artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Hogei urtez galdutzat jotako Artozkiko artelan batzuk 'solidarioen' eskuetan dira

Herria Itoizko urtegitik defendatzeko, erakusketa bat egin zuten 2003an, baina etxeak suntsitzeaz bat galdu zen obren arrastoa. "Modu anonimoan" helarazi dizkiete orain haietako batzuk.

hogei-urtez-galdutzat-jotako-artozkiko-artelan-batzuk-solidarioen-eskuetan-dira
Koldo Arnanzek mural handi eta koloretsu bat eman zuen erakusketarako; margolan hori ez da agertu. Arg/ Jagoba Manterola / Foku

Ainhoa Sarasola [BERRIA.eus]
| 2 de Octubre 2023

Agertu dira. Ez guztiak, baina bai zenbaitzuk behintzat. Duela hogei urte, Artozki udalerria (Nafarroa) eraistear zirela, eta Itoitzekiko Solidarioak taldearen ekimenez, elizan erakusketa bat jarri zuten, herriari zutik eusteko asmoz antolatu zituzten ekitaldien barruan. Deia egin, eta beren artelanak emanez erantzun zuten artista ugarik; haien artean ziren Jose Luis Zumeta, Jose Ramon Anda, Dora Salazar eta Juan Gorriti, besteak beste. Herria suntsitu edo urek azpian hartuz gero, han geratuko ziren obrak; baldintza horrekin eman zituzten sortzaileek. Eta hala osatu zuten Artezki erakusketa. Artelanak ikusgai jarri eta gutxira, baina, herria behera bota zuten hondeamakinek. Lan batzuk suntsitu eta beste batzuk Poliziak jaso zituela salatu zuten solidarioek gerora. Eta, ordutik, ez da haien arrastorik izan.

Orain arte. Lanetako batzuk solidarioen eskuetan baitira atzera. Bihar emango dituzte xehetasun gehiago taldeko kideek eta Itoizko urtegiak mehatxatutako bizilagunen asanbladakoek, hainbat artistarekin Iruñean egingo duten agerraldian. Baina aurreratu dutenez, berriki "modu anonimoan" helarazi dizkiete obra horiek.

Bi dozena sortzaileren baino gehiagoren lanak izan ziren ikusgai Artozkiko erakusketa hartan, 2003. urteko irailean. Margolanak, paper gaineko lanak eta eskulturak ziren gehienak. Horietatik, orain agertu direnen artean daude Zumeta, Gorriti, Anda, Anton Mendizabal, Ana Mugeta, Ander Ormazuri, Txiki Agirre Keixeta, Joseba Lekuona eta Iñaki Olazabal sortzaileen obrak besteak beste, biharko agerraldian parte hartuko dutenek aurreratu dutenez. Aldiz, beste batzuen arrastorik ez dago, hala nola Salazar, Barbara Stammel, Luis Morea, Josetxo Crespo eta Izotz Mendiburuk eman zituztenena.

Artozki, 'Artezki' bihurtuta

Itoizko urtegiaren kontrako borroka luzearen katebegietako bat izan zen Artozkikoa. 1980ko hamarkadan hasi zen gauzatzen urtegiaren proiektua; 1993. urtean ekin zieten eraikuntza lanei; eta 2003an, Nafarroako Gobernuaren aginduz, urak azpian hartuko lituzkeen herriak behera bota zituzten: Longida ibarreko Itoitz, Orbaitz, Ezkai eta Gorritz, baita Artzibarko Artozki, Muniain, Artzi eta Nagoreren erdia ere. Etxeak bota aurretik, baina, haiek defendatzea erabaki zuten solidarioekin egin zuten topo makinek horietako bitan: Itoitzen lehenik, ekainean, eta Artozkin ondoren, irailean.

Testuinguru horretan antolatu zen erakusketa hura, beste hainbat jardueraren artean; etxeak artearekin ere defendatuko zituztela erabakia baitzuten ekintzaileek. Hala, dei zabal eta premiazkoa egin zieten Euskal Herriko artistei: haien obrak bertara eramateko. Baldintza bakarra zen: herria suntsitu edo urpean geratuz gero, artelanak ere han geratuko zirela, betiko. Erantzun zabala izan zuen deiak, eta artista ugarik egin zuten ekarpena, elkartasunez.

2003ko irailaren 15ean utzi zituzten beren etxebizitzak artozkiarrek, Nafarroako Gobernuak bizilagunei ezarri zien datan. Ordurako, hainbat solidario han ziren dagoeneko, etxeak defendatzeko prestaketa lanetan. Eta hurrengo egunetan ere beste hainbat lagun joan ziren iristen, nork ahal zuen ekarpena egitera. Makinak ez ziren berehalakoan ailegatu, herritarrek etxea utzi eta bi aste geroago baizik. Eta tarte horretan, asanbladan bildu, eta hamaika jarduera antolatu zituzten herrian zirenek eta tarteka babesa ematera hara joaten zirenek. Horien artean, Artozki Artezki bilakatu zuen kultur egitasmoa.

Bi aste horietan, baina batez ere herria behera bota aurreko asteburuan —irailaren 26an, 27an eta 28an—, askotariko kultur ekitaldiak izan ziren Artozkin. Artezki izenburupean osatu zuten egitarauaren barruan, zenbait jarduera bildu zituzten: musika emanaldiak, fanfarreenak, antzezlanak, txalapartari norgehiagoka, kabareta, herri bazkaria, hitzaldiak eta eztabaidak, besteak beste. Asisko Urmenetak, Marko Armspachek, Patxi Huartek eta beste hainbat irudigilek mural handi eta koloretsu bat margotu zuten etxe bateko horman, aldamio batera igota. Eta Txalaparta argitaletxeak liburuz bete zuen, alderik alde, beste etxe baten pareta, ale ugari zintzilik jarrita. Halaber, Fermin Muguruzak, Sorkun Rubiok eta beste zenbait musikarik kontzertu jendetsua eman zuten larunbat iluntzean.

Hamaika lagun joan ziren asteburu hartan elizara ere, euskal artisten obrak ikustera. Hainbat sortzailek emandako diskoak eta ikus-entzunezkoak ere baziren erakusketan, baita zenbait kirolarik eskainitako objektuak ere.

Bien bitartean, aurreko egunetan bezala, teilatuetan igota segitzen zuten hainbat solidariok, zer gerta ere.

Eraistea eta salaketa

Festa giroan igaro zen asteburua, baina ez zen denbora asko igaro behar izan Artozki betiko desagertzeko. Irailaren 30ean sartu ziren foruzainak herrian, eta hondeamakinak haien atzetik; gaurko egunez duela hogei urte, Artozkiko etxebizitzetan ziren azken solidarioak atxilotu zituzten; eta etxe guztiak behera bota zituzten hurrengo egunean. Herria suntsitu zuten egun berean, agerraldia egin zuten taldeko kideek Agoitzen, eta, besteak beste, erakusketari lotutako salaketa bat ere egin zuten: azaldu zuten artistek emandako artelanetako batzuk makinek suntsitu zituztela, baina beste asko, berriz, "foruzainek herritik atera" zituztela.

Hilabete batzuk geroago ere, 2004ko ekainaren 3an, salaketa bera errepikatu zuten. Egun horretan, elkarretaratze bat egin zuten Itoitzekiko Solidarioak taldeko kideek eta haiekin bat egindako herritar eta elkarteek Iruñean, Nafarroako Justizia Auzitegiaren aurrean. Barruan, bi astez Artozkiko etxeen defentsan jardun ziren kideen aurkako epaiketa egiten ari ziren. Eta protesta hartan eginiko salaketen artean, berretsi egin zituzten aurrez artelanen inguruan esandakoak. Haien hitzak irakur zitezkeen BERRIAren hurrengo eguneko zenbakian: "Hainbat idazlek, musikarik, historialarik eta artistak egin zuen bat gurekin Artozkin; haiek utzitako artelanei, liburuei eta abarrei esker Artozki Artezki bilakatu zen; haien sostengua badugu gaur ere, baina artelan asko Foruzaingoaren esku gelditu dira".

Ordutik, hogei urtean, ez da izan artelan haien inguruko beste berririk. Orain arte.


begiradaren-paisaiak

Begiradaren paisaiak

Iker Valle

Rotonda (Donibane Lohizune, Lapurdi)

Desde el 23 de Octubre 2026
Al 29 de Noviembre 2026

debt

Debt

Nooshin Askari

Cibrían (Donostia, Gipuzkoa)

Desde el 25 de Septiembre 2026
Al 21 de Noviembre 2026

get-me-a-stone

Get me a stone

Rosalind Nashashibi

Artium (Gasteiz, Araba)

Desde el 12 de Junio 2026
Al 01 de Noviembre 2026

harri-erre-malpais

Harri erre, 'malpaís'

Izaskun Araluzea [BERRIA.eus]
| 21 de Octubre 2026

Malpaís | Artista: Borja Gomez. | Non: Naratan, Bilbon. | Noiz arte: Azaroaren 7ra arte.

bilboko-arte-ederren-museoa-zabaldu-dute

Bilboko Arte Ederren Museoa zabaldu dute

Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]
| 21 de Octubre 2026

Berritutako museoei buruzko artikulu sorta bukatzeko, Bilboko Arte Ederren Museoari tokatuko zaio gaur txanda. Komunikabideek behin eta berriz errepikatu duten moduan, urriaren 5ean zabaldu zen Bilboko museo berritua.

zer-memoria-dosi-behar-du-fikzioak

Zer memoria dosi behar du fikzioak?

Uxue Rey Gorraiz [BERRIA.eus]
| 18 de Octubre 2026

Iruñeko Topaketen gerizpean, Leire Lakuntza, Ainhoa Apeztegia eta Nagore Txibite artisten obrak hizketan eta galdezka jarri dituzte Ziudadelako Arma aretoan. Udalaren Arte Garaikideko Bildumako lanen hautaketa batekin ere osatu dute erakusketa.

kultura-ikertu-kultura-babestu

Kultura ikertu, kultura babestu

Haizea Barcenilla [BERRIA.eus]
| 16 de Octubre 2026

Orain egun batzuk [EAEko] Kulturaren Euskal Behatokiaren email bat jaso nuen; azaroaren 5ean eta 6an egingo dituen jardunaldien egitaraua zekarren (gaztelerazko mezutik ireki behar izan nuen, euskarazko bi estekak ez zebiltzalako; benetan inork ez ditu halako gauzak gainbegiratzen kultura eta euskara sailean?).

gwangjuko-biurtekoa-aldaketarako-agindu-bat

Gwangjuko Biurtekoa, aldaketarako agindu bat

| 15 de Octubre 2026

Bere 16. edizioan, Hego Koreako arte garaikideko nazioarteko erakusketak esperientzia intimoak, kontakizun historikoak eta denboraren ikusmoldeak jartzen ditu elkarrizketan

osotasunaren-gezur-hauskorra

Osotasunaren gezur hauskorra

Maite Luengo Agirre [BERRIA.eus]
| 14 de Octubre 2026

Izar iheskorra eta bihotza | Artista: M. Benito Piriz. | Non: Bilbo Arten, Bilbon. | Noiz arte: azaroaren 8ra arte.

arte-lanen-lapurreten-kronologia-bat

Arte-lanen lapurreten kronologia bat

| 10 de Octubre 2026

1911ko La Gioconda-tik 2026ko urriaren 4an lapurtutako San Joanen Apokalipsia-raino, Europan eta munduan izandako lapurreta garrantzitsuenen zerrenda.

Artekaria

El poratl del arte en Euskal Herria

Este es el portal creado por la red ZAPART. Con ARTEKARIA queremos dar visibilidad a la increíble riqueza artística e infraestructural de nuestro pequeño territorio vasco (Euskal Herri osoa). De hecho, nos parece que en un espacio tan reducido donde se encuentran tantos museos (Artium, Oteiza, Oteiza, Artes de Bilbo, Guggenheim…), centros de arte (Uharte-zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), salas públicas y privadas (Didam, Zitadela, Bastero, Ospitalea, fondations), galería de arte tradicional o de artistas... con tantas programaciones y obras de artistas visibles, la visualización de este conjunto no es fácil. Hemos creado este portal para ayudar a resolver esta falta.

Artekaria

La red de l@s artist@s profesionales de Euskal Herria

Zapart tiene como objetivo conectar, promover el trabajo y defender los derechos de l@s artist@s profesionales que viven y trabajan en Euskal Herria (en los seis territorios historicos que son Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa y Zuberoa).