artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Garuna(k), organo honek historian sortu duen jakinmina ikuspegi ezberdinetatik aztertzen duen erakusketa

San Telmo museoak aurkezten digun erakusketak 150 pieza inguru biltzen ditu, horien artean, proiektu zientifikoak, bilduma historikoak eta Alex Guevara, Ivana Franke, Joan Fontcuberta, Greg Dunn edota Xavi Bouren gisako artista garaikideen lanak nabarmentzen dira.

garuna-k-organo-honek-historian-sortu-duen-jakinmina-ikuspegi-ezberdinetatik-aztertzen-duen-erakusketa

| 2023ko Abenduaren 19a

Erakusketa 2023ko abenduaren 16tik 2024ko apirilaren 14ra egongo da ikusgai, eta arteak, zientziak eta filosofiak historian zehar garuna nola aztertu eta irudikatu duten aztertzen du.

Garuna(k)-ek garunaren anatomian eta horrek sortzen duen guztian barneratzen gaitu: kontzientzian, pentsamendu abstraktuan, hizkuntzan, irudimenean, ametsetan edo oroimenean. Erakusketak gizakiaz haragoko beste adimen batzuk ere aztertzen ditu: adimen artifizialak, animalienak eta kolektiboak, eta burmuinik gabeko organismoenak.

Erakusketa San Telmo Museoak antolatu du eta Centre de Cultura Contemporània de Barcelona (CCCB); Fundación Telefónica, Madrid; eta Wellcome Collection, Londonen arteko lankidetza da. Komisarioak Ricard Solé fisikari eta biologoa eta Emily Sargent Wellcome Collection-eko erakusketen zuzendaria dira.

Proiektua Ramon y Cajal 2022 Ikerketa Urteko programazioaren parte izan zen, Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak bultzatua.

Zientzialariek, filosofoek, poetek eta artistek mendeak daramatzate garunaren egitura, funtzioa eta bilakaera aztertzen eta zalantzan jartzen. Ramón y Cajalek burmuineko arkitekturaren oinarrizko unitatea neurona zela jakin eta ehun urtera, aurkikuntzen erritmoa bizkortzen joan da eta zientziaren eta filosofiaren arteko lotura berriak ezartzea ahalbidetu du.

Baina, komunitate zientifikoak inoiz izan den materia grisaren maparik zehatzena definitu badu ere, garunaren funtzionamendua ezezaguna da oraindik: zergatik daude burmuinak? Nondik dator kontzientzia? Eta sormena? Zer gertatzen da burua gaixotzen denean? Sor al daitezke makina adimendunak? Zer ikas dezakegu inurrien adimen kolektibotik?

Garuna(k) gai horietan eta beste askotan barneratzen da, kognizioaren paisaia aberatsa eta haren garapen historikoa behatuz, sistema naturaletatik hasi eta gizakiak sortutako sistemetaraino. Material historiko, zientifiko eta artistikoaren bidez, erakusketak esperientzia kontzientearen gure ulermena zalantzan jartzen du, eta esperientzia hori eteten edo moteltzen denean zer gerta daitekeen aztertzen du.

Bi erakusketa daude Garuna(k)-en oinarrian: "Brains: The Mind as Matter" (2012) eta "States of Mind: Tracing the Edges of Consciousness" (2016). Erakusketa horiek Londresko Wellcome Collectionen programatu ziren; oraingoan, CCCBrekin eta Telefonica Fundazioarekin batera Garuna(k) ekoitzi duen erakundean bertan.

Erakusketaren atalak

Materia

Ibilbidea hasteko, garezur fosilen eta labarretako artearen azterketak adimen sinbolikoaren agerpena nola argitzen duen aztertuko da. Deskribapen anatomikoetan oinarritutako planteamendu klasikoaren errepasoa eginez, burmuinaren neurriaren garrantziari lotutako kontu zaharrak ere jorratzen dira, eta baita alderdi horren ikuspegi distortsionatu eta ideologikoak nola eragin zuen frenologiaren agerpena ere. Anatomiaren eta fisiologiaren garapenarekin batera, garuna garai bakoitzeko puntako teknologiarekin parekatu izan da. Atal honi amaiera emateko, elektrizitatearen zientziaren garapenari eskainitako gune txiki bat dago. Arlo horrek argi eta garbi erakutsi zuen eremu elektrikoak jarduera neuralaren zati garrantzitsuak zirela, eta horri buruzko iruditeria oso bat bultzatu zuen.

Beira-arasetan material historikoak, Camillo Golgi eta Santiago Ramón y Cajalen marrazki histologikoak, kirurgiako tresnak eta eredu anatomikoak nahasten dira.

Adimena

Burmuinek buruak sortzen dituzte: pentsamendua, emozioak, ametsak eta kontzientzia sorrarazten dituzte. Atal honek garuna eta kontzientzia aztertzen ditu, oroimena funtsezko elementua den prozesu gisa, gure burmuinaren ezaugarririk garrantzitsuena ziurrenik. Neurri handi batean gure oroimena gara eta honek huts egiten duenean gure munduak hondoratu egin daitezke. Lehen adituek garuna gaixotasunarekin erlazionatuta egon zitekeela ulertu bezain laster, garuneko egoerak aldatzeko ahaleginak azaleratu ziren: hasierako teknikek teknologia berriak sortu dituzte, hala nola errealitate birtuala edo garuneko estimulazio sakona, garuneko gaixotasunei erantzunak aurkitzeko ustekabeko moduak eskaintzen dituzten tratamenduak.

Erakusketaren bigarren bloke handiak neurozientziaren egungo egoera eta ezagutza horretatik abiatuta artista batzuek egiten dituzten esplorazio filosofiko eta etikoak azpimarratzen ditu: Alex Guevara, William Utermohlen, Louise K. Wilson edo Shona Illingworth. Lan horiek eta beste batzuk hainbat ikerketa-talderen puntako esperimentu zientifikoekin lotzen dira.

Beste adimen batzuk

Biosfera kognitiboa ez da gure burmuinetara mugatzen. Konturatzen hasi gara galdera handiei erantzuteak gure intuizioari aurre egingo dioten agente kognitiboak bilatzea ekar dezakeela: problema matematiko konplexuak ebazten dituzten zelula sinpleak, adimen bakar gisa elkarrekin lan egiten duten espezieek garatutako adimen kolektiboak, burmuineko zirkuituak imitatzen dituzten adimen artifizialak edo oinarrizko portaerak erakusten dituzten burmuinik gabeko robot biologikoak.

Adimen artifizialean murgiltzeko, elkarrekin aurkezten dira AAren lehen kongresuetako material dokumentala eta AAri eta sormenari buruzko arte garaikidea, Joan Fontcuberta eta Pilar Rosadoren instalazioa bezala.

garuna-k

Garuna(k)

Erakusketa tematikoa

San Telmo (Donostia, Gipuzkoa)

2023ko Abenduaren 16tik
2024ko Apirilaren 14ra


osatu-gabea

Osatu Gabea

Baroja Collet

Oreka (Soraluze, Gipuzkoa)

2026ko Irailaren 04tik
2026ko Irailaren 30era

fig-bilbao

FIG Bilbao

Paper Arte eta Grabatuaren Nazioarteko Jaialdia

Euskalduna Jauregia (Bilbo, Bizkaia)

2026ko Azaroaren 26tik
2026ko Azaroaren 29ra

juan-mieg-neure-pintura-besterik-ez-dut-egin

Juan Mieg: "Neure pintura, besterik ez dut egin"

Miel Anjel Elustondo [Argia.eus]
| 2026ko Irailaren 18a

Kasik ez gara garaiz heldu Juan Miegekin hitz egitera. 88 urte, eta aurten bertan utzi dio pintatzeari, ezinaren ezinez. Urte askoan, eta oraindik ere, hoska ari zaizkigu artista honen obrak bateko eta besteko eraikinetako hormetatik. Bizi guztiko obra, poesia pintura egina, mihisera finezia handiz eramana, konposizioa, matizeak. Pintura berri bat, hasi zenetik eta oraindaino.

lapurretak

Lapurretak

Haizea Barcenilla [BERRIA.eus]
| 2026ko Irailaren 16a

Moda berri bat zabaltzen ari da Europan: museoetan lapurtzea. Orain dela urtebete eskas Louvretik balio handiko bitxiak eraman zituztenetik, hainbat museotako bildumek eraso azkar eta eraginkorrak jasan dituzte.

claudix-vanesix-tabakalerako-artista-egoiliarra-2025ean-prix-ars-electronican-saritua-izan-da

Claudix Vanesix, Tabakalerako artista egoiliarra 2025ean, Prix Ars Electronican saritua izan da

| 2026ko Irailaren 10a

XENOCENE: A Manifesto in Motion, Tabakaleran sustatu eta garatutako lanak Ohorezko Aipamena jaso du Prix Ars Electronica 2026 sarietako Interactive Art + kategorian. Bigarren urtez jarraian, Tabakaleran sortutako proiektu batek aitortza jaso du Prix Ars Electronica sarietan. 2025ean, Maria Oterok ere Ohorezko Aipamena jaso zuen Compost Computacional lanarengatik.

jose-pablo-arriaga-itsasoarekiko-harremana-bizi-nahi-nuen-nire-eskulturetan-kontatu-ahal-izateko-gero

Jose Pablo Arriaga: "Itsasoarekiko harremana bizi nahi nuen, nire eskulturetan kontatu ahal izateko gero"

Maria Ortega Zubiate [Argia.eus]
| 2026ko Irailaren 10a

2025eko udan abiatu zen Mutrikuko (Gipuzkoa) portutik Jose Pablo Arriagaren belaontzia, emaztea eta bi alabak eta teila batzuk lagun; urtebete beranduago iritsi da, teilarik barik, baina esperientzia mordoa hartuta. Bidaia horretatik sortuko du Lau teila proiektua eskultoreak, Karibeko herrialde postkolonialen bidegabekeriak inspirazio hartuta.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.