artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Getxophoto: klima larrialdiari buruzko argazkiak, britainiar ferry bateko bidaiariz betetako hondartza batean

Ostegunean hasiko da ofizialki Getxophoto jaialdia, baina dagoeneko ikusgai dira kaleko erakusketa gehienak. Begoñako puntako galeriak izango dira festibalaren ardatz nagusietako bat, eta Algortako Portu Zaharreko itsas laminari agur festa egingo diote.

getxophoto-klima-larrialdiari-buruzko-argazkiak-britainiar-ferry-bateko-bidaiariz-betetako-hondartza-batean
Gohar Dashti argazkilariaren lanak, Getxoko Begoñako puntako galerietan ikusgai. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU

Iñigo Astiz [BERRIA.eus]
| 2026ko Maiatzaren 29a

Maiatza amaitzen hasia da, baina37 graduko beroarekingoizean goizetik dabil jendea Getxoko Ereaga hondartzan (Bizkaia). Ofizialki etzi hasiko da martxan Getxophoto Nazioarteko Irudi Jaialdia, baina jadanik aurreratuak dituzte kalean ikusgai egongo diren erakusketarik gehientsuenen muntatze lanak, eta, beraz, aisialdi giroko atzealde horren kontra ikus daitezke egunotan Mohammad Rakibul argazkilariaren The Blue Fig saileko argazkiak. Hondartzako pasealekuan jarri dituzte ikusgai, zehazki, eta bertan argi ikus daiteke Bangladeshko Sundarbans basoko kinka klimatikoa. Berotze globalaren ondorioz gero eta muturrekoagoak baitira uholde eta idorte aldiak han, eta migratzerik ez dutenek inguru ezin etsaiagoan eutsi behar baitiote euren bizimoduari. Uretan ia leporaino murgildutako jende talde bat erakusten du irudietako batek, adibidez, eta, justu haren atzean, Bilboko portuan atrakatuta ikus daiteke hondartza jende alaiz bete duen bederatzi solairuko ferry erraldoia, Erresuma Batuko bandera duena.

Jaialdiak hasieratik izan du garaian garaiko kontraesanak azaleratzeko dohain hori, eta hogeigarren urteurrena izango du aurtengoa. Ostegunean hasi eta ekainaren 21era arte izango da martxan. Maria Ptqk izan da festibalaren komisarioa laugarren urtez, eta Resetlelopean antolatu ditu bertan ikusgai egongo diren 23 erakusketak.

Rakibul argazkilariarena bezala, kalean bertan ikusi ahalko dira haietako gehienak, baina, aurtengoan, Begoñako puntakogaleriak izango dira jaialdiaren erdigune nagusietako bat. Izan ere, ostegunetik aurrera, sei erakusketa egongo dira bertan ikusgai, eta, sarrera librea izango bada ere, mosaikoak apurtuta eta zaharberritze bidean izoztuta geratu diren hormen artean, kaskoak jantzita egin beharko dute ikusleek bertako bisita.

Mohamed Hassan argazkilariaren Our Hidden Roomproiektua da galeriako aretoetan ikus daitezkeenetako bat, eta bertan egongo da Eibarren (Gipuzkoa) hazitako Yunping Li artistaren Huí Jiâ saila ere. Lik bere genero trantsizioaren nondik norakoa kontatzen du irudi horien bidez, eta nortasunari buruz eta nongotasunari buruz gogoeta egiteko parada ere ematen du. Performance bat ere egingo du, gainera, aretoan bertan, eta dagoeneko ez da sarrerarik geratzen.

Horietaz gainera, Julieta Gil argazkilariaren Nuestra victoria, Gohar Dashtiren Home, Eugenia MaximovarenDestination Eternity eta Yuxing Chen argazkilariaren The Oriental Sceneere bilduko ditu gune horrek, eta, nolabait ere, lantzen duen gaiaren araberako kokapena eman diote haietako bakoitzari. Hilerri sobietarretako hilarrietako irudiak dira Maximovaren erakusketaren muina, esaterako, eta, hain zuzen ere, hilarri multzo bat balira bezala jarri dituzte argazkiak ikusgai eraikineko terrazan.

Eraikineko azken solairuan jarri dituzte Chenen irudiak, eta bete-betean egiten dute bat jaialdiak proposatutako leloarekin. Izan ere, Europako historia kulturalaren begirada koloniala da haren ardatz nagusietako bat, eta Nankingo portzelanazko pagoda baliatzen du horretarako palanka gisa. XV. mendean eraiki zuten pagoda hura, portzelana zurikoa zen, eta 80 metro inguruko altuera zuen. XVIII. mendean, haren erreplika bat ere eraiki zuten Londresko Kew Gardens lorategietarako, eta, hain zuzen ere, erreplika horren erabilera aztertzen dute Chenen irudiek. Besteak beste, jatorrizko pagodaren suntsipenaren ostean, erreplika hori baino ez baitzen geratu, eta akats esanguratsuak ere bai baitzituen. Jatorrizkoak bederatzi solairu zituen, adibidez, eta erreplikak, berriz, hamar. Eta, artistaren arabera, kolonialismoaren erakusgarri da pagodaren deskontestualizazio eta birjabetze hori.

"Alor horretan desafio handia du orokorrean kulturak", azaldu du Maria Ptqk komisarioak, "eta zehazki baita museoek ere". Eta, azaldu duenez, desafio horrekin lotuta daude hala Chenen lana nola jaialdirako atondutako beste hainbat erakusketa ere. "Zer egin dezakegu gure bildumekin, eta nola berrantolatu ditzakegu genero ikuspegia ere jasokoduen kontakizun bat edukitzen has daitezen edo kritika dekoloniala egiten has daitezen? Zer egin dezakegu arpilatzearen ondorio diren bildumekin? Kolonialismoaren historia museoen bihotzean dago. Eta niretzat garrantzitsua zen debate hori Resetleloarekin ere lotzea".

Agur itsas laminari

Erakusketez gainera, hamaika topaketa, hitzaldi eta bisita antolatuko dituzte jaialdian, eta lehen egunetan egingo dituztenak nabarmendu ditu Jokin Aspuru jaialdiko zuzendariak. Orain artean Andres Isasi musika eskolan egin izan dituzte beti irekiera festak, baina, aurtengoan, eraikina lanetan dagoenez, oinez egiteko bi bisita antolatu dituzte haren ordez.

Horrez gainera, egitarauan badira jaialdiaren hogeigarren urteurrenari lotutako bi ekitaldi berezi ere. Agur festa antolatu diote, esaterako, herritarrek Sireno izendatutakoirudiari. Festibalaren lehen urtean jarri zuten Algortako Portu Zaharrean ikusgai, eta bertan izan da geroztik. Gaur egun ia ikusezina da erdi arrain erdi gizon itxura duen figuraren irudia, ordea, eta bertatik kentzeko asmoa du udalak. Horregatik, musikarekin eta festa giroan, agur sinbolikoa egingo dio jaialdiak itsas laminari, ostiral arratsaldean. Eta, horrez gainera, urtebetetze festa ere antolatu dute larunbaterako. Algortako merkatuan izango da jaia, eta sirena itxurarekin argazkiak ateratzeko aukera ematen duen photocall bat ere jarriko dutela iragarri dute antolatzaileek.


museoa-urtu

Museoa Urtu

Nader Koochaki

Ondarearen etxea (Maule-Lextarre, Zuberoa)

2026ko Urtarrilaren 26tik
2026ko Irailaren 06ra

zentinelen-oihartzuna

Zentinelen oihartzuna

Patxi Laskarai

L'Angle (Hendaia, Lapurdi)

2026ko Maiatzaren 01etik
2026ko Ekainaren 07ra

konstelazio-berdeak

Konstelazio berdeak

Louisa Raddatz

Salha Gaztelua (Bardoze, Lapurdi)

2026ko Maiatzaren 29tik
2026ko Ekainaren 28ra

erretratu-intimoa

Erretratu intimoa

Pilar Belzunce

Txillida leku (Hernani, Gipuzkoa)

2025eko Ekainaren 05etik
2026ko Abenduaren 26ra

bizirik-dirauten-izenak

Bizirik dirauten izenak

Jone Rubio Mazkiaran [BERRIA.eus]
| 2026ko Maiatzaren 28a

Ziga bilduma | Non: Iruñeko Civivox Pompelon. | Noiz arte: Abenduaren 31ra arte.

babeslekuak

Babeslekuak

Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]
| 2026ko Maiatzaren 28a

Gernikako Bakearen Museoan Veronica Domingo artistak jarri duen erakusketan konturatu nintzen memoriaren zenbat ñabardura dauden ezkutatuta edo erdi itzalean. Horietako bat gerra zibilean erabilitako babeslekuena da.

in-minor-keys-koyo-kouohen-azken-ikuskera

"In Minor Keys", Koyo Kouohen azken ikuskera

| 2026ko Maiatzaren 26a

2025ean zendu zen komisarioak ondua, Veneziako 61. Bienaleko Nazioarteko Erakusketak muga eta hierarkia geografiko, kultural zein espiritualak ezabatzen ditu.

prezioa-eta-balioa

Prezioa eta balioa

Haizea Barcenilla [BERRIA.eus]
| 2026ko Maiatzaren 22a

Igandean Museoen Nazioarteko Eguna izan zen eta, ohikoa den bezala, gure inguruko museoek ekintza ugari eskaini zituzten. Horrez gain, lurraldeko museo guztien sarrera doakoa izan zen. Eta urtero bezala, Bilbo aldean bizi eta artea gogoko duten nire lagun eta ezagun gehienak Guggenheim museora joan ziren.

metalezko-basoan-barrena

Metalezko basoan barrena

Maite Luengo Agirre [BERRIA.eus]
| 2026ko Maiatzaren 22a

RUTH ASAWA: ATZERA BEGIRAKOA. | Artista: Ruth Asawa. | Non: Bilboko Guggenheim museoan. | Noiz arte: Irailaren 13ra arte.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.