artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

"Arte garaikideko galeria bat mantentzea ekintza heroikoa da"

Emilia Epelde psikologoa da ikasketaz, eta arteak eta gastronomiak markatu diote bereziki bizitza. Bilboko zenbait arte galeriaren jabe izan da; batzuk, espazio okupatuetakoak.

arte-garaikideko-galeria-bat-mantentzea-ekintza-heroikoa-da
Emilia Epelde | Arg/ Monika del Valle / FOKU

Zihara Jainaga Larrinaga [BERRIA.eus]
| 6 de Junio 2023

Bilboko Zazpikaleetan, Jardines kaleko etxe batean, bada txoko ezezagun eta sekretu bat artea eta sukaldaritza tradizionala uztartzen dituena: Epelde&Mardaras. Arte galeria eta jatetxea, dena bat. Emilia Epelde (Erandio, 1960) da bertako jabe eta gidari. Baita bizikide ere. "Emakume independente eta familiako amatzat" du bere burua. "Jendea epel uzten ez duen norbait". Hala, bere etxeko ateak zabaldu zituen duela hamar urte inguru negozioa sortzeko. Aurrez, ikasketaz psikologoa, ofizioa kudeatzeko moduekin ados ez, eta uztea erabaki zuen benetan gustatzen zitzaiona egiteko. "Beti egin izan dut nahi izan dudana, ez dut ezer egin behartuta, eta pentsatzen dudana esateko ohitura dut". Arte galeria bat ireki zuen Bilboko San Frantzisko auzoan, euskal artisten lanak ezagutarazteko. Hala egin zen, besteak beste, Jose Luis Zumetaren lagun, eta elkarrekin okupatu zituzten hainbat espazio Bizkaiko hiriburuan. Duela gutxi negozio berria ireki du lehen arte galeria zegoen tokian: moda, artea eta gastronomia uztartzen dituen Contenedor. Art, Food & Drink. Urte hauetan guztietan egindako lanaren fruitua dela nabarmendu du. "Ez naiz sekula geldirik egon".

Galerista ezaguna, arrain saltzaileen alaba eta sukaldariaren biloba. Nor da Emilia Epelde?

Bizitza osoa lanean eman dudan emakume bat naiz. Txikitatik, etxean, arrandegian, lagundu beharra zegoen. Horrek benetako lan gogorra zer den jakiteko aukera eman, eta bultzatu ninduen ikastera. Argi nuen ez nuela niretzat nahi nire gurasoek egunero 04:30ean gupidarik gabe jaikiz izan zuten bizitza.

Psikologia aukeratu zenuen.

Psikologia ikasi, eta arin atera nuen lizentzia. Karrera ikasten nengoela, unibertsitatean ez nuen profesionaltasunik ikusten, eta Zaldibarko psikiatrikora joan nintzen. Lotsarik gabe agertu nintzen, eta behatzaile gisa egoten utzi zidaten. Karrera amaitu baino lehen, berehala, espezialitatea egiten hasi nintzen.

Zergatik psikologia?

18 urterekin neure burua aztertzen hasi nintzen. Psikoanalisia gustatzen zitzaidala argi neukan. Prestakuntza ikastaroak, mintegiak eta bestelakoak egiten hasi nintzen, psikologia klinikoan espezializatu nintzen arte. Ikasketak amaitu bezain laster, baja bat bete nuen Zaldibarren. Gerora, Eusko Jaurlaritzak lanpostu bat atera zuen ospitalez kanpoko enpresentzat, eta urtebeteko kontratua lortu nuen. Ostean, oposizio bat atera zen anbulatorioetan lanean ari ziren lehen psikologo klinikoentzat, eta hura ere lortu nuen.

Proposatzen zenuen guztia lortzen ari zinen.

Bai, baina lana errukigabe eginez. Astelehenetik astelehenera. Ez zegoen atsedenik. Asteburuetan Zamudion elkartzen ginen, Valentin Barenblit analista instituzional bat etortzen zelako. Psikiatrikoen eraldaketa garaia zen, gaixo kronikoentzako etxebizitza babestuak hasi ziren. Oso garai kitzikagarria eta polita izan zen.

Zerk ematen zizun atentzioa psikoanalisian?

Autoezagutzak. Norbere emozioak detektatu eta maneiatzen saiatzeak. Nork bere burua ulertzeko eta hausnartzeko ariketa horrek lagun dezake bestea ulertzen. Ardura handiko lanbidea da, eta kontzientzia handiz egin behar da. Hainbesteraino, non 31 urte nituela Bilboko Etxaniz Suhiltzailearen plazako anbulatorioko kontsultan eserita, erabaki bainuen erretiroa hartu arte ez nuela horrela jarraitu nahi.

Egun, asko hitz egiten da osasun mentalaren garrantziaz. Zein zen orduko egoera?

Osasun mentala, osasunaren ahizpa pobrea izan da beti. Lehen gutxietsi egiten zen, beti zegoen buruko gaixotasuna zutenekiko estigma bat, eta bertute horretatik herritarrak artatzeko baliabide sozialak oso txikiak ziren. Hain dira txikiak, ezinezkoa baitzen denetara iristea. Horregatik erabaki nuen uztea. Are gehiago, urte hauetako bilakaera txikia izan da, baina orduan baino baliabide gehiago dago. Utzi nuenean nire plaza amortizatu egin zuten, eta uztearen arrazoietako bat eskaerari ezin erantzutea izan zen. Ezinezkoa zen, eta ni bakarrik nintzen arriskuaren aurrean. Ate birakarien politika hasi zen ospitaleratze psikiatrikoetan. Gaur egun, buruko osasunera oso baliabide gutxi bideratzen dira. Osakidetzaren gainbehera duela 30 urte hasi zen. Osasun publikoaren egoera oso kezkagarria da.

Hobetzen ez denak okerrera egiten duela pentsatuz, erabaki zenuen hura ez zela zuretzat.

Australiara joan nintzen, eta urtebete eman nuen bidaiatzen inolako erantzukizunik gabe. Lan egin beharrik gabe. Egia esan, asko gozatu nuen. Jakin-min handia nuen herrialdea ezagutzeko.

Itzuli zinen.

Itzultzean, orain dela urte gutxi arte nire bazkide izan denarekin elkartu, eta fabrika batean zeukan lana utz zezan animatu nuen, pintura gustatzen baitzitzaion. Hala, San Frantzisko auzoan lonja bat hartu, eta arte garaikideko galeria bat ireki genuen.

Pintura zale zinen zu ere?

Pintura beti gustatu izan zait, museoak ikusteko bidaiatzen nuen, eta bisitatzen nituen herrialdeetan pinakoteka garrantzitsuak bilatzen nituen. Lonjan, Arte Ederretako materiala genuen, eta espazioa martxan jarri eta abiarazteko konpondu genuen. Erakusketak egitea bururatu zitzaidan, margolariei beraien lana erakuts zezaten errazteko, saltzen saiatzeko; euskal margolariak, batez ere. Beti saiatzen naiz hurbilenak zaintzen.

Jose Luis Zumeta, tartean.

Lagun baten bidez ezagutu genuen. Pare bat margolanekin etorri zen Donostiatik abentura honen irekieran laguntzera. Lehen egunetik maite izan genuen elkar. Harekiko apustu sendoa egin genuen. Hunkitzen ninduen pintore bat zen.

Nolakoa zen Zumeta?

Jose Luis nahiko tipo librea zen pintatzen, eta oso ondo ezagutzen zuen pintura. Arnasa hartzea beharrezkoa zuen pintatzeko. Distantzia laburretan, oso dibertigarria zen. Barre asko egiten nuen harekin. Oso tipo azkarra zen, bizitzea gustatzen zitzaion, bidaiatzea. Urte batzuetan asko maitatu genuen elkar, gero ez hainbeste. Ez zitzaion publizitatea interesatzen; gogoratzen dut behin EITBri eman zion elkarrizketa baterako ikaragarri konbentzitu behar izan nuela. Baina hedapen hori gabe, askoz zailagoa zen dena. Lan handiko urte biziak eta aberasgarriak izan ziren.

Zein eboluzio izan du sorkuntza plastikoak urte hauetan?

Orduan ari zen orain kontzeptuala esaten zaiona hasten. Ezezaguna den alor bat da niretzat. Edozein motatako sorkuntza plastikoren aurrean nagoenean, zerbait egon behar da: misterioa, ebidentzia edo dena delakoa, pixka bat hunkitu edo mugituko nauena. Sorkuntza artistikoak osasuna du gaur egun, baina ez mugak gainditzeko behar dituen laguntzak. Sukaldariak eta artistak esportatzen ditugun herrialde bat gara. Baina bildumagintzaren tradiziorik gabe jarraitzen dugu, eta arte garaikideko galeria bat mantentzea ekintza heroikoa da.

Artelanen merkatua moteltzen hasi zen 2010eko hamarkadan.

Horren aurretik, 2000tik 2010era, beste abentura batean murgildu ginen: Bilbon eraitsi edo erabilera aldatu zuten eraikinak okupatzen genituen. Uribitarteko gordetegi frankoa izan zen lehena. Zumeta bi bider hiru metroko koadroak margotzen ari zen, eta espazioa behar genuen hura sartzeko. San Frantziskoko lokalean ez ginen sartzen, eta ez genuen instituzioen laguntzarik nahi, horrek ematen dizun askatasunagatik. Urtebete egin nuen biltegiaren atzetik, lortu nuen arte. Hemeretzi egunetan erakusketa areto handi bat atondu genuen. Zirraragarria izan zen. 2000. urteko udan Zumetaren erakusketa bat egon zen bertan.

Zer helburu zenuen?

Egiten nuenarekin hunkitzea, batik bat. Eta dirua irabaztea, gauzak egiten jarraitzeko. Gertu dugun jendea sustatzea, eta bestea jende askori muturrekoa ematea. Tematu egin nintzen, eta hainbeste baliabiderik gabe gauza handiak egin daitezkeela erakusteko gogoa nuen. Galeria bat edozein motatako sorkuntza artistikoa sustatzen duen enpresa bat da, eta galeria bat nahi duzun bezala sortzen duzu. Helburua artistek tailerretan egiten duten lana erakustea da, sustatu eta saltzen saiatzea, eta, atzerriarekin kromoak trukatuz gero, hobeto.

Muturrekoa, nori?

Garai hartako Bilboko nire kide galeristei. Etengabe gutxiesten gintuztelako. Biziki arbuiatzen gintuzten. Harrezkero, ez dut berriro galeriarik zapaldu Bilbon, lankide horiek hitzarmena egin baitzuten Guggenheimekin eta BBKrekin, beren galeriak sustatzeko laguntzarekin obra saltzeko. Eta lehen bileran jarri zuten baldintza bakarra izan zen gu ez ginela tratu horretan sartuko.

Zergatik?

Biltegi frankoan sortu genuen urte askotan Bilbon izan den erakusketa pribatu arrakastatsuena.

Nahi baino gutxiago iraun zuen.

2010ean, gutxi gorabehera, krisian murgilduta, artea saltzeari utzi zitzaion. Jaitsiera ikusgarria izan zen. Orduan bururatu zitzaidan Bilbora etortzen ziren turistak etxera igo behar nituela.

Hain zuzen, egoitza, galeria nagusia, beti egon da zuen etxean.

Zortea dugu etxe pribilegiatu bat dugulako. Erakusketak genituen bertan, arte galeria bat. Halaber, etxean ere psikologia kontsulta zegoen, eta duela gutxi arte aritu naiz jendea kontsultan hartzen.

Pazienteetatik turistetara…

Panfleto batzuk egin nituen: Pintxos&Arts (Pintxoak eta artelanak). Gizon amerikar bat etorri zen. Janariz lepo bete nuen gizajoa. Baina, horrez gain, betiko jendeari kasu egiten genion. Hiruzpalau pieza saldu genituen libratzeko. Handik hilabete batzuetara, etxeko telefonoak jo zuen. Etxean ematen nituen ustezko menuei buruzko elkarrizketa bat egin nahi zidan kazetari bat zen. Egingo zidan publizitatea jakinda, onartu eta oso ondo saldu nion. Dena asmatuta. Galeria bisitatzen zuten bitartean, 50 pertsonari eman ahal niela jaten esan nion. Erreportajea atera eta jendea deitzen hasi zen. Larritu egin nintzen, gauza bat familiari jaten ematea delako, eta beste bat, kanpoko jendeari. Lagun batek abenturara bultzatu ninduen, eta Epelde&Mardaras jatetxean, nire etxean, gaur arte beti jan da nik jarritakoa. Beti, erreserbarekin.

Harrera ona eta urte bikainak izan ondoren, pandemiak dena aldatu zuen. Contenedor. Art, Food & Drink sortu behar izan duzu orain gutxi.

Pandemiara arte gauzak nahiko ondo zihoazen, baina ostalaritzan bakarrik aritzen nintzen. Pandemiarekin, langabezian geratu nintzen lehen aldiz. Lehen astean, gobernuaren aginduz ohean geratzea paregabea iruditzen zitzaidan, baina bigarrenean, berriz, ileak puntan jartzen hasi zitzaizkidan. Gastuak berdinak ziren, eta diru sarrerarik ez zegoen. Buruari bueltaka hala imajinatzen nuen gaur egun Contenedor. Art, Food & Drink dena. Trapuketariak, gastronomia eta moda batzen ditu.

Artea, gastronomia eta moda eskutik helduta doaz zure egunerokoan. Nola uztartzen dira?

Zerikusi handia dute. Begia oso eginda daukazunean mota guztietako erakusketak muntatzeko, lagungarria da. Edertasunaren mundua janariarekiko, modarekiko, arte eta sorkuntzarekiko eta, oro har, desberdinekiko gustuaren izendatzaile komuna da.


gorputz-geometrikoak

Gorputz geometrikoak

Eduardo Txillida

Txillida leku (Hernani, Gipuzkoa)

Desde el 25 de Junio 2026
Al 26 de Octubre 2026

landabarrenako-dama

Landabarrenako Dama

Pilar De Zubiaurre

Durangoko Arte eta Historia Museoa (Durango, Bizkaia)

Desde el 08 de Septiembre 2026
Al 29 de Noviembre 2026

fond-de-bain

Fond de bain

Hermann-Paul

Baionako Euskal Museoa (Baiona, Lapurdi)

Desde el 18 de Septiembre 2026
Al 10 de Enero 2027

harri-erre-malpais

Harri erre, 'malpaís'

Izaskun Araluzea [BERRIA.eus]
| 21 de Octubre 2026

Malpaís | Artista: Borja Gomez. | Non: Naratan, Bilbon. | Noiz arte: Azaroaren 7ra arte.

bilboko-arte-ederren-museoa-zabaldu-dute

Bilboko Arte Ederren Museoa zabaldu dute

Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]
| 21 de Octubre 2026

Berritutako museoei buruzko artikulu sorta bukatzeko, Bilboko Arte Ederren Museoari tokatuko zaio gaur txanda. Komunikabideek behin eta berriz errepikatu duten moduan, urriaren 5ean zabaldu zen Bilboko museo berritua.

zer-memoria-dosi-behar-du-fikzioak

Zer memoria dosi behar du fikzioak?

Uxue Rey Gorraiz [BERRIA.eus]
| 18 de Octubre 2026

Iruñeko Topaketen gerizpean, Leire Lakuntza, Ainhoa Apeztegia eta Nagore Txibite artisten obrak hizketan eta galdezka jarri dituzte Ziudadelako Arma aretoan. Udalaren Arte Garaikideko Bildumako lanen hautaketa batekin ere osatu dute erakusketa.

kultura-ikertu-kultura-babestu

Kultura ikertu, kultura babestu

Haizea Barcenilla [BERRIA.eus]
| 16 de Octubre 2026

Orain egun batzuk [EAEko] Kulturaren Euskal Behatokiaren email bat jaso nuen; azaroaren 5ean eta 6an egingo dituen jardunaldien egitaraua zekarren (gaztelerazko mezutik ireki behar izan nuen, euskarazko bi estekak ez zebiltzalako; benetan inork ez ditu halako gauzak gainbegiratzen kultura eta euskara sailean?).

gwangjuko-biurtekoa-aldaketarako-agindu-bat

Gwangjuko Biurtekoa, aldaketarako agindu bat

| 15 de Octubre 2026

Bere 16. edizioan, Hego Koreako arte garaikideko nazioarteko erakusketak esperientzia intimoak, kontakizun historikoak eta denboraren ikusmoldeak jartzen ditu elkarrizketan

osotasunaren-gezur-hauskorra

Osotasunaren gezur hauskorra

Maite Luengo Agirre [BERRIA.eus]
| 14 de Octubre 2026

Izar iheskorra eta bihotza | Artista: M. Benito Piriz. | Non: Bilbo Arten, Bilbon. | Noiz arte: azaroaren 8ra arte.

arte-lanen-lapurreten-kronologia-bat

Arte-lanen lapurreten kronologia bat

| 10 de Octubre 2026

1911ko La Gioconda-tik 2026ko urriaren 4an lapurtutako San Joanen Apokalipsia-raino, Europan eta munduan izandako lapurreta garrantzitsuenen zerrenda.

Artekaria

El poratl del arte en Euskal Herria

Este es el portal creado por la red ZAPART. Con ARTEKARIA queremos dar visibilidad a la increíble riqueza artística e infraestructural de nuestro pequeño territorio vasco (Euskal Herri osoa). De hecho, nos parece que en un espacio tan reducido donde se encuentran tantos museos (Artium, Oteiza, Oteiza, Artes de Bilbo, Guggenheim…), centros de arte (Uharte-zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), salas públicas y privadas (Didam, Zitadela, Bastero, Ospitalea, fondations), galería de arte tradicional o de artistas... con tantas programaciones y obras de artistas visibles, la visualización de este conjunto no es fácil. Hemos creado este portal para ayudar a resolver esta falta.

Artekaria

La red de l@s artist@s profesionales de Euskal Herria

Zapart tiene como objetivo conectar, promover el trabajo y defender los derechos de l@s artist@s profesionales que viven y trabajan en Euskal Herria (en los seis territorios historicos que son Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa y Zuberoa).