artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Susana Talayero, Nadia Barkate eta Anti liburu denda dira 2023ko Gure Artea saridunak

Ibilbide artistikoagatik saritu dute Talayero; Barkate, berriz, sormen jarduera aitortzeko modalitatean saritu dute; eta Anti liburu denda, ikusizko arteak bultzatzeko egin duen lanagatik. Sariak emateko ekitaldia udazkenean egingo dute, Donostiako San Telmo museoan.

susana-talayero-nadia-barkate-eta-anti-liburu-denda-dira-2023ko-gure-artea-saridunak
Susana Talayero, Javier Nevado eta Nadia Barkate, gaur goizean, Bilboko Guggenheim museoan egindako agerraldian. Arg/ Endika Portillo, FOKU

Olatz Enzunza Mallona [BERRIA.eus]
| 2023ko Uztailaren 6a

Susana Talayero eta Nadia Barkate artistek eta Anti liburu dendak jasoko dituzte aurtengo Gure Artea sariak. Eusko Jaurlaritzak arte plastikoen eta ikusizko arteen arloan egindako lanaren aitortza gisa banatzen ditu sariok, urtero, eta Bingen Zupiria Kultura sailburuak jakinarazi du nor diren aurtengo sarituak, Iñaki Imaz epaimahaiburuaren laguntzaz. Gaur goizean Bilboko Guggenheim museoan egindako agerraldian izan dira Talayero, Barkate eta Javier Nevado Anti liburu dendako burua, eta hirurek zinez eskertu dute egindako aitortza. Sariak banatzeko ekitaldia udazkenean egingo dute, Donostiako San Telmo museoan. Irabazle bakoitzak 20.000 euro jasoko ditu.

Zupiriak azaldu duenez, hiru helburu dituzte Gure Artea sariek: artearen arloko profesionalei aitortza egitea, batetik; artista horiek gizarteari egiten dioten ekarpena azpimarratzea, bestetik; eta euskal artea munduan zabaltzea, azkenik. Ibilbide artistikoagatik saritu dute Talayero; sormen jarduera aitortzeko modalitatean, berriz, Barkate; eta ikusizko arteak bultzatzeko egin duen lanagatik Nevado. Imazekin batera, Aimar Arriolak, Nora Aurrekoetxeak, Rakel Esparzak eta Miren Vadillok osatu dute aurtengo epaimahaia.

Hiru sari, hiru errealitate

Artearen munduan 30 bat urteko ibilbidea du egina Talayerok, eta, Imazen arabera, "dedikazioaren eta iraunkortasunaren sinonimoa" da artista. Sortzaile bilbotarrak Erroman egin zituen hasierako urteak, eta haren lan egiteko modua nabarmendu du epaimahaiburuak: "Aurkitutako euskarriekin eta materialekin egindako lana da, ez aurrez pentsatutako edo programatutako gai gisa, baizik eta inguruan duen horretara irekita egotearen ondorio gisa". Era berean, artistaren sorkuntza lana bakarkako lanetik harago doala gaineratu du: "Euskal artearen testuinguruari sekulako ekarpena egin dio lankidetzaren eta esperientzia kolektiboen bitartez".

Barkatek, berriz, duela hamarkada bat ekin zion bere ibilbide artistikoari. Marrazkia lantzen du batez ere. "Esan daiteke bere lan guztia marrazki bakarra dela. Irudi handi bat edo fikzio handi bat bezalakoa da, etengabe eraikitzen ari dena, mundu propio bati gorputza eta irudia emanez". Bereziki, Bilboko Rekalde aretoan eta Carreras Mugica galerian egindako erakusketak nabarmendu ditu epaimahaiak.

Azkenik, duela 20 urte zabaldu zuten Anti liburu denda, Bilboko San Frantzisko auzoan. "Letren, pentsamenduaren eta arte plastiko eta ikusizko artearen topaleku funtsezkoa bihurtu da", esan du Imazek.


fantasia-eta-arrazoia

Fantasia eta arrazoia

Goya

Arabako Arte Ederren Museoa (Gasteiz, Araba)

2026ko Maiatzaren 18tik
2027ko Otsailaren 28ra

argiari-bidea-eman

Argiari bidea eman

Naia del Castillo

Iruñeako Zitadela (Iruñea, Nafarroa)

2026ko Uztailaren 24tik
2026ko Irailaren 20era

juan-mieg-neure-pintura-besterik-ez-dut-egin

Juan Mieg: "Neure pintura, besterik ez dut egin"

Miel Anjel Elustondo [Argia.eus]
| 2026ko Irailaren 18a

Kasik ez gara garaiz heldu Juan Miegekin hitz egitera. 88 urte, eta aurten bertan utzi dio pintatzeari, ezinaren ezinez. Urte askoan, eta oraindik ere, hoska ari zaizkigu artista honen obrak bateko eta besteko eraikinetako hormetatik. Bizi guztiko obra, poesia pintura egina, mihisera finezia handiz eramana, konposizioa, matizeak. Pintura berri bat, hasi zenetik eta oraindaino.

lapurretak

Lapurretak

Haizea Barcenilla [BERRIA.eus]
| 2026ko Irailaren 16a

Moda berri bat zabaltzen ari da Europan: museoetan lapurtzea. Orain dela urtebete eskas Louvretik balio handiko bitxiak eraman zituztenetik, hainbat museotako bildumek eraso azkar eta eraginkorrak jasan dituzte.

claudix-vanesix-tabakalerako-artista-egoiliarra-2025ean-prix-ars-electronican-saritua-izan-da

Claudix Vanesix, Tabakalerako artista egoiliarra 2025ean, Prix Ars Electronican saritua izan da

| 2026ko Irailaren 10a

XENOCENE: A Manifesto in Motion, Tabakaleran sustatu eta garatutako lanak Ohorezko Aipamena jaso du Prix Ars Electronica 2026 sarietako Interactive Art + kategorian. Bigarren urtez jarraian, Tabakaleran sortutako proiektu batek aitortza jaso du Prix Ars Electronica sarietan. 2025ean, Maria Oterok ere Ohorezko Aipamena jaso zuen Compost Computacional lanarengatik.

jose-pablo-arriaga-itsasoarekiko-harremana-bizi-nahi-nuen-nire-eskulturetan-kontatu-ahal-izateko-gero

Jose Pablo Arriaga: "Itsasoarekiko harremana bizi nahi nuen, nire eskulturetan kontatu ahal izateko gero"

Maria Ortega Zubiate [Argia.eus]
| 2026ko Irailaren 10a

2025eko udan abiatu zen Mutrikuko (Gipuzkoa) portutik Jose Pablo Arriagaren belaontzia, emaztea eta bi alabak eta teila batzuk lagun; urtebete beranduago iritsi da, teilarik barik, baina esperientzia mordoa hartuta. Bidaia horretatik sortuko du Lau teila proiektua eskultoreak, Karibeko herrialde postkolonialen bidegabekeriak inspirazio hartuta.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.