artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Claire Atherton: "Akermanen lana politikoa da, mugimendu bat sortzen du elkarrekin pentsatzeko"

Athertonek denbora antolatzen du filmetan, eta espazioa ere bai, instalazioetan. Erakusketa bat prestatu du Artium museoan, Chantal Akerman lankidearen obrari aurrez aurre begiratzeko asmoz.

claire-atherton-akermanen-lana-politikoa-da-mugimendu-bat-sortzen-du-elkarrekin-pentsatzeko
Claire Atherton, joan den astean, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Andoni Imaz [BERRIA.eus]
| 2025eko Maiatzaren 31a

Lankidetza estu eta konplizea izan dute Chantal Akerman zinemagileak eta Claire Atherton muntatzaileak (San Frantzisko, AEB, 1963). 1984an elkar ezagutu zutenez gero, hamabost film baino gehiago eta beste horrenbeste instalazio egin zituzten elkarrekin, 2015ean Akerman hil zen arte. Elkarrekin igaro zuten, gainera, zinematik arterako bide askatzailea, D'est (1993) filmetik abiatuta D'est, au bord de la fiction instalazioa (1995) sortu zutenean. 30 urteko harreman horrek utzitako konpromisoarekin eutsi dio Athertonek Akermanen instalazioak zaintzeko ardurari, beste muntaketa lan batzuk egiteaz gainera. Bihar Gasteizko Artium museoan zabalduko duten Chantal Akerman. Irudiari aurre egitea erakusketaren komisarioa da.

Zergatik aurre egin irudiari? Zergatik aurre egin Akermanen irudiei?

Hasteko, Chantalek [Akerman] horrela lan egiten zuelako: irudiei aurre eginez. Horrela begiratzen zion jendeari, horrela filmatzen zuen, horrela egoten zen inguruan zuenarekin, parez pare. Begiratzeko modu horrek espazio bat sortzen du, errespetuzkoa, filmatutako jendearentzat eta ikusleentzat. Ikusleei ez die ezer inposatzen: aurrez aurre begiratzen die.

Posible al da irudiak egitea? Ba al duzu eskubiderik irudiak egiteko? Auzi hori Chantalen lanaren bihotzean dago, eta agian instalazioen sustraietan ere bai, zeren errebelatu egin baitzen lehen instalazioa egin genuenean. Erakusketan, uste dut inportantea dela jendea gonbidatzea Chantalen lanari aurre egitera. Ez du dokumentatzeko asmorik, ez da haren lanen katalogo bat: esperientzia bat izan behar du zeharkatuko duen bakoitzarentzat.

Akermanen lana, oro har, prozesuari dagokio, kontzeptuari baino gehiago: prozesuak dakar errebelazioa. Zeuk ere hala prestatu dituzu instalazioak?

Hain zuzen ere. Gure lan egiteko modua deskribatu behar dugunean —tira, neuk egin behar izaten dut, Chantalek dagoeneko ezin duelako, zoritxarrez—, zera izaten da garrantzitsuena, egin ahala deskubritu behar dugula. Zerbait hastean, ez dakigu nola bukatuko den, eta horrek ematen dio indarra lanari. Instalazioetan, are gehiago, zeren ez baikenuen esplikatu behar izaten zertan ari ginen. Zineman, dosier batean azaldu behar duzu zer esango duzun eta nola. Ez dakit askorik arte munduaz, baina esango nuke gaur egun arte espazioek ere kontzeptu bat behar izaten dutela erakusketa bat sortzeko. Hori ez zen horrela guk lan egiten genuenean, bereziki lehen instalazioetan. Aurreneko aldia zen zinemagile bat zinematik artera igaro zela. Ez dut esan nahi lehengo garaiak hobeak zirenik: bakoitzak bere garaian lan egin behar du. Horregatik nahi dut lan hau bizirik mantendu.

Akermanen filmek eta instalazioek modu berezi batean berenganatzen dute denbora...

Eraikitzera gonbidatzen zaituzte, lan horietako denbora ez baita informazioaren denbora, baizik eta esperientziarena. Ikusleari zerbait erakusterakoan, denbora uzten dio horrekin zerbait egin dezan. Edo ez. Batzuetan, ez duzu ezer egiten, zulo bat besterik ez duzu sentitzen, zain zaude hurrengo planoa noiz iritsiko. Hori bizirik egotea ere bada, sentitu egiten baituzu zain zaudela.

Muntatzean ere, denbora da giltza?

Denborak tentsioa sortzen du, eta tentsioak narrazioa. Sekula ez naiz hasten estruktura bat sortzen gero erritmoa lantzeko. Irudien izaera fisikoa eta organikoa datoz nigana, eta nik erritmo bat ematen diet, arreta bat. Gero etorriko da estruktura, eta ondoren esanahia.

Gaur egunean, injekzio asko daude. Sare sozialetan iritzi laburrak zabaltzera ohituta, jendeak espero du arteak esango digula zer pentsatu behar dugun. Irudiari aurre egin behar diogu, baina ez irudiari bakarrik: munduari aurre egin behar diogu. Mundua horren konplexua izanik, arteak sinplea izan behar ote luke? Zergatik ulertu beharko genuke artelan bat bost segundoan? Neure buruari galdetzen diot hori, jendea ikusten dudanean erakusketetan: kartela irakurri, lanari begiratu bat eman, eta aurrera. Horregatik saiatu naiz informazioa liburuxkan ematen, ez erakusketan.

Akermanen instalazioen arduraduna zara, eta konpromiso handiz lantzen eta erakusten duzu haren obra. Nolakoa da zuretzat harekin lanean jarraitzea?

Hil zenean, erakusketa bat prestatzen ari ginen Londresen. Urrian hil zen, inauguratzeko hilabete falta zela. Hortaz, hil eta egun oso gutxira, Londresera joan behar izan nuen lanean jarraitzera, eta, pieza batzuetan Chantal agertzen zenez, berehala entzun nuen haren ahotsa, ikusi nuen haren gorputza mugitzen, eta jarraitu nuen elkarrekin hasitako prozesuarekin. Ez nuen aukerarik, nolabait esateko. Azken bolada honetan, konturatu naiz erakusketa hura zer garrantzitsua izan zen, zenbat lagundu didan urte hauetan harekin eta hura gabe bizitzen.

Gainera, konpromisoz jarraitzen dut, zuk esan duzun bezala, jendeari pentsatzeko tartea ematen diolako. Chantalen lana zeharo politikoa da, mugimendu bat sortzen du elkarrekin pentsatzeko, nahiz eta denok berdin ez pentsatu. Esango nuke hori dela gaur egin dezakegun gauzarik inportanteena.

Gero eta ezagunagoa da, gainera.

Nik ez dut ikono bilakatu nahi. Berari ere ez zitzaion gustatzen. Bera zen hura konpartitu nahi dut, indartsu eta hauskor, gehiegi babestu gabe, berak ez baitzuen babesten bere burua. Ez ikono, ez estandarte, feminismoaren edo dena delakoaren ikurra balitz bezala. Zeharo politikoa zen, zentzu sakonago batean.

Zinemagile batek urteak igaro ditzake dosierrak egiten, istorioak kontatzen, ideiak saltzen... Irudiak iristen direnerako, hitzak ez al du pisu handiegia? Eragiten dizu lanean?

Film bat finantzatzeko bidea luzea eta zaila da, eta zinemagileak bere proiektua defendatu behar du. Horrek esan nahiko du proiektuari eraso egingo diotela; gauzak planteatzeko modu bitxia da. Bidean desira galtzeko arriskua dago, baina dirua behar dute. Muntatzean, normala da zinemagilea ezinegonak hartuta egotea. Nire lanaren zatirik handiena da hori aparte uztea eta elkarrengan zentratzea: irudia, zinemagilea eta hirurok gaude. Filmak imajinatu gabeko norabait eramaten gaituenean, beti egoten da loturaren bat abiapuntuko desira sakonen batekin. Horregatik gustatzen zait muntatzea: existitzen den zerbaitekin lan egiten duzu, baina proiektua askatu beharra daukazu esan diren hitz guztietatik.

Wang Bing zinemagile bakanaren Man in Black (2023) muntatu zenuen. Orain beste film bat prestatzen ari zarete, ezta? Zer moduz?

Musikaren bidez ezagutu genuen elkar. Filma Wang Xilin konpositoreari buruzkoa zenez, asko hitz egin zidan musikaz. Filmaketako materiala balira bezala aditu nituen haren sinfoniak, oharrak hartzen, eta filmeko elementu bilakatu ziren. Filmean ez zuen musikarik nahi, baina proba egin nuen —bakarrik muntatu behar izaten dut batzuetan, orduan uzten baitiot neure buruari gauzak egiten zergatik galdetu gabe—, eta gustatu zitzaion, ez diolako soilik istorioari laguntzen, ikuslearentzat desafiatzailea delako. Orain beste proiektu batekin gabiltza, ezin dut askorik kontatu. Lotura handiagoa izango du bere lan egiteko ohiko moduarekin; askoz ere gehiago filmatuko du.

Egia da bakana dela, baina Chantal ere bada bakana. Batzuetan sentitzen dut badutela elkarren antza zerbaitetan: hain dute presentzia izugarria filmatzerakoan, ezen eragiten dituzten egoerak ezin baitira sortu beste modu batera. Begiratzeko modua da, aurrez aurre begiratzen dute.

Azken boladan, maiz etorri zara Euskal Herrira; Artium museora ez ezik, Elias Kerejeta zine eskolara ere bai. Zer giro sumatu duzu?

Esperientzia ederra izan da. Donostian egon gabea nintzen, eta eskola deskubrimendu bat izan da; bat egiten dugu zinemaren espirituan. Eskola batek zinema areto bat izate hutsak asko esaten du zinema ulertzeko moduaz: sentitu, jaso, ikusi egin behar da. Artiumen lan egitea zoragarria izan da. Lurraldea gehiago ezagutzeko gogoz nago.


get-me-a-stone

Get me a stone

Rosalind Nashashibi

Artium (Gasteiz, Araba)

2026ko Ekainaren 12tik
2026ko Azaroaren 01era

amaia-molinet

Amaia Molinet

Barriek zikloa

Rekalde Aretoa (Bilbo, Bizkaia)

2026ko Ekainaren 23tik
2026ko Irailaren 06ra

natura-harmonia-poesia

Natura Harmonia Poesia

Mikel Lertxundi

Okendo Kultur Etxea (Donostia, Gipuzkoa)

2026ko Ekainaren 26tik
2026ko Agorrilaren 29ra

tutti-frutti

Tutti Frutti

Erakusketa kolektiboa

Georges Pompidou galeria (Angelu, Lapurdi)

2026ko Ekainaren 13tik
2026ko Irailaren 19ra

hirugarren-paisaia

Hirugarren paisaia

Maria Azkarate

Nafarroako museoa (Iruñea, Nafarroa)

2026ko Maiatzaren 15etik
2027ko Apirilaren 04ra

koloreztatutako-barne-bulkadak

Koloreztatutako barne bulkadak

Maialen Etxebeste Lekuona [BERRIA.eus]
| 2026ko Uztailaren 15a

Oaia Peruarena margolariak 'Behin eta berriz hasi' bilduma sortu du. Erakusketa irailaren 5era arte egongo da ikusgai, Donostiako Ekain Arte Lanak galerian.

san-telmo-gaua-frescoren-esku-hartze-artistiko-batekin-dator-aurten

San Telmo Gaua Frescoren esku-hartze artistiko batekin dator aurten

STM
| 2026ko Uztailaren 13a

San Telmo Museoaren udako irekiera berezia uztailak 18an izango da, doako sarrerarekin, 20:30 eta 24:00 artean. Xabier Zirikiainek, Ander Perez de Arenazak eta Mario Azurzak berariaz okasio honetan sortuko duten proposamen artistikoa izango da aurtengo berrikuntza

mundu-osoko-mitologien-elkarrizketak-bonnat-helleun

Mundu osoko mitologien elkarrizketak Bonnat Helleun

Xalbat Alzugarai Etxeberri [BERRIA.eus]
| 2026ko Uztailaren 8a

‘Mitologiak' erakusketa ireki dute Baionako Bonnat Helleu museoan. Euskal Herriko, Mediterraneoko, Ekialde Hurbileko, Afrikako eta Mexikoko mitologiak elkarrizketan ezarri dituzte, Parisko Louvre eta Quai Branly-Jacques Chirac museoekin lankidetzan.

graciela-iturbideren-hizkuntza-bisuala-san-telmo-museoko-laborategian-ikusgai-jarri-dute

Graciela Iturbideren hizkuntza bisuala, San Telmo Museoko Laborategian ikusgai jarri dute

| 2026ko Uztailaren 6a

María Millánek egin ditu komisario lanak eta nagusiki 60ko eta 80ko hamarkaden artean sortutako garaiko kopiak biltzen ditu erakusketak. Erakusketak Graciela Iturbidek han-hemengo kulturetan errespetuz murgiltzeko ahalegina eta Mexikoko eta beste herrialde batzuetako herri autoktonoen nortasuna erretratatzean izan duen ikuspegi eraldatzailea nabarmentzen ditu.

gerra-irudikatzeko-bi-modu-beltzetik-abiatuta

Gerra irudikatzeko bi modu, beltzetik abiatuta

Garazi Izagirre Aiestaran [BERRIA.eus]
| 2026ko Uztailaren 5a

'Goya beltza, Motherwell beltza. Laurogei hondamendi eta amildegi bat' izena daraman erakusketa ikusgai jarri du Donostiako San Telmo museoak. Francisco de Goyaren laurogei estanpak eta Robert Motherwellen koadro batek osatzen dute.

hasi-da-jai-jardun-artistikoen-institutuaren-ikasketa-programaren-zazpigarren-edizioa

Hasi da JAI, jardun artistikoen institutuaren ikasketa-programaren zazpigarren edizioa

| 2026ko Uztailaren 2a

Tabakalerak eta Artium Museoak —Oteiza Museoarekin elkarlanean— antolatuta, programak arte garaikidearen arloan ikerketa, ekoizpena eta lan kritikoa sustatzea du helburu. JAIk ezagutzaren, ekoizpenaren eta transmisioaren arteko loturan sakondu nahi du, prestakuntza-prozesuan dauden artisten eta nazioarteko profesionalen artean hartu-emanerako gune bat sortuz.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.