artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Mitoetatik harago egiteko piezak

Euskal Eskultura Bizirik izeneko erakusketa bikoitza ikusgai da egunotan Oiartzunen. Eskulturaren askotariko bideen erakusle diren hamaika artistaren lanak daude San Juan kaperan eta Arizmendieneako lorategian, azaroaren 2ra arte.

mitoetatik-harago-egiteko-piezak
Arizmendieneako lorategian daude eskulturarik handienak. Lehen planoan, Blanca Sagastiren 'Libelula'. GORKA RUBIO / FOKU

Aingeru Odriozola Beitia [BERRIA.eus]
| 2025eko Urriaren 24a

Oteiza, Txillida, Basterretxea, Mendiburu... Garai bateko artista handien izenak datozkie burura askori euskal eskultura aipatzean. "Baina XXI. mendean gaude", ekarri du gogora Pagoarte elkarteko Mikel Mendizabalek; "Euskal Herrian gaur egun oso maila ona dago eskulturan, baina ez da ezagutzera eman, eta mitoek agintzen dute". Gaur egungo artisten lanak ezagutarazteko, Euskal eskultura bizirik erakusketa antolatu du elkarteak, Eskuahaldunak eta Abaraxka elkarteekin batera, Oiartzunen (Gipuzkoa). Bi gunetan banatu dituzte piezak: San Juan kaperan eta Arizmendieneako lorategian. Hilaren 11n inauguratu zuten, eta azaroaren 2ra arte egongo da ikusgai.

1997an sortu zuten Pagoarte, "euskal kultura eta artea bultzatzeko asmoz". Martxan izan zen urteetan kultur diziplina guztietako jarduerak antolatu zituzten. Hainbat urtez lozorroan egon zen gerora, erakusketaren harira proiektua berriz piztu duten arte, Mendizabalek kontatu duenez. Eskulturagintzari ikusgarritasuna ematea jarri dute xedetzat oraingoan, emakumezko artisten lanei arreta berezia eskainita, are ikusezinago geratu direla iritzita.

Erretaularekin solasean

Piezetako bederatzi San Juan kaperan kokatu dituzte. Baina beste artelan bat ere bada bertan: XVII. mendeko erretaula errenazentista bat, Jeronimo Larrea eskultoreak intxaurrondo egurrez egindakoa. Haren inguruan daude artista garaikideen eskulturak, eta sotilago edo nabarmenago, harekiko lotura ageri dute piezetako batzuek.

Lorentxo Garmendiaren Armonia obraren hondoak, esaterako, erretaularen margo urrekararen oihartzunak izan ditzake, Mendizabalen ustez; Ainara Lasaren Bihotza-k, berriz, haren polikromiarenak; erretaulan ageri den figuretako bati egiten dio erreferentzia Juan Aizpitarteren Nature morte. San Sebastian lanak; eta garai batean etxez etxe kutxa batean ibili ohi zen Ama Birjinaren figura ekar dezake gogora Idoia Beratarbideren Artelan eramangarria lanak.

Askotariko materialak baliatu dituzte gainerako artistek ere. Pablo Zuriarrainek, adibidez, egurrez ondu du Xabier Leteren omenezko bere pieza, eta Onintza Etxebestek burdinazko egitura batetik zintzilikatu du paperezko irudi zatiz osatutako Bilbe obra. Kaperaren izkina batean kokatu dute Anton Mendizabalen Akorde, zeina ikusi ez ezik entzun ere egin daitekeen; sutan landutako kobrezko zortzi tutuetako bakoitzak doinuak eta koloretako argiak sortzen ditu. Belen Morenoren Pira (Zure eskuetan sua) eta Mikel Barreroren Mr. Magneto piezek osatzen dute aretoko bilduma.

Zuhaitzen gerizpean

Arizmendieneako lorategira, berriz, obrarik handienak eraman dituzte. Sartu eta eskuinetara, Guillermo Olmoren Doinuak dago; garai bateko usategi baten egituraren gainean kokatu du artistak burdinazko pentagrama baten itxura duen pieza. Gertu du Javier Perezen obra, Gurpilak leihoan artilezko larruarekin izenekoa, tituluan izendatutako osagaiekin egina dena. Eta pauso batzuk eskuinera eginez gero, Iñigo Aristegiren Maletak topatuko du bisitariak: burdinazko maleta zuriak pilatuta ageri dira obran, zerurantz altxatzen.

Magnolia handi batetik zintzilik dago Uxue Lasaren Oihartzunak; 1936ko gerran ilea larru-arras moztu zieten emakumeen memoria dakar gogora igeltsuzko figurak. Aldamenean, beste magnolia garai baten oinean hartzen du atseden Pablo Zuriarrainen Katea lanak; beira zuntzezko eta laranja kolore biziko hiru katebegi dira, elkarri lotuak daudenak, eta guztiz itxi gabea da horietako bat.

Hartxintxarrezko eremu batean, berriz, Anton Mendizabalen egurrezko Intxixua altxatzen da, zeina bere logo edo iruditzat duen Pagoartek. Beste hiru pieza luzexka ditu aldamenean, joan den astean bertan sortutakoak. Hain zuzen, erakusketaren harira, herriko sei gaztek jostailuak, kaxak, oihalak eta zakarretara botatako beste material batzuk baliatu dituzte beren eskulturak sortzeko. Gertu, baina belar gainean daude azken bi piezak: Leire Sainz de Ajaren Aldarria eta Blanca Sagastiren Libelula.

Erakusketaren osagarri, hainbat jarduera ere antolatu dituzte. Igandean, behin-behineko eskultura bat sortuko du Lorentxo Garmendiak Arizmendieneako lorategian. Eta proiektuari amaiera hasi bezala emango diote azaroaren 2an, inaugurazioko ekitaldi berak egingo baitituzte San Juan kaperan: besteak beste, erretaulari buruzko azalpenak emango ditu Elena Zalakainek, beren lanak aurkeztuko dituzte artistek, eta Akorde eskulturaren doinuak entzun ahal izango dira, Itxaso Navarro biolontxelo joleak lagunduta.


donostiako-paisaiak

Donostiako Paisaiak

Tomás Hernández

Ekain (Donostia, Gipuzkoa)

2026ko Irailaren 10etik
2026ko Azaroaren 07ra

circus

Circus

Alejandra Icaza

Rekalde Aretoa (Bilbo, Bizkaia)

2026ko Urriaren 30etik
2027ko Otsailaren 28ra

arte-lanen-lapurreten-kronologia-bat

Arte-lanen lapurreten kronologia bat

| 2026ko Urriaren 10a

1911ko La Gioconda-tik 2026ko urriaren 4an lapurtutako San Joanen Apokalipsia-raino, Europan eta munduan izandako lapurreta garrantzitsuenen zerrenda.

bilboko-euskal-museoa-zabalik

Bilboko Euskal Museoa, zabalik

Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 8a

Berritu ondoren zabaldutako museo bati buruz idatzi nuen aurreko astean. Irakurleak barkatuko dit museoei buruzko serie hau, baina ekainean zabaldu zuten Bilboko Euskal Museoari buruz idatzi behar dut gaur, nahiz eta arte museoa ez izan.

oroitzeak-berekin-dakarrena

Oroitzeak berekin dakarrena

Jone Rubio Mazkiaran [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 8a

Urtero legez, Mapamunditarrak erakusketa proiektuaren hitzordua gurean dugu berriz, urteroko egutegiari leial. Badira erantzun borobil eta itxiak ematera datozen erakusketak, baina ibilbideak erakutsi ohi digu komisariotza proiektu oro, funtsean galdera batekin hasten dela.

bonnat-museoa-zabalik

Bonnat museoa zabalik

Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 6a

Azkenean! Ia 15 urte itxita egon ondoren berriz zabaldu dute Baionako Bonnat-Helleu museoa. Leon Bonnat artista baionarrak bere herriko etxeari utzi zion urteetan pilatutako arte bilduma; horren ondorioz, ordura arte bilduma pribatua izan zena publikoa bilakatu zen.

deskolonializazioaren-erronka-euskal-museoetan-ate-joka

Deskolonializazioaren erronka euskal museoetan ate joka

Xalbat Alzugarai Etxeberri [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 6a

Europako museoetan maiz piztu ohi da haien bildumetan iragan kolonialak duen arrastoari buruzko polemika. Obra espoliatuak itzularazteko Parisek onartu duen legeak ekarri du gaia hizpidera orain. Adituek diote Euskal Herrian ere "asko" dagoela egiteko.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.