artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Egituren kontraerrelatoak

ABEL AZKONA. 'Monumentu bat familiari' | Non: Montehermosoko ur biltegian, Gasteizen. | Noiz arte: Irailaren 28ra arte.

egituren-kontraerrelatoak
Abel Azkonaren 'Monumentu bat familiari' erakusketako hainbat lan, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Jone Rubio Mazkiaran [BERRIA.eus]
| 2025eko Irailaren 25a

Duela pare bat urte Fito Rodrigezek idatzi zuen Arakistainen bidea liburuaren aurkezpenera gonbidatu ninduten Nafarroako Ateneoan, autorearekin batera surrealisten inguruko aurkezpentxo bat egitera. Gogoan dut aurkezpen hura prestatzerako orduan arreta eman zidala liburuari izena eman zion Sonia Arakistainen figurak, eta haren oihartzunak.

Sonia Arakistain (1922-1945) erbestean bizi zen familia errepublikar baten alaba izan zen, Ingalaterrako surrealistekin erlazio zuzena izan zuena. 1945. urtean bere Londresko etxeko leihotik behera bota zen; biluzik eta kale erdian hil zen. Prentsak berehala zabaldu zuen albistea. Hildakoak psikoanalisiarekiko zuen zaletasunari egotzi zion errua bertsio ofizialak, eta haren irudia estigmatizatu zuten.

Kontrara, Ingalaterrako surrealista batzuek askatasunaren aldarri gorentzat jo zuten ekintza hura, eta haren omenezko ekitaldi bat antolatzeko saiakera egin zuten. Nahiz eta azkenean gauzatu ez, saiakera hartatik sortu zen adierazlerik esanguratsuenetako bat Ithell Colquhounek egindako Jauzi ameslariak. Sonia Arakistaini omenaldia (1945) pintura da. Obrak izaera abstraktua du; hondo urdin baten gainean, kolore gorri, hori eta berdeek gorputz baten lurruntzea irudikatzen dute, ezerezaren gainean flotatzen.

Pinturaren konposizioak baino gehiago, Colquhounek ezbehar haren kodeak berrantolatzeko erakutsi zuen gaitasunak eragin zidan gehien. Egia esan, ez nekien nola sailkatu obra hura. Artearen izenean talde batek bizitza bat bereganatzen duen ekintza hotz gisa ulertu behar ote zen? Ala, oro har, mututzen diren esperientziak mahai gainean jartzeko aukera ematen zuen ekintza gisa? Artearen eta bizitzaren arteko loturak eta ez loturak azaleratzen dituen betiko eztabaida.

Antzeko sentipena esperimentatu nuen Abel Azkonak Montehermosoko ur deposituan mustu duen erakusketara gerturatu nintzenean. Mostrak Monumentu bat familiari du izen, eta artistaren biografiaren inguruan ardazten da. Hala, familia egitura hegemonikoek eta ez hegemonikoek haren gorputzarekin izan duten harremana aztertzen du, gehien baliatzen duen adierazpen artistikoa performancea baita.

Ur depositura gerturatzeko bidea ez da ohikoena. Nolabaiteko prestakuntza espazio bat da, azpiko gelan ikusiko dugunaren pistak ematen dituena. Hori da kasu honetan gertatzen dena: arrapaletan behera egin ahala, kantu bat entzuten da. Emakume baten ahots goxoak emititzen duen lo kanta da: "Ixil-ixilik dago, kaia barrenian, ontzi txuri polit bat...".

Goxotasun horrek laguntzen gaitu erakusketaren lehen zantzu bisualekin elkartzen garen arte: urtez urte Abel Azkonaren bizitzara gerturatzen gaituen ardatz kronologiko bat ikusi arte. 1987. urteak ematen dio hasiera horri. 1987an, ama prostituta eta toxikomano bat haurdun geratu zen Iruñean. Haurdunaldia eten nahi izan zuen hainbat aldiz, baina orduko Nafarroako legediak hori ezinezko bihurtu zuen. Azkona 1988an jaio zen, ama izan nahi ez zuen emakumeak abandonatu zuen urte berean; 2023an elkar ezagutu zuten. Tarte horretan, artistaren bizipenak krudelak dira: abandonua, prostituzioa, abusuak, harrera etxeak, etxegabetasuna...

Lo kantaren xamurtasuna zedarritzen duen ardatz hori atzean utzi eta gero, erakusketa aretoan barneratzeko momentua iristen da. Azkonaren ibilbide artistiko osoa zeharkatzen duen gorpuztasunaren garrantziaren adierazle nagusia, pertsonaia historikoen omenez jartzen diren plaka inauguralen simulazioan aurkitzen da. Bertan honakoa irakur daiteke: "Hemen jaio zen Abel Azkona soilik Abel zenean. Haren amak, maitasun ekintza gisa, jaio ez zedin borrokatu zuen. Kontzebitu gabeko hiru aborturen ondotik, Azkonak gorputz eta objektu politiko gisa bizirauten du".

Mostra espazio ireki batean antolatzen da, eta Azkonaren familia ez-hegemonikoaren adar guztiak jasotzen ditu. Horretarako, artistaren existentziaren parte diren dokumentu ugari aurkezten dira —argazkiak, marrazkiak, salaketa orriak—, bere bizitza bera erreal bihurtzen duen artxibo modura. Horiekin batera artistaren performanceak biltzen dituzten hainbat ikus-entzunezko daude, bere presentziaren eta ez-presentziaren arteko tentsioak sortuz.

Hots, elementu guztien gainetik espazio osoa betetzen duen hotsa da Azkonaren ahotsa, semea ezagutu ostean elkarrekin egindako performancearen erreprodukzioan hari bere bizitza xehetzen diona. Gizarteak esleitu zion maskara zitalaren atzean dagoena erakusten diguna, eta, zitala baino, egiturazko biolentzia ezberdinen haragizko gainazala dena.

Testu honen hasieran azaleratu dizuedan hausnarketara bueltatuz, beste oroitzapen bat datorkit gogora. I.-k galdetu zidan nola izan zitekeen gure inguruan ikuspegi baztertzaileak azaltzea, batez ere egitura egonkor baten parte ginela kontuan hartuta. Arazoa hortxe dago, esan nion, egiturak baztertzaileak direlako eta horietatik kanpo geratzen den oro ikusezin bihurtzen delako askoren begietan. Azkonak berak agerian uzten duena, preseski, bere gorputzaren eta artxibo pertsonalaren bidez eraikuntza horien kanpoko kontraerrelatoak ikusarazten baititu, haien artifizialtasuna agerian utzita.


kooperatiba

Kooperatiba

Taxio Ardanaz eta Carla Filipe

Tabakalera (Donostia, Gipuzkoa)

2026ko Uztailaren 03tik
2027ko Urtarrilaren 10era

koloreztatutako-barne-bulkadak

Koloreztatutako barne bulkadak

Maialen Etxebeste Lekuona [BERRIA.eus]
| 2026ko Uztailaren 15a

Oaia Peruarena margolariak 'Behin eta berriz hasi' bilduma sortu du. Erakusketa irailaren 5era arte egongo da ikusgai, Donostiako Ekain Arte Lanak galerian.

san-telmo-gaua-frescoren-esku-hartze-artistiko-batekin-dator-aurten

San Telmo Gaua Frescoren esku-hartze artistiko batekin dator aurten

STM
| 2026ko Uztailaren 13a

San Telmo Museoaren udako irekiera berezia uztailak 18an izango da, doako sarrerarekin, 20:30 eta 24:00 artean. Xabier Zirikiainek, Ander Perez de Arenazak eta Mario Azurzak berariaz okasio honetan sortuko duten proposamen artistikoa izango da aurtengo berrikuntza

mundu-osoko-mitologien-elkarrizketak-bonnat-helleun

Mundu osoko mitologien elkarrizketak Bonnat Helleun

Xalbat Alzugarai Etxeberri [BERRIA.eus]
| 2026ko Uztailaren 8a

‘Mitologiak' erakusketa ireki dute Baionako Bonnat Helleu museoan. Euskal Herriko, Mediterraneoko, Ekialde Hurbileko, Afrikako eta Mexikoko mitologiak elkarrizketan ezarri dituzte, Parisko Louvre eta Quai Branly-Jacques Chirac museoekin lankidetzan.

graciela-iturbideren-hizkuntza-bisuala-san-telmo-museoko-laborategian-ikusgai-jarri-dute

Graciela Iturbideren hizkuntza bisuala, San Telmo Museoko Laborategian ikusgai jarri dute

| 2026ko Uztailaren 6a

María Millánek egin ditu komisario lanak eta nagusiki 60ko eta 80ko hamarkaden artean sortutako garaiko kopiak biltzen ditu erakusketak. Erakusketak Graciela Iturbidek han-hemengo kulturetan errespetuz murgiltzeko ahalegina eta Mexikoko eta beste herrialde batzuetako herri autoktonoen nortasuna erretratatzean izan duen ikuspegi eraldatzailea nabarmentzen ditu.

gerra-irudikatzeko-bi-modu-beltzetik-abiatuta

Gerra irudikatzeko bi modu, beltzetik abiatuta

Garazi Izagirre Aiestaran [BERRIA.eus]
| 2026ko Uztailaren 5a

'Goya beltza, Motherwell beltza. Laurogei hondamendi eta amildegi bat' izena daraman erakusketa ikusgai jarri du Donostiako San Telmo museoak. Francisco de Goyaren laurogei estanpak eta Robert Motherwellen koadro batek osatzen dute.

hasi-da-jai-jardun-artistikoen-institutuaren-ikasketa-programaren-zazpigarren-edizioa

Hasi da JAI, jardun artistikoen institutuaren ikasketa-programaren zazpigarren edizioa

| 2026ko Uztailaren 2a

Tabakalerak eta Artium Museoak —Oteiza Museoarekin elkarlanean— antolatuta, programak arte garaikidearen arloan ikerketa, ekoizpena eta lan kritikoa sustatzea du helburu. JAIk ezagutzaren, ekoizpenaren eta transmisioaren arteko loturan sakondu nahi du, prestakuntza-prozesuan dauden artisten eta nazioarteko profesionalen artean hartu-emanerako gune bat sortuz.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.