obra-nazioartean-ikusgai

| 24 Octobre 2025

Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoaren bilduma izaera publikoko ondare-funts garaikide aparta da, 3.000 bat artelanez osatua. Funts horien corpusak XX. mendeko lanak eta egileak biltzen ditu; berrogeita hamarreko hamarkadatik gaur egunera arte egindako ekoizpenak batez ere. Bilduma honen berezitasunak definitzen du museoaren eginkizuna, funtsezko ekipamendua baita azken hamarkadetan Euskal Herrian garatutako praktika artistikoetara hurbiltzeko. Erakundearen eginkizun programatikoa da ikusgarritasun egokia ematea eta haren ondare-balioa gizarteratzea. Museoaren erosketei, dohaintzei eta gordailuei esker etengabe eraikitzen ari den bilduma honek gaur egungo arte-adierazpen anitzetan barneratzeko ibilbide bat proposatzen digu, askotariko narrazioak eskainiz eta nork bere ibilbideak egiteko aukera emanez, arte garaikidea eta hura zer testuingurutan sortzen den hobeto ulertzen laguntzeko. Horiek horrela, asko dira bertako piezak maileguan eskatzen dituzten erakundeak, beren erakusketa-praktikaren barruan.

Joan den urtarrilaren amaieran, Donostiako Kubo Aretoan ikusgai jarri zuten María Paz Jiménezen Bodegón (1950-1952) mihise gaineko olio-pintura, María Paz Jiménez. Misterioa argitzea erakusketaren baitan. Haizea Barcenilla (Lezo, 1981) eta Ane Lekuona (Hondarribia, 1994) komisario izan zituen erakusketa hura margolariari inoiz eskainitako erakusketarik osoenetako bat izan zen, eta nabarmen azpimarratu zituen artistaren ibilbidea eta artistak artearen historiari egindako ekarpena, bai Jiménez bera abstrakzioaren aitzindari gisa aldarrikatuz, bai ijitoen identitatea eta genero-esperientzia testuinguru frankistan eta espiritu surrealista argiko figurazio batetik landu zituen margolari gisa goraipatuz.

Martxoan, Bartzelonako Palau de la Virreinara abiatu ziren Álvaro Perdicesen (Madril, 1971) Jakintza serieko bederatzi argazkietatik sei, egileak Donostiako Jakintza Ikastolan ikasleen parte-hartzearekin ateratakoak. Museoaren bildumako piezekin osatutako Bilduma Hau Colección. Oinarrizko mugimenduak (1950-2000) erakusketan ikusgai ziren serieko argazki guztiak ordura arte. Bartzelonako erakusketa joan den irailaren 28an amaitu zen, eta argazkiak museora itzuli dira dagoeneko.

Ekainean, Antoni Tápiesen (Bartzelona, 1923-2012) Grande toile grise pour Kassel (1964) izeneko tamaina handiko mihisea atera zen museotik, bildumako funtsen berrantolaketa erakusgai dagoen aretotik, hain zuzen. Kataluniako Arte Museo Nazionalak antolatutako Zurbarán (sobre)natural erakusketarako utzi zen mihisea maileguan.

Maiatzean, Eduardo Chillidaren (Donostia, 1924 - 2002) bi eskultura atera ziren museotik, erakusketa banatan parte hartzeko. Batetik, Valladolideko Eskultura Museo Nazionalari laga zitzaion Besarkada I (1991) –bildumako funtsen erakusketa iraunkorrera itzulia jada–, Chillida. Mística y materia erakusketan parte hartzeko. Mikel Onandia (Durango, 1983) komisario izan zuen erakusketa horretan, euskal artistaren lan hautatu batzuk elkarrizketan jarri ziren Eskultura Museoko hainbat piezarekin (Juan de Juni, Gregorio Fernandez, Pedro de Mena, Luis Melendez artisten lanekin), materia, denbora eta espazioa bezalako alderdi metafisikoen inguruko hausnarketa partekatu batean. Bestetik, Chillidaren Elogio de la Arquitectura XIV (1994) eskultura (2009tik da museoaren bildumakoa), Zabalaga baserrira eraman zen, Chillida Lekuren kanpoaldera, eta han dago oraindik, mailegua luzatu baita. Chillidaren eskultura hiru elementu arkitektonikoz osatutako pieza bat da eta haren forma sendoak elkarrizketan dihardu Zabalaga baserriaren arkitekturarekin eta inguruko paisaiarekin, obraren, espazioaren eta naturaren artean lotura paregabea eratuz.

Irailaren amaieran, Mostolesko Centro de Arte Dos de Mayok Guerra, comercio y filantropía erakusketa inauguratu zuen, Juan Perez Agirregoikoa (Donostia, 1963) artistaren praktika artistikoari egindako begirada bat, Chus Martínez (A Coruña, 1972) komisarioaren gidaritzapean. Artium Museoak artista donostiarraren American Imperialism is... A Belleville Tiger (2022) lana utzi zuen erakusketa horretarako. Pieza hori, egileak desberdintasun ekonomiko azkarraren oinarri den sistema baten sinboloak eta prozesuak aztertzen dituen serie batekoa, Eusko Jaurlaritzak bultzatutako Bilduma Partekatua programari esker sartu zen Artium Museoaren bilduman; programa honen hautaketa-batzordean Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroko eta Arte Ederren Bilboko Museoko profesionalek parte hartzen dute.

Duela gutxi, Arte Ederren Bilboko Museora bidaiatu dira programa partekatu horren barruan eskuratutako hiru pieza: Maider Lópezen (Donostia, 1975) Arnasa bideo-instalazioa (2020), Ainara LeGardónen (Bilbo, 1976) Pausa pulsar soinu-instalazioa (2023), eta June Cresporen (Iruñea, 1982) CORE instalazioaren eskulturetako bat (2022). Gogoratu behar da bildumaren parte diren Juan Luis Goenagaren (Donostia, 1950 - Madril, 2020) bi mihise bidali zirela ere museo horretara 2024ko urrian, Juan Luis Goenaga. Alkiza, 1971-1976 erakusketarako. Goenaga hil eta handik aste gutxira inauguratu zuten erakusketa, artista donostiarrak Alkizako (Gipuzkoa) bere lantegi-etxetik hurbileko naturan eta paisaian inspiratuta egindako ehun bat lanek osatua.

Bestalde, joan den urriaren 7an, Bruselako Bozar Arte Ederren Jauregian, Luz y sombra. Goya y el realismo español erakusketa inauguratu zen, aurten Espainia herrialde gonbidatua duen Europalia jaialdiaren barruan. Erakusketak, Aragoiko artistaren obrari ez ezik, haren garaikideen eta ondorengo belaunaldien lanari ere erreparatzen dio, margolari handiak utzitako ondarearekin elkarrizketan sartzen diren narratiba berriak sortuz. Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak Jorge Oteizaren (Orio, 1908 - Donostia, 2003) Apostolario de Aranzazu lanarekin parte hartu du erakusketa horretan. Obra hori, 1953ko jatorrizko piezaren arabera urtutako brontzea (1994), artistak Arantzazuko Santutegiko Basilikaren fatxadarako egindako lanekin du zerikusia.

Azkenik, datorren azaroaren 18an, Juan Muñoz. Historias de Arte erakusketa inauguratuko da Madrilgo Prado Museoan. Vicente Todolí (Palmera, 1958) komisarioaren gidaritzapean, Muñozen (Madril, 1953 - Santa Eulàlia des Riu, Eivissa, 2001) lanen sorta hautatu bat bilduko du erakusketak, 2026ko martxora arte. Lan horien artean, Artium Museoaren bildumako Broken Noses Carrying a Bottle # 2 eskultura (1999) izango da ikusgai. Bestetik, eta Madrilen bertan, Reina Sofía Arte Zentroaren Museo Nazionalean Juan Uslé. Ese barco en la montaña erakusketa inauguratuko da azaroaren 25ean, Kantabriako artistaren (Hazas de Cesto, 1954) lanen antologia bat, Ángel Calvo Ulloa (Lalín, 1984) izango duena komisario. Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak bere bildumako Voces hiladas (1996) mihisea laga du erakusketarako.

Maileguen zerrenda luzeagoa da, ordea. Hona hemen noren lanak eta non egongo diren ikusgai: Kepa Garraza (Berango, 1979), Salamancako Unibertsitateko Fonseca Ikastetxeko Erakusketa Aretoan; Jacobo Castellano (Jaén, 1976), Eibarko Armagintza Museoan; Ángela de la Cruz (A Coruña, 1965), Palmako Casal Solleric zentroan; Kenneth Noland (Ashville, 1924 - Maine, 2010), Juan March Fundazioan; María Moreno (Madril, 1933 - 2020), Mostolesko CA2M gunean; eta Juan Hidalgo (Las Palmas Kanaria Handikoa, 1927 - Kanaria Handia, 2018) eta Ramón de Vargas (Getxo, 1934), Malagako Carmen Thyssen Museoan.


espazioaren-hustura

Espazioaren Hustura

Jorge Oteiza

Durangoko Arte eta Historia Museoa (Durango, Bizkaia)

Du 07 Mai 2026
Au 30 Aout 2026

inurri-bideak

Inurri bideak

Andrea Canepa

Tabakalera (Donostia, Gipuzkoa)

Du 26 Mars 2026
Au 19 Juillet 2026

rosalind-nashashibiren-get-me-a-stone-erakusketa-jarri-dute-artium-museoan

Rosalind Nashashibiren 'Get Me A Stone' erakusketa jarri dute Artium Museoan

| 15 Juin 2026

Erakusketan azken bost urteetan ekoiztutako margolan batzuk daude ikusgai, eta horrekin batera Occupation of The Inner Life (2026) filma. Artistak Gazako egungo egoerarekin duen inplikazio afektibo eta politikoa islatzen dute Get Me A Stone erakusketan bildutako lanek. Aita palestinarraren alaba, Nashashibik hainbat lan eskaini dizkio historian zehar era guztietako indarkeria jasan duen lurralde bati.

david-hockney-88-urterekin-hil-da

David Hockney 88 urterekin hil da

| 12 Juin 2026

Ekainaren 12 honetan iragarritako Artista britainiarraren heriotzak pintura, argazkigintza, irudi inprimatu eta ukipen-pantailen arteko zatiketak gutxitan kontuan hartu dituen ibilbideari amaiera eman dio.

san-telmo-museoak-baltzune-eta-p-003687-obrak-aurkezten-ditu

San Telmo Museoak Baltzune eta P-003687 obrak aurkezten ditu

| 12 Juin 2026

Tractora Koop. E.-ko kide diren Usue Arrieta Otaolaren Baltzune eta Ainara Elgoibarren P-003687 obrak 2026ko ekainaren 11tik aurrera urtebetez museoko dorreoian eta elizan ikusgai izango dira Museo Bikoitza programaren barruan.

louvre

Louvre

Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]
| 11 Juin 2026

Louvre museoko langileak greban omen daude. Xalbat Alzugarai [Berria egunkariko] kazetariak argitaratutako erreportaje luzean ondo baino hobeto deskribatu zuen munduko museo handienetako baten egoera penagarria.

denbora-besarkatzeko-ahalegin-bat

Denbora besarkatzeko ahalegin bat

Jone Rubio Mazkiaran [BERRIA.eus]
| 10 Juin 2026

'MIRARI BAT EGUNEAN' | Artista: Nagore Txibite. | Non: NUPeko Sario eraikinean, Iruñean. | Noiz arte: ekainaren 13ra arte.

uharte-zentroak-9-proiektu-hautatu-ditu-2026ko-laguntza-programarako

Uharte Zentroak 9 proiektu hautatu ditu 2026ko Laguntza Programarako

| 9 Juin 2026

Arte Plastiko eta Ikusizkoetarako Laguntza Programak arte plastikoen eta Ikusizkoetarako arloan ikerketa artistikoko proiektu argitaragabeak egiten laguntzea du helburu. Egitasmoak bi modalitatetan banatuta daude: ekoizpenekoak alde batetik eta argitalpenekoak bestetik.

artea-mugitzearen-artea

Artea mugitzearen artea

Amaia Igartua Aristondo [BERRIA.eus]
| 8 Juin 2026

Artelanak erakusteaz ez ezik, haiek lekualdatzeaz ere arduratzen dira museoak: adibidez, maileguan uzten dituztenean. Zaharberritzaile batek gainbegiratzen du prozesua pieza biltzen dutenetik helmugan ipintzen duten arte, eta aseguratuta joaten dira.

Artekaria

Le portail de l'art en Euskal Herria

Ceci est le portail créé par le réseau ZAPART. Avec ARTEKARIA, nous voulons donner de la visibilité à l'incroyable richesse artistique et infrastructurelle de notre petit territoire basque (Euskal Herri osoa). En effet, il nous semble que dans un espace aussi réduit où se trouvent tant de musées (Artium, Oteiza, Beaux-Arts de Bilbo, Guggenheim…), de centres d'art (Uharte-zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), de salles publiques et privées (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fondations) galeries traditionnelles ou d'artistes… avec tant de programmations et d'œuvres d'artistes visibles, la visualisation de cet ensemble n'est pas facile. Nous avons créé ce portail pour aider à remédier à ce manque.

Artekaria

Le réseau des artistes professionnel.le.s d'Euskal Herria

Zapart a pour objectif de mettre en réseau, de promouvoir le travail et de défendre les droits des artistes professionnel.le.s vivant et travaillant en Euskal Herri (sur les six territoires historiques que sont Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa et Zuberoa).