artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Tarsila do Amaral: nortasun bat margotzeko erronka

1920ko hamarkadan Parisko abangoardia ezagutu, eta ezinbesteko artista izan zen Brasilgo modernismoaren bilakaeran. Haren 147 lan inguru jarri dituzte ikusgai Bilboko Guggenheim museoan.

tarsila-do-amaral-nortasun-bat-margotzeko-erronka
Tarsila Do Amaral, 1738, Guggenheim Bilbao Museoa

2025eko Otsailaren 25a | Iñigo Astiz [BERRIA.eus]

Batetik, arte eredu bat. "Brasilgo modernotasunari lotutako lengoaia propio bat sortu zuen". Bestetik, artista eredu bat. "Bere garaian existitzen ez zen emakumezko abangoardiako artista modernoaren irudia eraiki behar izan zuen". Eta, azkenik, nortasun eredu bat ere proposatu zuen Tarsila do Amaral artista brasildarrak (Capivari, Brasil, 1886-Sao Paulo, 1973). "Mestizajea ipar harturik, eta idealizazio handiarekin, Brasilen inguruko iruditeria propio bat asmatu zuen, herrialdearen kontraesanak eta gatazkak gainditu nahi zituena". Eta, hiru ekarpen nagusi horiek eginda ere, eta herrialdeko mugimendu modernistako pintore nagusia izanda ere, haren figura Europan oso ezezaguna dela ohartarazi du Cecilia Braschi komisarioak. Geaninne Gutierrez-Guimaraes komisarioarekin batera, hark antolatu du artistaren 147 artelan biltzen dituen erakusketa, eta aitortu du ezjakintasun horren ondorioz "erronka" izan dela Tarsilaren obra —izenez sinatzen zituen bere koadroak— Europan erakustea. Bilboko Guggenheim museoak eta Frantziako Grand Palais Rmn erakundeak elkarlanean sustatu dute proiektua, eta iaz Parisko Luxenburgoko Museotik pasatu ondoren, Bilbora heldu da orain bilduma. Tarsila do Amaral. Brasil modernoa margotuz deitu dute erakusketa, eta ekainaren 1era arte egongo da ikusgai.

1918an hasi eta 1960ko hamarkadara arteko lanak biltzen ditu ibilbideak, eta, kronologikoki ez ezik, tematikoki ere antolatu dute. Bilbon, esaterako, bigarren solairuko sei areto hartzen ditu bildumak, baina, komisarioak azaldu duenez, orain oraindik ere bizi-bizi dauden hainbat debateren lekukotza ematen dute Tarsilaren lanek. Braschi: "Brasilgo gaur egungo arteari buruzko eztabaida askoren erdigunean dago. Gaur egungo artista garaikideek ezberdin bizi baitute hark proposatutako arte modernista; arte hori goi-goiko klaseko emakume zuri oso eurofilo batek sortua baita". Eta, hain zuzen ere, apropiazio kulturalaz, ikuspegi primitibistaren erro kolonialez eta klase gatazkaz gogoeta egiteko abiapuntua ere eskaintzen du erakusketak.

Brasilen hainbat landa lurren jabe zen artistaren familia, eta umetatik izan zuen oso hezkuntza europazalea. Parisera heltzerako, horregatik, aski ezagun zituen bertako XX. mendearen hasierako joera artistiko nagusiak, eta horren froga dira Bilboko erakusketa zabaltzen duten koadroak.

Baina, komisarioak dioenez, badago artistaren ibilbidea eraldatu zuen gertakari funtsezko bat ere: 1922ko Sao Paoloko Arte Modernoaren Astea, hain zuzen ere. Herrialdearen izaerari lotutako abangoardia baten sorrera irudikatu nahi izan zuten bertan zenbait artista, idazle eta musikarik, eta mugimendua bertatik bertara ezagutzeko itzuli zen Brasilera Tarsila ere. Anita Malfatti margolariarekin eta Paulo Menotti del Picchia, Mario de Andrade eta Oswald de Andrade idazleekin batera, Bostak Taldea osatu zuen. Eta izpiritu berri horrekin itzuli zen berriz ere Parisera, 1923an, hark esan bezala, kubismoaren "zerbitzu militarra egin" eta han ikasitakoekin Brasilgo errealitateari itsatsiago egon zitezkeen adierazpideak sortzeko.

Sobietar esperientzia

Ordura arte ia ezezaguna zitzaion sorterria berriz deskubritzera eraman zuen horrek artista, eta, komisarioak azaldutakoaren arabera, garai hartan Frantziako hiriburuan modan zeuden kubismoaren eta primitibismoaren galbahetik pasatuta sortu zuen bere unibertso ikonografikoa. Brasil ideal eta koloretsu bat erakusten dute erakusketako lehen aretoek, eta, jatorrizkotasun horren bilaketan, Oswald Andraderekin batera garatutako mugimendu antropofagikoaren eraginpean sortutako margolanak ere aurki daitezke hurrengo geletan.

Giltzarria izan zen 1929. urtea ere margolariarentzat. New Yorkeko burtsaren krisiak nabarmen apaldu zuen haren estatusa, eta langile munduaren inguruko interesa piztu zitzaion. SESBera ere bidaiatu zuen, eta Brasilera itzulitakoan kartzelan ere sartu zuten, eredu sobietarraren alde egindako hitzaldi eta ekintzengatik. Eragin handia izan zuen horrek guztiak haren margolanetan ere, eta horren erakusgarri dira langileen irudiz betetako bosgarren aretoko hormak. Besteak beste, bisitariak bertan topatuko du 1933ko Langileak margolana, ia-ia arte mural baten itxura duena.

Normalean Tarsilari buruzko erakusketak koadro horrekin eten ohi direla azaldu du Braschi komisarioak. Baina, gogorarazi duenez, sortzaileak 1960ko hamarkadara arte jarraitu zuen lanean, eta bere ibilbideko azken fase horren garrantzia nabarmendu nahi izan du erakusketan. Hain zuzen ere, haren azken urteetako lana biltzen du azken aretoak. Besteak beste, etxe orratz urdinez betetako hiri paisaia geometriko baten koadro ederra ikus daiteke bertan, landaretzaren arrasto berde batzuek zipriztinduta.

Belztasuna eta bortizkeria

Erakusketari buruzko katalogoa ere kaleratu du museoak, euskaraz eta gazteleraz. Koadroen irudiak eta artistaren bizitzari buruzko kronologia bat ez ezik, Braschi eta Gutierrez-Guimaraes komisarioen testu bana ere biltzen du argitalpenak. Eta, horrez gainera, artistaren lanetan egiten den arraza irudikapena ere aztertu du bertan Rafael Cardosok; idazlea, komisarioa eta Artearen Historiako doktorea da egilea, eta Tarsilaren lanik ezagunenetako batek gaur egun sortzen duen debatearen lekukotza emanez abiatu du bere testua.

Artistak Parisen pintatutako Emakume beltza margolana da pieza hori, 1923koa. Metro bete luze eta 81 zentimetro zabal den olio lan bat da. Bular bat bistara duen ezpain erraldoidun emakumezko biluz baten erretratua. Eta, Cardosok gogorarazten duenez, Sao Pauloko Arte Garaikideko Museoaren horma nagusietako batean dago ikusgai gaur egun. Ez eztabaidarik gabe, ordea. Ikerlariak dioenez, gaur egun ere etengabeak baitira koadroa kentzeko eskariak, zeren eta, argudiatzen dutenez, artista zuri batek egindako gorputz beltz horren irudikapenak betikotu egiten baitu Brasilgo emakume beltzen ondorengoek jasandako bortizkeria historikoa. Horrekin kontraste eginez, ordea, Cardosok gogora dakarrenez, Sao Pauloko museoak etengabe jasotzen ditu artelan hori beste museo batzuetan erakutsi ahal izateko eskariak.

Bilboko museoak ere egin zion eskaria Brasilgo museoari. Alferrik, ordea. Eta azken margolanaren faltan, artistak hura sortzeko erabilitako bi marrazki jarri ditu ikusgai.

brasil-modernoa-margotuz

Brasil modernoa margotuz

Tarsila do Amaral

Guggenheim Bilbao (Bilbo, Bizkaia)

2025eko Otsailaren 21etik
2025eko Ekainaren 01era


maria-muriedas

Maria Muriedas

Rekalde Aretoa (Bilbo, Bizkaia)

2025eko Abenduaren 16tik
2026ko Otsailaren 08ra

situ-akzioak

Situ-akzioak

Andrea Canepa

Tabakalera (Donostia, Gipuzkoa)

2026ko Martxoaren 26tik
2026ko Uztailaren 19ra

ipar-hegora

Ipar-Hegora

Leo Burge

Uribitarte40 (Bilbo, Bizkaia)

2026ko Otsailaren 20etik
2026ko Apirilaren 06ra

erretratu-intimoa

Erretratu intimoa

Pilar Belzunce

Txillida leku (Hernani, Gipuzkoa)

2025eko Ekainaren 05etik
2026ko Abenduaren 26ra

arte-galeriek-atea-itxiko-diote-21eko-bezari

Arte galeriek atea itxiko diote %21eko BEZari

Ots. 02 | Amaia Jimenez Larrea [BERRIA.eus]

Gaurtik larunbatera bitarte, Hego Euskal Herriko hainbat arte galeria itxi egingo dituzte, Espainiako Gobernuak artelanen salmentarako ezarritako %21eko BEZaren aurka protesta egiteko. Aspalditik dator zerga jaisteko eskaria; 2012an igo zuten.

strong-back-soft-front-egunerokotasunaren-behaketari-buruzko-hausnarketa-artistikoa

Strong Back, Soft Front" egunerokotasunaren behaketari buruzko hausnarketa artistikoa

| 2026ko Urtarrilaren 30a

Maite González Martínez artistaren bakarkako erakusketak, Iñigo Villafranca Apesteguia komisario duela, gelditzeko eta ingurunea begirada lasai eta hurbiletik behatzeko proposamena egiten du. Erakusketa Tabakalerako komisariotza egonaldi deialdiaren emaitza da; bertako komisario eta artistei laguntzea du helburu.

poesiarik-ez-behintzat

Poesiarik ez behintzat

Urt. 29 | Garazi Ansa [BERRIA.eus]

Moon poem | Artista: Oscar Tuazon. | Lekua: Cibrian galeria (Donostia). | Noiz arte: urtarrilaren 31ra arte.

elkarketa-ala-murrizketa

Elkarketa ala murrizketa

Urt. 29 | Haizea Barcenilla [BERRIA.eus]

Iazko abenduaren 15ean, Bilbo Arte eta Azkuna zentroa elkartzeko erabakia hartu zuen Bilboko Udalak. Abenduaren erdiko bi asteak eztabaida publikorik gabe hartutako erabakiak oihartzun gutxirekin pasatzeko erabiltzen dira...

estetizidioa

Estetizidioa

Urt. 22 | Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]

Estetizidio hitza idatzita ikusteak larritu nau. Ez nuen terminoaren berri, eta lehendabiziko aldiz artearen kontrako bortxakeria aproposak hain gordin adierazita irakurtzeak harritu nau.

ideologien-beldurrik-bai

Ideologien beldurrik bai?

Urt. 22 | Jone Rubio Mazkiaran [BERRIA.eus]

Lurrak ez du jaberik izango | Artista: Marwa Arsanios. | Tokia: Artiumen, Gasteizen. | Noiz arte: apirilaren 12ra arte.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.