artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Balerdiren lagunen etsipena

Rafael Ruiz Balerdi artistak 1980. eta 1985. urteen artean sortutako paper gaineko 11 margolan jarri ditu ikusgai Bilboko Carreras Mugica galeriak. Obrak salgai ere badaude

balerdiren-lagunen-etsipena
Argazkia: Ander Sagastiberri

Iñigo Astiz [BERRIA.eus]
| 2022ko Urriaren 5a

Javier Viar Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendari izandakoak etsipenaren mugan deskribatu zituen Rafael Ruiz Balerdi (Donostia, 1934- Altea, Alacant, Herrialde Katalanak, 1992) artistaren lagunak, euskal artearen historiari eskainitako bi liburukiko lan monumentalean. 1964an hasi zen Venezia izeneko koadro erraldoia margotzen, esaterako, eta, zortzi urteren buruan, 1972an, oraindik ere pintura gehitzen eta kentzen jarraitzen zuen artistak, lana amaitutzat eman gabe. "Koadroak aldaketa asko izan zituen, baita oso aurreratuta zegoenean eta amaitutzat jo ahal izan zenean ere. Santiago Amonek eta pintorearen beste lagun batzuek etsipenez bizi zituzten aldaketa hauek, esku hartze berriek jada lortutako emaitzen edertasuna hondatuko ote zuten beldur baitziren". Pintatzea bera zen Balerdiren lanaren ardatz nagusia, eta lan egiteko modu horren erakusgarri da orain Bilboko Carreras Mugica galeriak irekitako erakusketa ere: Rafael Ruiz Balerdi, Formatu handiko klarionak. Abenduaren 2ra arte egongo da zabalik.

Sorterrian hasi zituen pintura ikasketak Balerdik, Donostian. Kubismoaren gertuko proposamenak egin zituen hasieran, baina, aurrera egin ahala, berehala jo zuen abstrakziorantz, eta ezagun dira haren kolore eta forma leherketez osatutako koadroak. Behin baino gehiagotan izan zen Parisen eta Madrilen, baina Txinara ere egin zuen bidaia, eta, hain zuzen ere, han hasi zen okre koloreko zatar-paper gainean pintatzeko pastel eta argizaria erabiltzen. Adituek klarionak izenaren barruan multzokatu ohi dituzte Balerdiren gisa horretako lanak, eta, hain zuzen ere, klase horretakoak dira Carreras Mugican ikusgai diren lan guztiak.

1980. eta 1985. urteen artean sortutako neurri handiko 11 klarion dira, zehazki, eta ia galeria osoa hartzen dute. Paper zuri gainean margotutako 2x1 metro inguruko hiru lan daude korridorean, eta zortzi margolan handi, gero, galeriako areto nagusiko lau hormetan. Bi, bi, bi eta bi; kasik simetrikoki zintzilikatuta. 1'78x2'50 metrokoa da haien arteko txikiena, eta 1'78x2'82 metrokoa handiena. Eta garden erakusten dute guztiek Balerdiren lan egiteko modua.

Viarrek deskribatutako Venezia lanean ez bezala, ordea, kasu honetan pintorea ez da behin eta berriz itzultzen egindako lana osatzera. Klarionen kasuan, etengabe aurrera egiten ikus daiteke artista, atzera gehiegi begiratu gabe, eta, hain justu, lan jarrai bakar baten 11 adibide dirudite margolanek. Jarraitutasun horretan ikusten da Balerdiren ekina.

Pintorearen eskua

Hori biziko forma lauso bat du erdialdean erakusketako lehen koadroak, esaterako, eta lerro eta geometria berde, marroi eta laranja anabasa bat inguruan, paperaren gainazal osoa estaliz. Organikoa da piezak sortzen duen sentsazioa, eta hori da gainerako margolan gehienek sortzen duten inpresioa ere.

Baina areto nagusiko obretan igartzen da argien pintorearen eskua, noiz aritu zen zer noranzkotan, eta nola joan zen konposizioa ere agertuz margotzen joan ahala, aurretiazko plan zehatzik gabe, eta apenas zuzenketarik egin gabe. Ekintzan. Eta halaxe deskribatzen du pintorea galeriak aretorako prestatutako testuak ere. "Trantze egoeran balego bezala mugitzen zen haren eskua, eta kolorezko lineak eta mantxak egiten zituen".

Hain zuzen ere, eskua arintasunez mugitzeko aukera ematen ziotelako maite zituen klarionak Balerdik. Horrek ez du esan nahi, ordea, haren lana eskulangintza hutsa zenik ere. Hain zuzen ere, espazioa "menderatzeko" zuen gaitasuna da Viarrek artistari nabarmendutako gaitasunetako bat.

Berdeak, urdinak, gorrixkak, arrosak, moreak, grisak... Koloreen intentsitatea da margolanen beste ezaugarrietako bat. Apenas dagoen lerro beltzik kasurik gehienetan, eta koloreek elkarrekiko kontrastez osatzen dituzte koadroaren konposizioak. Paperaren gaineko mantxa arinak dira, gainera, maizenik, eta, ondorioz, bistara gelditzen dira zenbaitetan margotzeko erabilitako paper marroixkaren arrastoak azpian. Denboraren eta hezetasunaren markak ere ikus daitezke, eta baita, kasu batean, puskatutako orri puska bat itsasteko erabilitako zeloaren marka ere.

Emaitzak ukatzea

Indiako pentsalariek autorearengan izandako eragina ere nabarmendu zuen Viarrek euskal arteari eskainitako liburuan. Sri Aurobindo aipatzen zuen pintorearen erreferentzia nagusitzat, eta haren pentsamenduarekin lotuta deskribatu zuen, horregatik, pintorearen jarduna. "Balerdik, segur aski, ariketa yogiko bat, ekintza aszetiko bat, ikusi zuen pintatzeko ekintzan. Izan ere, haren ustez, 'jardutea eta ekintzak ez zu harrapatzea' da pintatzea". Eta hala borobiltzen du haren obraren deskribapena, azkenik. "Pintura ekintza errituala, ekintza soteriologikoa bihur zitekeen, emaitzak ukatuz gero. Balerdik, koadro bukatuak baztertuz, ukatu egiten ditu emaitzak".

Bilboko Arte Ederren Museoan egon dira erakusketako obra guztiak luzez, Balerdiren oinordekoek bertan maileguan utzita, baina oraindik haienak dira margolanak, eta, ikusgai ez ezik, salgai ere badaude orain. Galeriak zehaztu duenez, 16.000 euroan daude korridoreko obrak, eta 30.000 euroan areto nagusiko piezak.


natura-harmonia-poesia

Natura Harmonia Poesia

Mikel Lertxundi

Okendo Kultur Etxea (Donostia, Gipuzkoa)

2026ko Ekainaren 26tik
2026ko Agorrilaren 29ra

fig-bilbao

FIG Bilbao

Paper Arte eta Grabatuaren Nazioarteko Jaialdia

Euskalduna Jauregia (Bilbo, Bizkaia)

2026ko Azaroaren 26tik
2026ko Azaroaren 29ra

hirugarren-paisaia

Hirugarren paisaia

Maria Azkarate

Nafarroako museoa (Iruñea, Nafarroa)

2026ko Maiatzaren 15etik
2027ko Apirilaren 04ra

macula-et-materia

Macula et Materia

Sally Mann

Kutxa Kultur Artegunea (Donostia, Gipuzkoa)

2026ko Uztailaren 17tik
2026ko Urriaren 18ra

gorputz-geometrikoak

Gorputz geometrikoak

Eduardo Txillida

Txillida leku (Hernani, Gipuzkoa)

2026ko Ekainaren 25etik
2026ko Urriaren 26ra

koloreztatutako-barne-bulkadak

Koloreztatutako barne bulkadak

Maialen Etxebeste Lekuona [BERRIA.eus]
| 2026ko Uztailaren 15a

Oaia Peruarena margolariak 'Behin eta berriz hasi' bilduma sortu du. Erakusketa irailaren 5era arte egongo da ikusgai, Donostiako Ekain Arte Lanak galerian.

san-telmo-gaua-frescoren-esku-hartze-artistiko-batekin-dator-aurten

San Telmo Gaua Frescoren esku-hartze artistiko batekin dator aurten

STM
| 2026ko Uztailaren 13a

San Telmo Museoaren udako irekiera berezia uztailak 18an izango da, doako sarrerarekin, 20:30 eta 24:00 artean. Xabier Zirikiainek, Ander Perez de Arenazak eta Mario Azurzak berariaz okasio honetan sortuko duten proposamen artistikoa izango da aurtengo berrikuntza

mundu-osoko-mitologien-elkarrizketak-bonnat-helleun

Mundu osoko mitologien elkarrizketak Bonnat Helleun

Xalbat Alzugarai Etxeberri [BERRIA.eus]
| 2026ko Uztailaren 8a

‘Mitologiak' erakusketa ireki dute Baionako Bonnat Helleu museoan. Euskal Herriko, Mediterraneoko, Ekialde Hurbileko, Afrikako eta Mexikoko mitologiak elkarrizketan ezarri dituzte, Parisko Louvre eta Quai Branly-Jacques Chirac museoekin lankidetzan.

graciela-iturbideren-hizkuntza-bisuala-san-telmo-museoko-laborategian-ikusgai-jarri-dute

Graciela Iturbideren hizkuntza bisuala, San Telmo Museoko Laborategian ikusgai jarri dute

| 2026ko Uztailaren 6a

María Millánek egin ditu komisario lanak eta nagusiki 60ko eta 80ko hamarkaden artean sortutako garaiko kopiak biltzen ditu erakusketak. Erakusketak Graciela Iturbidek han-hemengo kulturetan errespetuz murgiltzeko ahalegina eta Mexikoko eta beste herrialde batzuetako herri autoktonoen nortasuna erretratatzean izan duen ikuspegi eraldatzailea nabarmentzen ditu.

gerra-irudikatzeko-bi-modu-beltzetik-abiatuta

Gerra irudikatzeko bi modu, beltzetik abiatuta

Garazi Izagirre Aiestaran [BERRIA.eus]
| 2026ko Uztailaren 5a

'Goya beltza, Motherwell beltza. Laurogei hondamendi eta amildegi bat' izena daraman erakusketa ikusgai jarri du Donostiako San Telmo museoak. Francisco de Goyaren laurogei estanpak eta Robert Motherwellen koadro batek osatzen dute.

hasi-da-jai-jardun-artistikoen-institutuaren-ikasketa-programaren-zazpigarren-edizioa

Hasi da JAI, jardun artistikoen institutuaren ikasketa-programaren zazpigarren edizioa

| 2026ko Uztailaren 2a

Tabakalerak eta Artium Museoak —Oteiza Museoarekin elkarlanean— antolatuta, programak arte garaikidearen arloan ikerketa, ekoizpena eta lan kritikoa sustatzea du helburu. JAIk ezagutzaren, ekoizpenaren eta transmisioaren arteko loturan sakondu nahi du, prestakuntza-prozesuan dauden artisten eta nazioarteko profesionalen artean hartu-emanerako gune bat sortuz.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.