artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Hormaren barrunbeak

Jose Luis Zumetaren Usurbilgo muralak 50 urte bete ditu, eta hura eraikitzeko prozesuan oinarritutako erakusketa antolatu dute. Bisita gidatua egin du Usoa alabak.

hormaren-barrunbeak
Muralaren ikuspegia, garbitu eta zaharberritu eta gero. JON URBE / FOKU

Jakes Goikoetxea [BERRIA.eus]
| 2023ko Maiatzaren 5a

Pilotaren kalaka entzuten zen atzo goizean Usurbilgo pilotalekuan (Gipuzkoa). Lurrean gozo, frontisean bortitz. Frontisaren horma berean, baina beste aldean, kalera begira, artelan bat: Jose Luis Zumeta artistak (Usurbil, 1939 - Donostia, 2020) egindako zeramikazko mural koloretsu eta erraldoia. Paisaiaren zati, herriaren ikur.

50 urte bete dira Zumetak murala egin zuenetik. Mende erdiak murala etxeko bihurtu du, baina gero eta ezkutuago utzi du hura egiteko prozesua: 1970eko hamarkadaren hasierako udal agintarien ausardia, frankismo urteetan halako obra baten alde egiteagatik; Zumetaren ausardia, menderatzen ez zuen material eta teknika batekin obra handi bati heltzeagatik; eta urtebeteko artista eta artisau lana, 1973ko apiriletik 1974kora.

Prozesua bera azaltzeko eta Zumetak eskulturarekiko zuen interesa erakusteko, erakusketa antolatu dute Usurbilgo Sutegi aretoan, Zumeta Arte Estudioak eta Usurbilgo Udalak elkarlanean. Usoa Zumetak, Jose Luisen alaba eta artistak, bisita gidatua egin zuen atzo goizean, hogei bat lagunentzat.

Erakusketaren hasieran, murala bera, baina eskala txikiagoan margotua. Olio margolan bat. Zumetak udaleko ordezkariei aurkeztu zien proiektua. "Garai hartako pinturaren isla da; bera mundu horretan zegoen orduan, abstrakzioan", azaldu zuen Usoa Zumetak.

1970eko hamarkadaren hasieran, udalak urbanizatu egin nahi zuen baratzez osatutako eremu bat, eta Zumetari proposatu zion horma biluzia janzteko. Zumetak pintatu egiten zuen batez ere, baina pintura ez zen egokia kalerako; zerbait iraunkorragoa behar zuen. Zeramika esmalteztatua aukeratu zuen.

Zumetak, baina, "ez zuen ideiarik" zeramikari eta esmalteei buruz. "Teknika berria zen beretzat. Ez zuen sekula lan egin zeramikarekin, eta informazio oso gutxi zegoen". Dena ikasi behar izan zuen, probatu: "Aitaren izaera hori zen: proiektu bati aurre egin behar zionean, beldurrik gabe joaten zen, eta erabat horretara jarrita. Indar hori zuen".

Buztina egosi egin behar zen, eta Zaragozara (Espainia) joan ziren bigarren eskuko labe elektriko bat erostera. Bidaian, labeaz gain, liburu batzuk ere erosi zituzten, eraikuntzako teknikei buruzkoak. Erakusketan daude.

3.000 pieza

Antton Elizegiren zuri-beltzeko argazkiak dira erakusketaren muina. Prozesuaren testigantza kronologikoa. Nola ondo antolatu behar izan zuten lana: bederatzi metro luze eta hamasei metro zabaleko horma, 3.000 piezatan banatuta. Muralaren planoak egin zituzten, irudia koadrotan banatuta eta bakoitzari bere zenbakia jarrita. Hemezortzi tona buztin oratu, zurezko moldeetan forma eman, moztu, pieza bihurtu, atzetik hustu —porlanarekin hormari hobeto itsasteko—, sailkatu, biltegiratu, esmaltea eman, eta metro koadro bateko labean egosi. Udalak utzitako lokal batean lan egin zuen Zumetak, eta, murala hain handia zenez, ezin izan zuen osorik ikusi frontoian jarri arte.

Maiona sagardo fabrika zuten lokalaren aurrean, eta sagardoarentzako ziren egurrezko kaxetan eraman zituzten piezak kamioian hormara. "Gidaria azkar samar ibiltzen zen, eta bidean pieza batzuk puskatu ziren". Entzuleek barre egin zuten.

Erakusketa ez da muralari buruzkoa soilik. Zumetaren eskultura batzuk daude —pipa batean egindako autorretratu bat tartean—, eta baita muralaren aurreko plazan urte askoan egon zen txirrista ezagunaren argazkiak ere —Zumetak diseinatu zuen plaza—.

Erakusketako ibilaldia bukatuta, Usoa Zumetak murala ikustera gonbidatu zituen bisitariak. "Hamasei pieza falta dira". Ez dituzte jarriko. Urteurrenaren aitzakian, garbitu eta egonkortu egin dute, okerrera ez jotzeko.


donostiako-paisaiak

Donostiako Paisaiak

Tomás Hernández

Ekain (Donostia, Gipuzkoa)

2026ko Irailaren 10etik
2026ko Azaroaren 07ra

hirugarren-paisaia

Hirugarren paisaia

Maria Azkarate

Nafarroako museoa (Iruñea, Nafarroa)

2026ko Maiatzaren 15etik
2027ko Apirilaren 04ra

maider-aldasoro

Maider Aldasoro

Barriek zikloa

Rekalde Aretoa (Bilbo, Bizkaia)

2026ko Irailaren 08tik
2026ko Azaroaren 22ra

erretratu-intimoa

Erretratu intimoa

Pilar Belzunce

Txillida leku (Hernani, Gipuzkoa)

2025eko Ekainaren 05etik
2026ko Abenduaren 26ra

juan-mieg-neure-pintura-besterik-ez-dut-egin

Juan Mieg: "Neure pintura, besterik ez dut egin"

Miel Anjel Elustondo [Argia.eus]
| 2026ko Irailaren 18a

Kasik ez gara garaiz heldu Juan Miegekin hitz egitera. 88 urte, eta aurten bertan utzi dio pintatzeari, ezinaren ezinez. Urte askoan, eta oraindik ere, hoska ari zaizkigu artista honen obrak bateko eta besteko eraikinetako hormetatik. Bizi guztiko obra, poesia pintura egina, mihisera finezia handiz eramana, konposizioa, matizeak. Pintura berri bat, hasi zenetik eta oraindaino.

lapurretak

Lapurretak

Haizea Barcenilla [BERRIA.eus]
| 2026ko Irailaren 16a

Moda berri bat zabaltzen ari da Europan: museoetan lapurtzea. Orain dela urtebete eskas Louvretik balio handiko bitxiak eraman zituztenetik, hainbat museotako bildumek eraso azkar eta eraginkorrak jasan dituzte.

claudix-vanesix-tabakalerako-artista-egoiliarra-2025ean-prix-ars-electronican-saritua-izan-da

Claudix Vanesix, Tabakalerako artista egoiliarra 2025ean, Prix Ars Electronican saritua izan da

| 2026ko Irailaren 10a

XENOCENE: A Manifesto in Motion, Tabakaleran sustatu eta garatutako lanak Ohorezko Aipamena jaso du Prix Ars Electronica 2026 sarietako Interactive Art + kategorian. Bigarren urtez jarraian, Tabakaleran sortutako proiektu batek aitortza jaso du Prix Ars Electronica sarietan. 2025ean, Maria Oterok ere Ohorezko Aipamena jaso zuen Compost Computacional lanarengatik.

jose-pablo-arriaga-itsasoarekiko-harremana-bizi-nahi-nuen-nire-eskulturetan-kontatu-ahal-izateko-gero

Jose Pablo Arriaga: "Itsasoarekiko harremana bizi nahi nuen, nire eskulturetan kontatu ahal izateko gero"

Maria Ortega Zubiate [Argia.eus]
| 2026ko Irailaren 10a

2025eko udan abiatu zen Mutrikuko (Gipuzkoa) portutik Jose Pablo Arriagaren belaontzia, emaztea eta bi alabak eta teila batzuk lagun; urtebete beranduago iritsi da, teilarik barik, baina esperientzia mordoa hartuta. Bidaia horretatik sortuko du Lau teila proiektua eskultoreak, Karibeko herrialde postkolonialen bidegabekeriak inspirazio hartuta.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.